artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Izar iheskorra eta bihotza

M. Benito Píriz

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 08ra

izar-iheskorra-eta-bihotza

Erakusketaren abiapuntua bularretik irteten den bihotz baten marrazkia da, azala eta kamiseta kanporantz bultzatzen dituenarena. Irudi horrek maiteminduaren irudikapen grafikoa dakar gogora: emozioak ezkutatu gabe ageri dituen norbait, zaurgarri eta zintzo. Une batean eutsi, ezkutatu edo desager daitekeen bulkada iheskor bat.

Izar iheskorra eta bihotza bultzada- eta euste-indarren inguruko ikerketa baten izenburua eta emaitza da. Benitok gorputza kanporantz proiektatzen duen indar iheskor gisa ulertzen du bultzada, aldaketari, topaketari eta konfrontazioari irekia. Izar iheskor baten gisara bat-batean agertu, eta gorputza nekatzean edo emozioa baretzean desagertzen den bulkada. Eusteak, aldiz, barrurantz egiten du lan: erregulatu, eutsi eta xurgatu egiten du, irmotasunez eta bihotzez babesten den hori mantendu eta zaintzeko ahaleginean.

Gauzak —bihotzez— egiteak sentiberatasunaren aldeko hautua egitea eta emozioari mugimenduaren parte izaten uztea dakar; bultzada izateak, berriz, eraldatzeko, mugitzeko eta nork bere burua eraikitzen jarraitzeko behar den espazioa zabaltzen du. M. Benitok abiapuntutzat hartzen duen irudia, izatez, hibrido bat da: aldi berean agerian jarri eta bere baitan biltzen den bihotz iheskor bat. Elkarren aurkako kontzeptuak baino gehiago, bultzadak eta eusteak etengabe eraldatzen ari den identitate baten eraikuntzan esku hartzen dute. Era berean, erakusketa osatzen duten piezak bulkadaren eta babesaren, agerian jartzearen eta aterpearen, oldarkortasunaren eta afektuaren arteko etengabeko negoziazioan taxutzen dira.

Benito Pírizen jarduna materialekiko harreman zuzenetik sortzen da, haiek eraldatzeko eta egokitzeko dituzten aukerei etengabe erreparatuz. Materialen ezaugarri fisikoak eta tailerreko manipulazio- eta mihiztatze-prozesuetan sortzen diren tentsioak aintzat hartuta egiten du lan. Bolumenarekiko, ehundurarekiko eta presentzia fisikoarekiko interesetik abiatuta, lana material bigunen bidez garatzen da, hala nola foam-a eta apar hedagarria, forma inguratzaile, malgu eta zaurgarriak eraikitzeko aukera ematen baitute. Egitura horiek kanpo-eskeleto, karkasa edo xurgatze-azalera moduan funtzionatzen dute: barrualde bat babesten dute, aldi berean hura sortzen dutela, eta muga eta hedapenaren arteko harreman anbiguoa eratzen dute.

Babes-estrategiak hartzen ditu abiapuntu, hala nola motozikleten karrozerietan, eserlekuetan eta segurtasun-hesietan ageri direnak: objektu horiek, alderdi estetikoari uko egin gabe, baliotsua dena babesteko pentsatuta daude, muga fisikoen, euste-elementuen edo bilgarri baten bidez. Inpaktua xurgatzeko eta babesten dutena gordetzeko sistemak dira, material zurrunak eta malguagoak, bigunagoak edo betegarridunak uztartzen dituzten egitura sendo edo karkasen bidez, isolamendurako eta kolpeak leuntzeko. Bigarren azal edo mintz bat: bi espazio geruza malgu eta mehe baten bidez bereizten ditu, hesi fisiko gisa jardunez.

ARGITALPENA

Izar iheskorra eta bihotza erakusketaren harira, BilbaoArtek Karlos Martinez B. artistak diseinatutako artista-monografia bat argitaratuko du. Testuekin eta gainerako dokumentazioarekin batera, argitalpenak BilbaoArteko egonalditik URIBITARTE40ko erakusketara arteko prozesu osoa jasoko du. Argitalpena, gainera, aurrez haiekin elkarlanean aritutako Mawa Ordúñez artista eta ikertzailearen testu batekin osatuko da; Judith Voeten argazkiekin lagunduta, Claudia Rebeca Lorenzo artistaren lankidetzarekin.

izar-iheskorra-eta-bihotza

Uribitarte40 | Uribitarte Pasealekua, 40 - Bilbo (Bizkaia)

Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11:00 - 14:00 / 16:00 - 20:00.
Igande eta jaiegunetan: 11:00 - 14:00.
Sarrera doan.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.