Osotasunaren gezur hauskorra
Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 14a
Bilboko ibaiertzetik bikotekidearekin paseoan, pintura bat ikusi dut eraikin baten beheko solairuan. Handia da, eta, aurrera egin ahala, aldakorra. Markorik ez du;aldiz, kristala bai. Uribitarte 40ko erakusleihoak barneko espazio zurian bizi diren gorriak, berdeak eta urdinak ikusarazten ditu. Orbanen antza dute, eta distira metaliko batzuk ere ageri dira M. Benito Pirizen (Durango, Bizkaia, 1992) hiru dimentsioko "koadro" berezi honetan.
Koloreez ari banaiz ere, espaziora sartzean, pieza horiek guztiak hiru dimentsiokoak direla antzemango du bisitariak. Alabaina, kanpotik ikusita, erakusleihoak batasuna ematen dio erakusketari. Osotasun horrek azkenaldiko beste erakusketa batzuetan ikusitako joerazpentsarazi dit: artelan anonimoen bilkurez. Obrek izenbururik ez duten hauetan, erakusketarendeitura poetikoa babesleku semantikobilakatzen da. Horrelakoetan, objektu artistikoen arteko elkarrizketa bera obra gisa uler liteke; eskultura bakoitza paragrafo bana balitz bezala, ordena desberdinetan irakur daitekeen testu poliedriko baten moduan.
Kasu honetan, lehendabiziko pista erakusketaren izenburuak ematen digu: Izar iheskorra eta bihotza. Haren esanahia aretoan dagoen testuak azaltzen digu, interpretaziorako tresna baliagarribilakatuz. Hori irakurri ezean, gako batzuk antzeman genitzake, baina maitasunaren irakurketara heltzea zailagoa litzateke. Bertan adierazten denez, kanporanzko bultzadaren eta eusteko indarraren inguruan gauzatu da ikerketa plastiko hau.
Kanporanzko joera horibularretik ateratzen den bihotz maiteminduaren irudikapenetik abiatuta lantzen da, marrazki bizidunetan agertu ohi den horretatik. Bat-bateko bulkada izar iheskorrekin ere lotzen da. Kontrara, eustearen ideia, zaintzarekin eta mantentzearekin erlazionatzen da, bihotzez babestuz. Gauzak horrela, dikotomia zurruna proposatu beharrean, artistak bien arteko erlazioa azaleratzea du helburu.
Tentsio horiek material desberdinen arteko sinbiosiaren bitartez lantzen ditu Benito Pirizek: berezko ezaugarriei erreparatuz manipulatzen baititu jatorrizko elementuak. "Azalak" zein betegarriak moztu eta berrinterpretatzen dira aretoan, osotasunaren eta pusketen arteko estetika nabigatuz, funtzioak birpentsatuz. Esaterako, errepideetan aurkitu ohi dugun erpin-mugarri berdea dugu aretoan, norabide berean doazen bi errepide banatzen dituen horietakoa. Zatikatu, eta hura barnetik bete du artistak, apar sintetikoarekin, normalean hutsik dagoen plastikozko dermisa ia-ia gainezkatuz. Zentzua guztiz galdu du objektuak, edo irabazi. Lehen, bideen banatzea adierazten zuen; orain bera da osotasun berri bat sortzeko zatikatu dena.
Hautatutako material eta formek Idoia Leatxeren(Burlata, Nafarroa, 1999) eta Jone Elorriagaren (Durango, Bizkaia, 1993) lanak gogorarazi dizkidate; Leatxeren karrozeria zatien berrantolaketak eta Elorriagaren tolesdurek bolumenean duten eragina. Hain zuzen ere, azken honek urriaren 15ean jarduera bat antolatuko du erakusketa honi buelta berri bat emateko asmoz. Agian goiz da amankomuneko lengoaia identifikatzeko, baina uste dut partekatutako grina baten zantzuak antzeman ahal direla.
Harremanei askotan lausotasunetik ekiten zaien arren, erakusketan biziki agerikoak dira: gabeziatik zein ebidentziatik landutakoak, ez erdibidekoak. Horren adibide dira, hurrenez hurren, trantsiziorik gabeko material desberdinen elkarketak zein artelanak hormetara lotzen dituzten ageriko euste-elementuak. Metalezko banda horiek esplizitu bezain deigarriak dira, arestian aipatutako tentsioen bitartekari literalak.
Orobat, artelan eta pareten arteko lotura muturrera eramaten da. Bi obra pareta bikote banatan sartuta ageri dira, arkitekturaartelanari eustera behartuz; beste hormetako bat artelan baten gainean etzan den bitartean, barruko egitura agerian utziz. Horma horren egurrezko estruktura begi-bistan geratu da eta pareta izandakoaren gezurra salatu du. Osotasun zurrun bertikalaren potentzia alde batera geratu da, eta zaurgarria iruditu zait, babesteko modukoa.
Maitasunaren zentzua ere hor egon daiteke. Batzuetan, norberarengandik ateratzeko bulkada da; besteetan, bermatubeharra. Edonola ere, denboran zehar aldaketei aurre egiteko, pieza desberdinek elkarri eutsi behar diete. Horretarako, pusketen konbinazio bakarraren usteari uko egin behar diogu, gezurrezkoa baita, paretak bezala.



















