artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Kulturaren eraldaketarako gaitasuna nabarmendu dute Bilboko Arte Ederren Museoaren irekiera ekitaldi ofizialean

Lau urteko lanen ostean, museoak bihar irekiko ditu ateak publiko orokorrarentzat, eta protokolozko irekiera ofiziala egiteko baliatu dute aukera erakunde publikoetako ordezkariek bezperan.

kulturaren-eraldaketarako-gaitasuna-nabarmendu-dute-bilboko-arte-ederren-museoaren-irekiera-ekitaldi-ofizialean
Arg/ Nigel Young

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 7a

Gaurko protokolozko irekiera ofizialaren ostean, publiko orokorra baino ez zaio falta orain Bilboko Arte Ederren Museo berrituari. Lau urteko lanen ostean, bihar zabalduko ditu ateak erakundeak, eta Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek sinatutako diseinuari esker, guztira, beste 6.000 metro koadro izango ditu aurrerantzean. Halako kultur proiektuek duten "ahalmen eraldatzailea"nabarmendu dute erakundeetako ordezkariek ateak ireki bezperan antolatutako ekitaldi ofizialean.

Kulturak duen balioa maiz ez dela behar bezala baloratzen aipatu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. "Ez da apaingarri soil bat". Baina, haren hitzetan, euskal gizarteak badaki halako museo batek "ospitale batek, eskola batek edo unibertsitate batek bezainbesteko balioa duela", gisa horretako kultur erakundeek aukera ematen dutelako "geure buruekin eta munduko beste lekuekin konektatzeko".

Pradales ez ezik, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde, Kultura sailburu eta museoko patronatuko egungo presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Miguel Zugaza museoko zuzendaria eta Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoak izan dira ekitaldi ofizialean.

Lehendik ere, bi eraikinek osatzen zuten Bilboko Arte Ederren Museoa, eta bi eraikin horien gainean pausatutako beste eraikin bat da berrikuntza proiektuaren funtsa. Museoko arduradunek zubi moduko bat dela esaten dute horregatik, eta, aipatu dutenez, hainbatek txapela ere deitu izan diote era informalagoan.Bada, hirugarren gunea eta hark beste bi eraikinei eskaintzen dien aterpea da proiektuaren berrikuntza nagusia. Bi solairu ditu, eta bertan diraBBK museoa, diseinuari eta arkitekturari eskainitako gune berria, baieta Jorge Oteiza artistaren lanekin osatutako aretoa ere.

Azken asteetan museoko arduradunek urratsez urrats eman dute museo berrituak hartuko dituen erakusketen berri. Berritu egin dute haren bilduma erakusten duen erakusketa, esaterako, eta, nabarmendu dutenez, emakumezko artistei lehen baino leku handiagoa eskaini diete bertan. Ia 700 artelan biltzen ditu ibilbide horrek, esaterako, eta alderik alde zeharkatzen du museoa. Arduradunek kalkulatu dutenez, emakumezkoek egindakoak dira lan horien laurdenak inguru. Horrez gainera, bildumagintzak museoaren historian duen garrantzia ere azpimarratu dute egunotan, gaur egun haien bilduma osatzen duten lanen ia %70 dohaintza bidez heldu direlako bertara, eta, hain zuzen ere, ekarpen hori omendu nahi izan dute martxan izango dituzten beste bi erakusketekin: Araujo bildumako lanak dira haietako baten oinarria, eta Patricia Cisneros Phelps bildumagilearen lanekin osatuta dago bestea.

Pribilegio hutsa

Sarrera librea izango du museoak lehen asteetan, eta berrikuntzak ez dira soilik arkitektonikoak izango. Lantaldean egindako ordu eta txanda aldaketei esker, museoak egunero irekiko du aurrerantzean, eta sarrera librea izango du astearteetan. Gainerako egunetan, 12 eurokoa izango da sarrera arrunta, eta sei euroren truke eskuratu ahalko da murriztua. Horrez gainera, duela aste batzuk aurkeztu zuten bezala, urriaren 14tik aurrera sarrera bikoitz bat ere jarriko dute abian lau eguneko tartean Bilboko Arte Ederren Museoa eta Bilboko Guggenheim museoa bisitatu ahal izateko.

Ekitaldiz beteta egon dira publikoarentzako irekieraren aurreko egunak museoan. Asteburuan, esaterako, bertan izan da Norman Foster Pritzker saridun arkitektoa. Bera arduratu da, Luis Maria Uriarte arkitektoarekin batera, Agravitas izeneko proiektua diseinatzeaz. Aurrez, Bilboko metroaren geltokiak eta sarrerak ere diseinatu zituen Fosterrek, eta bi proiektu horiek hartu ditu gogoan egunotan. "Pribilegio hutsa izan da Bilboko metroarekin eta erakunde bikain honekin laguntzea".

Fosterrek eta Elena Ochoa bikotekideak hiru artelan ere eman dizkiote Bilboko Arte Ederren Museoari. Orain artean haien bildumaren parte izan dira orain museoaren sabai lanak egiten dituen egituraren terrazan ikus daitezkeen Anthony Caroren bi eskulturak, eta museoaren sarrera nagusia izango denaren aurrean dago hirugarrena. Anselm Kiefer artistaren eskultura bat da.

Espoliazioa salatzea

Salaketa plazaratzeko baliatu du irekiera ekitaldi ofiziala Bilboko Arte Ederren Museoaren Defentsa Zibikoa herri mugimenduak. Iñaki Uriarte arkitektoa da haren bultzatzaile nagusietako bat, eta urteak daramatza handitze lanak salatzen. Sabai gisa funtzionatzen duen egituraren ondorioz, lehen espazio publikoaren parte zen plaza orain museoaren parte izatera pasatu dela salatu du, zehazki. Eta plaza bera ez ezik bertan zegoen Francisco Durrio artistaren iturria ere "espoliatu" dutelasalatu du Uriartek. "Ondare publikoaren izendapena du", zehaztu du. Uriarteren arabera, izendapen hori izanda ezin da eskualdatu. Plaza eta eskultura museoan integratuta delitu bat egin dutelakoan dago Uriarte, eta hori salatzeko bidea ere abiatu du epaitegietan.


hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

circus

Circus

Alejandra Icaza

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 30etik
2027ko Otsailaren 28ra

ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Otsailaren 14tik
2026ko Abenduaren 31era

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.