Bixente Ameztoiren margolan bat nabarmendu du San Telmo Museoak, artistaren heriotzaren 25. urteurrenean
Museoak Bixente Ameztoi Olasagastiren (Donostia 1946 - Villabona 2001) Sin título (Izenbururik gabe) koadroa aurkezten du, Nabarmendutako obra izeneko programaren barruan. Lana 1976ko mihise gaineko olioa da, 130 x 161,7 cm-ko neurrikoa. Aurten erosi du museoak eta artistaren heriotzaren 25. urteurrenarekin bat eginez ikusgai jartzen du Arte Historikoaren aretoan 2026ko azaroaren 6tik 2027ko otsailaren 28ra arte.

| 2026ko Azaroaren 13a
1970eko hamarkadaren bigarren erdian, Ameztoy euskal panorama artistikoko sortzaile nabarmenetako bat bezala sendotu zen, eta aldi berean estatu mailan ere proiekzioa izaten hasi zen. Urte horietan bere lanik adierazgarrienetako batzuk egin zituen eta erreferentziazko hainbat galeriatan erakutsi zituen, hala nola Prisma (Zaragoza, 1975), Juana Mordó (Madril, 1976) eta Galería B (Donostia, 1976-1977). Orduan agertu ziren bere txorimalo artikulatu bereizgarriak, bere ekoizpenaren etapa berri bat markatu zutenak.
Bere pinturaren bilakaera horrek hirurogeiko hamarkadaren amaieran hasitako sormen unibertso baten gailurra ekarri zuen. Bere lanak gero eta figurazio adierazkorragoa, konplexuagoa eta narratiboagoa hartu zuen, eta bertan kokatzen ziren nekazal munduko materialez (lastoa, belarra, adarrak edo egurra) eraikitako pertsonaia humanoideak. Izaki horiek paisaia fantasiazko agertoki bihurtu zuten, non ezinegona sortzen zuten istorioak gertatzen ziren. Garapen hori Ameztoyk berak 1973an formulatutako proiektu artistiko baten ondorio zen: bere asmoa irudimenezko espazio bat sortzea zen, halako lorategi mental bat, non bizitza propioa zuten izaki berriak egon zitezkeen, irudikapen figuratibo tradizionaletik aparte.
Unibertso hori inspiratu zuten erreferentziak herri tradizioetatik eta kultura bisualetik zetozen. Artistak hainbat elkarrizketatan aipatu zituen Lantzeko (Nafarroa) inauteriak eta Suitzako kantoi bateko antzinako erritual bat, non partaideak adarrez eta landaretzaz estaltzen ziren. Halaber, Ozeko aztia-ko txorimaloaren balizko eragina ere aipatu da, haren presentziak herri kulturaren elementuak bere irudimenean txertatzea ekarriko bailuke.
1975-1976ko bere ekoizpenak argi eta garbi erakusten du eraldaketa prozesu hori, eta ordutik aurrera Ameztoyren paisaietan biziko den eta bere ibilbide artistikoaren etaparik pertsonal eta ezagunenetako bat definituko duen komunitate bereziaren sorrera sinbolikoa irudikatzen du.
Izenbururik gabea (1976), hain zuzen ere, une honetako lan adierazgarria da. Bere lau irudi bereizgarri – gizaki eta landare izaerako izaki hibridoak aldi berean – artilea saltzeko postu baten itxura duenaren atzean azaltzen dira, paisaia elurtu zabal batean isolatuta dagoena. Pertsonaien eraikuntzak, haien jarrerek eta testuinguru espazialak amets erdi kezkagarri eta erdi dibertigarri bihurtzen dute eszena, Ameztoyk neguko eguna girotzeko erabiltzen duen kolore sorta laburraren monokromiak nabarmenduta. Mahaia airean esekita dago itxuraz, ohiko baliabidea mundu onirikoak gogora ekartzen dituzten konposizioetan, Salvador Dalí edo Remedios Varo-k bezalako sortzaile surrealistek erabilia, baita, ondoren, Clara Gangutiak ere, marrazki asaldatzaile batean (Don Eugenio en un comedor, 1974). Taula mahai-zapi zuri batez estalita dago. Gainean, hainbat lorontzi ditu, oinplanoekin, harilekin eta artilezko matazekin. Mahai-zapia erortzerakoan, berriz, zinta itsaskorrez finkatutako xafla bat irteten da. Prozedura horren bidez, Ameztoyk joko metapiktoriko bat ezartzen du koadroaren barruan beste koadro bat sartzean. Kasu honetan, paisaia horren gainean Woolmark-en ikurraren irudikapen naturalista bat dago (ikurra Franco Grignanik diseinatu zuen 1964an, artile birjina hutsez egindako produktuak bereizteko). Artilezko harrespila bat gogorarazten du, eta testuinguru honetan land art lanaren dimentsioa hartzen du ia.
Nabarmendutako obra
San Telmo Museoak Nabarmendutako obra programa 2023an jarri zuen martxan, denbora batez arreta obra jakin batera erakartzeko, bere ezaugarriengatik, gaurkotasunagatik edo bakantasunagatik azpimarragarria denean.
Sorreratik obra hauek izan dira programa honetan ikusi ahal izan ditugunak: Ozeanoko Perla bainuetxea (1910), Ramón Cortázarren akuarela; Pintura (1960-62) eta Adolescencia (ca. 1948), María Paz Jimenezen olio pinturak; Amalia de Llano y Dotres, Condesa de Vilches (1853), Federico de Madrazo y Kuntzen olio pintura (azken hau Museo del Pradorekin lankidetzan); Izenbururik gabe (1922) Néstor Martín Fernández de la Torreren olio lana; Tête Joan Miróren eskultura; Donostiako Novelty kafetegirako Maumejean anaiek egindako beiratea; eta berriki Esther Ferrerren Poema de números primos #40 (Zenbaki lehenen poema #40).


















