artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bixente Ameztoi paradisua pintatzen

Remelluri upategiko kapera pintatzeari ekin zion Bixente Ameztoik 1993an. Frank Gehry bere Bilboko museo erraldoirako lanean hasia zen. Bastidako (Araba) santutegi ezkutua zen Bixenteren kapera.

bixente-ameztoi-paradisua-pintatzen
Bixente Ameztoi 1978an. ARGIAren artxiboa.

Joseba Zulaika [ARGIA.eus]
| 2026ko Urriaren 30a

Huescako San Vicente mahastizainen patroia pintatzea zen lehen ideia. Erdi Arotik fraideak zaindutako mahastiak dira Remellurikoak. Fraideak, santuak, San Vicente guztiak Bixenteren lagun bihurtu ziren. Zortzi urtez aritu zen kaperan: sei santu eta paradisu bat pintatu zituen. Remelluritik kilometro gutxira, Eltziegon (Araba), Gehryk Marqués de Riscal upategiaren hotel-museo eraikuntza uhinduna ere laister eraikiko zuen. Gehryk arkitekturaren eta artearen munduak eztandaz konkistatu zituen: eraikin harrigarriak, espektakuluaren su-festa, bisitariak amaiezin. Gehry zelebritate bihurtu zen bitartean, Bixente Toloño mendiaren itzaleko katakunbetan ari zen bakardadean, ermitau gisa, inoiz lagun edo erromes baten bisita esperogabea tarteko.

2001ean hil zen Bixente, 55 urte zituela. Jada gaixorik zegoela pintatu zituen koadroak, jakinaren gainean denbora gutxi gelditzen zitzaiola. Egia besterik ezin zuen pintatu jada. Ameztoiren pinturak forma aldetik izugarrizko prezisioa dute; koadro bat amaitzen pasatu zitzakeen sei hilabete; adituentzat bere lana lehen mailakoa da. Bere surrealismoa ere joria zen, euskal paisaietan onirismoz jantzitako lanak utzi zizkigun. Garaiko degradazio ekologikoa oso presente dago bere obran.

Bere testamentua dira Remelluriko koadro horiek. Agnostikoa zen, baina bere irudiak ikono sakratuak bihurtu ziren hango erromes bakanentzat. Ezerk ez zuen horrenbeste hunkitzen, kontatu zidan behin, kaperan sartzen zen bidaiariren bat berak pintatutako imajinen aurrean debozioz errezatzen ikusteak baino, gero imajinak ikututako behatz puntak ezpainetara eramanaz horiei musu emateko. Katalogo bat egin zutenean Remelluriko koadroekin, izenburuak argi zion: Sagrado-Profano.

San Esteban lapidatua da koadroetako bat: harri odoldua du eskuetan, beste harri bat buruan jotzera doakion unean. Santuaren begiradak dio, "zer egin dut nik hau merezi izateko?"

San Vicente koadroa autorretratua da: martiria su txondor baten gainean lebitatzen dago; gainean duen egurrezko arkuan mahats mordoak ditu. Bere gorputza, belar eta goroldio bihurtua, airean dago hosto berde eta horien artean; palma adarra du ezkerreko eskuan bular gainean eta mahats beltza eskubi altxatuan—"O!, ez aparta nigandik Remelluriko ardoz beteriko kaliz hau", dio pintorearen aurpegiak–. Erlikia-gorputza da Bixenterena, paisaia urruna atzean duela, et incarnatus est, bere belaunaldiaren sua eta martirioa oinetan gora datorkiola. Eta koadroa kanalean irekiz gero gorputzak bere barruan triptikoa gordetzen du: izar zuriak zeru urdinean Amabirjina erromanikoaren irudi ederrarekin.

Adornok idatzi zuen: "Artearen historian, obra berantiarrek katastrofeak adierazten dituzte". Bixenteren santorala, maite zituen pertsonen irudiekin egina, bere azken agurra zen. San Agustinen azken orduko sero te amavi (berandu maite izan zaitut). [William]Blake-ren Zeruaren eta infernuaren arteko ezkontza dira. Esperientziarena eta inozentziarena. Iluminazio profanoen pintorea zen, arte ezin sutilago baten sortzailea, bere koloreak entusiasmoz kargatuak. Paradisu koadroak markatzen du kaperako lekurik gorena. [John] Milton-en Paradisu Galdua-ren azkeneko hitzak egi bihurtzen ditu: "Zure barruan Paradisu bat, askoz zoriontsuagoa".


isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

circus

Circus

Alejandra Icaza

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 30etik
2027ko Otsailaren 28ra

ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 17ra

meta-morphosis

Meta-morphosis

Jone Alaitz Uriarte [ARGIA.eus]
| 2026ko Urriaren 30a

Oro har artista baten lana aztertzen denean, sortzaileak behin eta berriz irudikatzen edo margotzen dituen motiboetan jartzen da arreta: zer objektu edo errealitate agertzen diren maizen, zein forma edo irudi agertzen diren behin eta berriro haren obran. Motibo horiek euskarrira —mihisera, buztinera edo paperera— eramateko moduak, berriz, estiloaren auzira garamatza. Interesgarria da, hala ere, kontrako ariketa egitea: artista batek, kasu honetan margolari batek, zer margotzen ez duen aztertzea.

denbora-desegiteko-konjurua

Denbora desegiteko konjurua

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 28a

Finissage | Artista: Amaia Urra. | Non: Atoi gunean, Bilbon. | Noiz arte: abenduaren 12ra arte.

ez-ulertzearen-zoriontasuna

Ez ulertzearen zoriontasuna

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 28a

Aurrekoan Kyotoko Jidai Matsuri desfilea ikusteko aukera izan nuen. 2.000 lagun inguruk hartzen dute parte, jantzi historikoak soinean, mila urte atzera egiten duten adibideekin. Aho zabalik begiratzen genien mendebaldar guztiok kimonoei, armadurei, shozokuei, hantenei eta Interneten bilatu behar izan ditudan bestelako jantzi askori.

xabier-morras-margoz-emandako-lekukotasuna

Xabier Morras, margoz emandako lekukotasuna

Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 24a

Artista nafarraren atzera begirako erakusketa ireki dute Donostiako Kutxa Kubo aretoan. Morrasek 60 urtean egindako lana jaso dute, eta, margolanak ez ezik, lan prozesuetako material ugari ere bildu dute. Jesus Mari Lazkano izan da komisarioa.

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 18a

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.