artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Local Ecology

Jochen Lempert

2026ko Azaroaren 21etik
2027ko Martxoaren 29ra

local-ecology
Landscape and Swifts. Jochen Lempert, 2026

Hasieran biologiaren arloko prestakuntza jasoa eta Schmelzdahin (Desagertu/Urtu) zinema esperimentaleko kolektiboan aritua 1980ko hamarkadan, Jochen Lempertek (Moers, Alemania, 1958) hainbat ezagutza-modu eta irudikapen-forma aztertu ditu bere praktika artistikoan, argazkigintzaren bidez "natura" —zentzurik zabalenean hartuta— behatzeko eta atzemateko duen modua markatu dutenak. Nolanahi ere, irudiak atzemateko zeregin hori, kameraren kliskagailua sakatzetik harago, gela iluneraino hedatzen da. Han errebelatzen ditu bere film negatiboak, eta handitzen eta inprimatzen bere lanak, askotarikoak: argazkiak (negatiboetatik abiatuta egindako kopiak), fotogramak (landareak edo animaliak paper fotosentikorrarekin kontaktuan jarrita lortutako inprimatzeak), "foliogramak" (argazki-handigailuaren negatibo-euskarrian denbora batez, hainbat orduz batzuetan, utzitako hostoak, haien xehetasunak paperera transmititu daitezen) eta luminogramak (argi-iturri batek argazki-filmean edo -paperean utzitako aztarnak sortzen dituen irudiak).

Lempertek gela ilunean erabilitako metodologia esperimentalek, horien emaitza inprimatuek eta haiek erakusketa-gune jakin batean erakusteko moduak naturaren irudikapena dute ardatz, baina baita irudikapenaren natura (hots, izaera) ere. Horrek ez du esan nahi Lemperten lanak modernitateak "natura" deitu duen hori zuzenean begien aurrera ekartzen digunik; Auzia mendebaldeko gizateriak —gehienbat hirietan antolatuta— naturarekin duen harreman konplexuaren barruan sortzen da, haien artean irekitako arrakala sakonaren ondorio dena. Lempertek irudiak sortzeko prozesuan erakusten duen artisautza-maila handiak eta obraren materialtasunak zalantzan jartzen dute naturaren izatasuna bera eta noraino naturak gizakiok kultura deitzen dugun horrekin duen lotura.

Local Ecology izenburuak erakusketako lan-multzo jakin bat izendatzen du, Arabara egindako bisitan ateratako argazkiak biltzen dituena, hain zuzen. Izan ere, Lempertek egonaldi bat egin zuen Araban, eta, besteak beste, Gasteiz hiria, eraztun berdea, Añanako eskualdea eta Atauriko asfalto-meategi abandonatua eta inguruak ezagutu zituen.

Komisarioa: Catalina Lozano

local-ecology
Landscape and Swifts. Jochen Lempert, 2026

Artium | Frantzia Kalea, 24 - Gasteiz (Araba)

Xehetasunak
Asteartetik ostiralera: 11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
Larunbatak eta igandeak: 11:00 - 20:00
Doako sarrera: arratsalde guztietan eta igandeetan, egun osoan


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.