artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Carlos Sanz

Carlos Sanz

2022ko Urriaren 21etik
2023ko Urtarrilaren 22ra

carlos-sanz
Carlos Sanz. Izenbururik gabea. 1982. À‚©Kutxa Fundazioa

Gaur, Kubo Kutxa aretoak Carlos Sanz (Donostia, 1943-1987) artistaren erakusketa antologiko handia inauguratuko du. Erakusketa Sanzen lana ikertu eta berreskuratzeko proiektu baten emaitza da.Mikel Lertxundi Galiana komisarioak 130 pieza hautatu ditu, 1963tik 1986ra bitarte egindakoak. Hala, ibilbide kronologiko bat osatu du artistaren garapen labur baina emankorraren harira. Obrekin batera, dokumentu argitaragabeak ikusgai daude.

Erakusketa 2022ko urriaren 21etik 2023ko urtarrilaren 22ra arte egongo da ikusgai honako ordutegiarekin: asteartetik igandera: 12:00-14:00 | 16:00-20:00.

Doako bisita gidatuak | Larunbatero, 17:30 euskaraz / 18:30 gazteleraz | Derrigorrezkoa da aurrez izena ematea aretoan bertan, T 943 251939 edo hezkuntza_kubo@kubokutxa.eus

Carlos Sanzen obraren kontserbazio- eta karakterizazio-azterketa |Azaroak 10 | 18:00 |Brenda Traver kontserbadore eta zaharberritzailearen hitzaldia. |Gazteleraz | Doakoa |Webgunean aldez aurretik izena emanda

Carlos Sanzi buruzko ikerketa-prozesua | Azaroak 17 | 18:00 | Mikel Lertxundi Galiana eta Juan Pablo Huercanos ikertzaileen arteko elkarrizketa. | Gazteleraz | Doakoa |Webgunean aldez aurretik izena emanda


Komisarioa: Mikel Lertxundi

Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuak, elkarlanean, Carlos Sanzen obra ikertzeko eta berreskuratzeko proiektu bat garatu dute; izan ere, 2021ean, artistaren familiak haren artxiboa eta pieza mordoxka bat eman zizkion Gordailuari. Prozesu horren guztiaren emaitza dira erakusketa eta katalogo hau.

Familiak emandako materiala eta beste funts instituzional zein pribatu batzuetan gordetakoa aztertu eta gero, Mikel Lertxundi Galiana komisarioak 130 pieza hautatu ditu, 1963tik 1986ra bitarte egindakoak. Hala, ibilbide kronologiko bat osatu du Carlos Sanzen garapen labur baina emankorraren harira. Obrekin batera, dokumentu argitaragabeak ikusgai daude.

Carlos Sanzen lana ondo ezagutzen eta estimatzen da artearen munduan; hala ere, publiko orokorrarentzat itzalean geratu da azken 25 urteotan. Beraz, aukera bikaina da hau artista itzel bat ezagutzeko, zeinak, baldintza desberdinak izan balitu, beste posizio bat lortu izango baitzukeen, ziur bai ziur, tokiko eremutik harago. Agerian geratu da haren marrazkien eta margoen kalitatea, eta argi dago, halaber, Euskal Herriko kultur egitasmorik garrantzitsuenetako batzuetan parte hartu zuela 1960-70eko hamarkadetan.

Erakusketan 3 espazio daude, eta obrak ordena kronologikoan antolatu dira, ekoizpenaren bilakabidea hobeto ulertzeko. Ondorioz, elkarren aldamenean daude olioak eta marrazkiak; batera erakutsi ditu komisarioak, artistak aldi berean hainbat teknika erabiltzen zituela adierazteko:

Kanpoaldetik barrualdera

Prestakuntza artistiko apur bat jaso ostean, Carlos Sanz Zuzenbidea ikasten hasi zen 1960an. Garai hartan margotzeari utzi zion, baina ez marrazteari. Marrazki kritikoak, ironikoak, satirikoak eta makabroak egiten zituen, baina bere bizipenen ondorio ziren; bestalde, lan intimoago batzuk ere egin zituen. Besteak beste, honako gai hauek landu zituen: menderakuntza politiko, erlijioso, sozial eta arrazazkoa, erregimen frankistaren eta Elizaren elkarbizitza, herri xehearen etsipena eta sexu-errepresioa; gainera, eguneroko kostunbrismoaren ikuspegi burlatiak ere egin zituen. 1966-67an Vietnameko gerra salatzeko sorta bat egin zuen

Margolaritzara 1964an itzuli zen. Lehenik, esperimentu tekniko zein formaletan murgildu zen, informalismora eta figurazio espresionistara itzuliz. Garai horretako ekoizpenaren xedea margo-materia nabarmentzea zen: enpaste indartsuak erabiltzen zituen, margo freskoa kentzen eta harramazkatzen, zabalera desberdineko lerro bat tantaka marrazten; funtsean, garrantzi handia ematen zion margotzeko keinuari, bere hurrengo obretan inplizituki agertzen zena baino indarkeria erraietakoago bat islatzeko.

Hamarkadako bigarren erdiko olio askotan, odolarekin batera, bestelako elementu batzuk agertu ziren, gerora bere unibertsoan hainbat aldiz errepikatuko zirenak, hala nola ateak, leihoak, markoak eta oheak. Azken elementu horrek —sarritan esku-oheak edo etzalekuak izaten dira—, modu sinbolikoan, gogora dakar artistaren gaixotasuna, zeinaren eraginez ohean etzanda egon behar izaten baitzuen bolada luzetan.

Barrualdea

Erdiko espazio handian bizitegi suerte bat dago, Carlos Sanz 1968tik hil arte bere obretan erakusten hasi zen gelen tankerakoa.

Bertan, artistaren margorik ezagunenak daude: obra askotan, elementu bertikalek eta horizontalek antolatzen dute espazio abstraktu bat, non elementu organiko bat agertzen baita, homunkulo bat. Izaki hori hainbat modutan uler daiteke: artistaren alter egoa, gaitzaren dramarekin bizi dena, edo usteltzen ari den mundu baten isla sinbolikoa.

Hamarkada berriarekin, artistaren kolore-paleta argitu zen. 1972tik aurrera, berriz, espazioaren faktorea nabarmendu zen, tentsioa sortuz bi elementu hauen artean: batetik, espazioaren zehaztapen perfektua; bestetik, espazio horretan bizi diren konkorren zehaztugabetasuna. Aurreko urteetako ukimen-elementuak (enpasteak; soka, hondar edo paperen gehikuntza) murriztu ziren, eta pintura urtuagoa garatu zuen artistak, nahiz eta keinu espresionistari eutsi zion elementu organikoen kasuan.

Garai horretan, zirkuluak eta obaloak agertu ziren, ikuslearen begirada fokalizatzeko xedearekin. Espazioa are gehiago zabaldu zen 70eko hamarkadaren bukaeran eta 80koan. Eszenatokia zabaldu izanaren ondorioz, nabarmen agertzen zaigu Sanzen konposizioetan gailentzen den isiltasuna, eta ziurgabetasun-sentsazioa areagotzen da orobat; izan ere, dekoratua aldatu ez arren, protagonistak arropa eta erraien nahas-mahas soilak bihurtzen dira.

Collagea, poesia eta espiritu kolektiboa

Areto honetan Sanzen collageak eta bestelako arlo kultural zein artistikoetan egindako ahaleginak erakusten dira; izan ere, eremu asko interesatzen zitzaizkion (besteak beste, haren ekin literarioa erakusten dugu). Gainera, arteari dimentsio soziala eta kolektiboa gehitzeko asmoa zuten egitasmoetan jardun zen Sanz (GAUR taldea, Gipuzkoako Herri Estanpa, Korain taldea), eta alderdi hori ere ikusgai dago areto honetan.

carlos-sanz
Carlos Sanz. Izenbururik gabea. 1982. À‚©Kutxa Fundazioa

Kubo Kutxa aretoa | Kursaal De, Zurriola Hiribidea, 1 - Donostia (Gipuzkoa)


oinazea-katarsiz-margotzea
Argazkilari bat Carlos Sanzen koadro bati argazki bat egiten, atzo, Donostiako Kubo Kutxa aretoan. JON URBE / FOKU

Oinazea katarsiz margotzea

Urr. 21 | Andoni Imaz [BERRIA.eus]

Carlos Sanz margolariaren lana "berreskuratu" dute, Kubo Kutxa aretoan antologia handi bat jarrita. Gaitzak munduari begiratzeko era aldatu zion, marrazki satirikoetan zein olio pintura ikusgarrietan

irudi galeria

carlos-sanz-kubo-kutxa-a-a-juantxo-egana
carlos-sanz-kubo-kutxa-a-a-jesus-uriarte

Bideoa(k)

Carlos Sanz | Haurtzaroa


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.