artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Oinazea katarsiz margotzea

Carlos Sanz margolariaren lana "berreskuratu" dute, Kubo Kutxa aretoan antologia handi bat jarrita. Gaitzak munduari begiratzeko era aldatu zion, marrazki satirikoetan zein olio pintura ikusgarrietan

oinazea-katarsiz-margotzea
Argazkilari bat Carlos Sanzen koadro bati argazki bat egiten, atzo, Donostiako Kubo Kutxa aretoan. JON URBE / FOKU

Andoni Imaz [BERRIA.eus]
| 2022ko Urriaren 21a

Tartean egon diren guztiek argi dute zein den lehentasuna: "Ahaztuta egon den obra bat berreskuratzea". Horregatik esan du Mikel Lertxundi komisarioak "beharrezkoa, baina batez ere bidezkoa" dela Carlos Sanz margolariari (Donostia, 1943-1987) erakusketa antologiko bat eskaintzea Donostiako Kubo Kutxa aretoan. 1963 eta 1986 artean egindako 135 obra bildu dituzte. Izan ere, pintore oparoa izan zen, 44 urte zituela hil zen arren; hemofilia zuen, eta gaitzak haren bizitza eta obra baldintzatu zituen, "bizi larritasuna motibo artistiko bihurtzeraino", Lertxundiren hitzetan. Sanzi buruzko erakusketa zabalik egongo da gaurtik urtarrilaren 22ra arte.

Gordailuaren eta Kutxa fundazioaren elkarlanetik abiatu da erakusketa, 2020an margolariaren senideek 77 pintura eta paperezko mila lan baino gehiago eman baitzizkioten Gordailuari. Horiek aztertu eta berritu dituzte, eta funts horiekin eta museo eta partikular batzuek utzitako obrekin osatu dute antologia.

Lertxundik atzo goizean aurkeztu zuen erakusketa, eta harekin izan ziren Ane Abalde Kutxaren aretoen zuzendaria, Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Ander Aizpurua Kutxa fundazioko zuzendaria eta Cristina Uriarte familiaren ordezkaria, zeinak, gaitzaz harago, Sanz isekariaren "umore kaustikoa" gogoratu baitzuen, esker onezko hitzen artean.

Erakusketak hiru gune ditu, eta ordena kronologikoan ageri da Sanzen obraren garapena: Kanpoaldetik barrualdera, Barrualdea eta Collage, poesia eta espiritu kolektiboa dira guneen izenak. Lehenengoa aretoaren sarreran dagoen gelan jarri dute; bigarrena, erakusgela nagusian; eta hirugarrena, goialdean.

Sanzek zuzenbidea ikasi ondoren egin zituen marrazkiak erakutsi dituzte hasieran. Garai hartan, margotzeari utzi zion, baina marrazten jarraitu zuen, maiz lan "kritikoak, ironikoak, satirikoak eta makabroak" sortuz. Lertxundik azaldu duenez, hemofiliak oinazezko haurtzaro bat ekarri zion, ezin izan zuen eskolara joan, eta helduen artean bizi izan zen, haien babesean. Horregatik, umetatik garatu zuen inguruari begiratzeko begirada berezi bat. 1960ko urteetan, kontzientzia politikoa piztu zitzaion, eta politika eta oinazea uztartu zituen haren lanetan. Esaterako, Francisco Franco hilda irudikatu zuen bi margotan —ez dituzte erakutsi gaur arte—; horietako odoltsuenean, legionario jantziarekin eraila.

1960ko hamarkadaren erdialdetik, Lertxundik gai batzuk antzeman ditu figurazioaren eta abstrakzioaren arteko lanetan. Forma desitxuratuak ageri dira, anbiguoak, erdizka besterik ezagutzen ez direnak. Batek garrantzi handia hartzen du, gainera: homunkulua da, Sanzek berak hala izendatu baitzituen.

Homunkulua forma zehaztugabeko gorputz organiko bat da, umeki itxura duena batzuetan, eta intsektu antza ere hartzen duena inoiz. "Izan daiteke artistaren alter ego-a, gaitzaren dramarekin bizi dena, edo usteltzen ari den mundu baten isla sinbolikoa", azaldu du Lertxundik. Beste osagai batzuk errepikatzen dira Sanzen lanetan: ateak, markoak, oheak, diagonalak. Horiek mugatzen dute haren mundua.

Areto handiaren erdian, Aritz Gonzalez arkitektoak beste areto bat eraiki du, eta ateak eta leihoak ireki dizkiote, artistaren obrari keinu bat egiteko. Areto handian, Sanzen margorik ezagunenak daude, 1960ko hamarkadaren amaieratik aurrerakoak.

Formen kontrastea

Koadroetako espazioak eraldatu egin ziren denborarekin. Hasierakoek sakonera txikia zuten, eta homunkuluak zituzten lehen planoan. Gero, ordea, espazioaren sentsazioa areagotu zuen: "Espazioa leku bihurtu zen", 1973tik aurrera. "Inguruak ezaguterrazagoak dira, eta horrek tentsioa sortzen du zehaztasun horren eta izaki zehaztugabeen arteko kontrasteagatik". Antzeko zerbait gertatu zen koloreekin: gero eta kolore biziagoak erabili zituen, "koloreen gozamenaren eta tragediaren lekukotasunaren arteko kontraesana" lantzeko.

Hala ere, artistak keinu espresionistari eutsi zion beti: pintzelkadak antzematen dira haren margolanetan, pintura bota ondoren koadroa mugitzen zuen alde batera isuri zedin, zapi batekin nahasten zuen olioa...

Aretoaren barruko aretoan dauden koadroak txikiagoak dira, eta horietan ikusten da nola Sanzek forma gizatiarragoak landu zituen 1980ko urteetan. Olio pinturak eta marrazkiak nahastuta daude hor ere. "Denak elkarrekin jarri ditugu, egilearentzat garrantzi berbera zutelako".

Goialdeko zatian, Sanzen beste alderdi artistiko batzuk erakutsi dituzte. Hor daude, alde batetik, 1960ko urteetako collageak, materiaren testura nabarmentzen dutenak mozketen bidez, eta 1980tik aurrerako fotomuntatzeak, irudiak testuinguruz aldatuta sortzen diren umore kolpeak.

Bestetik, margolariaren alde soziala erakutsi dute, han ikusten baita, besteak beste, nola saiatu zen Gipuzkoako Herri Estanpa taldea sortzen 1960ko hamarkadaren amaieran, eta zer lotura zuen Gaur taldearekin: artista eta abokatua zenez, taldearen estatutuak idazten jardun zen. Haren artxiboan aurkitu dute taldeko zortzi artistetatik seik sinatutako ale bakarra.

Margolaria izateaz gain, Sanz idazlea ere bazen. Poemak eta narrazioak idatzi zituen, eta inoiz argitaratu ere bai, aldizkariren batean, baina haren idatzi gehien-gehienak erabat ezezagunak dira oraindik. Eskuizkribuak eraman dituzte erakusketara.

carlos-sanz

Carlos Sanz

Carlos Sanz

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2022ko Urriaren 21etik
2023ko Urtarrilaren 22ra


nire-historia-kontatzeko

Nire historia kontatzeko

Palestinian Museum Digital Archive

Okendo Kultur Etxea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Ekainaren 06ra

maitia-begira-nazazu

Maitia, begira nazazu

Ritha Thende Komba Mingomba

Marzana aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 30etik
2026ko Ekainaren 12ra

nicholas-nixon

Nicholas Nixon

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Martxoaren 02tik
2026ko Ekainaren 28ra

hiri-ikuspegiak

Hiri ikuspegiak

San Martin, Sesma, Cassany

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 16tik
2026ko Ekainaren 28ra

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

lan-giroko-paisaia

Lan giroko paisaia

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Apirilaren 30a

Artelan guztiak bezala, Asuncion Molinos Gordoren Mil leches (Mila esne) izenburua daramanak ere hausnarketa egiteko aukera ematen du. Hiru bastidore handitan gainazal latza duten artilez egindako feltrozko oihalak azaltzen zaizkigu.

lore-garaia

Lore garaia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Apirilaren 27a

Harrigarria da udaberriak duen liluratzeko gaitasuna: badakizu badatorrela, neguko paisaia itzalita astintzeko indarra duela eta, hala eta guztiz ere, urtez urte harrituta uzten zaituzte egun batetik bestera bazter guztiak bete dituzten hiazintoek, ezerezetik piztu diren gereziondoetako loreek, zelaiak zuriz zipriztintzen dituzten bitxiloreek eta soroen mugak gainezkatzen dituzten mitxoletek.

beste-zerbait-beste-nonbait

Beste zerbait, beste nonbait

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Apirilaren 27a

Miren Doiz artistak 'Aukera batzuk (zabor eta simulakrotik abiatuta)' erakusketa zabaldu du Bilbo Arte aretoan. Berrerabilitako eta topatutako materialak darabiltza bere lanetan, eta egungo gizarteak bizi dituen krisiak azaleratzen ditu.

memoria-lausoei-begira

Memoria lausoei begira

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Apirilaren 16a

Juana cima. BEGIRADA DISIDENTE BAT | Non: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: Abuztuaren 30era arte.

ondarearen-zaintzaileak

Ondarearen zaintzaileak

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Apirilaren 15a

Reina Sofia museoko teknikarien txostenak Picassoren Gernika ez mugitzeko gomendioa eman omen du; ez dakiguna da zein baldintzatan ez litzatekeen bete behar ez mugitzeko gomendio hori. Hau da, lana kalterik gabe mugitzeko aukera egongo balitz, iritzi bera mantenduko lukete?

iragan-kolonialak-bistaratuz

Iragan kolonialak bistaratuz

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 2026ko Apirilaren 13a

Standing here Wondering Which Way to Go | Noiz arte: 2026ko ekainaren 14ra arte. | Non: Tabakaleran, Donostian.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.