artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

erakusketak

100 urte Modernoa edo/eta garaikidea

Erakusketa iraunkorra

2024ko Apirilaren 13tik
2026ko Apirilaren 12ra

100-urte-modernoa-edo-eta-garaikidea

"Ehun urte, mende bat, denbora tarte nahikoa luzea da ziklo eta garai aldaketez ohartzeko. Askotan, garai historiko baten eta bestearen artean, bat-batean hamar urte nahikoa izan daitezke mende oso bateko kontraesanak ezagutzera emateko. Arte modernoaren eta postmodernoaren hamarkaden araberako banaketa xx. mendea amaitzearekin gelditu zela zirudien eta orain "garaikidean" bizi garela. Gaur egungo arte "modernoaren" eta "garaikidearen" arteko bereizketa tradizionalak iragana eta oraina generikoki bereizteko balio du oraindik. Baina modernoa eta garaikidea, batez ere, denbora kategoriak dira: "modernoak" "orain" esan nahi du, edo iraganarekiko eta tradizioarekiko haustura. Nolanahi ere, aro historiko bat bezala ere ulertzen dugu modernoa, Modernitatea, jada iragana dena.

1924 aldera, Europako abangoardia artistikoen albisteak bazter guztietara zabaldu ziren. Aldi berean, "euskal artea" definitzeko oinarriak lantzen hasi ziren. Ehun urte geroago, termino hori behin-behineko adierazpen bat baino ez da, eta tokikoa nazioartekoarekin, partikularra unibertsalarekin birlotzeko balio du. Erakusketa honek, San Telmo Museoaren funtsetan oinarrituta, beste erakundeetako piezekin (Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa...), ibilbide ez lineala ezartzen du gure lurralde hurbilenean egindako artearen iraganetik orainaldira arte: Donostiatik Gipuzkoara, eta hortik Euskal Herri osora. Erakusketan, obrei hitz egiten utzi nahi zaie, haien artean loturak eta elkarketak egiten dituen tapiz trinko batean konektatzen.

XX. mendeko mugimendu berriei heldu zieten artistek ematen diote hasiera erakusketari. Euskal pinturaren ordezkariez ari gara, kostunbrismoari eta euskal eredu eta erromeriei lotuta egonik ere alderdi piktoriko berritzaileak sartu zituzten artistez (Urrutia, Arteta, Tellaetxe, Zumalabe): hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan dandismoaren eta bizitza sozialaren aldeko gustuan adierazten da Modernismoa (hala nola Lagarde artista, edo Gezala bilbotarrak Asun Asartari egindako erretratua, 1920koa). Ondoren, Oteiza, Lekuona, Zelaia edo Narkis Balenciagaren obran gauzatzen diren aurreneko abangoardien adibide batzuk izango ditugu.

Berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetako hibernazio aldi baten ostean, Gaur Taldeak (Oteiza, Chillida, Basterretxea, Sistiaga, Mendiburu, Zumeta, Ruíz Balerdi, Arias) eta garai hartako beste artista erabakigarri batzuek (Ibarrola, Jiménez) irudikatutako artearen eskutik etorri zen euskal kulturaren pizkundea.

Pinturak garrantzi berezia du erakusketa honetan, neokubismoaren ordezkariak (Gonzalo Chillida, Gracenea) ditu, eta, geroago, hirurogeita hamarreko hamarkadan, kutsu onirikoko figurazio berriaren eta espresionismoaren ordezkariekin (Herrero, Ameztoy, Nagel, Goenaga), baita Cárdenas eta Valverde bezalako artisten ibilbide subjektiboek eta korrontearen kontrakoek markatutako ikuspegi propioa duten ordezkariekin ere.

Laurogeiko hamarkadako Euskal Eskultura Berria delakoa (Elena Mendizabal, Badiola, Bados, Moraza, Irazu) eta, jarraian, Miren Arenaza bezalako artistak, erabateko berrikuntza dira XX. mendearen amaierako eskultura hizkuntzetan.

Erakusketa honen berrikuntzetako bat da San Telmo Museoak erositako euskal arte berriena ikusgai jartzea. Barne sartzen dira beren ibilbidea laurogeita hamarreko hamarkadan hasita gaur arte ari direnak, besteak beste, Itziar Okariz, Asier Mendizabal, Isabel Herguera, José Ramón Amondarain, Ibon Aranberri eta/edo June Crespo. San Telmo Museoaren bildumaren aurkezpen honek berretsi egiten du museoak iraganaren memoriarekin eta, era berean, orainaren garaikidetasunarekin duen konpromisoa."

Katalogoa

Erakusketak katalogoa izango du, museoaren Bildumak lerroaren barruan laster argitaratuko dena.

BISITA GIDATUAK

-Komisarioaren bisitak, Peio Aguirre: dohainik, web bidezko erreserbarekin

  • Apirilak 18, 18:00 (gazteleraz)
  • Maiatzak 2, 18:00 (euskaraz)

-Bisita gidatu programatuak: museoko sarrerarekin. Lekua aurrez gorde behar da webgunearen bitartez. Data honetatik aurrera, kontsultatu webgunea.

  • Maiatzak 6, 30. 17:00 (gazteleraz) / 18:00 (euskaraz)
  • Ekainak 13, 27. 17:00 (gazteleraz) / 18:00 (euskaraz)

-Taldeentzako eta eskolentzako eskaintzari buruzko informaziorako museoarekin harremanetan jarri.


Aretoko testuak

Ehun urte, mende bat, denbora tarte nahikoa luzea da ziklo eta garai aldaketez ohartzeko. Askotan, garai historiko baten eta bestearen artean, bat-batean hamar urte nahikoa izan daitezke mende oso bateko kontraesanak ezagutzera emateko. Arte modernoaren eta postmodernoaren hamarkaden araberako banaketa XX. mendea amaitzearekin gelditu zela zirudien eta orain "garaikidean" bizi garela. Gaur egungo arte "modernoaren" eta "garaikidearen" arteko bereizketa tradizionalak iragana eta oraina generikoki bereizteko balio du oraindik. Baina modernoa eta garaikidea, batez ere, denbora kategoriak dira: "modernoak" "orain" esan nahi du, edo iraganarekiko eta tradizioarekiko haustura. Nolanahi ere, aro historiko bat bezala ere ulertzen dugu modernoa, Modernitatea, jada iragana dena.

1924 aldera, Europako abangoardia artistikoen albisteak bazter guztietara zabaldu ziren. Aldi berean, "euskal artea" definitzeko oinarriak lantzen hasi ziren. Ehun urte geroago, termino hori behin-behineko adierazpen bat baino ez da, eta tokikoa nazioartekoarekin, partikularra unibertsalarekin birlotzeko balio du. Erakusketa honek, ibilbide ez lineala ezartzen du gure lurralde hurbilenean egindako artearen iraganetik orainaldira arte: Donostiatik Gipuzkoara, eta hortik Euskal Herri osora. Erakusketan, obrei hitz egiten utzi nahi zaie, haien artean loturak eta elkarketak egiten dituen tapiz trinko batean konektatzen.

RAFAEL MÚGICA ETA/EDO GABRIEL CELAYA

1927 eta 1935 artean, Gabriel Celaya poetak pintura eta marrazki surrealista batzuk egin zituen eta bere benetako izenarekin, Rafael Mugicarekin, sinatu zituen. Soilik poesia aukeratu zuenean, urte batzuk geroago, hartu zuen Gabriel Celaya izena (bere bigarren izena eta amaren ezkongabe abizena, hurrenez hurren). Bere izena euskal artearen benetako lehen abangoardiakoen artean kokatu behar da (Aizpurua eta Labayen arkitektoekin, Nicolás de Lekuonarekin, Narkis Balenciagarekin edo Jorge Oteizarekin batera). Ile horia duen bere autorretratu hau "objektibotasun berria" deiturikoaren adierazgarria da. Pintura joera hori XX. mende hasieran agertu zen Alemanian, eta nolabaiteko postespresionismoa izatea du ezaugarri.

Zenbait hamarkada geroago, Juan Luis Goenaga margolariak omenaldia egin zion Celayari, Hernio mendira egindako taldeko irteera batetik abiatuta. Bi collage dira, eta espresionismotik eta Land Art delakotik edaten duten liturgia erritu txiki gisa daude antolatuta.

SUBJEKTIBOTASUNAK

Pinturak barneko kosmos bat garatzeko balio izan die artista askori. Abstrakzioaren aldeko apustu sendoa egin aurretik, Maria Paz Jimenezek figurazio oso pertsonala landu zuen, sinbolismoari keinuak eginez. 1942ko bere autorretratu ilun eta espektral honek bere beldurren berri ematen du, subjektibotasun erradikala berresten badu ere. Lanean, dramatismoa eta bertigo existentziala igartzen dira; hain zuzen, horiek izan ziren berezko eskubidez arreta merezi zuen artista berezi honen ezaugarriak. Jimenezen pinturak trinkotasun materiko eta organiko handiagoko abstrakziora jo zuen gero.

Bestalde, Idoia Montonen lanak gauzen egoeraren aurkako jarrera matxinatua erakusten du. Bere koadroetan alegiazko mundu bat agertzen da, erreala arakatzen duen sinbologia zifratu bat. La tregua lana Velazquezen La rendición de Breda margolan ospetsuaren (Las lanzas izenez ere ezaguna) bertsio oso pertsonala da. Subjektibotasuna da, halaber, Maria Josefa Careagaren 1935eko untxidun familiaren erretratua edo Antonio de Guezala bilbotarrak 1920an eginiko Asun Asartaren erretratu naif samarra irakurtzeko gakoa.

PAISAIAK

Paisaiaren generoa pinturaren historian gehien irudikatu denetako bat izan da. Hori dela eta, artean irudikatzeko aukeren froga eremutzat balio izan du tradizioz. Paisaiak protagonismo berezia izan zuen XX. mendeko lehen hamarkadetako euskal pinturan, bereziki landa mundua irudikatu nahi zenean. Geroago, industrializazioaren eta hiriak haztearen ondorioz, margolariek irudikatzeko fenomeno berriak bilatu zituzten. Bi margolan hauetako lehenengoan, José Gracenearen Fábrica de Pasajes (Pasaiako fabrika) izenekoan, Gipuzkoako industrializazioaren une bat irudikatzen da. Bertan, fabriketako tximiniak eraikuntza berriekin batera daude, behar zen eskulana egiteko, arrantza eta merkataritza portuak hazten ari ziren bitartean. Madrilgo Eskolaren eragina sumatzen da, eta, zehazki, Daniel Vázquez Díazen obra neokubistarena.

Gonzalo Chillidaren hiri paisaiak artista horren lehenengo garaia erakusten du; aldi horretan, kubismoaren eragina duen izaera errealista nabarmentzen da, eta egitura geometrikoak dituen pintura eta kolore paleta mugatua garatzen du. Emaitza soiltasun eta zorroztasun kontzeptual handikoa da.

AZPIKULTURAK

Arteari nortasunak eraikitzeko modu gisa balio dio gazteen azpikulturen eta pop kulturaren estiloak. Jabetzea, aipatzea eta détournement delakoa berezkoak dituzte XX. mendearen amaierako estrategia postmodernoek. Eskulturatik abiatuta, Txomin Badiolak laurogeita hamarreko hamarkadan tresna berriak landu zituen, hala nola argazkilaritza eta bideoa, eta zeinuak, testuak, pop ikonoak eta ikonografia desberdinak sartu eta nahasi zituen, zeinu horiek guztiek elkarren artean eragingo zutelakoan. "Visitantes" sailean, estudiora joaten diren hainbat lagunek eguneroko hutsaltasuna artelanekin, liburuekin, gorputz biluziekin edo kaputxadunaren presentzia aztoragarriarekin nahasten duten eszenografietako modelo inprobisatutzat balio diote. Intertestualitate bat dago "koadroaren" barruan dauden elementu guztien artean.

Taipeiko Bienalean parte hartzeko, Iñaki Garmendiak itzulpen ariketa erradikal bat planteatu zuen. Kortatu eta Zarama taldeek euskaraz abestutako RRV (Rock Radical Vasco - Euskal Rock Erradikala -) delakotik kantu batzuk hartu eta hardcore talde taiwandar bati eman zizkion, zuzenean berrinterpreta zitzan. Emaitza itzulpen ariketa erradikal bat da, mundu globalizatu batean, non nortasuna eta desberdintasuna etengabe negoziatzen diren.

ESKULTURA(K)

Joan den mendeko laurogeiko hamarkadan, modernitatearen eta postmodernitatearen arteko dialektika, hamarkada horren amaierako euskal artean, artista belaunaldi berri batek Jorge Oteizaren obrarekin egindako elkarrizketa ahalegin batek markatu zuen, bai eta elkarrengandik urruntzeko ahaleginak ere. Artista horietako batzuk Txomin Badiola, Ángel Bados, Juan Luis Moraza, María Luisa Fernández, Pello Irazu eta/edo Elena Mendizabal ziren. Berezitasun horrek eskultura hartzen zuen jardun eremutzat, lurralde oparoa, irekia eta atzera begira Euskal Eskultura Berriaren izendapenarekin lotu dena. Eskultura horren ezaugarri formalizatzailea abiapuntu bat zen, arazo bati - formak modernitatearen ideologiekin zuen harremana - partikularismo elementu bat ematen ziona, beste alde batetik unibertsala, nahiz eta orduan anakronismoen eta errebisionismoen mende zegoen. Bitartean, modernitate propio baten kontakizuna (berezia, herrikoa) xarmagarria eta, aldi berean, bateraezina zen Lyotard, Foucault, Derrida eta antzeko pentsalarien kritika postmoderno eta postestrukturalistarekin.

Eskultura ondare hark bere historikotasuna sortu du Pello Mitxelena, Ibon Aranberri, Asier Mendizabal edo, berrikiago, June Crespo eta/edo Oier Iruretagoiena artistengan.

FIGURAZIO BERRIA

Vicente Ameztoyk euskal paisaia eta elementu onirikoak nahasi zituen irudimen emankorraren eta sailkatzen zaila den anbiguotasun poetikoaren bidez. Kezkagarriaren eta ezohikoaren presentzia etengabea izan zen bere koadro eta marrazkietan. Horietan, itxuraz paisaia bezain egunerokoak ziren elementuak aztoragarri bihurtzeko gaitasuna nabarmentzen da. Esate baterako, 1973ko margolan honetan, non ezohiko gorputzen inbasio bat azaleratzen den zuhaitzen eta larrearen erdian. Egunerokotasunean txertatutako fabularako eta naturaz gaindikorako gaitasun hori era berean Mari Puri Herrerorengan nabari da. Fabulazio narratiboan datza eguneroko bizitzaren arroztasuna. Sobresalto a los campistas obran, hori ere 1973koa, margolariak landako thriller berezi baten agertokira garamatza.

PINTURA ERRESISTENTZIATZAT HARTUTA

Eskultura ez bezala, formaren ideologiak gehiago determinatzen duena, pintura bitarteko gisa berresten da, non bere mugei eta egiari buruzko ikerketa bere muga materialek baldintzatzen duten. Pintatzearen zeregina da irudikapena etengabe zalantzan jartzea; eta, horrekin batera zalantzan jartzea, margotzen jarraitzeko motibazioak eta behin eta berriz ekitea, pazientzia eta egoskorkeria subjektu gisa agertzen diren praktika piktoriko beraren egitea. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan pintura elikatu zuten etapa figuratibo, ez-formalista eta espresionistak igaro ondoren, laurogeita hamarreko hamarkadak ateak zabaldu zizkion deseraikitzeko, jabetzeko eta jostatzeko aldi postmodernoari. José Ramón Amondarain, Idoia Montón, Edu López, Manu Muniategiandikoetxea, Alejandro Garmendia eta Juan Pérez Agirregoikoa bezalako egileak ditugu adierazgarri.

GEOMETRIA

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, hizkera figuratibo eta espresionista hutsek bere egin zituzten hizkera murriztaileak edo geometrikoak. Minimalismo eta postminimalismo iparramerikarraren hizkerak bere eragina izan zuen euskal artisten belaunaldi berriengan, bai pinturan bai eskulturan. Eragin horren adibidea da Euskal Eskultura Berria delakoa. Inés Medina izan zen arrazionaltasunaren eta forma piktorikoaren eta koadroaren bi dimentsiotako gainazalaren analisiaren hizkerak bereganatu zituen lehen artistetako bat.

Hirurogeiko hamarkadako azken urteetatik aurrera, Elena Asins nafarrak XX. mendeko abangoardiako tradizio eraikitzailea konputazioarekin eta informazioaren teoriekin uztartu zuen. Konposizio geometriko honetan, formatu obalatu batetik abiatzen da, eta soilik hiru kolore erabiliz (zilar kolorea, urdina eta zuria) elur maluta baten mikroegitura gogorarazten duen eredu ederra itxuratzen du.

ABANGOARDIA

Inolako zalantzarik gabe, iragan mendeko hirurogeiko hamarkadako urteak erabakigarriak izan ziren euskal artearen garapenean. Aldi hartan bereziki sustatu zen herri kulturaren eta tradizioaren formak biltzen zituen pizkunde kultural modernoa. 1966an Gaur Taldea osatu zenean, Donostiako Barandiaran Galerian erakusketa bat egin eta manifestu bat idatzi ondoren, garai hartako arte eta artistentzako euskal eskolaren utopia sortu zuten. Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, José Antonio Sistiaga, Rafael Ruiz Balerdi, José Luis Zumeta eta Amable Arias artistek sinatu zuten adierazpen hori. Pinturan eta eskulturan zentratu ziren taldearen ekintza ardatzak, baina baita zinemagintzan egindako sarraldietan ere. Herrialdeko hezkuntza kulturala eta pedagogia ere alderdi programatikoak izan ziren.

Garai hartako beste artista batzuk, hala nola Agustin Ibarrola, arte herrikoi batean inplikatu ziren, herrialdearen industrializazio gero eta handiagoaren erdian langile klasearen berri emango zuten. Garaiko kontakizun honetan, alboko egile batzuk aipatu behar dira, gaur egun ozenki aldarrikatzen direnak, hala nola Maria Paz Jiménez.

INDUSTRIA

XX. mendearen hasierako artean paisaia gai errepikakorretako bat izan bazen ere, paisaiaren ideiak berak bere bidea egin zuen mendean zehar, hirien eta industrializazioaren hazkundea berezko gaitzat hartu arte. Gizartearen modernizazioa eta eraldaketa San Telmo Museoaren bildumako funtsezko obretako batean egiazta daiteke: José Miguel Zumalaberen El taller obraz ari gara, 1931koa. Agustín Ibarrolaren eta, bide batez, Estampa Popularren obra grafikoa fabrika paisaiak markatu bazuen ere, hurrengo hamarkadak desindustrializazio prozesu batek markatu zituen - bereziki laurogeiko hamarkadan -, eta horrek gizarte arazo larriak utzi zituen, hala nola langabezia. Euskal Herriko industria birmoldaketak industria aurriak nagusituko ziren paisaia utzi zuen agerian. Horietako batzuk ikus ditzakegu irudikatuta Raúl Urrutikoetxea, Gorka Salmerón, Carlos Cánovas eta Xabier Salaberriaren lanetan.

FEMINISMOA

Azken aldian gizarte eta politika agendetako lehentasunen parte parte dira feminismoaren aldarriak. Agerikoak dira teoria eta diskurtso feministek artean eta kulturan duten pisua eta ikusgarritasuna. Marta Cárdenasen autorretratua (bururik gabea), emakume artistek artearen historian izan duten ikusezintasunaren alegoria bihurtu da hemen. Esther Ferrer, berriz, espainiar estatuko perfomancearen eta arteetako mugimendu feministen artista aitzindarietako bat da. Rosa Valverderen kutxak hiru dimentsiotako collageak dira, eszenografiak edo antzoki txikiak, non umorea eta ironia funtsezko osagaiak diren. Kutxen barruko mundu hauskorrek eta poetikoek indar handia dute, kitscha gogorarazten duten bitartean. Valverdek formatu txiki hori landu zuen artearen eredu ofizialetatik kanpo artista gisa zuen bereizgarritasuna agerian uzteko. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera feminismoa indar handiz sartu zen Azucena Vieitesen (Erreakzioa-Reacción kolektiboaren fundatzaileetako bat) agitprop aktibismoaren eta/edo Itziar Okariz eta Susana Talayero bezalako artisten bidez.

100-urte-modernoa-edo-eta-garaikidea

San Telmo | Plaza Zuloaga, 1 - Donostia (Gipuzkoa)


san-telmo-museoak-euskal-arte-areto-berritua-aurkeztu-du-sorkuntza-garaikidea-ere-barne-hartzen-duena
Arg/ Iker Azurmendi, STM

San Telmo Museoak euskal arte areto berritua aurkeztu du, sorkuntza garaikidea ere barne hartzen duena

| Api. 12

Donostiako museoak euskal arteari buruzko aretoaren berrikuntza amaitu du eta horrekin batera Peio Aguirrek komisariatutako "100 urte. Modernoa eta /edo garaikidea" izenburuko erakusketa aurkeztu.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.