artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

San Telmo Museoak euskal arte areto berritua aurkeztu du, sorkuntza garaikidea ere barne hartzen duena

Donostiako museoak euskal arteari buruzko aretoaren berrikuntza amaitu du eta horrekin batera Peio Aguirrek komisariatutako "100 urte. Modernoa eta /edo garaikidea" izenburuko erakusketa aurkeztu.

san-telmo-museoak-euskal-arte-areto-berritua-aurkeztu-du-sorkuntza-garaikidea-ere-barne-hartzen-duena
Arg/ Iker Azurmendi, STM

| 2024ko Apirilaren 12a

Gaur aurkeztu den erakusketan, museoak bere erakusketa iraunkorraren amaiera markatzen duen 80ko hamarkadako muga gainditu du, sorkuntza garaikideari lekua egiteko eta une honetan euskal artearen panoramaren parte diren artisten lanak ere bere aretoetan sartzeko.

Peio Aguirrek komisariatu duen erakusketa hau museoaren espazio honetarako planteamendu berri baten hasiera ere bada. 100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea da 2 urterik behin aurkeztuko diren eta komisario ezberdinak izango dituzten erakusketa sorta baten lehena, euskal artearen eta gure inguruneko sorkuntza garaikidearen ikuspegi ahalik eta osoena emateko, betiere San Telmo Museoaren bilduma eta Gordailuan zaindutako ondarea oinarri hartuta. Horri beste erakunde batzuetako piezak gehitu ahal izango zaizkio, hala nola Kutxa Fundazioa, Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionala eta bilduma partikularrak.

San Telmoko arte aretoen birmoldaketa 2023an hasi zen, arte historikoko aretoarekin. Areto horretan euskal artearen hastapenetako lanak txertatu ziren, eta orain erakusketa berri honekin amaitzen da, joan den mendeko 20ko hamarkadatik gaur egunera arteko aldia hartzen duena, sorkuntza garaikideari leku eginez eta bisitariari euskal artearen azken 100 urteen sintesi bat eskainiaz.

San Telmo berritzeko prozesuan, 2011n berriro ireki aurretik, museoaren bilduma osatuko zuen eskuratze-politika lantzen hasi zen, euskal artearen adierazgarri izan zedin. Museoak lehentasun argia du arlo horretako eskuratzeak sustatzeko, euskal gizartearen inguruan eratzen baita eta, horregatik, euskal artisten ondarea eskuratzeko betebeharra planteatzen da, duela 100 urte baino gehiago hasitako bildumari jarraipena emanez.

2008az geroztik, 450 lan inguru erosi dira. Zifra horrek pieza bakarra bezala kontabilizatzen diren multzo batzuk biltzen ditu, hala nola grabatu serieak.

Erosketa horiek egiteko, hainbat faktore hartu dira kontuan. Alde batetik, obraren egilearekin zerikusia duten faktoreak: bilduman duen presentzia, euskal artearen historian aitortutako garrantzia, esparru artistikoan duen balorazioa. Bestetik, obrarekin berarekin zerikusia duten alderdiak: obraren balorazioa egilearen ibilbide artistikoaren barruan, etapa artistiko desberdinen adierazgarritasuna, piezaren kalitatea, berezitasuna, balio ekonomikoa merkatuan, balio dokumentala eta argigarria museoko ataletan landutako gaiei dagokienez.

Azken urteotan, San Telmo aktiboki ari da apustu egiten gaur egungo artelanak eta proposamen artistikoak museoan sartzeko, modu parte hartzaile eta integratzailean (Museo Bikoitza eta Artea abian adibide argiak dira). Kasu batzuetan, ealdi baterako erakuksketan egon dira erosketa batzuen oinarrian. Ildo honetan, azpimarratu dezakegu Baginen bagara erakusketaren lanketan, museoaren funtsak berrikusi zirela emakume artisten lanak kontuan hartuta, eta, horren ondorioz, eskuratze-irizpideei gehitu zitzaiela emakumeek sortutako obrak bilduman sartzea.

Erosketa bidezko eskuratzeez gain, urte hauetan dohaintzak ere jaso dira, eta horietako batzuk nabarmen genitzake bolumenagatik edo garrantziagatik. Amable Arias eta Rosa Valverderen familiek beren lanen dohaintzak egin dizkiote museoari; hiru argazki-artxibo garrantzitsuren dohaintzak ere jaso dira, hala nola Koch, Elizegi eta Postigorenak; gainera, artista batzuek beren lanak eman dizkiote museoari dohaintzan.

100 urte. Modernoa eta / edo garaikidea espazialki birmoldatu den areto batean aurkezten da, eta museoko beste esparru batzuetara ere zabaltzen da: sarrerako hallean, dorrean, industrializazioaren aretoan eta koroan.

Honela azaltzen du Peio Aguirre komisarioak erakusketa eskuorrian:

"Ehun urte, mende bat, denbora tarte nahikoa luzea da ziklo eta garai aldaketez ohartzeko. Askotan, garai historiko baten eta bestearen artean, bat-batean hamar urte nahikoa izan daitezke mende oso bateko kontraesanak ezagutzera emateko. Arte modernoaren eta postmodernoaren hamarkaden araberako banaketa xx. mendea amaitzearekin gelditu zela zirudien eta orain "garaikidean" bizi garela. Gaur egungo arte "modernoaren" eta "garaikidearen" arteko bereizketa tradizionalak iragana eta oraina generikoki bereizteko balio du oraindik. Baina modernoa eta garaikidea, batez ere, denbora kategoriak dira: "modernoak" "orain" esan nahi du, edo iraganarekiko eta tradizioarekiko haustura. Nolanahi ere, aro historiko bat bezala ere ulertzen dugu modernoa, Modernitatea, jada iragana dena.

1924 aldera, Europako abangoardia artistikoen albisteak bazter guztietara zabaldu ziren. Aldi berean, "euskal artea" definitzeko oinarriak lantzen hasi ziren. Ehun urte geroago, termino hori behin-behineko adierazpen bat baino ez da, eta tokikoa nazioartekoarekin, partikularra unibertsalarekin birlotzeko balio du. Erakusketa honek, San Telmo Museoaren funtsetan oinarrituta, beste erakundeetako piezekin (Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa...), ibilbide ez lineala ezartzen du gure lurralde hurbilenean egindako artearen iraganetik orainaldira arte: Donostiatik Gipuzkoara, eta hortik Euskal Herri osora. Erakusketan, obrei hitz egiten utzi nahi zaie, haien artean loturak eta elkarketak egiten dituen tapiz trinko batean konektatzen.

XX. mendeko mugimendu berriei heldu zieten artistek ematen diote hasiera erakusketari. Euskal pinturaren ordezkariez ari gara, kostunbrismoari eta euskal eredu eta erromeriei lotuta egonik ere alderdi piktoriko berritzaileak sartu zituzten artistez (Urrutia, Arteta, Tellaetxe, Zumalabe): hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan dandismoaren eta bizitza sozialaren aldeko gustuan adierazten da Modernismoa (hala nola Lagarde artista, edo Gezala bilbotarrak Asun Asartari egindako erretratua, 1920koa). Ondoren, Oteiza, Lekuona, Zelaia edo Narkis Balenciagaren obran gauzatzen diren aurreneko abangoardien adibide batzuk izango ditugu.

Berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetako hibernazio aldi baten ostean, Gaur Taldeak (Oteiza, Chillida, Basterretxea, Sistiaga, Mendiburu, Zumeta, Ruíz Balerdi, Arias) eta garai hartako beste artista erabakigarri batzuek (Ibarrola, Jiménez) irudikatutako artearen eskutik etorri zen euskal kulturaren pizkundea.

Pinturak garrantzi berezia du erakusketa honetan, neokubismoaren ordezkariak (Gonzalo Chillida, Gracenea) ditu, eta, geroago, hirurogeita hamarreko hamarkadan, kutsu onirikoko figurazio berriaren eta espresionismoaren ordezkariekin (Herrero, Ameztoy, Nagel, Goenaga), baita Cárdenas eta Valverde bezalako artisten ibilbide subjektiboek eta korrontearen kontrakoek markatutako ikuspegi propioa duten ordezkariekin ere.

Laurogeiko hamarkadako Euskal Eskultura Berria delakoa (Elena Mendizabal, Badiola, Bados, Moraza, Irazu) eta, jarraian, Miren Arenaza bezalako artistak, erabateko berrikuntza dira XX. mendearen amaierako eskultura hizkuntzetan.

Erakusketa honen berrikuntzetako bat da San Telmo Museoak erositako euskal arte berriena ikusgai jartzea. Barne sartzen dira beren ibilbidea laurogeita hamarreko hamarkadan hasita gaur arte ari direnak, besteak beste, Itziar Okariz, Asier Mendizabal, Isabel Herguera, José Ramón Amondarain, Ibon Aranberri eta/edo June Crespo. San Telmo Museoaren bildumaren aurkezpen honek berretsi egiten du museoak iraganaren memoriarekin eta, era berean, orainaren garaikidetasunarekin duen konpromisoa."


barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

ura-besterik-ez

Ura besterik ez

Roberto Chartam

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 26tik
2026ko Irailaren 13ra

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 27a

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 2026ko Ekainaren 26a

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.