artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Oroitzapen zatikatuak

Rut Olabarria. Trukatua eta inperfektua. | Non: Bilboko Rekalde aretoan. | Noiz arte: otsailaren 15era arte.

oroitzapen-zatikatuak
Rut Olabarria artistaren erakusketa, Bilboko Rekalde aretoan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2025eko Azaroaren 27a

Rekalde aretoan sartzeko pasabide luzeak, badu zerbait ez-lekuetatik: kontaerarik gabeko zerbait da, leku batetik besterako trantsizioan ahazten dugun gunea nolabait. Horri gehitzen zaio espazioaren sarreran izaera neutroa, apala, aretoak biltzen dituen piezen proiekzioa uzkurtu nahi ez duena.

Gaurkoan, erakusketa espazioan sartzeko pasabidea zeharkatu ahala, aretoaren nortasun horrekin kontrastatzen duen zerbait identifikatu dut, txotxongilo antzerki baten kaxa erraldoia gogorarazten didana. Beste errealitate bateranzko sarbidea gogorarazten dit hark, moduren batean dimentsio paralelo bat irudikatuko balu bezala. Izan ere, aretoaren horma gordinean ehunez egindako teloi handi bat dago, kolorez, figurazeta hainbat testuraz apaindua, patchwork monumental bat izango balitz bezala.

Rut Olabarriren erakusketa da hau, Trukatua eta inperfektua, eta izenak iradokitzen duen bezala, artistak bere haurtzaroko memoria zatikatua berreraikitzeko saiakera egiten du. Olabarrik Torrontegi hotelean igaro zuen haurtzaroa, bere familiak han lan egiten zuelako. Horrek, erakusketaren eskuorrian azaltzen denez, egunerokotasun arruntetik urrun zeuden irudi eta egoerak normalizatzea ekarri zion: bidaiari etengabekoak, bazkariak eta zerbitzu uneak, botoiak eta arropak, jende bitxia, atzerritarrak… Unibertso bereziki heterogeneo hark markatu zuen haren begirada, eta erakusketan zehar iruditeria hori agertzen da, tokiz aldatuta eta gaur egungo distantziatik berrikusita.

Teloia zeharkatu eta kutxaren barnealdean kokatzen naiz, eta orduan bai haur horren oroitzapenen barnean nagoela sentitzen dut. Ez dago erakusketa aretorik, oihal koloretsuz osatutako hall bat baizik. Mahai bat dago bertan josita, dotore jantzitako gizon batzuk ere bai, edo hainbat ganderailu silueta. Ezer ez da perfektua han, eta inperfekzio horrek aditzera ematen du espazioaren onirikotasuna: egunerokotasunetik kanpo memoria ariketa bat egiteko saiakeran eraikitzen dugun horren simulazioa, alegia.

Baina ariketa hori ez da hall horretan agortzen; hasiera besterik ez da. Ondoko atetik igarotzean, erakusketa espazio tradizionalago baten antza duen gune batera heltzen naiz, nahiz eta atmosferak aurrekoaren jarraipena egin. Testuingurua aldatzen bada ere, memoriaren ariketa horrek bere horretan jarraitzen du.

Hainbat pertsonaia ageri dira espazioan zehar, hasierako oihalen barrualdetik irten eta erakusketa gunea bera okupatzen dutenak. Horietako bat Alizia herrialde miresgarrian liburuko eszena baten berrinterpretazioa da. Emakumezko ezberdinen erretratuen multzoa da beste adibide bat. Aurpegietan errealismo zehatza mantentzen den arren, gorputz adarrek irudi hori hausten dute eta itxuraren koherentzia pitzatzen dute, zatiketaren edo desitxuratzearen bidez.

Hor dago erakusketaren gakoa. Zeramika, pintura, instalazio eta ikus-entzunezkoetan behin eta berriro agertzen den tentsioa nabarmentzen da, izan zenaren eta inoiz izan ez zenaren arteko mugan etengabe mugitzen den iruditeria sortuz. Halaber, tentsio horrek ikuslearen inplikazio aktiboa eskatzen du, memoria zatiek ere gure oroitzapenekin eta iruditeriekin konektatzeko aukera ematen baitute. Hots, formak, irudiak eta itzalek funtzio propioa garatzen dute, bilakaera horretan, ikuslea pieza bakoitzaren intraistoriora erakarriz.

Mostran ez dago pieza jakin baten inguruan antolatutako ibilbide linealik; aitzitik, pieza bakoitzaren arteko loturek eta tentsioek gidatzen dute esperientzia. Une batzuetan, instalazioen tamaina handiek espazioa moldatzen dute, eta ikuslearen koreografia antolatu; eta, beste batzuetan instalazio handien barnean kokatutako ezkutuko informazioak makurtzera, gerturatzera edota instalazioak hainbat aldiz inguratzera bideratzen gaituzte.

Erakusketaren azkenengo eremura iristean, hasierako hallera iristen gara berriz ere, eta espazioak berak geldialdi moduko bat eskatzen du. Hala, ibilbide osoan jasotako irudien eta presentzien aztarnak gorputzean pausatzen zaizkit eta, une batez, Rekaldeko pasabide luze hartara itzultzen naiz; trantsizioaren logikan, ezabatzen eta berreraikitzen diren oroitzapenen antzera.


fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 17ra

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 18a

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 16a

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 2026ko Urriaren 15a

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 14a

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.