artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bonnat Helleu museoa berriz ireki dute, hamalau urtez hetsi ondoan

Obren kalitate "paregabea" azpimarratu du museoko zuzendariak. XV. mendetik XIX. mendera bitarteko artisten obrak erakutsiko dituzte bertan. Herriko etxeko oposizioak irekiera kritikatu du, eta "gardentasuna" galdegin.

bonnat-helleu-museoa-berriz-ireki-dute-hamalau-urtez-hetsi-ondoan
Bonnat Helleuko XIX. mendeko obren gela, azaroaren 25ean. Arg/ GUILLAUME FAUVEAU

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2025eko Azaroaren 28a

"Hamalau urteko isiltasunaren ondotik, emozioen museoa berriz ireki dugu". Horrela hasi du hitzaldia Bonnat Helleu museoko zuzendari Barthelemy Etxegoien Glamak. Kasik hamabortz urteko obra egin ondotik, gaur goizean estreinatu dute Bonnat Helleu museo berritua. Izen handi franko agertu dira Baionako museo horren irekitzearen karietara.

Segurtasun operazio handia plantan eman du Poliziak, Frantziako Kultura ministroRachida Dati jin baita. Bertzeak bertze, Datiz gain, Parisko Louvre museoko zuzendari Laurence Des Cars, Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarai, etaEusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta lehendakariorde Ibone Bengoetxea izan dira museoaren estreinaldian. Euskal Herriko gainerateko museoetako zuzendariak ere ageri dira; haien artean, Miren Arzalluz Bilboko Guggenheim museokoa eta Susana Soto Donostiako San Telmo museokoa.

Baionako Herriko Etxeko hainbat iturriren arabera, Etxegaraik ez du hitza hartu nahi izan, heldu den martxoko herrietako bozetarako hautagai izateko asmoa baitu. Beraz, lehenik, Etxegoien Glama mintzatu da, eta museoaren berritzean parte hartu duten eragile guziak eskertu ditu. Museo bat "indar kolektiborikgabe" deus ez dela zehaztu du: "Eragile guziak nahi nituzke eskertu: Frantziako Estatua, Akitania Berriko eskualdea, Baionako Herriko Etxea, baita museoko langile guziak ere, lan orenak ez baitituzte kontatu gaurko irekitzea arte".

Pierre Rosenberg Louvre museoko zuzendari ohiaren aipuarekin definitu du museoa ondotik: "Bonnat Helleu Paris eta Madril arteko arte museorik aberatsena da". Obren kalitate "paregabea" eta kopuru"handia" azpimarratu du. Bertzalde, nabarmendu du lurraldean "ontsa errotua" dela museoa, hiriari begira ez ezik Hegoaldera, Frantziako Estatura eta Europara begira ere jarriko baitute.

Euskal Herriko eta Europako museoekin lankidetza antolatuko duela zehaztu du, eta, horren karietara, Arzalluzek nabarmendu du maila handiko museoa dela Bonnat Helleu. "Ikusten dut zein indartsu dagoen Euskal Herriko museoen eszena, eta ziur nago elkarlana antolatzeko proiektuak garatuko ditugula etorkizunean". Anbizio "handiagoko" proiektuak asmatzeko tenorea heldu dela kontatu du, baita museoen arteko sare "indartsua" antolatzeko garaia ere. Bengoetxeakere ildo beretik segitu, eta agerian eman du kulturak loturak sortzeko balio duela; zehazki, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubia indartzeko parada dela adierazi du: "Euskararen lurraldeak dira biak, eta oso-oso garrantzitsua da kulturaren bidez ere gure herria saretzea".

Gela eta obra berrituak

Ate nagusitik sartu ondotik, museoko gela nagusia bisitarientzako jarleku borobilez hornitua da. Gela barnetik burua altxaturik ontsa ikus daiteke museoak hiru estai dituela eta estaia guzien arteko lotura honako galdera honen inguruan antolatua dela: "Nola irudikatzen dute artistek giza gorputza, sakratua dena eta boterea?". Galdera irekia da, eta badirudi munduko obra guziak kabitzen direla problematikaren barnean, baina, Bonnat Helleu museoan, XV. mendetik XIX. mendera bitarteko obrak erakutsi dituzte. Orotara 7.000 obra inguru dituzte Baionan, etahorietarik 3.000 marrazkiak dira.

Behekogela nagusitik arras hurbil dago gorputzen galeria. Antzinatetik Erdi Arora bitarteko gorputz errepresentazioak nonahi ageridira gelan. Harrizko zizel lan zuriak, beltzak, ttipiak eta handiak ageri dira, oinarrietan zut, gelaren alde guzietan. Estatuen gelak museoko ohiko irakurgelara eramaten du bisitaria. Bertan Erdi Aroko gorputzak irudikatuak dira, Michelangeloren marrazkien bidez, bertzeak bertze. Sabai hornitua du gelak, eta haren erdian dira marrazkiak, armairu beltz batzuetan kokaturik, kontserbazio baldintza bereziak behar baitituzte. Arantxa Vaillant museoko komunikazio arduradunak zehaztu duenez, marrazkiak hiru hilabetez bakarrik erakusten dituzte, argiak sobera andeatzen baititu. Azaldu duenez, erakusleihoanhiru hilabete egon ondoan gordailuan egon behar dute hiru urtez, obrak ontsa kontserbatu daitezen.

Egiazko erronka da marrazkien zaharberritzea museoarentzat. Munduko marrazki bildumen artean Bonnat Helleukoa ederrenetarikoa dela kontatu du Vaillantek. 3.000 marrazki inguru ditu museoak, eta zaharberritzaile propioa du, marrazki guziak aztertzeko eta kontserbatzeko teknikak garatzeko. Di Bartolomearen, Daddiren, Corviren, eta Sandroren obrak ageri dira Michelangeloren marrazkien ondoan.

Erdi Aroko gela pasatu ondoan, boterearen errepresentazioa begi bistakoa da. Lehen estaira igaiteko eskailerapera eramaten du gela luzeak. Jaun eta jabe ageri da bertan Diane d'Andoinsen eta haren alaba Katalina II.arenerretratua. D'Andoins Gixuneko (Lapurdi)kondesa izan zen, eta Filiberto Agaramontekoa Baionako gobernadorearekin ezkondu zen. Antonio II.a lehen duke agaramontarraren ama izan zen, baita Katalina II.arena ere, zeina erretratuan irudikatua den. Nahiz eta margolanaren egilea ezezaguna den, balitekeSofonisba Anguissolarena izatea, eta 1565 ingurukoa izan daiteke lana. Orotara, Vaillanten arabera, agaramontarren gazteluan ziren hamabortz erretratu eman zizkion Antonio XV.ak Baionako Herriko Etxeari, eta lan horiek erakusteko xedea du museoak.

Lehen estaian XVII. mendeko obrak ikus daitezke lehenik. Komediaren eszena deitu tindu lana dago. Egile ezezaguna du obrak, eta deigarria da jendea irriz ageri dela, garaiko bertze margolanetan ez bezala, infernua irudika dezakeen pertsonaiak pareko pertsonakeskuak zabalik xaxatzen dituen bizkitartean. Beheko gelan bezalaxe, marrazki batzuk eman dituzte gelaren erdian. Charles Le Brun Luis XIV.aren margolariaren krokisak eta tindu lanak prestatzeko zirriborroak daude han.

Fitesko, XIX. mendeko obra guziak ageri dira azken solairuko gela handi eta argi batean, Jean Dominique Ingresen Bainu hartzailea tarteko —museoko obra enblematikoa—. Begirada diskretuki gibelera botatzen du bainulariak, eta badirudi parean duen Osunako dukearen erretratuari —Goyak egindakoa da— behatzen diola. Haren ezkerrean, berriz, koadro beltz eta ilun batean, Goyaren autorretratua dago, 1800 ingurukoa. Luneta fin eta diskretuak daramatza artistak marrazkian.

Gela argi eta zabal batetik koadroz beteriko gela batean kokatu dituzte XIX. mendekogainerateko obrak. Sabaiko gangatikheldu da argia, eta bi estaia antolatu dituzte pareta bakarrean daudenobra guziak ikusi ahal izateko. Achile Zo margolariaren obra frankok ikusleen arreta erakartzen dute. Espainiaren errepresentazio exotizatua tindatu zuela azaldu du Vallaintek: Monte Sagradoko ijitoak, Andaluziako buhameak eta Sevillako katedrala dira behakoa markatzen duten obrak. Baina bigarren estaira igan ondotik, etzanik ageri den soldaduak erakartzen du behakoa. Vaillanten arabera, Emile Betsellere margolariak Prusiako 1870eko gerlan aritutako soldadu baionar bat erakutsi nahi izan zuen, gerlaren krudelkeria azpimarratu nahi baitzuen.

Leon Bonnateren erretratuen aretora bidean, museoko erdigunea hornitzen du Achile Zoren bertze obra batek. Baionako arte eskolako kideak ikus daitezke triptiko batean emanik, eta haren erdian Bonnat margolari eta arte irakaslea ikus daiteke ikasleez inguraturik. Xoko batean jarririk, Marie Garai dago, ubelez jantzia. Vaillantek zehaztu duenez, Paris eta Baiona artean ibili zen arte ikasketak egiten, eta behin eskolatik atera ondoan, Garai ahizpek emazteendako marrazki eskola bat sortu zuten Baionan.

Pasabidea igaro ondotik, museoaren azken partean, Bonnat artistaren erretratuak ikusgai eman dituzte. Bertzeak bertze, Jules eta Gabrielle Labat bikotearen erretratu iluna dago, baita Emmanuela Potocka kondesaren erretratu handi eta beltza ere. Zuriaren eta beltzaren arteko kontrastea ere ageri dira beste erretratu batzuetan. Adibidez, Henriette Halphenen soineko beltz handiak kontraste egiten du jantziak dituen bitxiekin, baita haren azal zuriarekin ere. Paul Helleuren obrekinfinitzen da museoaren ibilbidea. Koadro argiak eta ttipiak dira gehienak, eta, gainerateko obrak ez bezala, pareta zurietan dilindatuak dira, Helleukhala erakusten baitzituen obrak, Vaillanteren erranetan.

Ibilbide finkoaz gain, behin-behineko erakusketei harrera eginen die museoak, berrehun metro karratuko gela batean. Heldu den urtean mitologiari buruzko erakusketa izanen dute. 2027an, berriz, erakusketa bat antolatuko dute Paul Helleuren heriotzaren ehun urteen karietara, eta 2028anerakusketa "ederra" eginen dute Louvre museoarekin batera, Francisco de Goyaren heriotzaren berrehungarren urteurrena dela eta, museoko komunikazio arduradunak segurtatu duenez.

Irekiera eztabaidatsua

Baionako Herriko Etxeko oposizioko hautetsiek agiri bidez ohartarazi dute Bonnat Helleu museoaren irekitzearekin kontent agertu direla, baina hamalau urteko zaharberritzea "gorabeheratsua" izan dela. Bertzeak bertze, deitoratu dute herriko etxearentzat kostu "gehigarriak" izan dituela zaharberritzeak. Gainera, zehaztu dute museoak funtzionamendu kostuak iganarazi dituela, eta, heldu den urteko aitzinkontuari doakionez, ez dutela funtzionamenduari buruzko aurreikuspen "argirik" ukan. Beraz, herriko etxeko aitzinkontuetan museoak izan dezakeen eragina "gardentasunez" aztertzea galdegin dio gehiengoari.

Aitzinkontuaz gain, museoko langileen kudeaketa zaintzea galdegin dute, azken urte eta hilabeteetan lan oren "anitz", eta egokitzapen "handiak" egin dituztelako. "Museo arrakastatsua izan dadila nahi bada, bertan lan egiten dutenen kudeaketa zaindua izan beharko da". Azkenik, eskatu dute museoak "egiazko" esku hartze kulturala egin dezala kultura arlotik urrun dagoen publikoari harrera egiteko. "Nahiko genuke zinezko gogoeta bat plantan eman biztanleria guzia ekartzeko, museoaren eskuragarritasuna ez dadin mugatu lehen hilabeteetan eskaintzen den doako sarreretara bakarrik".


erretratu-ii

Erretratu II

Erakusketa kolektiboa

SC Gallery (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 24tik
2026ko Ekainaren 30era

azkenean-hondartza

Azkenean hondartza!

Claude Nori

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Uztailaren 19ra

fragmentua-lotura

Fragmentua & lotura

Francesca Poza, Tatiana Blanqué

Ormulu (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Ekainaren 04tik
2026ko Uztailaren 03ra

lau-urteko-erakusketarako-deialdia-zabaldu-du-eremuak-programak

Lau urteko erakusketarako deialdia zabaldu du Eremuak Programak

| 2026ko Ekainaren 15a

Deialdia artistei eta arte garaikidearen praktiketan interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dago. Hautaketa-epaimahaia eremuak-eko Batzorde Teknikoak osatuko du —gaur egun Iñaki Garmendia, Raúl Domínguez eta Olatz Otaloraz osatua—, Chus Martínezekin batera kanpoko gonbidatu gisa. Hautagaitzak uztailaren 5a arteko epean bidali behar dira.

rosalind-nashashibiren-get-me-a-stone-erakusketa-jarri-dute-artium-museoan

Rosalind Nashashibiren 'Get Me A Stone' erakusketa jarri dute Artium Museoan

| 2026ko Ekainaren 15a

Erakusketan azken bost urteetan ekoiztutako margolan batzuk daude ikusgai, eta horrekin batera Occupation of The Inner Life (2026) filma. Artistak Gazako egungo egoerarekin duen inplikazio afektibo eta politikoa islatzen dute Get Me A Stone erakusketan bildutako lanek. Aita palestinarraren alaba, Nashashibik hainbat lan eskaini dizkio historian zehar era guztietako indarkeria jasan duen lurralde bati.

david-hockney-88-urterekin-hil-da

David Hockney 88 urterekin hil da

| 2026ko Ekainaren 12a

Ekainaren 12 honetan iragarritako Artista britainiarraren heriotzak pintura, argazkigintza, irudi inprimatu eta ukipen-pantailen arteko zatiketak gutxitan kontuan hartu dituen ibilbideari amaiera eman dio.

san-telmo-museoak-baltzune-eta-p-003687-obrak-aurkezten-ditu

San Telmo Museoak Baltzune eta P-003687 obrak aurkezten ditu

| 2026ko Ekainaren 12a

Tractora Koop. E.-ko kide diren Usue Arrieta Otaolaren Baltzune eta Ainara Elgoibarren P-003687 obrak 2026ko ekainaren 11tik aurrera urtebetez museoko dorreoian eta elizan ikusgai izango dira Museo Bikoitza programaren barruan.

louvre

Louvre

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 11a

Louvre museoko langileak greban omen daude. Xalbat Alzugarai [Berria egunkariko] kazetariak argitaratutako erreportaje luzean ondo baino hobeto deskribatu zuen munduko museo handienetako baten egoera penagarria.

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.