artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Diferituan bizitzea

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

diferituan-bizitzea
Arg/ Hasier Larrea Herrero - Tokikom

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Gelditu ala ez erabakitzen ari nintzela, ospakizun erlijiosoa hasi zen eta jendetzan trabatuta geratu nintzen, ateratzen saiatuz gero errituala betetzen ari zirenak gogaituko nituelako.

Bestelako zuzeneko ekitaldietan jada bizi izan dudan zerbait gertatu zitzaidan orduan: ilara batzuk aurrerago zeudenak, horietako asko mendebaldeko gizon oso altuak, mugikorra atera eta ospakizuna grabatzen hasi ziren. Ospakizun oso-osoa, hasieratik amaierara arte. Iraun zuen hogei minutuak grabatu zituen batek jarraian; beste askok, bi-hiru minutuko klipetan. Ondo dakit, beraien sakelakoen kameratik ikusi bainuen nik ospakizuna, euren buruek, besoek eta pantailek ez zidatelako uzten zer gertatzen ari zen zuzenean ikusten.

Hainbat ideia etorri zitzaizkidan burura. Lehena: turistentzat exotikoa izango da ospakizuna, baina tenplu horretan zegoen jende japoniar askorentzat zentzu erlijioso bat zuen. Egokia da jende horren guztiaren aurrean jarri eta beraien esperientziari kalte egitea? Egokia da zentzu izpirituala duen erritu bat aisialdiko emankizun bat bezala tratatzea, pantailen horma baten bidez zuzeneko harremana eragotziz?

Bigarrena: zertarako? Nire perspektibaren erdi-erdian zegoen 1,90 metroko gizon horrek bideoaren hogei minutu osoak ikusiko al ditu inoiz? Agian zatitxoren bat lagunen bati erakutsiko dio, agian editatuko du teknologiarekin moldatzen bada, baina ez dut uste kalitate handiko bideoa izango denik. Besteon bizipena erabat baldintzatu zuen, baina zertarako?

Ziur aski, askok sareetara igoko dituzte bideoak, eta hor sortzen da hirugarren gogoeta: pertsona horiek noiz gozatzen dute ospakizunaren esperientzia, bertan daudela edo gero, sareetan zintzilikatu eta erantzunak iristen hasten direnean? Nik diferituan ikusi nuen erritua, euren mugikorren pantailatik, baina baita haiek ere: kamerari begira zeuden, ez aretoari. Uler dezaket argazkiren bat egitea, bideo txikiren bat hartzea. Aitzitik, ospakizun ia osoa sakelakoa bitartekari dela bizitzea, ez da ospakizuna bizitzea.

Zuzenekoaren esperientzia zeharo aldatu da mugikorrak daudenetik, eta ez hobera. Orain dela gutxi norbaiti irakurri nion denok ulertzen badugu sasoian egoteko kirola egin behar dela, eta ez kirol bideoak ikusi, ulertu behar dugula pentsatzen jarraitzeko pentsatu behar dugula, eta ez AAri guztia galdetu. Bada, zuzeneko emanaldiak preziatzen jarraitu nahi badugu, hobe dugu horiek zuzenean bizitzea, eta ez pantailen bitartez.


uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.