artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Irene Kopelmanek paisaiari buruz gogoetatu du Artiumen paratu duen erakusketan

Argentinako artistak azken hogei urteetan garatutako ikerketa artistikoa eta Arabako Carrias mendiko formazio geologikoetan egindako lan bat biltzen ditu ‘Siluetak eta beste istorio batzuk' erakusketak.

irene-kopelmanek-paisaiari-buruz-gogoetatu-du-artiumen-paratu-duen-erakusketan
Irene Kopelman artista bere obra batzuekin, Artiumen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Paisaia ez da ikusten dena bakarrik. Nola begiratzen zaion, nola irudikatzen den eta haren inguruan zer ezagutza sortu den ere bada paisaiaren parte. Ideia horren inguruan egituratu du Irene Kopelman artista argentinarrak Siluetak eta beste istorio batzuk erakusketa. Artium museoko A2 aretoan jarri dute ikusgai, eta 2027ko martxoaren 29ra arte egongo da zabalik. Erakusketak lehen aldiz bildu ditu 2003tik Kopelmanek hainbat testuinguru geografiko eta zientifikotan egindako ikerketak, eta baita Gaubeako (Araba) Carrias mendiko formazio geologikoetan propio egindako lan bat ere.

Kopelmanen (Cordoba, Argentina, 1974) jardun artistikoaren ardatzetako bat naturaren irudikapena da: modernitateak "natura" gisa ulertzen duen horren inguruan aritzen da, eta bereziki paisaiaren nozioa aztertzen du, Europako tradizio piktorikoaren arrastoak kontuan hartuta. Baina Kopelmanen lana ez da paisaia irudikatzera mugatu. Aitzitik, paisaiara bertara hurbildu ohi da tokian tokiko ezaugarriak aztertzeko eta ezaugarri horiek esperientzia artistiko bihurtzeko. Horretarako, ikerketa prozesu luzeak egiten ditu, eta hainbat arlotako adituekin lan egiten du. Formazio geologikoak, ekosistemak eta ingurune jakin batzuk aztertu ostean, marrazkia, pintura, argazkia eta eskultura erabiltzen ditu behaketa horietan sortutako materiala eraldatzeko.

Erakusketaren abiapuntu nagusia Carrias mendiaren kareharrizko formazioak dira. Proiektu hori egiteko Arturo Apraiz EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko geologia irakaslearekin lankidetzan aritu da, eta emaitza Araban egindako hainbat ikerketa bidaien ondorio da.

Hortik abiatuta, tokiko paisaien behaketa eta beste leku batzuetan aurretik egindako ikerketak elkarren ondoan jarri ditu artistak —besteak beste, Alpeetako glaziarrei lotutako lanak—. Testuinguru batetik bestera joanda, paisaiaren eta haren irudikapenaren inguruko galderak berriz formulatu ditu: zer ikusten da, nola begiratzen zaio, eta zer gertatzen da errealitate bat marrazki, argazki edo objektu bihurtzen denean?

Ikerketa eta argitalpena ere ezin dira bereizi Kopelmanen praktikan. Artiumen erakusketak, hain zuzen, lehen aldiz bateratu ditu bi adierazpenak. Batetik, Kopelmanek urteotan egindako argitalpen lan zabala —marrazkiak batez ere—, hainbat poster eta eskultura bat. Eta, horiekin batera, ikerketa prozesu baten aztarnak ere badaude erakusketaren ibilbidean. Aztarna horietako bakoitzean Kopelmanek leku bakoitzean aurkitutakoari begiratzeko modu bat garatu eta bistaratu du.

Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria da erakusketako komisarioa, eta TEA Tenerife Espacio de las Artes zentroarekin elkarlanean eta Mondriaan Fund Herbehereetako erakundearen babespean ondu dute.

Liburuaren inguruko praktikez, IGANDEAN

Erakusketaren inaugurazioarekin batera, Artium museoak argitalpen praktikei buruzko A Matter of Words topaketa egingo du igandean. Egun osoz, liburu azoka bat eta edizioaren inguruko hitzaldi eta eztabaidak izango dira. Thomas Boutoux eta Alejandro Cesarco dira topaketako komisarioak. Hainbat herrialdetako argitaletxe eta liburu denda independenteek parte hartuko dute, tartean Bilboko Belleza Infinita, Ibarrangeluko (Bizkaia) Caniche Editorial eta Parisko After 8 Books etxeek. Sarrera doakoa da.

11:00etan hasiko da topaketa, In Good Company: Every Here and Thereizeneko saioarekin. Komunitateen sorrera, liburuen banaketa eta liburu denden zeregin soziala izango dituzte hizpide Siddharta Lokanandik (Hopscotch Reading Room), Blanca Sotosek (Mira Look Books) eta Benjamin Thorelek (After 8 Books).

16:00etan, berriz,argitalpen praktiken iraunkortasuna eta etorkizuna aztertuko dituzte New Directions saioan. Carlos Copertonek (Caniche Editorial), Mela Davila Freirek, Irene Kopelmanek eta Kristen Vida Alfarok (Silver Press) parte hartuko dute. Erakusketen katalogoak, artisten liburuak, egunkariak eta argitalpen hezigarriak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Topaketaren izena AMAonline museoko plataforma editorialeko atal batetik dator. Testu poetikoak, teorikoak, fikziozkoak eta analitikoak biltzen ditu atal horrek, genero eta idazketa moduen arteko gurutzaketak aztertzeko.



essence

Essence

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.