artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Natalia Suárez Ortiz de Zárate artistaren Eszena iluna. Bera esna erakusketa jarri dute San Telmo museoan

Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren Artea abian proiektuaren baitan kokatzen den erakusketa museoko Laborategia aretoan ikusgai izango da 2025eko abenduaren 5etik 2026ko martxoaren 1era, doako sarrerarekin.

natalia-suarez-ortiz-de-zarate-artistaren-eszena-iluna-bera-esna-erakusketa-jarri-dute-san-telmo-museoan
Natalia Suarez Ortiz de Zarate, San Telmon. Arg/ Iker Azurmendi

| 2025eko Abenduaren 5a

Seigarren ediziora iritsi da Artea abian proiektua 2025ean eta Natalia Suárez Ortiz de Zárate da aurten parte hartzen duen artista, aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok, Oier Iruretagoienak, Kimia Kamvarik, Mikel Otxotekok eta Xare Álvarezek bere lanak aurkeztu ondoren. Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako erakusketa programa honek sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez, eta horrela, Natalia Suárez Ortiz de Zárateren lana ikusteko aukera izango dugu aurten Eszena iluna. Bera esna titulua duen erakusketan.

2024-2025 artean sortutako tamaina handiko 7 pintura eta 32 marrazki txikik osatzen dute erakusketa. Tamaina handiko gehienek olio-pintura, spray-a eta akrilikoa nahasten dituzte mihisean, eta bada beste bat, olio-pintura hutsez margotutakoa. Marrazki txikiak aldiz, boligrafoarekin paperean egindako A4 neurrikoak dira.

Natalia Suárez Ortiz de Záratek honela aurkeztu eta deskribatzen du bere lana foiletorako prestatu duen testuan: "Margolan eta marrazki berri batzuk biltzen dira izenburu honen pean, antzerki- edo gidoi-tonua izan dezakeena, gertatzear dagoen ekintza bat iragarriz bezala.

Pertsonaia femenino bat aipatzen da, eta nahi duenak margolanetan agertzen diren irudiekin lotu dezake, edo artistarekin berarekin, edo ez; fikzioa iradokitzen da konkretuaren aurrean, ikusten denaren aurrean.

Erakusketa hau osatzen duten lanak, neurri batean, marrazketaren energia eta berehalakotasuna olioz margotzeko prozesu geldo eta metagarrira eramateko asmotik sortu dira. Mihiseetan pintzelarekin igurtzitako lerroen multzoak agertzen dira, eta pintura plano lodiek nahaste hori eusten dute, figura bezala definituz. Hondoak, alderantzikatuta, lehen planoa hartzen du.

Prozesuaren hainbat desira eta deriba ez hain kontrolatuek trazu mota ezberdinak edota konbinazio kromatiko zehatzak aukeratzea eragiten dute. Etengabeko istripuaz gain, badago irudiaren mugimendua bilatzeko borondate kontziente bat; baita umorea, erromantizismoa, "ederra" dena, eta kontrakoa ere: atsegina ez dena, arraroa, higuin arina sortzen duena. Hori guztia jasotzeko eta tentsiora eramateko ahalegin bat".

Laborategia aretoan izango da zabalik 2025eko abenduaren 5etik 2026ko martxoaren 1era, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.

Natalia Suárez Ortiz de Zárate (Gasteiz, 1994)

Natalia Suárez Ortiz de Zárate Bilbon bizi da. Pinturaz gain, arte eszenikoak ere lantzen ditu Tripak konpainiako kide gisa. 2022tik Bilboko Errekalde auzoko KAMPAI espazioa ere kudeatzen du, arte garaikidearen inguruko sorkuntza, entsegu eta erakusketari bideratuta, arte eszenikoekin eta esperimentaltasunarekin bat etorriz.

Bakarka eta binaka egindako erakusketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: "Art-O-rama" (Marsella, 2025), "Adelantar la barbilla y medir el horizonte", BOMBON Projects (Bartzelona, 2024), "Aterrizo, anochece", ANTI Liburudenda (Bilbo, 2024); "B.A.C.E. Project", FILET Space (Londres, 2023); "Jade", BilbaoArte Fundazioa (Bilbo, 2022); "DIENTE DE LECHE", Montehermoso Kulturgunea (Gasteiz, 2022) eta "AI, PUNA", Rekalde Aretoa (Bilbo, 2020).

Hona hemen bere talde-erakusketa esanguratsuenak: "EPIFANÍA", Galería MPA (Madril, 2025), "Un cuadrado de terciopelo negro" ibiltaria, BOSTEKO programaren barruan (Bizkaia, 2024-25) "DRAGÓN DE CUATRO CABEZAS", Galería Herrero de Tejada (Madril, 2023); "Hamairu", Tabakalera(Donostia, 2022), "KOKO NI", 3331 Chioda Art (Tokyo, 2022); "ESTUDIOTIK AT", Tabakalera (Donostia, 2021); "ITZULI BARIK", Kulturate (Arrasate, 2019); "DIME DAME", Aire Galeria (Bilbo, 2019)edota XVI AMP "Markak", Okela Sormen Lantegia (Bilbo, 2018).

Hainbat egoitza artistiko egin ditu: JOSHIBI University of Art and Design (Tokyo, 2022); BilbaoArte (Bilbo, 2021), Artist in Residence Sandnes (Norvegia, 2019) eta TABAKALERA (Donostia, 2018), besteak beste.

Artea abian proiektua

2019an martxan jarritako ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea da, eta arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Proposamen honek Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati erantzuna eman nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta 80ko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea.

irudi galeria

erakusketaren-bista-bat
eszena-iluna-bera-esna

Eszena iluna. Bera esna

Natalia Suárez

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Abenduaren 05etik
2026ko Martxoaren 01era


donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

hemen-ez-den-nonbait

Hemen ez den nonbait

Ainhoa Apezteguia, Leire Lacunza eta Nagore Chivite

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 24ra

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.