artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

erakusketak

Kosmetai

Hodei Herreros

2024ko Apirilaren 28tik
2024ko Maiatzaren 19ra

kosmetai
  • Asteartetik larunbatera:11:00 - 14:00 / 17:00 - 20:00
  • Igandeak eta jaiegunak:11:00 - 14:00

Montehermoso kulturuneak eta EHUren Arte Ederren Fakultateak lau proiektu aukeratu dituzte ikasleentzako deialdiaren azken edizioan. Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan kokatzen da deialdia.

Hautatutako proiektuak erakusketa programan txertatuz, Montehermoso kulturuneak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean.

Hodei Herreros (1997) artista gasteiztar-granadarraren Kosmetai erakusketan zenbait siluetak eta forma lauk hartzen dute erakusketa-espazioa, eta eskultura-bolumenak sortzen dituzte estrusio-, biraketa- eta mihiztadura-mugimenduetatik abiatuta. Proiektua kosmetika hitzaren etimologiaren berri izatean sortu zen, apaindu edo edertzeari zein ordena unibertsalari egiten baitio erreferentzia. Grezia zaharrean kosmetai zeritzen gorputza zaindu eta apaintzeaz arduratzen zirenei, baina baita estatuak eta arkitektura edertzen zituztenei ere.

Alde estrukturalaren eta zentzu estetikoaren arteko harreman estu hori baliagarria zaio artistari bere buruari galdetzeko nola egin eskultura apaindurarekin, gorputzarekin edo femeninotasunarekin zerikusia duten keinuetatik, eskultura zerbait astun, industrial eta irmotzat hartzen duen ideiari kontrajarrita. Lanak egiteko arkuak, altzariak, moda-patroiak, gorputz-zatiak edo forma gestaltikoak (Rubinen Kopa) hartu ditu artistak oinarritzat, eta eguneroko materialak erabili, hala nola egurra, xaboia, makillajea edo depilatzeko argizaria.

Hodei Herreros (Gasteiz, 1997)

Artista plastiko bat da. Arte Ederrak ikasi zituen Granadako Unibertsitatean, eta Ikerketa eta Sormena Artean masterra Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ekoizpenean, plastikotasuna instalazioen bidez lantzen du. Agertoki eta narratiba ez-linealak formaren eta irudiaren bidez sortzeko tresna bat da, hizkuntza erabili beharrean. Siluetatik, itzaletik eta gauzak zedarritzen dituen ingeradatik sortzen diren gainazal lauak erabiltzea interesatzen zaio bereziki, eskultura-formak egituratzeko. Alderdi kosmetikoa ere oso gogoan du, eta berak apainduraren eta egituraren arteko erlazioa dela ulertzen du, edertasunaren eta ordenaren arteko erlazioa. Izan ere, lotura horren jatorri etimologikoa grezierazko kosmetika hitza da. Eginkizun estrukturalaren eta estetikoaren arteko hasierako egoeran dauden elementuak erabiltzen ditu, eta osagarria denari funtsezko bihurtzen uzten dio.

Haren lanak banaka eta modu kolektiboan erakutsi dira, besteak beste, Artnueve galerian (Murtzia, 2023 eta 2024), ARCO jaialdian (Madril, 2024), Intermediae Mataderon (Madril, 2024), Rekalde Aretoan (Bilbo, 2023), Spazio GIACOMQ (Bergamo, Italia, 2023), Gabiako Konde-kondesen Jauregian (Granada, 2022), CAC La Corachan (Malaga, 2022), Incógnita espazioan (Murtzia, 2022), Centro Párragan (Murtzia, 2022), Almirantearen Jauregian (Granada, 2020, 2021, 2022 eta 2023) eta Lavadero espazioan (Granada, 2021). Egonaldiak ere egin ditu; adibidez: JAI Jardun Artistikoentzako Institutuan (Tabakalera, Donostia; eta Artium Museoa, Gasteiz, 2023), A Secas programan (CAAC, Sevilla, 2023) eta alRason (El Valle, Granada, 2021). Eta sariak lortu ditu WE:NOW lehiaketan (Madril, 2022), esate baterako. Gaur egun, ALQUILER DE LOCAL tailerra kudeatzen du beste artista batzuekin batera, Bilbon.

kosmetai

Montehermoso Kulturunea | Fray Zacarías Martínez kalea, 2 - Gasteiz (Araba)


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.