artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

BER

Gonzalez Goikoetxea Miren

2024ko Ekainaren 14tik
2024ko Agorrilaren 24ra

ber

Artistaren 10 urteko ibilbidea ikusi daiteke erakusketa honetan. "BER" izeneko proiektuari protagonismoa emanez, "BIZI-MIN-BIZI" proiektuari emango dio sarrera.

"Zatiaren eta guztiaren inguruan hausnartzera gonbidatzen dut ikuslea. Unitateen akumulazioaren eta konbinaketaren inguruan. Nire ibilbide artistikoan errepikatzen den gaia, hain zuzen ere. Gure begiak paisaia imajinario berrietatik paseatzera gonbidatuta daude, elkartze eta ez elkartze bisualez gainezka daudenak.

Psikologiako elkarrizketak entzuten marrazten nuen bitartean eman nion hasiera proiektu honi. Neuronen funtzionamenduari eutsiz, konexio eta deskonexio plastikoei eman nien forma.

Hemendik, eta collageari indar emanez, jaio zen "BER". BER euskaraz, "berriro" esan nahi duen aurrizkia izanik, era hauetan erabili daiteke: BERrikusi, BERpentsatu, BERritu, BERreraiki e.a.

Collage proiektu honetan irudi berriak eraikitzeko teknika desberdin bat erabili dut, nire aurreko lanaren parte handi bat zati txikitan deseginez; olio eta isipuen ordez, guraizeak, iltzeak eta mailua erabiliz. Geroago, pintura bidimentsionalera bueltatu naiz, gai berarekin lan egiteko, baina modu desberdin batean. Justaposizio eta superposizioaren bidez irudia begiratzen dugunean, plano batetik bestera mugitzen gara, oso ondo jakin gabe non kokatu.

Duela urtebete, eta BER proiektua bukatzear zegoenean, inpaktu izugarria sortu zidan gertakaria suertatu zen nigandik oso gertu. Minbizia. Hitzaren zama ikaragarria da. Gaixotasunera gerturatzea erabaki nuen. Laguntzea, gertu egotea, kolaboratzea, bisualizatzea eta normalizatzea da nire helburua orain. Gaur egun, Donostiako Ospitaleko Anatomia Patologikoko mikroskopiotik ari naiz minbizien biopsiak zuzenean marrazten, Manuel Moreno Medikuaren azalpenekin.

Horietako lan bat aurkezten dut hemen, bularreko minbizia hain zuzen.

Gizakiak beste izakiekin konektatuta egoteko duen behar hori, gure erlazionatzeko modua, komunitate baten parte izatea, neuronek eta zelulek behar duten modu berean... Ideia hauek etengabeak dira nire lanean." — Miren Gonzalez Goikoetxea


ber

Arteztu | Resurreccion M. Azkue Kalea, 12 - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Asetelehenetik ostiralera: 11:00 - 13:30 / 16:30 - 20:00
Larunbata: 11:00 - 13:00
Igande eta jaiegunetan: itxita


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.