Zeramika: eskultura - arkitektura
Mikel Blasco, Ruth Cepedano
2024ko Ekainaren 29tik
2024ko Agorrilaren 29ra

Ruth Cepedano: Eskultura
Zeramika hitza ahozkatzen dugunean mendeetako jakinduriaren antzitasuna azaltzen zaigu akorduan. Zeramika berba errepikatzean, ozentasun ederreko sustantibo-andana etortzen da burura, esate baterako, maiolika, kaolin, layenza... eta belarriak alaitu egiten zaizkigu.
Adituek diote Txinako Jiangxi-ko pieza zatiek 20.000 mila urte inguru dituztela eta horiek direla, hain zuzen ere, munduko piezarik zaharrenak. Izan ere, zeramika historian zeharreko ezaguera-continuum bat da, gizakiak milurtekoz-milurteko transferitu duena, hots, jakite iraunkorra, kultura guztiak gurutzatzen dituena. Hori horrela, irudimenaren bidaian ontziratuak, Jiangxi-z gain, Babilonia, Saqqarako piramidea, Knossos, Roma, Bartzelona bisitatzen ditugu. Halaber, buztingintzak betierekoa dirudi eta horregatikesan genezake iraupenaren eskarmentua (Byung-Chul Han) duen ezagutza dugula.
Zeramika elea xurxulatuta, beste hainbat berba gogora datozkigu, hala nola beroa, beira, labea edota lapislazuli …euren baitan suaren oihartzuna gordeten dutenak. Samarkandako kupuluen dizdirak lilurtazen gaitu, Turkiako Mezkita Urdinaren azulak bertako bisitariak harritzen dituen bezala. Diziplina hau nonahikoa dirudi, airea bezelakoa, geografia-mugarik gabekoa. Gainera, buztinak badu zerbait sagradutik,gizakia bertatik sortua baitugu tradizio kristauan, eta hartara, gure uste mitologikoan behintzat, antzineko gizon-emakumeen ADNaren iturria.
Eta Ruth Cepedanoren aleak oroimena ekartzen ditugunean, gizatasunaren memoria eta sormen ahalmena kontzeptuak txirikordatzen zaizkigu geure buruan. Aldi berean itsasoa, hondarra, karakolak, itsas-belarrak, koralezko uharriak zein organoen epitelioa bezelako espresioek jabetzen dira mihiaren borontateaz. Bitxia da. Ez da zeramika figuratiboa, inolaz ere, baina ematen du Ruth Cepedanoren arte-lanek eboluzioan galdutako espezien arrastoa barnebiltzen dutela edota etorkizunean etortzear daudenena. Haren piezek organikoak dirudite, geroko alegiazko izaki biologikoak. Batzuk elementu bakanak ditugu, beste batzuk, berriz, sinbiosian agertzen zaikigu, orekan elkarri laguntzen.
Ruth Cepedanoren piezak eskultura txikiak dauzkagu, figurazio organizistaren korrontean koka litezkeenak; Henry Moore eta Barbara Hepworth bezalako aurrekarien zipristinak ikusten dizkiegu, egungo Ernersto Neto eta Henrique Oliviera brasildarren itzala antzematen diegun neurrian, alderik alde, betiere. Lurrez moldatuak baina itsas-mina ez ezik zelulen ehunduraren ere nostalgia dutenak.
Mikel Blasco: Arkitektura
Argazkilariek hiribilduak, bertako eraikinak eta tokian-tokiko eraldaketak aspaldidanik erretratatu dituzte. Argazkizaleok ondo dakigu, XIX mendearekin batera, Charles Marville (1813-1927) Pariseko kale, karrika, eta plazak harrapatu zituelaEugene Haussmannek paisai urbanori ekarri zizkion mudantzen testigantza gisa.Eugene Atget (1857-1927) artistari ere zor dizkiogu hiri beretako irudiak. Bi sortzaile hauek hirian barreneko ibilbideei zor diete argazkilaritzan duten ospea. Hortxe ibili ziren kantoiz-kanto Mikel Blasco ibili den moduan: irudia non, argazkilaria hara.
Fatxadek, zubiek, errepideek, hormek, eskailerek… elementu arkitektonikoen presentzia erabatekoa izan da argazkilariei buruzko kontzepzioa alda genezan. Horrela, argazkilaritzan hastapenetan estudioko erretratugile kalera ateratzen denean libreagoa da irudiarekiko distantzia, ikuspuntu etab. erabakitzeko, eta aldi berean, inanimatua den objektuari izpiritu artistikoaz bizitza emateko. Hortaz - zeramistekin gertatu den moduan-, artisaua edo teknikaria zena, artista bihurtu zen urteek aurrera egin ahala. Horren eredua, esaterako,Berenice Abboten (1898-1991) New York-eko eraikuntza-lanen edota etxe-orratzen argazkiak, non, argiak,enfokeak…egilearen sormen-ahamena islatzen duten.
Teknikaz harago doan jarduera dugu arkitektura-argazkilarien lana, beraz,eta hala gertatzen da Mikel Blascoren irudiekin. Esploradore gisa zeramikaren lorratzen bila joaten da hirietan zehar, baina, behin piezak aurkituta, kromatismoaren nahiz laukiratzearen bidez poetizatuko du ikusitakoa, nabarmenduko du elementuen errepikapenen erritmoa, koloreak, finean arkitekturaren harmonia.
Badaude historian zehar, proiektu zehatzekin lotuta dauzkagun argazkilariak, hala nola, Lucia Moholy (1894-1898) Bauhaus-ekin, Lucien Herve (1910-2007) Le Corbusier-en lanarekin (1887-1965), Ezra Stoller (1915-2004) Stalh Hose-rekin zein Matta Clark (1943-1978) zulo eta zirrikitu metamorfikoekin. Lekunberriko erakusketak Mikel Blascoren lana arkitektura zein zeramikarekin lotzen dituela adierazi dugu dagoeneko. Gu, ikusleok, haren irudiak ikusi ondoren, begirada arretatsuagoaz irtengo gara kalera, ze, soa zeramikaren bila abiatuko baitzaigu hemendik aurrera gure ibilbideetan.

BetaB espazioa | Thomasenia - Lekunberri (Nafarroa)
Xehetasunak
Ostirala: 15:00 - 19:00
Larunbata: 10:00 - 13:00 / 15:00 - 19:00
Igandea: 10:00 - 13:00 / 15:00 - 18:00