Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"
2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 10 de Septiembre 2026
Odolean darama altzarigintza Jose Pablo Arriagak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1969), umea zela aitak eta aitonak egindako egurrezko kutxen zerrauts artean ibiltzen baitzen jolasean. Arbasoen bide bera hartu zuen berak ere hasieran, eta kutxa tradizionalak egiten hasi zen, baina Eskoziara egindako bidaia batek dena aldatu zuen, eta harrezkero eskultoreak mugimendua, oreka, nortasuna bilatzen dizkio bere obra guztiei. Eta ez da kasualitatea bidaia batek aldatzea bere jomuga, bidaiek ardaztu baitute bere jardun pertsonal zein profesionala. Mutrikuko (Gipuzkoa) itsasoa etxe bihurtuta, Karibetik iritsi berri da, baina aurretik eginak ditu Afrikara bira malkartsu bat eta Palestinara bidaia bat; eta han ikusitako bidegabekeriak islatzen ditu bere obretan.
Lau teila proiektuarekin ia urtebetez itsasoan bidaiatzen egotetik itzuli berri zara. Zelakoa dabil izaten itzulera?
Nire buruarekin izututa nago: ez naiz bidaiaz gogoratu ere egiten. Heldu eta tailerrera sartu naiz, gauzak antolatzen eta lanerako gogoarekin eta buru-belarri nago dagoeneko. Heldu eta segituan dei bat jaso nuen Donostian eskultura batzuk jartzeko, eta horretarako proiektu bat egin nuen; horrek laguntzen dit ekonomikoki, jan ere egin behar baitugu. Baina Lau teila proiektua buruan dut, gustatuko litzaidake eskala handi batean egitea; elementu handiekin kontatu nahi dut, ez maketa batean.
Bidaiatik zein proiektu atera pentsatzen nabil, eta sekulako ilusioa dut, buruan dudana asko gustatu baitzait; baina beldur naiz.
Beldur?
Bai, nahastuta itzuli naiz. Beldurra ematen dit egingo dudan proiektua inora ez heltzeak. Gaur egun jendea sare sozialetan dago, momentuan, informazio piloa dugu eta inork ez du horretan sakontzen. Eta nire lanak denbora behar du sakontzeko, ulertzeko. Artea ulertzeko irakurri egin behar da, jakin egin behar da zergatik egin den obra hori; ez da polita edo zatarra. Baina polita izango da jendeak nire berri ARGIAn izatea: ARGIA erosten duena publiko ona da, sakontzen duena.
Inora ez heltzearen beldur zara, beraz. Inoiz gertatu zaizu horrelakorik?
Beti. Nire lana koreografia bat da, eszenografia moduko bat; nik sortzen dut espektakulua eta nik egiten dut aktore lana. Hasiera eta amaiera ditu, ez da obra bera bakarrik.
Esponja bat modukoa naiz ni, inguruko informazioa hartzen dut eta zerk eragiten didan, zerk ukitzen nauen, hori kontatzen dut. Venezuelan, Gazan gertatzen ari denak asko eragiten dit. Nire azken obra, Sua, adibidez, okupazioari buruzkoa da. Obrak dio: lurra kenduko dizute, desegingo dute, baina lurrak memoria du, bertako jendeak badaki hor zer egon den; berriz eraikiko dute, eta indar handiagoz egingo dute. Eskultura batzuk egin nituen tailerrean botatzeko zeuden egurrekin. Horiekin hiriburu batzuk irudikatu nituen, forma horien kopiak egin harri akrilikoarekin, egurrezko totem horiek Sanjoanetan erre, eta horien errautsak eta erretxina nahastuta, desegindako lurrak egin nituen; eta harri akrilikoarekin egindako piezekin memoria egin nuen. Beraz, ez da obra bera bakarrik, prozesu osoa da. Hori dena ulertzeko edo sentitzeko jakin egin behar da historia guztia.
Obran ez da dena irakurri behar, baina gustatzen bazaizu, inportantea da jakitea nondik datorren.
Lau teila-n, adibidez, zer kontatuko duzu?
Lau teila-k badu proiektu oso polit bat. Nire esperientzia kontatuko dut: zelan ikusi ditudan Karibeko herrialdeak eta zein ezberdintasun ikusi ditudan Frantziako, Espainiako edo Ingalaterrako koloniak izandakoen artean. Nortasunari buruz egingo dut berba, zer gertatuko litzatekeen Euskal Herrian beste era batera kolonizatu izan bagintuzte. Agian Karibeko irletan gertatutakoaren oso antzerakoa gertatuko litzateke hemen. Hori ere nahiko nuke kontatu.
Nondik sortu zen urtebete itsasoan bidaiatzen egoteko proiektu hori?
Hasieran ez zen sortu hortik proiektu bat atera nahi genuelako. Guk alaba bi ditugu eta pentsatu genuen polita izango litzatekeela denok elkarrekin urtebetez leku txiki batean bizitzea. Hasieran Kubara joateko asmoa geneukan, horixe geneukan azken helburu Atlantikoa gurutzatuta; baina ez ginen heldu hara bi gauzagatik: ontziaren motorrarekin arazo handia izan genuen eta bidaia asko atzeratu zen; eta bestetik, Kubako egoera uste genuena baino txarragoa zelako, horregatik, Dominikar Errepublikan bukatu genuen bidaia. Hori ikusita, eta bizitza eta lana batera doazela kontuan hartuta, hortik proiektu bat sortzea otu zitzaidan.
Eta izena nondik dator?
Nik aspalditik egiten dut lan teilekin, tentsioarekin: paper bat lau badago ez da ezer, baina kurba sortzen bazaio zerbait esan nahi du. Teila ere gauza zapal bat da, baina kurbatuta dago. Teila bat pertsona bat da niretzat, eta teilatua herri bat; denok osatzen dugu teilatua. Nik nahi nuen teila bakoitzak bere nortasuna izatea, ez izatea denok berdinak. Eta Lau teila-ren kontua da gu lau garelako eta bakoitzak bere nortasuna duelako. Eta gainera, teilatuaren kontuan gauza asko nahasten dira.
Batetik, XV-XVI. mendeetan euskaldunak baleak ehizatzera joaten zirenean Ternuara, hemendik teilak eramaten zituzten ontziak pisua izan zezan; eta bueltan teilarik barik etortzen ziren, eta balearen zatiz beteta. Hori zen beren aberastasuna. Gukegurrezko teila batzuk eraman ditugu, eta momentuaren arabera opari eman ditugu, edo itsasora bota ditugu. Teilarik barik bueltatu gara, baina bizipozez eta esperientziaz beteta. Horrez gain, orain Mutrikun bizi naiz, eta kasualitatez horkoa da Itoiz: bertan sortu zen Lau Teilatu abestia. Denak lagundu du proiektua sortzeko.
"Artea ulertzeko irakurriegin behar da, jakin egin behar da zergatik eginden obra hori"
Jose Pablo Arriaga
Teilak itsasora bota dituzuela diozue; horietako bat, Donald Trumpi zuzendua. Zer zioen?
Puerto Ricotik pasatzen ari ginenean, apur bat euren uretara sartu ginen, eta teila bat bota genuen "Karma" zioena. Nahiko genuke berak egiten duen kalte guztia buelta diezaiotela.
Horren berri Instagramen izan du jendeak, blog modukoak igo baitituzu. Zergatik?
Egia esan, hasieran ez nuen asmorik bidaia publiko egiteko, orain dela hogei bat urte Afrikara bidaia egin nuelako, babesle eta guzti; baina hain atera zitzaidan txarto, ontzia hondoratu zitzaidan... sentitu nuela berba asko egin eta nahi nuena ez nuela lortu. Horregatik, oraingoan ez nuen nahi zabaldu Atlantikoa gurutzatuko nuenik, beldur bainintzen berriz gertatuko zitzaidala.
Behin Atlantikoa gurutzatzean eta Martinikara heldu nintzenean, orduan bai, hasi nintzen argitaratzen zer den Lau teila, Atlantikoa gurutzatzea niretzat lorpen bat izan baitzen.
Hamazazpi egunez egon zinen Atlantikoa gurutzatzen, zu bakarrik ontzian.
Nik bakarrik gurutzatu nuen, bai, eta ez nuen eraman Internetik uneoro: gaur egun, Atlantikoa gurutzatzen duten ontzi gehienek eramaten dute, baina nik ez nuen nahi hori. Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero. Oso polita izan zen aspertzen jakitea, zer egin ez dakizula egotea. Arazoak konpontzeko orduan ere, nik bakarrik, inori deitu edo Interneten ezin begiratuta egotea. Eta hori oso polita da.
Afrikako bidaia aipatu duzu. Kontinenteari bira ematea zenuen helburu, ezta?
Bai. Afrikara joan nintzenean eskultura munduan sakondu nahi nuen, eta Afrika niretzat gizakiaren eta naturaren arteko oreka zen. Leku ona zela uste nuen, hangoa jaso eta gero kontatzeko. Hasieran piragua batekin nahi nuen joan, aurretik Londresetik hona horrela etorri nintzelako; baina lapurtuko zidatela uste nuen. Eta horregatik belaontzian joan nintzen. Nire asmoa eurekin bizitzea zen, kostatik itzulia emanda. Baina Senegalen hondoratu zen belaontzia, eta oinez egin nuen Hegoafrikara arteko bidea, eta handik hegazkinez itzuli nintzen.
Eta bidaia horretatik zer atera zenuen?
Gauza asko. Bertako jendea zelan bizi den ikusi nuen, eta zergatik ditugun horrenbeste etorkin, zergatik nahi duten handik alde egin. Ulertu nuen jendeak zergatik nahi duen pateraz etorri hona.
"Euskal Herrian uste dugu libreak garela gauzak esateko, baina ez gara horren libreak. Banaketa tontoak ditugu, eta horrek hormak sortzen ditu"
Jose Pablo Arriaga
Palestinan ere izan zinen, ARGIArekin batera egindako bidaia batean, 2014an. Zer ikusi zenuten bidaia hartan?
Hara joan aurretik nik ez nuen sinisten horrenbesterakoa zenik Palestinari buruz kontatzen zutena, eta hara joan nintzenean beldurtuta geratu nintzen. Afrikan bidegabekeriak ikusi nituen, baina han ikusitakoak ez du zerikusirik. Oso-oso gogorra egin zitzaidan. Gero, handik nahiko gogor etorri nintzen, han gertatzen ari dena salatzeko gogoz.
Bi obra oso indartsu egin nituen. Bat Palestinako harresiari buruzkoa zen: mahai bat egin nuen, jendea banatzen duten harresi horiek etzanda egon behar baitute nire ustez, berba egiteko; baina mahai hori oso leku aberats batean dago gaur egun, nire ideiarekin zerikusirik ez duena. Beste eskultura bat egin nuen Gazari buruz, eta markes baten etxean amaitu zuen. Askotan norberak lan bat egiten du gauza batzuk aldarrikatzen, baina ez daki non amaituko duen.
Migrazioak ere badira zure lanaren beste oinarrietako bat. Asko ukitzen zaituen gaia da?
Bai. Nahiz eta nik asko bidaiatu eta beste eskubide eta erraztasun batzuk izan, inoiz ez naiz sentitzen beste inor baino gehiago; edozein lekutara joaten naizela, hango jendearekin berba egiten dudanean, lehen minututik ikusten da nire moduko pertsonak direla, oso berdinak garela. Ezin dut sinistu pertsonak zelan garen gai pertsonak bereizteko, kanpotik datorren jendea alde batera uzteko.
Miñan-eko eszenografia zerorrek egin zenuen.
Bai, Iñigorentzat [Ibarra, Ander Lipus] eszenografia nahikotxo egin ditut, baina lehen egiten nuenak ez zuen horrenbeste Jose Pablo Arriagarengandik, beraien eskaeratik zetorren. Oraingo honetan zerbait sinplea egin nahi nuen, eta hasieran ez zitzaien horrenbeste gustatu; lehen frogan txarto pasatu nuen, nik buruan neukana ezin izan bainuen islatu. Beste aukera bat eman zidan Iñigok eta orduan bai, ondo funtzionatu zuen.
Mugimendua eta oreka moduko berbak entzuten dira uneoro zure berbetan, horiek ardazten dute zure obra. Zer dira zuretzat?
Dena Eskozian sortu zen, hara joan nintzen arte ederrak ikastera oso gaztetan. Nire espezializazioa altzari mundua zen, artisau familia batetik bainator: aitak eta aitonak Euskal Herriko kutxak egiten zituzten, sinbologiaz betetako elementuekin; euskaldunek beren sinismenak adierazten zituzten han. Gerora dekorazio bihurtu dira, galdu dugu sinbologia hori. Eskoziara joan nintzenean, horregatik, ezin nuen lauburuak eta eguzki-loreak egiten jarraitu, baina sinbologia horiek nire erara egin nahi nituen.
"Euskal Herriak bekatu bat du: kuadrillak. Oso ezberdin pentsatzen duen pertsona bat badago edo baztertu edo bota egingo dute"
Jose Pablo Arriaga
Eskozian ikasi nuen galdera batzuk egiten: "Nor da Jose Pablo Arriaga? Non bizi da? Zein garaitan? Ze tresna ditu egin nahi dituen gauzak egiteko?". Galdera horiek guztiak erantzun nituen. Eta konturatu nintzen nik naturaren eta gizakiaren arteko oreka lortu nahi nuela, errespetuz bizitzea; horrekin hasi nintzen kurbaturak egiten. Mugimenduarekin adierazi nahi dut hori guztia.
Nortasuna berba ere entzuten zaizu maiz. Horrek ere ardazten du zure obra, ezta?
Batez ere norberaren nortasunak. Euskal Herriak bekatu bat du: kuadrillak. Kuadrillan oso ezberdin pentsatzen duen pertsona bat badago edo baztertu edo bota egingo dute. Hori da gustatzen ez zaidana Euskal Herritik. Uste dugu libreak garela gauzak esateko, baina ez gara horren libreak. Banaketa tontoak ditugu, eta horrek hormak sortzen ditu, ez da pentsatzen orokorrean Euskal Herriari begira. Eta hori leku askotan gertatzen da.





















