Noam Alon: "Arte-zentroen munduko mapa berriz marrazten ari da"
Noam Alonek UNESCOren Katedrarentzat munduko arte-zentroei buruz egindako azterketaren ondorioak ezagutarazi ditu, hilabete amaieran txostena ofizialki argitaratu aurretik.

| 10 de Octubre 2026
Museologian doktorea, erakusketa-komisarioa eta arte garaikideko kritikaria da Noam Alon. Hainbat hilabetez, munduko arte-zentroen egoeraren azterketa egin du, UNESCOren Katedraren baitan, museoen aniztasuna eta haren bilakaera aztertzeko. Ikertzaileak bere ondorio nagusiak azaldu ditu; txostena UNESCOren webgunean argitaratuko dukete 2026ko urte amaieran.
Zein definizio hartu duzu arte-zentroaren definizio gisa, zure azterketaren eremua mugatzeko?
Arte-zentroak, lehenik eta behin, izan nahi ez dutenaren arabera definitzen dira: ez dira ez museoak, ez galeriak. François Mairessek 2022an argitaratutako Museologiaren Hiztegian garatutako definizioan oinarritu naiz: merkataritza-helbururik eta bildumarik gabeko aldi baterako erakusketetarako gunea, programazioa bizirik dauden artistekin osatzen du.
Gure azterketarako definizio nahiko ireki eta zabala erabiltzea erabaki genuen, munduan horrelako guneek har ditzaketen hainbat formatuei lekua egiteko. Onartu beharra dago horiek identifikatzea ez dela beti erraza izan; izan ere, museoak, gutxi gorabehera, mugatutako definizio juridiko baten babesa duen bitartean, "arte-zentro" izendapena libreki erabil daiteke, inolako ziurtagiririk eta guztiontzako lege-esparrurik gabe… Galeria komertzialek, museoek eta ekitaldietarako gune hutsek ere batzuetan beren burua "arte-zentrotzat" aurkezten dute.
Gainera, arte-zentro bati buruz hitz egiteko hamaika modu daude, termino hori bera erabili gabe. 300 egituraz osatutako lagin adierazgarri bat aztertu dugu, gutxi gorabehera 25 irizpide konparatzaileren arabera. Horrek erakusten du ia 270 izendapen desberdin erabiltzen direla gune horiek izendatzeko: Kunstverein, artist-run space, erakusketa-plataforma edota, herrialde anglofonoetan, gallery, besteak beste.
Zenbat arte-zentro identifikatu dituzu, eta nola banatzen dira geografikoki?
2025ean artista bizien erakusketa bat gutxienez antolatu zuten 2.024 arte-zentro bildu ditut, 166 herrialdetan banatuta.
Arte-zentroen kopuruari dagokionez, Europak du lehen postua, munduko erregistroaren %56rekin; ondoren datoz Asia (%14) eta Ipar Amerika (%13). Afrikak, berriz, corpusaren %7,4 hartzen du, Hego Amerikak %6 eta Ozeaniak %1.
Herrialde mailako kontzentrazioa oso handia dela ikusi dut: Alemaniak bakarrik 360 arte-zentro ditu, guztizkoaren %18; Estatu frantesak 194 egitura ditu (%9,5), eta Ameriketako Estatu Batuek 167 zentro (%8). Hiru herrialde horietan arte-zentro guztien herena biltzen da.
Esan daiteke, halaber, arte-zentroen geografia ez datorrela bat biztanleriaren dentsitatearekin: Europan 10 milioi biztanleko 15 zentro daude; Asian, berriz, biztanle kopuru bereko 0,7 zentro baizik ez dago.
Arte-zentroak garai berean sortu al ziren kontinente guztietan?
Europak asmatu zuen eredua da, argi eta garbi. Hamar arte-zentro zaharrenak alemaniarrak dira —Nurembergeko Kunstverein, 1792an sortua, mota horretako lehen gunetzat jotzen da—, eta 1960a baino lehen sortutako 44 arte-zentroetatik 36 Europan daude.
Ondoren, hedapena olatuen bidez gertatu zen, 1970eko hamarkadatik aurrera Ipar Amerikan hasi zelarik. Asian eta Afrikan, arte-zentroek ez zuten benetako hedapena izan 2000ko hamarkadara arte.
Esan beharra dago, gainera, "arte-zentroaren fenomenoa" oso berria dela hein handi batean. Guneen %80 1980tik aurrera sortu ziren, eta %46 2000. urtetik aurrera. Azelerazio hori bat dator 1980ko hamarkadako neoliberalismoaren bilakaerarekin eta Estatuaren pixkanakako erretiratzearekin; horrek museoarena baino arinagoak eta malguagoak diren forma instituzionalei lekua ireki zien.
Laburbilduz, arte-zentroen munduko mapa berriz marrazten ari da. Gaur egun, Asiak eta Afrikak daukate zentro berriak sortzeko erritmorik dinamikoena.
Arte-zentroen artean programazioari dagokionez desberdintasunik aurkitu al duzu, kokatuta dauden lurraldearen arabera?
Arte-zentroak "arriskua hartzen duen" eragile gisa izan dezakeen eginkizunaz interesatu naiz, batez ere oraindik beren herrialdean edo beste inon erakusketa instituzional bakarkakorik egin ez duten artistei lehen erakusketa monografikoak antolatzen dizkienean.
Nire ustez, horrek erakusten du arte-zentroak ez duela museoa imitatzen: talentuak aurkitzea bilatzen du, berehala ondare-logika batean txertatu beharrean.
Ikusten da Mendebaldeko Europako arte-zentroek tokiko artistei lehen erakusketak gutxitan antolatzen dizkietela, Ekialdeko Europako eta Hego Amerikako egiturek ez bezala. Vilniuseko Arte Garaikideko Zentroak (Lituania) eta Tomie Ohtake Institutuak (São Paulo, Brasil), esaterako, tokiko artisten lehen erakusketak antolatzen dituzte etengabe.
Aitzitik, Londroneko Serpentine Galleries-en, adibidez, Ingalaterran lehen erakusketa instituzionalak egiten dituzte, beste leku batzuetan dagoeneko ospe handia duten artistekin. Mendebaldeko arte-zentroek nazioarteko talentuak aurkitzeko antena moduan jarduten dute sarritan.
Datuei erreparatuz gero, Europako arte-zentroen %80k gutxienez nazioarteko artista bat programatu zuten 2025ean beren erakusketetako batean; Hego Amerikan, berriz, %40k. Baina hori finantzaketaren auziari lotua bada ere.
Arte-zentroek antzeko eredu ekonomikoetan oinarritzen al dira?
Gure lagineko arte-zentroen %70ek gutxienez finantzaketa-iturri publiko bat jasotzen dute. Europan, sektore publikoa da eredu ekonomikoaren oinarria: aztertutako egituren ia erdia diru publikoarekin baizik ez da finantzatzen.
Ipar Amerikan, espero daitekeen bezala, finantzaketa pribatua da oinarria, eta sektore publikoa osagarri gisa dator. Mundu mailan, finantzaketa mistoa eredu nagusi bihurtzen ari dela begi-bistakoa da.
Interesgarria da finantzaketa pribatuaren proportziorik handiena BPG txikiena duten herrialdeetan aurkitzea, laguntza iraunkorra egituratzeko gai den botere publiko nahikorik ez dagoelako. Kolonizazioa jasan zuten herrialdeetan, arte-zentro batzuek antzinako potentzia kolonialetatik datozen kapitalen bidezko finantzaketa jasotzen dute.
Ghanan, esaterako, zazpi arte-zentro daude; kopuru izugarria da inguruko herrialdeekin alderatuta, eta finantzaketa sarritan herrialdean interes ekonomikoak dituzten nazioarteko fundazioetatik dator.
Identifikatu dituzun arte-zentroek antzeko eginkizun sozialak betetzen al dituzte?
Europan, nahiko ohituta gaude arte-zentroaren formula klasiko batera, erakusketen ekoizpenera oso bideratuta dagoena. Hego Globalean, ordea, bestelakoa da arte-zentroaren interpretazioa.
Hego Amerikan, Instagramen jarraitzaileen komunitateen azterketak agerian uzten du egitura batzuek tokiko sustraitze handia dutela: baliabide mugatuagoak izan arren, haietako batzuek proportzionalki Mendebaldeko zentro batzuek baino sare digital lokal handiagoa dute, nahiz eta azken horiek nazioarteko ospea izan.
Gainera, hango arte-zentroak hainbat diziplina artistikotara irekiak daude: dantza, antzerki-lanak, proiekzioak eta eztabaidak egiten dira, eta batzuetan erakusketak ere bai, baina ez sistematikoki.
Hego Globaleko testuinguru askotan, beraz, erakusketa funtzio zabalagoak dituen gune baten barruan kokatzen da, eta ez da gunearen abiapuntu nagusia.
— JdA-tik ekarria.


















