Lerroa, kolorea eta arima
Xabier Martínez Riazuelo
2026ko Urtarrilaren 22tik
2026ko Martxoaren 15era

Xabier Martínez Riazuelo (1956-2021) eskultore autodidakta eta sortzailea izan zen. Etengabeko lekualdatzeek eta gaixotasun mental batek (jarraikortasun artistikoan eragin zuena, baina ez, ordea, sormen-sakontasunean) markatu zuten artistaren ibilbidea. Haren sorkuntzako aldirik onena Aizpungo eta Azuquecako lantegien garaia izan zen, non harrizko eskultura mota soil, arrazional eta geometriko bat garatu baitzuen, forma organikoekin txandakatua eta marmol, granito, hareharri eta zeramikaz leundua. Giza irudiak eta hegaztiak izan ziren haren leit motiv errepikatuenak, bolumenekin, erritmoekin eta argiarekin jolasten duten lan abstraktuekin batera. Oteiza, Brancusi, Moore edo Hepworth izan ziren, besteak beste, Riazueloren erreferenteak. Pinturan, Xabierren keinu bidezko lengoaia materikoa nabarmendu zen, informalismotik eta abstrakziotik gertu dagoena. Artistaren obra, askotarikoa eta sakabanatua, bilduma pribatuetan eta gune publikoetan ikusgai dago.
LANAK
Xabier Martínez Riazuelok eskultoretzat zuen bere burua. Horixe zuen diziplinarik maiteena eta erosoen sentiarazten zuena. Hala ere, haren bizi-ibilbidearen ondorioz, kontserbatutako lan gehienak neurri txikikoak dira; izan ere, bizitzaren zati handi batean, arazoak izan zituen lantegi ba antolatzeko/prestatzeko eta lanak gordetzeko lekurik ezaren ondorioz. Horietako asko sakabanatuta geratu dira, oparitu eta gune publikoetan jarri baitziren.
Gauzatu zuen produkzioa askotarikoa eta bi lengoaia desberdinekoa izan zela esan dezakegu. Eskulturak izaera soila eta arrazionala du, lerro garbiak dituena; zenbait kasutan argiekin, itzalekin, bolumenekin eta geruzekin jolasten duten ezaugarri geometrikoak ditu; beste batzuetan, berriz, lerro garbiak baina organizistak dira nagusi.
Eskultura mota berri bat egiten ari naiz, zeina oinarritzen baita arraildura paralelo eta gurutzatuetan, harriaren alde guztietan zentimetro batzuetako sakonera dutenak. Energia du eta erritmoak sortzen ditu berez mezurik gabe geratuko litzatekeen gainazal batean. Giza harrokeria sinbolizatzen duten dorreak bezalakoak dira. (…)
Aitzitik, haren pintura keinuzaleagoa eta indartsuagoa da; bertan azalera piktorikoak erliebea du, materia piktorikoaren kargagatik. Keinuak lana dardararazten du eta kolore distiratsuek distiratu egiten dute. Pinturari dagokionez, haren lengoaia naturalismotik urrundu eta abstrakziora hurbiltzen da formen deskonposizio mailagatik eta garrantzi handia hartzen duten kolore puruen erabileragatik. Hala diote eguneroko pertsonaletan utzi zituen testu batzuek ere, zeinetan ahalegina norabide horretan bideratzeko interesa agertu baitzuen. Hala ere, itxuraz abstraktuak diren marrazki eta margolan ugaritan, beren lasaitasunagatik askotan nabarmentzen diren paisaiak eta irudiak iradokitzen dizkigu. Lan abstraktu hutsak ere badaude egindakoen artean, baina ez dira nagusi.
Haren erreferente piktorikoen artean antzematen dira informalismo europarraren herentzia argia, CoBrA taldearen koloreak eta keinuak, eta espresionismoa. Kasu askotan, karga materiko handia aplikatzen du pintzela edo espatula baliatuta. Kolorea euskarrian bertan nahasten du maiz; geruza piktorikoan islatuta geratzen den keinuzko ariketa da. Askotan, azken akabera ematen da oraindik hezea den gainazala arraskatuz, normalean pintzelaren atzealdea erabiliz, eta horrela keinu gehiago egiten dira. Hori guztia ez dator bat artistaren eskulturaren izaera meditatu eta hausnartuzkoarekin.
Xabierren eskultura-lanak harri gogorrak ditu ardatz, Barbara Hepworth, Henri Moore edo Miró gogorarazten dituen lerro organiko eta leunari jarraituz (hegaztiak dira horren adibide). Beste batzuetan, haren lanaren dimentsio hori leundu gabeko lerro gogorragoekin batera agertzen zaigu. Beste lan batzuetan plano eta bolumen geometrizatuarekin jolasten da, euskal eskolaren antzera. Harri gogorrez egindako lanak, formatua edozein dela ere, ia beti dira masiboak, nahiz eta kasu batzuetan espazioa hutsuneen bidez zabaltzen den. Pieza abstraktu hutsak giza eta hegazti irudien berrinterpretazioarekin uztartzen ditu, eta, hain zuzen ere, horiek dira ibilbidean zehar lana inspiratu zioten motibo nagusietako bi.
Bai eskulturan, bai margogintzaren zati handi batean, mundu errealari erreferentzia egiten dioten baina intelektualki landuta dauden elementuak aurkitzen ditugu, hala nola giza irudiak edo paisaiak. Hegaztiak, atsedenean edo hegan hasteko unean, beste leit motiv bat dira. Haren eskultura-lanean ere gauza bera gertatzen da: abstrakzioaren adibide ugari daude, baina baita giza irudi, hegazti, aurpegi… askotxo ere. Horietako asko zentimetro gutxikoak dira; neurri ertainekoak, hogeiren bat; eta, azkenik, Leurtzako urtegiko igela eta monumentaltzat jotzen diren gainerako eskultura publikoak daude.
Martínez Riazuelok tresnetan eta materialetan gastatzen zuen diru guztia, eta hori bereziki ikusten da marrazkietan eta margolanetan erabili zituen tekniken aniztasunean, lehen adierazi dugun bezala. Maiz, olioa edo argizaria erabili zuen kartoi edo paper gainean, eta inoiz gutxitan erabiltzen duen mihisea euskarri gisa. Marrazketarako euskarri sinpleen erabileraren abiapuntua artistaren bizitza-filosofia da (laztasuna eta jasangarritasuna dira bizitza horren ikur), baita artistak berak aitortzen zuen arte povera delakoaren eragina ere.
Materialetan egindako inbertsioa handiagoa zen eskulturaren kasuan, bai tresnen prezioagatik, bai lantegi batek behar duen espazioagatik. Esan bezala, Aizpunen eta Azuqueca de Henaresen bi lantegi oso-osorik muntatzea lortu zuen, eta han ebakigailuak, erradialak, mazoak, leungailuak eta abar zituen. Haren material gogokoena marmola zen, eta batez ere Macaelgoa, Markinakoa, Debako marmol arrosa eta Guadarramako granitoa erabiltzen zituen. Tafallako hareharriz egindako obrak ere baditu, portzelana zuria eta gresa baliatuta.

Kondestable jauregia | Kale Nagusia, 2 - Iruñea (Nafarroa)
Xehetasunak
Astelehenetik igandera: 9:00 - 14:00 / 17:00 - 21:00


