Gaizkia. Auschwitz 1945 – Gaza 2025
Artur Heras
2026ko Maiatzaren 27tik
2026ko Ekainaren 30era

Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloian ‘Gaizkia. Auschwitz 1945 - Gaza 2025' erakusketa dago jada ikusgai. Artur Heras artista valentziarraren lana biltzen du, Anacleto Ferrerek komisariatua. Erakusketa honek, Valentziako Unibertsitatean egon ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hainbat gune bisitatuko ditu.
Erakusketak genozidioak salatzen ditu, begirada artistiko konprometitu eta ausart batetik. Xedea kontzientziak mugitzea da, eta iraganetik eta oraineko izu-ikarak lotzeko irudi-zubia eraikitzea.
Inaugurazio ekitaldian izan ziren Joxerra Bengoetxea errektorea, obraren egilea, Artur Heras, eta Anacleto Ferrer.Gainera, eta Sol Band folk musika talde palestinarrak girotu zuen.
"Hannah Arendt filosofo juduak ohartarazi zigun gaitzik suntsitzaileena, gaitz erradikala, ez dela beti gorrototik sortzen, hutsalkeriatik baizik, pentsamendurik ezatik", gogoratu zuen Bengoetxeak erakusketan. Horregatik, "gaizkiari buruzko azalpen hau ez da memoria bakarrik: erresistentzia ekintza intelektual bat da. Izan ere, pentsatzea, ikusten dugunarekin konprometitzea, beste aldera begiratzeari uko egitea da izugarrikeriarik izugarriena, herri baten genozidioa, ez errepikatzeko berme bakarra".
Erakusketak historia garaikideko gertaera dramatikoak ditu ardatz. Oroitzapen lazgarriak dakarzkigu, eta aldi berean gogorarazten digu jazoera horiek errepikatu daitezkeela, beharbada ez berdin-berdin, baina bai oso antzera, eta ezinbestekoa dugula horri aurre egitea.
Holokaustoaren irudi bat
Andre nagusi bat eta ume batzuk haren inguruan. Neguko arropak jantzita doaz denak, eta, ziurrenik eurek ez badakite ere, beren suntsipenerako bidean. Artur Herasek ‘leitmotiv' horren berrogeita bi "bariazio" egin ditu, eta ikusleak inguratzen dituen alanbre-hesizko ortze muga bat osatzen dute.
"Naziek egindako album baten argazki ezagun batetik abiatuta –azaldu zuen Artur Herasek–, giza talde baten aldaera-lan hau planteatu nuen, gas-kamera helburu zuena. Anonimotasun hori, jatorrizko argazkian aurpegirik agertzen ez delako, denboraz kanpoko zerbait bezala agertzen zen, zoritxarrez berriro gertatu dena. Auschwitz eta Gaza lotzen dituen lan honi bide ematen ziola iruditu zitzaidan. Ez dakit alderagarriak diren, baina giza ikuspegitik eta ikuspegi moraletik guztiz argalak dira biak. Biktimak dira orain biktimagileak".
Erakusketako komisario Anacleto Ferrerek dioenez, Herasek, bere ikonismo gogoetatsuari leial, Walter Benjamin kronistaren eginkizuna hartu du bere gain, "eta gertakariak kontatzen ditu, gertakari handi eta txikien arteko bereizketarik egin gabe". Irudi hauek hausnarketa egiten dute errealitateaz eta tradizio plastikoez, baina hortik harago doaz: beren buruaz ere egiten duten gogoeta, zehazki beren errepresentazio izaeraz beraz. Walter Benjaminek sortutako terminoa erabiliz, ‘Denklbilder‘ dira, pentsatzen duten irudiak. Eta irudi diren aldetik beren buruaz pentsatzen dute. Heras ideien margolaria da. Ez du gura ez hunkitu ez asaldatu, baizik eta ulertu, komunikatu eta interpelatu.
Erakusketa EHUko hiru campusetan egongo da ikusgai:
- Gasteiz: Unibertsitate Pabiloia, apirilaren 15etik 30era.
- Bilbo: Esperientziako Gelak, maiatzaren 6tik 22ra.
- Donostia: Carlos Santamaría Zentroa, Txillardegi Aretoa, maiatzaren 27tik ekainaren 30era.
Ibilbide horretan zehar, erakusketa baliatuko da kultura-programazio berezia egiteko, non palestinar eta euskal kulturak fusionatuko diren, baita programazio-akademiko berezia egiteko ere, denbora errealean genozidio bat ikusteak irekitzen dituen hainbat eztabaida etiko, politiko eta humanitarioei buruz.

Carlos Santamaria Zentroa - EHU | Euskal Herriko Unibertsitatea, Elhuyar plaza, 2 - Donostia (Gipuzkoa)


