Bizi-min-bizi
Miren Gonzalez Goikoetxea
2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Uztailaren 18ra

Duela hiru urte inguru, Miren González Goikoetxeak inpaktu handiko egoerari egin behar izan zion aurre: minbiziari. Hitzaren zama ikaragarria da. Gaixotasunera gerturatzea erabaki zuen, laguntzeko, kolaboratzeko, bisualizatzeko eta normalizatzeko. Horretarako Bizi-min-bizi pintura proiektua sortu zuen.
Stephanie Matthews Simonton-en Recuperar la Salud bezalako liburuek gaixotasuna bistaratzeko zuen ideiari testuingurua eman zioten. Lan horretan planteatzen da patologia ikusteak jarrera-aldaketa eragin dezakeela. Inguruan bizi zuen prozesua laguntzeko beharra beste helbururik gabe, Mirenek lan hori egin zezakeela sentitu zuen, bere ekarpen petsonala egiteko baliabide bihurtuta.
Interneten biopsien irudiak bilatzen hasi ondoren, egileak erabaki zuen proiektuan murgiltzeko lekurik egokiena ospitalea zela. Lana bertan hasi behar zelakoan, minbizi-biopsiak in situ marraztea proposatu zuen, eta hori egiteko kudeaketei ekin zien. Olatz Albizua osasun-langile eta lagunak emandako kontaktuari esker egin zuen lehen elkarrizketa. Adrian Illarramendi anatomopatologoak baieztatu zuen proiektua bideragarria zela, eta Madrilen zuen laborategira gonbidatu bazuen ere, Donostia Ospitalera sartzen saiatzea erabaki zuten lehenik.
Anatomia Patologikoaren arloan, biopsiak mikroskopioan aztertzen dira, diagnostikoak egiteko. Probak formolez bustita eta parafinaz zigilatuta zeudenez, ez zen asepsia berezirik behar, eta horrek aukera eman zion artistari bere errotuladore eta arkatzekin lan egiteko. Artista bat ospitalera sartzeari buruz bere gertukoek eszeptizismoa bazuten ere, azkenean sortu zen aukera.
González Goikoetxeak urte eta erdiz egin zuen lan Donostia Ospitaleko Anatomia Patologikoko zerbitzuan. Manuel Moreno Valladares doktorearen laguntzaz, mikroskopio bidez hainbat minbizi-motaren biopsiak in situ marrazten aritu zen, eta langile guztiek tratu bikaina, hurbila eta jakinminez betea eman zioten.
Saioak hiru ordu ingurukoak ziren, eta denbora horretan minbizi espezifiko baten hiruzpalau marrazki egiten zituen. Ondoren, bere estudioan, hilabete osoan zehar, formatu ertaineko akriliko piezak sortzen zituen. Hurrengo urte eta erdian, olioarekin lan egin zuen, formatu handiagoak eta interpretazio libreagokoak egin zituen.
Horietako askok tonu moreak eta lilak dituzte, biopsia gehienak eosinaz tindatzen direlako, zelulak ikusteko. Beste markatzaile batzuek, CD-34ak adibidez, lesioa duten zelulak marroiz tindatzen dituzte eta osasuntsuak urdinez.
Prozesuan zehar, artistak zalantzazko uneak izan zituen, ea pazienteek prozesua onartuko zuten ala ez. Kontu handiz eta errespetuz jokatu nahi izan zuen sortzaileak, inor mindu gabe. Hilabete batzuk lanean eman ondoren, bere estudioan tailer-aurkezpen bat egitea proposatu zuen, eta Raquel Rodríguezen Prabhasayoga Yoga Onkologikoko taldeak hala egitea onartu zuen. Topaketa hartan parte hartu zutenen konplizitateak eta esker onak bide zuzenean zegoela baieztatzeko behar zuen segurtasuna eman zioten.
Gizakien arteko loturaren ideia, harremanak izateko modua eta komunitate bateko kide izateko beharra —neuronek edo zelulek funtzionatzeko beste batzuk behar dituzten bezala— etengabe ageri dira González Goikoetxearen lan artistikoan.

Arteztu | Resurreccion M. Azkue Kalea, 12 - Donostia (Gipuzkoa)
Xehetasunak
Asetelehenetik ostiralera: 11:00 - 13:30 / 16:30 - 20:00
Larunbata: 11:00 - 13:00
Igande eta jaiegunetan: itxita

