Itsasoaz haraindiko ikuspegiak
Patricia Phelps de Cisneros Bilduma
2026ko Urriaren 06tik
2027ko Urtarrilaren 21era

Patricia Phelps de Cisnerosen Bilduman pieza-multzo aparta dago, Amerikako kontinenteko historiaren funtsezko zati baten ikus-narratibaren osagarri: paisaia latinoamerikarren oparotasunak Europako eta Ameriketako artistei eta bidaiariei eragin zien lilura eta jakin-min intelektuala.
Izan ere, XIX. mendearen amaieran Latinoamerikan eskola lokalak zeritzenak hasi ziren arte, Amerikaren irudi hori artista bidaiariek agertu zuten beren lanetan, eta parte hartu zuten espedizioen irudimena piztu zuen horrek. Beste askoren artean, Frans Post margolari barrokoa –haren bi paisaia guztiz bikain ekarri dira– eta Alexander von Humboldt naturalista eta geografo ospetsua, zeinaren bi argitalpen dauden ikusgai. Argitalpen horietan haren Naturgemälde-en ereduak daude, bai eta gerora zientzialari, artista eta bidaiarientzat erabakigarriak izan ziren irudi eta kontakizun batzuk ere.
BBVA Fundazioak babesten du erakusketa, eta komisarioa Estrella de Diego da, UCMko Artearen Historiako katedraduna eta San Fernandoko Arte Ederren Akademiako kidea. Ehun eta berrogeita hamar pieza baino gehiago izango dira ikusgai. Horien artean, margolanak, marrazkiak, estanpak, mapak, liburuak eta argazkiak, XVII. eta XX. mendeen artekoak. Bildumak agerian uzten du sumendiek, oihanek eta ohitura zeharo ezberdinek europar begiei eragindako harridura, haiek ohituta baitzeuden naturaren boteretik aldendutako mundu ordenatu bat bilatzen zuen pintura akademizistaren zorroztasunera. Hala eta guzti ere, artistak gai izan ziren XVIII. mendeko margolaritzaren kategoria estetiko mendebaldar handiak eramateko ordura arte ezezagunak ziren eszena eta paisaia haietara.
Asier Mendizabal. Mundua, J.L. bildumaren arabera
Epilogo kritiko modura,Mundua, J.L. bildumaren arabera aurkeztuko da. Horren bidez, birkokatu egingo da, hamar urte geroago, Estilo-arazoak eta buztinezko ontziak obra, Asier Mendizabalek (Ordizia, Gipuzkoa, 1973) Quitoko Casa del Alabado kolonaurreko artearen museoan aurkeztu zuena.
Bilboko museoak 2025ean eskuratu zuen instalazioa, eta orain beste esanahi batez aurkeztuko da. Proiektu haren berrirakurketari beste lan bat gehitu zaio, lotura eginez Juan Larrea (1895-1980) bilbotar poetak 1930ean Perun bildu zuen eta Gerra Zibil betean Espainiako Errepublikari dohaintzan eman zion arte inkaren gorabehera bitxiekin. Bilduma Amerikako Museoaren parte da orain. Erakusketa honetarako, Mendizabalek bertako zenbait pieza ere hartu ditu maileguan.
Interes artistikoaz gainera, erakusketak Mundu Berriaren benetako ikus-kronika bat eskainiko du, eta lekukotza emango du zenbait alderdi zientifiko, antropologiko, naturalista, arkeologiko eta geografikori buruz, zeinek paisaiaren generoa zabaltzen baitute Ilustrazioak ezarri zuena baino kategoria konplexuago batera. Gaikako sei eremutan antolatuta, bildumak ikus-narratiba horretan barnako bidaia bat proposatzen du.

Arte Ederren Bilboko Museoa | Museo Plaza, 2 - Bilbo (Bizkaia)
Xehetasunak
Udako ordutegia: Egunero irekita. Uztailaren 1etik irailaren 15era: Astelehenetik larunbatera, 10:00 - 20:00. Igandeetan 10:00 - 15:00. | Ekainaren 6, 13, 20 eta 27an museoa 19:00etan itxiko da.

