artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Finissage

Amaia Urra

2026ko Urriaren 17tik
2026ko Abenduaren 12ra

finissage

FOKUren hirugarren edizioa Amaia Urrari eskainia da, gure inguruko artista iheskor bezain funtsezkoari. Horrela, oinarri linguistikoa zein kontzeptuala duten praktika performatiboek euskal emakume artistengan hartuta duten pisuan sakondu nahi dugu.

Amaiaren praktika Mugatxoan erakundeak Artelekun bultzatutako zuzeneko arteen inguruko esperimentazio-giroan jaio zen, eta berezko lurraldea aurkituz joan da XXI. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera. Bere lanetan, semantika erabiltzen du proben eremu gisa. Amaia behin eta berriz itzultzen da afiliazio, kategorizazio edo taldekatze anizkoitzeko arau abstraktuei irmoki lotuta dagoen eremu horretara. Arakatu ondoren, ordea, arau horiek zurruntasuna galdu eta ordenaren irekitasun ludikoago eta asaldatzaileagoa erakusten dute.

Amaiaren lehen bakarkako erakusketa, beraz, amaieratik hasiko bagina bezala aurkezten dugu, gurdia idien aurrean jarriko bagenu bezala edo etxea teilatutik eraikiko bagenu bezala, antifrasis baten bidez hasiz. Izan ere, horrela zabaldu da Amaiaren praktika artistikoa gure begietara, itxuraz kontraesanean dauden espazioak esploratzen eta zalantzan jartzen ahalegindutako jarduera, ludikoa den eta, aldi berean, gure eguneroko ingurunearekin eta erritmoarekin kritikoa den arreta mota bati lekua egiteko bidea irekiz.

FOKUk duela bost urte abiatu zuen Atoiren erakusketa programa. Atoin ia dena bezala, bere formatua prozesuari arretaz entzuteko ariketa baten emaitza da, lana bere terminoetan bultza dezaketen baldintzak sortzearen emaitza. Proiektuak egitura bikoitza du: Atoiren espazio fisikoan bakarkako erakusketa bat eta foku.info webgunearen espazio birtualean atzera begirako kritiko bat. Egitura hau FOKUren lehenbiziko edizioan sortu zen, Iñaki Garmendiarekin elkarlanean ari ginela. Garai hartan, erakusketa prestatzen genuen bitartean, Atoi bera ere eraikitze-bidean zegoen. Iñakik urteak zeramatzan erakutsi gabe. Bere lehengo lanari lotuta jarraitu nahi zuen, baina, aldi berean, estudioan bakarrik lan egin zuen urteetan ia isilpean landutako obra berria soilik erakutsi nahi zuen. Desio bikoitz horri, lotzea eta eskatzea, erantzuteko sortu genuen espazio birtuala, bere iraganeko ekoizpena antolatu eta inaugurazio egunean plazaratzeko. Horrela, bere bideo-lanak osorik ikus zitezkeen erakusketak irauten zuen bitartean, bere praktikari testuingurua emanez; aldi berean, aretoa erabat askatzen zen eskulturaren esparruan bere lan-prozesu berrienen emaitzak erakusteko. Idoia Zabaletarekin, aurrera eraman genuen bigarren FOKUarekin, a priori ezarritako egitura bikoitzetik abiatu ginen. Oraingo honetan, erronka lotuta egon zen nola aurkeztu hain alderdi anitzeko ibilbidea, zer jarri nahi genuen lehen planoan, eta nola lagun zezakeen online plataformak Idoiaren praktikaren berezitasuna arte plastikoen testuinguru batean bideratzen.

Amaia Urarekin batera, joan den urte eta erdian, webguneko lan-prozesua gehiago zentratu da serieen, bertsioen, belaunaldien eta horien ekoizpenerako egokitzapenen arteko harremana ulertzean, eta, hainbat iturritatik, hamarkada batez baino gehiagoz ia beti zuzenean garatu den lan batetik kontserbatzen diren dokumentuak biltzean, erakusketa-proposamena sor dezakeen magma bat sortzen lagunduko digun ariketa batean.

Fokuren hirugarren edizioak inplizituki dakar Amaiaren lehen bakarkako erakusketa izango denaren sorrera. Lehen aldiz, bere praktika da erdigunean dagoena. Galdera hemen da zer den Amaiarentzat erakusketa bat, nola artikulatzen den erakusketaren espazio-denbora bere praktikaren arabera, nola biltzen den eta, aldi berean, nola askatzen den. Horrek Iñakirekin lotzen du, baina baita Idoiarekin ere, zeinak ortodoxiaren kanonak zituen gogoan. Hiru artistek Foku baliatu izan dute beren praktika nolabait desafiatzeko espazio gisa, hirurek erabili dute Foku beren praktika artistikoa pentsatzeko, berrantolatzeko edo birbideratzeko, eta horregatik merezi du garrantzi horretako proiektuetan lan egitea, gure garaikideekin eskuz esku.

Iheslari baten trukoa pertzepzio-printzipio batean oinarritzen da: begiradak ez du errealitatea ikusten, baizik eta haren buruak ziurtzat jotzen duen jarraitutasun logikoa. Ihesbideak funtzionatzen du, ikusleak testuingurua gertaera absolutu gisa irakurtzen duelako, eraikuntza gisa irakurri beharrean. Plazer bat izan da guretzat Amaiari erronka honetan laguntzea eta emaitza urriaren 17tik aurrera Atoi eta foku.info webgunean ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.

***

Amaia Urra (Donostia, 1974) artista da. Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn, eskultura espezialitatean. Bere bi ama-hizkuntzei esker, gaztelania eta frantsesa, oraindik ikasle zela Bilboko Frantses Institutuak sustatutako ekoizpen eszeniko esperimentaletan laguntzaile gisa parte hartzen hasi zen. Esperientzia hark praktika eszeniko kontzeptualekiko interesa piztu zion, eta, Mugatxoan egitasmoaren babesean, praktika horiek garatzeari ekin zion Artelekun. Bertatik abiatuta, bere lan eszeniko propioak sortzen hasi zen, eta, aldi berean, beste hainbat artistaren sorkuntza eta aurkezpenetan parte hartu zuen, hala nola Jérôme Bel, Xavier Le Roy, Ion Munduate eta Cuqui zein María Jerez-en lanetan. 2012an praktika eszenikoa utzi eta lan-metodologia propio bati eman zion hasiera, ahotsa, testua eta gorputza uztartuz. 2017 eta 2018 artean, Donostiako Alkolea Beach espazioa zuzendu zuen Sandra Cuesta eta Larraitz Torres-ekinekin batera. Bere lana Artium Museoa, MNCARS, Bilboko Guggenheim Museoa, Bulegoa z/b, La Casa Encendida edo Tabakalera bezalako testuinguru artistikoetan aurkeztu da, baita nazioartean ere, Europako zein Amerikako espazio eta jaialdietan, Les Laboratoires d'Aubervilliers, Art Nomade edo Bogotako Artisten 45. Saloi Nazionalean, besteak beste. Atoikoa bere lehen bakarkako erakusketa izango da.

Tractora Koop. 2013an eratutako artista-kooperatiba bat da. Elkarren lanetan eskuarki parte hartzen zuten lagun batzuek sortu zuten, kideen proiektuak ekoizteko tresna moduan. Kooperatiba, pertsona juridiko gisa, azpiegitura-bokazioarekin jaio zen. Kooperatibaren elkarte-izaera kamioilarien kooperatibetatik hartu zen; izena, Tractora, kooperatiba haiei egindako omenaldia da. Bere hamahiru urteetan, Tractorak proiektu ugari eraman ditu aurrera, eta proiektu horiek askotariko diziplinetan eman dituzte fruituak. 2018tik aurrera, kooperatibaren hasierako jarduera hedatu egin da: orain, bere kideek parte hartzen duten proiektu kolektiboen ekoizpena bultzatzen du, eta proiektu horietatik zenbait programa-lerro jaio dira: epe luzeko proiektuekin lotutako ibilbide artistikoen berrikusketa (esaterako Landa Lan: A Documentation of Darcy Lange), argitaletxe bat (-zko), edo artista-argitalpenen katalogazio eta zabalkunderako plataforma bat (Sistema Eragilea). 2021ean Atoik bere ateak ireki zituen eta, bertatik, Barrunbe, Kinu eta Foku programak garatzen ditu.

finissage

Atoi | Iparraguirre Kalea, 66, Errekalde - Bilbo (Bizkaia)


denbora-desegiteko-konjurua
Amaia Urra 'finissage' erakusketan, Bilboko Atoi espazioan. OSKAR MATXIN / FOKU

Denbora desegiteko konjurua

Urr. 28 | Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]

Finissage | Artista: Amaia Urra. | Non: Atoi gunean, Bilbon. | Noiz arte: abenduaren 12ra arte.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.