artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

erakusketak

Larruak eta izurrak

Erakusketa kolektiboa

2024ko Otsailaren 24tik
2024ko Ekainaren 02ra

larruak-eta-izurrak
Edurne Ormazabal, Clara Montero eta Laura Vallés Vílchez artistekin

Eduardo Chillidaren eta Nestor Basterretxearen mendeurrena ospatzen den urte honetan, Tabakalerak eskultura garaikideari buruzko erakusketa-programa zabala eskainiko du, diziplina horrek tokiko eta nazioarteko esparruan dituen ikuspegi berriak ikertzeko. Larruak eta izurrak erakusketako komisarioa Laura Vallés Vílchez da. Ekimenak eskulturarekin lotutako hiru erakusketako seriea abiatuko du, eta artisten belaunaldi berri bat nabarmentzen da bertan, June Crespok, Nora Aurrekoetxeak, Sahatsa Jauregik eta Kimia Kamvarik osatzen dutena. Artista horiek oihartzuna lortu dute dagoeneko nazioartean, ikusizko hizkuntza propio bereizgarriari esker. Bertako artista horiekin batera, nazioarteko Yael Davids, Iman Issa eta Lúcia Koch artisten lanak izango dira ikusgai, askotariko posizionamendu artistikoak gurera ekarriz.

Erakusketak gizakiaren gorputza, animalien gorputza eta gorputz mekanikoa ikertzen dituzten eta ukimena eta konexio emozionala berreskuratu nahi duten askotariko eskulturak, instalazioak eta gailuak aurkezten ditu. Guztiak materiaren eta espazioaren inguruko eta gorputzarekiko eta mugimenduarekiko erlazioaren inguruko planteamendu bereziagatik nabarmentzen dira, eta eskultura-jardunbidea alderdi performatibora hurbiltzen dute, gero eta neurri handiagoan. Hain zuzen ere, gorputzarekiko eta mugimenduarekiko hurbiltasun horrek eraman ditu artista horiek beste esparru batzuetako (hala nola performanceko edo arte eszenikoetako) beste artista eta kolektibo batzuekin lankidetza berriak ikertzera, eta beren piezekin elkarrizketa berriak sortzera gonbidatu dituzte.

Parte hartuko duten artistak

Erakusketa osatzen duten obretan erabilitako materialek (metalak, hormigoiak, erretxinak, artileak eta odol-hautsak) eskulturari datxekion arreta zein bortizkeria agertzen dute. Sahatsa Jauregiren altzairuzko piezarekin hasi eta June Cresporen hormigoizko instalazioekin amaitzeraino, eskultura garaikidearen ikuspegi berezi bat eskaintzen dute obra guztiek.

Nora Aurrekoetxea artistak maitasunaren eta kalteberatasunaren arteko erlazioa ikertzen duten eskultura-piezak aurkeztuko ditu. Obra ezohiko materialarekin egin du (hormigoizko olanarekin eta eskuoihalekin), eta elkarren mendekotasun emozionalari eta minari aurre egiteko babesari buruzko gogoeta egitera bultzatzen du. Aurrekoetxeak maitasunaren izaeraren eta zoritxarrarekiko erresistentziaren inguruko zalantzak pizten ditu bere obran.

June Crespok "Manual para el uso de Core (2021-2024)" aurkeztuko du, altzairuzko bidoien kofratuetan oinarrituta sortutako hormigoizko hainbat eskulturaz osatua. Gainera, Maddi Barber zinemagilearekin batera sortutako bideoa aurkezten du, prozesu guzti hori erregistratu baitzuen; materiala erauzten denetik finkatzen den arte. Azkenik, Beatriz Setién, Maia Villot eta Antonio Menchenen gorputzen performanceak ere biltzen ditu. Erakusketaren barruan, performance horiek Tabakalerako arkitekturarekin elkarreragiten duten gailu bihurtuko dituzte eskulturak, eta eraldaketa-esperientzia pedagogiko bat eskainiko dute.

Kimia Kamvariren lan artistikoa bizitzaren eta heriotzaren arteko mugari buruzko gogoeta bat da, eta hil ostekoak diruditen uneak harrapatzen ditu. Tabakaleran, giza alderdiaren eta alderdi naturalaren arteko erlazioa ikertzen duten irudiak agertzen ditu Kamvarik (hala nola ganaduaren bizkarra mendiko hegalekin bat eginik), eta zeluloide sentikorra erabiltzen du gure garaiko larrialdi globalak adierazteko.

Lúcia Kochek oroimenaren etorria eta arkitekturaren sendotasuna uztartzen ditu bere lan artistikoan. Eskulturen, instalazioen eta argazkien bitartez, denboraren joana islatzen duten espazio sentikorrak sortzen ditu. Haren Sans fin (2022) obra, lurrarekin bat egindako kolore gorriz –odolez– tindatua, denboran esekitako jolas iragankor baten modura dago ikusgai erakusketan. Aurora Fernández Polanco arte-kritikariak dioenez, Koch-ek produkzio-baldintza materialak eta bizitzaren formak islatzen dituzten izur batzuetan biltzen du bere obra, eta munduan bizitzeko moduari buruzko gogoeta bat eskaintzen du.

Iman Issak ikuslearen aurreikuspenak apurtzen ditu Proxies, with a Life of Their Own (2019-gaur egun) izeneko seriearekin. Bertan, autorretratuak agertzen ditu, aldi berean beste figura batzuen erretratuak direnak. Issak kezka agertzen du artelanek beren testuingurua kontrolatzeko moduaren eta artelan horiek hautemateko moduaren inguruan, eta zalantzan jartzen du artelanen ustezko autonomiarik eza. Argazkilari gisa, objektu artistikoek berresteko eta beren pertzepzioa zehazteko azalpen bat behar dutela dioen ideia apurtu nahi du.

Yael Davids performanceko artista da, eta historia partekatuen artxibo gisa eta "ez jakiten" ikasteko tresna gisa ikusten du gorputza. Davidsek bere familiarekin eta Centro de Acercamiento a lo Rural (CAR) izenekoarekin lan egin du, eta gaztaren fabrikazio-prozesuan botatzen den artilea Feldenkraiseko saioetarako estera bihurtzeko gune bat sortzea izan du helburu. Tabakaleran, Sirah Badiola eta Paula Rodríguez hezitzaile somatikoen laguntzarekin, gorputzaren konplexutasunak eta giza esperientzia ikertzen dituen eskola bihurtuko du erakusketa-aretoa.

Sahatsa Jauregik Tripak izeneko arte eszenikoen konpainiako kideekin partekatutako esperientzia bat islatzen duen altzairuzko obra bat aurkeztuko du. Tripak konpainia Andrea Berbois, Maite Mugerza, Marina Suárez eta Natalia Suárez kideez osatuta dago gaur egun, eta Jauregik, haiekin batera, tresnen, berunaren, protesien, armen eta gerren irudiak gogora ekartzen dituen dramaturgia bat sortzen du. Emakume horien arteko lankidetzak konfiantza eta ikusizko narratiba paregabe bat sortzen du, eta hiru aldiz ikusi ahal izango da, erakusketaren hasieran, ardatzean eta amaieran.

Jarduera-programa

Larruak eta izurrak ez da erakusketa soil bat, eta esperientzia artistikoan aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu ikusleak zuzeneko esku-hartzeen eta programatutako jardueren bidez. Erakusketa zabalik egongo den lau hilabeteetan, hainbat artistaren eta kolektiboren esku-hartzeak izango ditugu: Tripak konpainia (Sahatsa Jauregiren piezan) eta Beatriz Setién, Antonio Menchen eta Maia Villot (June Cresporen obran) zuzenean arituko dira aretoan bertan, eskultura-piezak aktibatzeko eta elkarrizketa berriak sortzeko. Erakusketa Olatz Otalora artistaren lanarekin osatuko da. Komisarioak gonbidatuta, prozesuaren dokumentazioa egingo du, eta erakusketako proiektuak Tabakalerak artistei laguntzeko eskaintzen dituen beste ekimen batzuekin lotuko ditu.

Zuzeneko aktibazioez gain, programa publikoak bisitarien esperientzia aberasteko diseinatutako hainbat jarduera eskainiko ditu. Besteak beste, honako hauek aipa daitezke: Feldenkraiseko saioak astean behin, erakusketa-aretoan bertan (Sirah Badiola eta Paula Rodríguez hezitzaile somatikoekin), arte-tailerrak familientzat, bisita-solasaldiak, arte garaikideko ikastaroa (Arte-makina), hezkuntza-komunitateari zuzendutako ikastaro bat eta zinema-emanaldiak.

Informazio praktikoa

  • Ordutegia: Asteartetik igandera, 12:00-14:00 / 16:00-20:00
  • Lekua: Erakusketa-aretoa (1. solairua)



larruak-eta-izurrak
Edurne Ormazabal, Clara Montero eta Laura Vallés Vílchez artistekin

Tabakalera | Puru-kaxen plaza, 1 - Donostia (Gipuzkoa)


eskultura-eta-euskal-kanona
Nora Aurrekoetxea Larruak eta Izurrak erakusketan jarritako obren artean. Arg/ Tabakalera

Eskultura eta euskal kanona

Mar. 04 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Aste honetan Tabakalerak Larruak eta izurrak erakusketa ireki du, eskultura eta gorputza bateratzen dituena, praktika horren arlo ukigarri eta hunkigarriak aztertzeko asmoz. Oraindik ikusi gabe ere gogoeta piztu dit.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.