artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

erakusketak

Jai egun

Marta Zelaia

2024ko Maiatzaren 25etik
2024ko Uztailaren 19ra

jai-egun

Errealararen pixelak eta inpaseak

Artea exorzismo bezala. Marta Zelaiaren mundua. Hitzak ezin esan eta sinboloak ezin irudikatu errealaren inpaseak. Estetika hutsa ez du aski; fetitxearen barbarismoa ere beharrezko du. Gogora dakartza Trocadero museo zaharreko Afrikarren maskara haiek, Picassoren epifanian: "gauza magikoak ziren, norberaren aldekoak, fetitxeak, armak, espirituak, inkontzientea, emozioa: denak gauza bera dira. Ulertu nuen zergatik nintzen pintore". Marta Zelaiak ulertu zuen zergatik etxe ondoko arbola zahar zuloz josian ezkutatzen zitzaion bere izate osoa, atarian bi beso biluziak zerura altxatzen zituen osabak landatutako madariondo hartan, "Zergatik abandonatu nauzu". Adarretatik eta gorputz hutsaren barnetik trentzaz osaturiko lokarriak eseki zituen, lurreraino eroriak, aitak kiribiloz eginak, haien ertzetan hariak malkoak lez zintzilik, gurasoen bi enbor jantziak mimoz luzaro laztantzen, urrunagoko enbor distantziatuagoa anaiari deika. Eta zergatik bihurtu zen lokarria zilborheste: "Ama, eten dezagun, lehen gorputzarena bezela, orain gogoaren zilbor-hestea". Eten ez, zilborhestea sokatira bihurtu zitzaion artistari, bere erraietatik irtetzen zitzaion soka gorri hura, sokatira amaiezina inpase betikoan, ez aurrera ez atzerako jokoa, finituak barnean duen infinitua. Bizitzaren arteak ikasteko sokatira zen, oinak zutik mantentzeko tirabira. Koadroaren pixel bakoitza hariz zeharkatutako lotura karratu koloretua zen, bat bestearen kontrako eta osagarri, bakoitza koadro hedatuaren baitan solte eta korapiloz atrapatua. Arrakalaz eta inpasez osaturiko puzzle amaigabea, tradizioan, euskeran, etxean, generoan, politikan, desioan oinarrituriko subjektu modernuaren inpaseak, pasaezinak eta saihetsezinak. Fetitxeak, armak, inkontzientea ditu beharrezko artistak, txarra urrunduko duen formula apotropaikoak. Hausturen zehar begiratzen ikasi du, arbola zulatuan etxea ikusi du, enbor eroria kirol bihurtu du, "irabazi" ezin den joko eta jolasean. Artista ia etnografo gisa ari da lanean, fantasia primi- tibistarik gabe. Aizkora zerura altzatzen du gizonak, behean ezpala dariola enborra aurkitzeko asmotan. Harrijasotzaileak mundua gora bultzatzen besterik ez daki; gorputza okertzen du, gerria aurrera bizkarra atzera, eta artistak barkatu egiten dio goratasunaren aldeko borroka zitala; Sisifo zoriontsu imajinatzen du, mendian gora harkaitza bizkarrean daramala. Etxeko kirolek eta aberriak kolore berdea dute ikurrin. Besoak lurreraino makurtzen ditu segalariak, eta zapi zuria bihurtu zaio sega, lurrean itzala uzten du. Gurasoak etxean zaintzeko egunak iritsi dira. Karlosek sukaldeko mahai gainean zapi zuria pintatu du amaren eta alabaren artean, aita balkoian piperrak txirikordatzen ari den bitartean. Aizkolariak ankapean eta harrijasotzaileak bizkar gainean dute segalariari laino bihurturiko zapi zuria. Ezinezko desioaren objektu preziatua, zapi zuria. Errealaren fetitxea. Sokatira koadro zabaleko pixel brodatu bakoitza haurtzaroko puzzlera itzultzen zaio, josten irakatsi zion amaren begietara, aitak atarian duen baratzara. Errealaren artea. Karlosen ondorengo kuadroan alaba lehiotik begira dago urrunaren melankolian. Gauza guztietan dago arrakala, hortik dator argia. Errealaren hondakinak azaldu nahi ditu artistak. Sukaldeko sua ageri da harrijasotzailearen etxe bazterrean eta segalariaren txokoan eta akerren ukuiluan. Artea "akabatu" ez, hasiera boteretsua garatzen du Marta Zelaiaren obran: lehenaren espektroak eta anakroniak eta ametsezko munduaren pitzadurak jaiotetxe aurreko baratza-atarian biltzen ditu eta hortxe, lorez eta berdetasunez estalita, bizitzaz transfiguratzen zaizkio.

— Joseba Zulaika

jai-egun

La Taller | Iciar Maestro Kalea, 4 - Bilbo (Bizkaia)

Xehetasunak
Astelehena: 18:00 - 21:00
Asteartea: 10:00 - 13:30 / 16:00 - 19:00
Asteazkena: 10:00 - 13:30 - 16:00 - 19:00
Osteguna: 10:30 - 13:00 / 16:00 - 19:00
Ostirala: 16:00 - 19:00
Larunbata: 10:00 - 13:00
Igandea: itxita


bizitzaren-harira
Marta Zelaia artistaren erakusketa La Taller galerian. Arg/ MONIKA DEL VALLE - FOKU

Bizitzaren harira

Eka. 13 | Elena Olave [BERRIA.eus]

'JAI EGUN' | Artista: Marta Zelaia. | Non: La Taller, Bilbon. | Noiz arte: Uztailaren 19ra arte.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.