artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

erakusketak

Topalekuak

2024ko Ekainaren 21etik
2024ko Urriaren 06ra

topalekuak
Christian Salablancaren obra.

Tabakalerak Topalekuak inauguratu du, Eduardo Chillida jaio zeneko mendeurrenaren ospakizunen testuinguruan sortutako erakusketa, euskal artistaren obra eta praktika artistiko garaikideak elkarrizketan jartzen dituena. Zentroak sorkuntza garaikidearekin hartua duen konpromisoaren ildotik, erakusketa honen asmoa da artista donostiarraren obraren funtsezko gaien inguruan ikuspegi berriak esploratzea, egungo praktika artistikotik abiatuta.

Chillida familiarekin, Chillida Leku Museoko lantaldearekin eta Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazioarekin lankidetza estuan aritzea funtsezkoa izan da erakusketa hau egiteko, izan ere, Eduardo Chillidaren obrak, idatziak eta artxiboa gertutik ezagutzeko aukera ezinbestekoa izan da.

Horrela, Soledad Gutiérrez komisarioaren eta ikertzailearen gidaritzapean, Tabakalerak diziplina askotariko artistak, tokikoak eta nazioartekoak, gonbidatu ditu Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924-2002) obra artistikoan murgiltzera, haren lanarekin elkarrizketan ari diren piezak sortzeko. Artista hauen lanak daude ikusgai erakusketan: Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Laia Estruch, Sheroanawe Hakihiiwe, Juf (Bea Ortega Botas eta Leto Ybarra), Christian Salablanca Díaz, Marianna Simnett eta Eduardo Chillida berarenak ere bai.

Topalekuak izenak, alde batetik, gogora dakar Eduardo Chillidak 1964 eta 1974 artean egindako "Lugar de encuentros" seriea; hormigoizko eraikidura eseki handiek osatua, non latsarri zaharren arkitekturatik abiatuta, uraren zirkulaziori buruz jardun zuen hausnarketan Chillidak. Aldi berean, intuizioa ziurtasun bilakatzen den unera garamatza, artistak ideiekiko "topaketak" deitzen zuenera. Bestetik, nabarmentzekoa da Chillidak ezker eskuarekin marrazteko metodoa erabiltzen zuela bere trebetasun eta aurretiko ezagutzaren menpe egotea saihesteko. Horrek bide ematen zien bere emozioei eta sentsibilitateari bere lana gida zezaten.

Jarduteko modu hori, gaur egungo praktikatik begiratuta entzute aktibo deituko genukeena, materialekiko hartu-emanean, eta sentsazioetan eta pertzepzioetan oinarritzen zen. Chillidak honela zioen: "Esperientzia jakintzara bideratzen da. Pertzepzioa, berriz, jakitera". Hala, jakintzaren metaketa zalantzan jartzen duen ideia horretan inspiratuak dira, hain zuzen, erakusketa honetako proposamenetako asko. Eta hauekin batera Chillidak igeltsuz egindako bi pieza txiki daude ikusgai, 'Lugar de encuentros' seriekoen homonimoak, eta erakusketa-aretoan bisitariei ongietorria egingo dietenak.

Erakusketak espazio bat eratzea du helburu, hausnarketarako gune bat intuizioari buruz, bilaketa-lanerako elementu gisa, eta lekuarekiko loturari eta beste ezagutza-modu sentikor eta sentsorialago batzuei buruz, lan-metodologia gisa. Espazio honetan sortzen den elkarrizketak hainbat proposamen artistikotan du haria ―horietako lau ekoizpen berriak erakusketarako propio eginak― eta gogoeta zabalegoetara hedatzen dira materialtasunaren inguruan, lan-prozesuen inguruan, eta bizi garen testuinguruekin erlazionatzen garen moduaren inguruan.

Chillidarekin elkarrizketan

Josu Bilbaok (Bermeo, 1978), asàska elementu eskultorikoen multzoan, mintzamenaren fenomeno fonetiko/akustikoak esploratzen ditu, besteak beste azentua eta intonazioa, eta eskulturarekin erlazionatzen ditu intuizioaren bidez. Topalekuaken, Bilbaok ia gorputzak diren bolumen eskultorikoak sortu ditu jantziak hustutzetik. Euskarak bezala, bolumenek ez dute sustrai ezagunik, eta gabezia hori irudimenerako eta kontakizunerako aukera bihurtzen da. Hala, bolumen horien lekualdaketak ─artistak Artxandan (Bilbo) duen estudiotik erakusketaren espaziora─ instalazio bihurtu ditu, denboraren joanaren arrastoa eta elementu naturalen eraginak islatu dira berauetan. Horrek guztiak gogoeta egitera garamatza kolektibotasunari buruz, eta ahozkotasunak memorian eta transmisio kulturalean betetzen duen zereginari buruz.

Jufen [Beatriz Ortega Botas (Oviedo, 1990) eta Leto Ybarra (Madril, 1991)] Sokasalto instalazioa ꟷsoka, motor eta metakrilatoarekinꟷ gorputza eta hizkuntza bat uztartzen dituen ikerlan praktikoa da. Poesiaren puntuazioa erabiltzen dute lan-tresna gisa, hortik abiatuta ikertzeko hizkuntza nola sustraitu daitekeen, espazio espezifiko bati nola eragin diezaiokeen, eta nola garatzen den diskurtso bat denboran eta lekuan ainguratuta. Erakusketarako sortutako lana sokasalto motorizatu bat da, eta erakusketa-aretoko zorua ukitzen duen bakoitzean erritmo bihurtzen ditu puntuazio-zeinuak. Artefaktu honek gorputzaren presentziari eta hizkuntzan eragina duten botere-faktoreei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu, erritmoaren, espazioaren eta esanahiaren arteko harremanaren azterketa sakona eskainiz.

Maqueta para Homenaje a Hokusai lanean (1991), Eduardo Chillidak gogoeta egiten du lekuarekin lotutako eskulturaren ahalmen transformatzaileari buruz, ikuslea bertan ibiltzera gonbidatzen duena. Lan honetan, materiak lurra ukitzen du eta plano bertikalen pisuan agertzen da grabitatearen indarra; berari kontrajarriak dira Proyecto Lugar de Encuentros (1972 eta 1973), airean esekitzeko, lebitatzeko pentsatuak. Chillidaren lanean agertzen den dualtasun horrek, alderdi espiritual eta mistikoei ez ezik, inguruan dituen naturako elementuekiko hartu-emanari ere heltzen die, kontenplaziorako eta introspekziorako espazioak zehazteko duen ahalmena nabarmenduta.

Sheroanawe Hakihiiwe (Sheroana, Venezuela, 1971) artista venezuelarra Pori Porin bizi da, Amazonasko yanomami komunitatean. 1990eko hamarkadaz geroztik, bere herriaren ahozko memoria, kosmogonia eta antzinako tradizioak berreskuratzera bideratu du bere lana. Topalekuaken marrazki sorta bat aurkezten du, kosmobisio sakon bat aditzera emateko. Bertan, animalia, ibai eta landareen izaera espirituala narratiba sakratu batekin elkarlotzen da, naturarekiko funtsezko konexioa nabarmenduta.

Elena Aitzkoa (Apodaka, 1984) Zarandonako haranetik (Araba) lan egiten du. Han, oihartzuna entzuten da basoen eta ibaiaren artean, eta handik hitz egiten digu gorputzaren beraren esperientziaz, hustasuna sentitzean. Bere eskulturek ikuspegi sentsorial eta poetiko batez integratzen dituzte naturako elementuak. Lan-prozesu hori "irudia islan" bilatu nahiak markatutakoa izan da. Hala, Apodakako (Araba) latsarritik abiatu da paisaia bat eraikitzeko, erakusketa-gunean entzuten den ur isuriak zeharkatua. Paisaia horrek eskulturaren osagai diren marrazkiek eta naturako hondarrek gogora ekarritako izakien presentzia iradokitzen du.

Laia Estruchek (Bartzelona, 1981) abereen aska zaharrak berreskuratzen ditu Sibinan (2019) eta performancearen bidez aktibatzen ditu lehorreko egoera batetik uretako egoera batera igarotzeko, poema batek gidatuta. Ahozko tradizioan oinarritutako kontakizun bat eraikitzen du, hainbat emakume-irudi protagonista dituena. Gorputzaren eta ahotsaren mugimenduek urarekin eta eskulturekin hartu-emanean izandako bilakaeraren bidez, proiektuak kantu espiritual sorta bat editatzea du helburu, eta horrekin erritu bat ernaldu, giza izaeraren eta haren ingurunearen muinera eramango gaituena.

Christian Salablanca Díazen (Guararí, Costa Rica, 1990) Con las palmas de las manos, con las plantas de los pies (2024) osatzen duten piezek memoriaren aktibazioa esploratzen dute bibrazioaren bitartez. Musika-instrumentu xumeak erabiltzen ditu, Euskal Herriko eta Erdialdeko Amerikako soinu-tradizioak uztartzen dituztenak. Instrumentu horiek objektu eskultoriko gisa ageri dira, eta topaketaz hitz egiten digute, ez bakarrik kulturen artekoaz, baita espezieen arteko topaketaz ere. Landareen eta gizakien arteko koexistentzia islatzen dute, baina baita landareek elikatzen dituzten intsektuekiko koexistentzia ere, natura orekatzen duten gatazka horietan landareek bete lezaketen bitartekari-eginkizuna aditzera emanez.

Prozesu horretan, Eduardo Chillidaren marrazki begetalak (1946-1951) nabarmentzen dira, behaketa aktiboaren eta marrazkiaren bitartez natura esploratzeko bere nahia erakustean. Forma botanikoak ageri dira espazioan flotatzen, beren testuingurutik abstraituta, Salablanca Díazen objektu eskultorikoak edo Sheroanawe Hakihiiweren naturako izakiak bezala. Ezagutzeko bulkada hori Chillidaren Lurra [Lurra G-246 eta Lurra 81, (1983)] eta Oxidoak (Oxidoa 42, 1979) serieetan ere ageri da. Horietan, lurra erabiltzen du burdinaren eta hormigoiaren ordez, eta eskala aldatzen die monolito txikiagoak sortzeko. Egosketa-teknikak eta erabilitako pigmentuek eragina dute azken itxuran, artistari berari, askotan, kontrolaezin egiten zaiona.

Blue Moon (2022) kanal bakarreko ikus-entzunezko instalazioa da. Bertan, Marianna Simnettek (1986) emakume-irudi bat aurkezten du; Athenea garaikide bat da, baso urdin technicolor batean harrapatua. Bere gorputza etengabe eraldatzen da adimen artifizialeko algoritmo baten bidez. Hala, natura saturatu horrek ez du erromantizatua izan nahi; aitzitik, hausnarketa kritikorako gune izan nahi du, teknologian bere forma guztietan pentsatzeko, artisau-prozesuetatik hasi eta ordenagailuz sortutako horietaraino.

Jarduera-programa

Tabakalerak jarduera-programa zabala antolatu du erakusketaren inguruan.

  • Ekainak 20: 19:30 Sibina obraren performancea, Laia Estruch artistaren eskutik.
  • Uztailak 11: 19:00 Bisita gidatua Chillida Leku Museoko zuzendari Mireia Massaguérekin.
  • Uztailak 20: 12:00 Bisita gidatua Chillida Leku Museoko garapen-zuzendari Mikel Chillidarekin.
  • Urriak 4: 19:00 Sokasalto pieza aktibatuko du Jufek (Bea Ortega Botasek eta Leto Ybarrak).
  • Urriak 5: 12:00 Bisita gidatua erakusketaren komisario Soledad Gutiérrezekin.
  • Urriak 5: 13:00: Elena Aitzkoa artistak abestutako "Toda la noche ha llovido fuera" ekintza
  • Irailak 5 eta 26: Arte-makina, arte garaikidera hurbiltzeko ikastaroa Chillida Leku Museoko Hezkuntza eta Ikerketako arduradun Nausica Sánchezekin, eta Kanpoko bulegoarekin, landa-kulturaren eta lurraldearen inguruan aplikatutako pentsamenduaren artisau-lantegia.
  • Uztailak 3 - urriak 2 (uztailaren 31 izan ezik): Asteazkenetan, bi astean behin, bisita solasaldia 18:00etan gaztelaniaz eta 19:00etan euskaraz.
  • Uztailak 13, abuztuak 24 eta irailak 14: Kameleoiak gara! Familientzako arte-lantegia.


topalekuak
Christian Salablancaren obra.

Tabakalera | Puru-kaxen plaza, 1 - Donostia (Gipuzkoa)

Xehetasunak
Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00


zazpi-artista-garaikide-txillidarekin-elkarrizketan-jarri-ditu-tabakalerak
'Topalekuak' erakusketa, Donostiako Tabakaleran. Arg/ JON URBE - FOKU

Zazpi artista garaikide Txillidarekin elkarrizketan jarri ditu Tabakalerak

Eka. 22 | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Txillidaren idatzietatik eta 'Topagune' eskultura multzotik abiatuta, Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Laia Estruch, Sheroanawe Hakihiiwe, Juf, Christian Salablanca Diaz eta Marianna Simnett artisten piezak bildu dituzte erakusketa batean, Donostian.


Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.