Sota familia. Artea eta mezenasgoa
2024ko Ekainaren 21etik
2024ko Urriaren 13ra
Erakusketak Ramón de la Sota y Llanoren (1857-1936) bizitza gainbegiratzen du, Bilboko bilduma pribatuaren eta mezenasgoaren kapitulurik nabarmenenetako baten bultzatzailea izan baitzen XX. mendeko lehen hamarkadetan; hain zuzen, garai hartan, bulkada ekonomiko eta komertzial handia egon zen hirian eta lurraldean, eta indar horrek dinamismo handiko agertoki artistiko bat elikatu zuen, aldi berean.
Sota familia erabakigarria izan zen testuinguru ekonomiko horretan, enpresa-bilbe indartsu bat baitzuen, meatze-konpainietan, Sota y Aznar ontzi-enpresan, Euskalduna ontziolan eta beste banku- eta aseguru-sozietate garrantzitsu batzuetan oinarritua. Bildumagileak artearekiko zuen grinaren erakusgarri da bildutako multzo artistiko ospetsua. Horren barruan, Francisco de Goyaren Sorginen hegaldia lanak –Prado Museoak maileguan lagatakoa– ardatz kronologiko gisa jarduten du, besteak beste, Luis de Morales "Jainkotiarra", Grekoa, Cornelis van der Voort eta Juan Carreño de Miranda artisten antzinako arteko lanen eta Dario de Regoyos, Adolfo Guiard, Ramón Casas, Ignacio Zuloaga, Aurelio Arteta eta Antonio de Guezala egileen modernitateko lanen artean.
Sotak artearekiko zuen interesa bere familiari transmititzen jakin zuen, eta bildumak egiteko grinatik haratago joan zen; hala, adiskidetasuneko eta mezenasgoko harreman estuak egin zituen jardunean zeuden zenbait artistarekin. Bereziki aipatzekoa da Adolfo Guiard eta Ignacio Zuloaga margolariekin zuen lotura. Azkenik, nabarmendu behar da higiezinen sustatzaile gisa jardun zuela eta horrek ageriko kalitate- eta kosmopolitismo-arrastoa utzi zuela hiriaren gaur egungo ondasun arkitektonikoan eta ingurunean.
Hirurogei lanetik gorako aukeraketa baten bidez –margolanak, paper gaineko obrak, eskulturak, kartelak eta plano arkitektonikoak–, erakusketak argi islatzen du nolakoa zen Sotak sortutako bilduma, eta hark egindako eta haren seme-alaba batzuek –Alejandro, Ramón, Begoña eta Manuel de la Sota Aburto– eta beste zenbait senidek jarraitutako mezenasgo-lana erakusten du.
Katologoa argitaraturik
Erakusketarako, museoak katalogo bat argitaratu du kontu horiek aztertzeko, Javier Novoren (museoko Kontserbazio eta Ikerketa koordinatzailea eta erakusketaren komisarioa), Miriam Alzuriren (museoko Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea), Patricia Fernándezen (idazle eta ikertzailea) eta Maite Palizaren (Salamancako Unibertsitateko Artearen Historiako katedraduna, XIX.eta XX.mendeetako Arkitekturan espezializatua) saiakeren bidez.
Bilboko Arte Ederren Museoa | Museo Plaza, 2 - Bilbo (Bizkaia)
Sota familia. Artea eta mezenasgoa
Eka. 22 | Arte Ederren Bilboko museoa
Ramón de la Sota y Llanok antzinako eta garai modernoko arte-bilduma bikain bat egin zuen, eta bere bi egoitzetan banatu zuen kronologikoki: antzinako artea Bilboko Ibaigane Jauregian –Athletic Cluben egoitza 1988tik–, eta arte modernoa Lertegin zeukan egoitzan, hurbileko Getxoko udalerrian. Horren haritik Arte Ederren Bilboko museoan jarritako erakusketa urrira arte ikusgai izanen da.