Kataluniak 122 museoren bildumak gordeko ditu gordailu partekatu batean
Museoetan leku faltari aurre egiteko, Kataluniako Gobernuak 73 milioi euro inbertituko ditu Sant Fruitós de Bages-en biltegi komun handia eraikitzeko.

| 21 Octobre 2026
Joan den igandean, Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak, herrialdeko ehun bat museotako ordezkariekin batera, 2030erako Kataluniako Erreserba Nazionala hartuko duen eraikina bisitatu zuen, Sant Fruitós de Bages herrian, Bartzelonatik 60 bat kilometrora. 122 museok, publikoek zein pribatuek, beren bildumen zati bat hara eraman ahal izango dute, hau da, gaur egungo kalkuluen arabera, 140.000 objektu inguru.
Generalitateak osorik finantzatuko du 73 milioi euroko aurrekontuko proiektua. Museoek bildumak gordetzeko dituzten egiturazko beharrei erantzutea du helburu, eta, horretarako, 38.000 m²-ko espazio partekatua prestatuko da bildumen zati bat gordetzeko. Industriagune batean dagoen eraikina egokitzeko 23,5 milioi euro bideratuko dira; lurzorua eta eraikina erostea, berriz, 41 milioi euro ingurukoa izango da. Gainerako 8 milioi euroak P3 enpresari —logistika-higiezinetan espezializatuari— ordaindu beharreko espazioen alokairua estaltzeko erabiliko dira, lehen hiru urteetan.
Proiektu honen bidez, Generalitateko Kultura Sailak Kataluniako museo askori eragiten dien eta Gironako Museoen Sareak agindutako ikerketa batek agerian utzitako arazo zehatz bati irtenbidea eman nahi dio. 3CatInfo Kataluniako informazio-atariaren arabera, inkestaren emaitzek erakutsi zuten museoen %80k ez dituela biltegi nahikoa, biltegiratze-espazioen %60k ez dituztela baldintza egokiak eskaintzen, eta museoen laurden batek baino ez zuela bermatuta biltegiratze-espazio bat hurrengo hamar urteetarako.
Bildumen segurtasuna bermatzeko, eta museoetako bildumak lapurreten aurrean gero eta zaurgarriagoak direla nabari den honetan, eraikina Mossos d'Esquadra Kataluniako polizia autonomikoaren zaintzapean egonen da.
Espazio horren onuradun izango diren museoen artean daude Kataluniako Arte Museo Nazionala (MNAC), Tarragonako Arkeologia Museo Nazionala eta Banyoleseko Darder Museoa. Gordailuak bilduma nazionaletako artelanak ere hartuko ditu, baita poliziak konfiskatutako objektuak eta epaitegien zaintzapean utzitako ondasunak ere. Erakundeek doan edo tarifa sinboliko baten truke erabili ahal izango dute biltegiratze-zerbitzua, baldin eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte; baldintza horien artean, artelanen dokumentazioari buruzkoak daude.
Europako museoetako biltegien inguruko azterlan batean oinarrituta diseinatu da Kataluniako eredua, eta nazioartean aurreratuenetakoak diren bilduma partekatuen gordailuetan inspiratu da. Herbehereetako Amersfoort hiriko Collectie Centrum zentroak bezala, Kataluniako Erreserbak biltegiratze hutsetik harago joan nahi du, kontserbazio-, ikerketa- eta hedapen-jarduerak sustatuz, baita, baliteke, jendearentzako bisita gidatuak ere antolatuz.
Sant Fruitós de Bageseko espazioak Herbehereetako bere parekoak baino artelan kopuru askoz txikiagoa hartuko du —Herbehereetako zentroak 500.000 objektu inguru gordetzen ditu—. Hala ere, Kataluniako proiektua nabarmentzen da elkartuko dituen erakundeen kopuruagatik; izan ere, mota horretako ekimenek, oro har, hiru edo lau museo baino ez dituzte biltzen.
— JdA-tik ekarria.


















