artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Xabier Morras, margoz emandako lekukotasuna

Artista nafarraren atzera begirako erakusketa ireki dute Donostiako Kutxa Kubo aretoan. Morrasek 60 urtean egindako lana jaso dute, eta, margolanak ez ezik, lan prozesuetako material ugari ere bildu dute. Jesus Mari Lazkano izan da komisarioa.

xabier-morras-margoz-emandako-lekukotasuna
Xabier Morras artista, 'Cristo amordazado' (1972) instalazioaren aurrean, gaur Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]
| 24 Octobre 2026

"Edertasun ortodoxoenaren ertzetan bilatzen dudan edertasunaz hitz egiten dute nire margolanek. Margolan autobiografikoak dira, oharkabean gure begien aurretik desagertuz joan den garai baten lekukotzak". Duela 60 urte pasa heldu zien aurrenekoz pintzelei Xabier Morrasek (Iruñea, 1943), eta orain, egindako bide horri begira, "barne koherentzia" bat antzematen du artistak, begirada bera sakonean. "60 urtetik gora izan dira margotzen, eta nire ingurune biografiko, fisiko eta mentalekin izan dudan harremana bistaratzen dute. Itxuraz harreman hotzak, baina egiaz, oso hurbilekoak. Denek erantzuten diete begirada bati, nireari, zeina gelditu egiten den gehien erakartzen, obsesionatzen, hunkitzen duen horren aurrean".

Artistaren izen-abizenak daramatzan atzera begirakoa ireki dute Donostiako Kutxa Kubo aretoan, eta keinu horrek berak aurreratu dezake zein izan den helburua: euskal testuinguru artistikoko "figura nabarmenetako baten" lana ezagutaraztea eta eguneratzea. Ane Abalde Kutxa fundazioko Ekimen eta Edukien arduradunak erakusketarekin "zor historiko bat" kitatu duela argitu du horregatik. "Morrasek beti erakutsi du begirada arretatsu eta konprometitu bat inguruan izan duen errealitatearekiko. Haren lanek ez dituzte soilik espazioak eta paisaiak erakusten, baita gizartearen eraldaketak eta horren ondorioak ere", adierazi du. Erakusketan, batez ere, ibilbide luzeko margolaritzat aurkezten dute artista —zeina 1970eko hamarkadan "aitzindari" izan zen instalazio figuratiboen eremuan—, baina haren ibilbideko beste alderdi batzuk ere izan ditu gogoan Abaldek: Morrasen irakasle jarduna, Nafarroako Aurrezki Kutxaren kultur aretoan urte luzez egindako kudeatzaile lana eta hainbat belaunaldirengan utzi duen arrastoa.

"Nire lan guztiek erantzuten diete begirada bati, nireari, zeina gelditu egiten den gehien erakartzen, obsesionatzen, hunkitzen duen horren aurrean"

XABIER MORRAS Artista

Denera, Morrasen zazpi instalazio berregin, 30 pieza handi erakutsi eta ehun marrazki baino gehiago jasotzen ditu erakusketak, baita haren lan prozesuetako beste dokumentazio mordo bat ere. Izan ere, Jesus Mari Lazkano artista eta erakusketaren komisarioak nabarmendu duenez, hori da aurkeztu duten lanaren bereizgarrietako bat: Morrasen obraz gainera, haren sormen prozesuetara hurbiltzeko aukera. "Ikusiko dugu ez dela inoiz soilik prozesu material bat, batez ere prozesu intelektual bat baizik". Ideia hori erakusketa guztian bistaratu badute ere, sarreran jarri duten eremuan nabarmendu dute bereziki: erakusketaren estudioa berregin baitute bertan, artistaren liburutegiaren zati bat eta guzti.

Memoria historikoa, deserrotzea, nortasuna, hiria, landa eremuko kulturaren desagerpena eta kontakizun kolektiboen eraikuntza, besteak beste. Morrasen ibilbide osoan funtsezkoak izan diren gai horiek topatuko ditu bisitariak erakusketan, urtarrilaren 24ra bitartean.

"Ez diot inori opa"

Bere bizipenetatik hurbil kokatu du obra artistak, eta oso gogoan izan du zein girotan igaro zituen bizitzako lehen urteak. "1943an jaio nintzen, urtarrilean, Iruñean; ez diot inori opa", esan du, irribarrez. "Gizartea ezin biolentoagoa zen, tristura, beldurra eta isiltasuna ziren nagusi". Nafarroan ezagututako giro hura ez ezik —"diktadura frankistaren aurrean egindako salaketako eta erresistentziako margolanak dira asko"—, munduan orduan gori-gori zeuden"tragedien" eragina ere aipatu du artistak. "Horrek guztiak mundua hautemateko nire moduan eta nire formazio intelektual eta artistikoan eragin zuen.Nire inguruari —landaguneari eta hiriari— begiratzen dioten margolanak dira; begiratzen dutenak eta bizitza ikusten dutenak, gure begien aurretik desagertzen ari den bizi eredu bat".

Oro har, tamaina handiko lanak egin ditu Morrasek azken 60 urteetan, askotariko teknika eta prozedurak erabilita; pintura, argazkilaritza, instalazioa eta beste. Argitu du margoen tamaina ez dela ausazkoa, ikuslea "bildu" behar dutelako direla hain handiak. "Gaiak benetan harrapatzen banau, behar dut tamaina handi hori. Pentsatu Picassoren Gernika-n, adibidez: obra hori ez zen izango orain dena duen tamaina ez balu". Irizpide kronologikoari segitzen dio erakusketak, eta 1960ko eta 1970eko urteetako margolanak topatuko ditu bisitariak areto nagusian.Londres(1966-gaur egun) etaNew York(1973) serieetako lanak daude tartean, eta hiri horietara heldu zenean harengan eragin zuten inpresioa oroitu du artistak. "Londresen oso bizi zeuden gerrak eta bonbardaketek utzitako arrastoak".

"Kontzeptu tekno-zientifikoetan oinarrituta bagabiltza ere, badaude munduarekin erlazionatzeko beste modu batzuk: plastikoak, sormenezkoak, pertsonalki inplikatzearekin zerikusia dutenak"

JESUS MARI LAZKANO Erakusketako komisarioa

Haien ondoan, baina, ia sei metro altu den instalazio bat nabarmentzen da:Cristo amordazado(Kristo ahoa estalia). 1972ko Iruñeko Topaketa sonatuetarako egin zuen lan hura Morrasek, baina, garai hartako zentsura tarteko, ezin izan zuen osorik erakutsi, eta gerora ere bertsio "mutilatuekin" aurkeztu izan du. Hau da, bada, lehen aldia artistak obra hori sortzez pentsatu bezala erakusten duena. Hala oroitu du 1972ko hura: "Nafarroako Museoa gorde zuten inguruko artistontzat. Nik 30 urte inguru nituen, eta pentsatu nuen: 'Badakit zer ez dudan egingo: margolan bat pintatu eta horman eskegi'. Horren ordez, museoko patioa hartuko zuen lan hau egitea otu zitzaidan".

Morrasen ibilbidean "mugarri bat" ezarri zuen instalazio hark, eta "Espainiako lehen instalazio artistikotzat" ere hartu izan da. Berregin egin dute erakusketarako, eta berdin egin dute Morrasek 1973an Madrilgo Iolas Velasco galeriarako egin zuen instalazioarekin ere. Bost mikroinstalazioz osatutako dago —Manhattan Flesh, Up Town Manhattan, Encierro, Manhattan Horse I eta Manhattan Horse II—, baina artistak ez zuen inoiz aurkeztu.

Inplikatzearekin zerikusia

Morrasek bere lanean hasieratik uztartu duen "ikuspuntu kosmopolita" eta jatorriarekiko atxikimendua da beste interesgune bat, komisarioaren ustetan. Oso agerian uzten du uztarketa hori erakusketak: paisaia urbanoen inguruan daude MorrasekNavarra(1977-2007) seriearen barruan margotutako lanetako batzuk, areto nagusian; eta goiko aretoak ematen dio segida artistaren inguru familiar eta autobiografikoarekin lotuen dagoen eremu horri. "Hori da, beharbada, erakusketako lekurik samurrena", esan du artistak.Beste instalazio handi bat jarri dute bertan:Lakar: héroes anónimos(Lakar: heroi anonimoak, 1982). Neurri naturalean margotutako bi gizon ageri dira, lasto fardelen artean eta Lakarreko (Lizarra) monasterioaren atariaren aurrean. "Jende hori, bizi bainoago, ozta-ozta bizi izan zen".

"Gutxi" ekoitzi duen pintore bat dela aipatu du Morrasek, ingurukoen artean barre mesfidati bat eraginez. "Egia da; pintura nire jardun nagusia izan den arren, zentro kultural bat zuzendu dut hamazazpi urtez, irakasle izan naiz Arte Ederren fakultatean 30 urtez, eta, bestela ere, oso motela izan naiz beti nire obren elaborazioan. Asko itxaroten dut gai bat benetan interesatzen zaidala ziur egon arte". Adimen artifizialaren garaian, "esku hutsez margotutako" obra bistaratzen duen erakusketa bat dela nabarmendu du, "erreferente teorikoen beharrik gabe sentitua izateko pentsatua". Eta zera gehitu du Lazkanok horri lotuta: "Kontzeptu tekno-zientifikoetan oinarrituta bagabiltza ere, badaude munduarekin erlazionatzeko beste modu batzuk: plastikoak, sormenezkoak, pertsonalki inplikatzearekin zerikusia dutenak. Uste dut erakusketa honek oso ondo jasotzen duela munduaren aurreko jarrera hori".

xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 23 Octobre 2026
Au 07 Février 2027


get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

Du 12 Juin 2026
Au 01 Novembre 2026

au-sablier-de-l-air

Au sablier de l'air

Philippe Herbet

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

Du 01 Octobre 2026
Au 08 Novembre 2026

ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

Du 01 Octobre 2026
Au 17 Janvier 2027

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 21 Octobre 2026

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 21 Octobre 2026

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 18 Octobre 2026

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 16 Octobre 2026

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 15 Octobre 2026

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 14 Octobre 2026

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 Octobre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).