artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Gegoren geometria gardena

Gertrud Goldschmidt artistaren lau hamarkadako lana aztertzen duen atzera begirakoa zabalduko du bihar Bilboko Guggenheim museoak. 150 obra bildu dituzte, eta kronologikoki eta gaika antolatu.

gegoren-geometria-gardena
Gegok egindako erretikuluetako bat, Bilboko Guggenheim museoan ikusgai dagoen erakusketan. Arg/ OSKAR MATXIN EDESA - FOKU

Olatz Enzunza Mallona [BERRIA.eus]
| 8 Novembre 2023

Gego ezizenarekin egin zen ezagun mundu osoan Gertrud Goldschmidt artista (Hanburgo, Alemania, 1912 - Caracas, Venezuela, 1994). Emakume izateagatik, haren lana urte askoan egon zen ezkutuan, baina, orain, ikusgai jartzeko asmoz, artistaren lau hamarkadako ibilbidea agertzen duen erakusketa zabalduko du bihar Bilboko Guggenheim museoak: Gego. Infinitua neurtzen. Geaninne Gutierrez-Guimaraes aritu da komisario lanetan, eta artistak forma organikoen, egitura linealen eta abstrakzio modularren bidez egin zituen ekarpenak aztertzea izan da haren helburua: "Latinoamerikako artistarik esanguratsuenetako bat izan da Gego. Oso bide pertsonala garatu zuen, eta erakusketa hau aitortza bat da". Artistaren 150 lan bildu dituzte denera, eta hainbat diziplina uztartu; tartean, marrazkiak, grabatuak, ehunak, argazkiak eta eskulturak. Otsailaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Kronologikoki eta gaika antolatu dute erakusketa: 1950eko hamarkadako lanekin abiatzen da, eta 1990eko hamarkadaren hasierakoekin amaitzen. Ohi baino beranduago hasi zen Gego artearen munduan murgiltzen, komisarioak adierazi duenez. "Berez, arkitektura eta ingeniaritza ikasketak egin zituen, eta horretan jarduten zuen. 41 urterekin hasi zen arte sorkuntzan, baina ikasketek sekulako eragina izan zuten bere ibilbide artistiko osoan: lerroaren, espazioaren eta bolumenaren arteko harremana aztertzen zuen etengabe". Hasierako garai hartan, paisaiak margotzen zituen bereziki, eta agerikoa da hori aretoaren hasieran ikus daitezkeen irudietan: "Alemaniatik Venezuelara emigratu behar izan zuen Gegok 1939an, nazien jazarpenetik ihesi. Kostaldetik gertu bizi zen, eta ikusten zuen hori irudikatzen zuen".

Handik gutxira, baina, abstrakzioa lantzen hasi zen artista. Lerro paraleloak marrazten zituen, baina lerroetan baino gehiago, hutsuneetan jartzen zuen arreta, komisarioak azaldu duenez: "Ikusezina ikusgai bihurtzeko ariketa egiten zuen artistak". 1960ko hamarkadaren hasieran efektu optikoekin ere esperimentatu zuen: "Argiarekin, mugimenduarekin eta espazioarekin jolasten zen Gego, eta, hala, ilusio optikoak sortzen zizkion ikusleari". Horren erakusgarri dira Hamabi zirkulu zentrokide eta Lau plano gorri eskulturak, besteak beste: "Ikuslearen kokapenaren arabera, aldatuz doa eskulturaren pertzepzioa".

Handik gutxira, "garapen nabarmena" izan zuen artistaren obrak, komisarioaren hitzetan. 1963 eta 1970 bitartean, hain zuzen ere: "Los Angelesko litografia tailer batera gonbidatu zuten artista, eta estanpatzaile aditu bihurtu zen". Lerro paraleloetatik aldendu, eta sare itxurako egiturak egiten hasi zen pixkanaka. Ordukoak dira haren sorkuntza lanik ezagunenak: Erretikulareak. Alfredo Silva poetak olerki bat ere eskaini zien. Aretoaren erdigunean daude bilduma horretako lanak, bertikalki esekita. "Hauskortasuna, grabitatea eta gardentasuna" islatzen dituzte, komisarioak kontatu duenez: "Gegok esaten zuen ez zuela eskultura lantzen, haren lanek ez zutelako bolumenik, gardenak baitziren eta forma geometrikoz osatuta baitzeuden". Sasoi hartakoak dira Turrustak, Enborrak eta Esferak bildumako lanak ere. Metalezko elementu geometrikoz osatuta daude guztiak, eta konstelazioak iradokitzen dituzte.

Materialen nahasketa

Metalaz gainera, ehungintza ere landu zuen artistak. Bereziki, Titulurik gabea obrak pizten du arretarik handiena sail horretan. Sabaitik zintzilik dago, eta zuntz sintetikozko hariekin ondu zuen. "Lan horrek agerian uzten du elementu linealak nola erabil daitezkeen motibo abstraktuak sortzeko", azaldu du komisarioak.

Halaber, Paperik gabeko marrazkiak deituriko saila da Gegoren obra multzorik konplexuenetako bat, komisarioaren arabera: "Mugarri bat da bere bilakaera artistikoan". Alanbrez eta birziklatutako metal zatiz egindako eskultura minimalistak bildu zituen, eta horiek ere sabaitik zintzilik daude: "Gegok hormaren mende jarri zuen obra, eta itzalekin jolastu zen".

1980ko hamarkadaren amaieran egin zituen Gegok bere ibilbideko azken hiru sailak. Ehundurak izan zen horietako bat. Bi dimentsioko pieza txikiak marraztu zituen: "Azken urteetan, ohean igarotzen zituen ordu gehienak Gegok: aldizkarietatik eta liburuxketatik paper zatiak ebakitzen zituen, eta horiek uztartuta sortzen zituen lanak". Zomorroak eta Zomorrotxoak bildumei dagokienez, berriz, artistak alde batera utzi zituen forma finkoak eta zurrunak, eta egitura organiko irregularrak egiteari ekin zion: "Geometriaren, formaren eta erretikularen deformazioa eta erabateko kolapsoa adierazi zuten Gegoren ibilbidean". Material berreskuratuekin sortu zituen artistak pieza horiek.

Guggenheim museoak New Yorkeko museoarekin elkarlanean antolatu du Gego. Infinitua neurtzen erakusketa. New Yorken izan da ikusgai lehenik, eta otsailera bitarte bisitatu ahal izango da Bilbon.

Erakusketa jartzeaz gain, liburu ilustratu bat argitaratuko du Guggenheim museoak. Gegoren jardun artistikoari buruzko testuak biltzen ditu, erakusketako obren irudiekin nahastuta. Bestalde, didaktika proiektu bat ere abiarazi du museoak, erakusketaren osagarri gisa. Hitzaldiak, bisita bereziak, hausnarketak eta proiekzioak ere egingo dituzte, besteak beste.


l-urtu

[L]urtu

Myriam Gesalaga

Krisol aretoa (Zalla, Bizkaia)

Du 09 Septembre 2026
Au 20 Septembre 2026

kliskada-bat

Kliskada bat

Ivan Gomez

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

Du 10 Juillet 2026
Au 20 Septembre 2026

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 18 Septembre 2026

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 16 Septembre 2026

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 10 Septembre 2026

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 10 Septembre 2026

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).