Ez ulertzearen zoriontasuna
Aurrekoan Kyotoko Jidai Matsuri desfilea ikusteko aukera izan nuen. 2.000 lagun inguruk hartzen dute parte, jantzi historikoak soinean, mila urte atzera egiten duten adibideekin. Aho zabalik begiratzen genien mendebaldar guztiok kimonoei, armadurei, shozokuei, hantenei eta Interneten bilatu behar izan ditudan bestelako jantzi askori.

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 28 de Octubre 2026
Harrigarria da gauza bera estaltzeko zein bide desberdinak topatu ditugun munduko bi punta hauetan. Soilik praktikoa izanez gero, jantziak mundu osoan antzekoa izan beharko luke, baina ez: beti alderdi erabilgarriak dituen arren —ez dut uste hartzaren ilez egindako kapelak dekoratiboak soilik izango zirenik—, jantziarekin kultura bakoitzak gailur zentzugabeenera eramaten du bere sormena.
Bereziki liluratzen naute lurralde horretako buruko estalkiek, gehienak ez direlako praktikoak eta oso gogaikarriak diruditelako. Askok buruaren ataltxo bat bakarrik estaltzen dute, eta soka sistema konplikatu —eta ziur aski estu—bat erabiltzen dute burutik eror ez dadin. Gainera, isats antzeko bat dute, estalkiaren gainetik ateratzen den gogortutako oihal zati ondulatu bat, airean flotatzen geratzen dena. Zertarako? Ba, ezer praktikorako ez, noski. Zerbait sinbolizatzeko, Aita Santuaren tiarak bezala, edo Ingalaterrako errege familiaren ezkontzetan ikusten diren burukoek bezala. Baina zer sinbolizatzen duten? Auskalo.
Japoniara etortzetik gustatzen zaidana hori da, hain zuzen ere: ez dudala ezer ulertzen. Urteetan formalki zein informalki, artearen historiaren ikasketetan zein sozializatuz ikasi dudan guztiak gutxirako balio dit. Jakintza horien bitartez ulertu nahi badut zergatik izan behar duen emakumeen kimonoak urrian berdea kanpotik eta gorria barnetik, jai dut. Aldiz, elementu desberdinei begiratuz —parkeei, tenpluetako lorategiei, udazkenean atontzen dituzten te etxeei eta leku guztietan agertzen diren pintura eta dekorazioei—, asma dezaket astigarrek garai honetan dituzten koloreei aipamena egiten dietela, oraindik berde baitaude baina hosto gorri bakanak erakusten hasi baitira. Eta ulertzen dut gero, azaroan, kimonoa gorria izango dela.
Interpretazio hori erraza da eta asko pozten zara halakoetan, zerbait ulertu duzula sentitzen duzunean; are, kimono horren, tenpluko lorategiaren eta museoko bionboaren arteko harremana urtaroekiko miresmena dela konturatzen zarenean. Baina oraindik ez duzu ulertzen zer jartzen duen kaligrafian, zergatik ematen zaizkion bi buelta te berdearen potoari eta ez hiru, zergatik doazen emakume ederrak hildakoak balira bezala zuriz pintatuta. Guztiz ez ulertze horrek bultzatzen zaitu galdera gehiago egitera, eta ikasketa amaigabea da. Zelako zoriona halako jakinguran murgilduta biziko bagina beti.


















