artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Sistiaga, gogoan hartzeko pintzeladak

Ibilbide oparoa eginda, igandean (Ekainak 25) hil zen Jose Antonio Sistiaga margolari esprimentala, Ziburuko bere etxean, 91 urte zituela. Diziplina ugaritara hedatu zuen pintura, hala nola musikara eta zinemara.

sistiaga-gogoan-hartzeko-pintzeladak
Jose Antonio Sistiaga artista, 2016an, Donostiako San Telmo museoan, bere 1966 -2016 Gaur konstelazioak erakusketaren inaugurazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU

27 de Junio 2023 | Miren Mujika Telleria [BERRIA.eus]

"Margolaria banaiz, koadro honi esker naiz: Velazquezen Bredako errendizioa". Hala esan zion Jose Antonio Sistiaga margolari eta zinemagileak (Donostia, 1932) BERRIAri iaz, artistak eskainitako azken elkarrizketetako batean. Umea zela, koadro haren kopia bat ikusi zuen gurasoen lagun zen Linazasoro medikuaren etxean. "Gizon bat beste bati giltza bat ematen ikusten nuen, eta besteak ez ziola inoiz hartzen; joaten ginen bakoitzean ikusi nahi izaten nuen, ea halakoren batean hartzen zion. Umeen gauzak. Linazasororen aitonak egindakoa zen, eta haren margo kaxa bat oparitu zidaten. Hala erabaki nuen margolari izan nahi nuela". Etxekoek ez zioten sekula zaletasun harekiko eragozpenik jarri, eta Euskal Herriko artista esanguratsuenetako bat izatera helduko zen hala. Herenegun hil zen Sistiaga, 91 urte zituela. Ziburuko bere etxean (Lapurdi), bihotzeko baten ondorioz.

1966. urtean, beste hainbat artistarekin batera —Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza eta Jose Luis Zumeta—, Gaur euskal artista taldearen sortzaileetako bat izan izanak egin zuen ezagun Sistiaga, eta bera zen 2020az geroztik bizirik geratzen zen taldekide bakarra. Gaur taldearen helburua izan zen garai hartako molde estetiko eta artistiko konbentzionalak apurtzea eta abangoardia berri bat sortzea, baina bi urte soilik iraun zuen haren jardunak, kideen arteko desadostasunak zirela medio.

Seme bakarra zen Sistiaga, eta sendi errepublikazalekoa. Auzoko apaiz batek haren aita salatu ei zuen behin, eta hiru urteko espetxealdia bete zuen. Atera zenean tiro bat eman zioten, eta txiripaz salbatu ei zen. "Gaztetxoa nintzen, baina oroitzen dut amak esan zuela: 'Zure aitak arazoak izan ditu Meliton Manzanasekin'".

Donostiako San Telmo museoan egin zituen lehen urratsak artistak; antzinako lanen kopiak egiten hasi zen bertan. Parisera egin zuen gero, 1950eko hamarkadan, eta han egin zituen pintura ikasketak. Han "begiratzen eta gauzak ulertzen saiatzen" ikasi zuela kontatu zion 2007an urtean egunkari honi. Urte haietan ezagutu zuen Manuel Duque artista, eta haren lanak arrasto sakona utzi zuen Sistiagarengan. Hala, hamarkada hartan osatu zuen bere lehen erakusketa, pintura figuratibo eta abstraktuekin. Eivissara (Balearrak, Herrialde Katalanak) eta Donibane Lohizunera (Lapurdi) lekualdatu zen ondotik, lanerako inguru aproposago baten bila.

Bere obra ez da plastikora bakarrik mugatzen, sorkuntzarako zuen grinak hainbat sormen formatu praktikatzera eraman baitzuen; pinturaz gain, musika, zinema eta performancearen eremuak arakatu zituen, ZAJ taldeko kide izan zen —Esther Ferrerrekin batera, besteren artean—, eta haurrekin ere lan egin zuen, pasioz oroitzen zuena. "Haiek zuten haiek inteligentzia eta sentsibilitatea. Egiten zituzten galderengatik eta euren artean esaten zutenarengatik jakin nuen hori. Asko gustatu zitzaizkidan gazte haien jakin-mina eta fintasuna. Opari handi bat izan zen".

Hala ere, oroz gain, margolaritzat zeukan bere burua artistak, eta haren koadroen artetik nabarmentzen diren lanen artean daude, besteak beste, Estructura abierta (1958), Retrato magico, mujer y espejo (1959), Espacio y Energia (1961), Las cuatro estaciones (1970), Serie Retorno al Bosque (1970) eta Otro paisaje vasco (1977-1979).

Zeluloidean artelanak

Urte emankor batzuen ondotik, 1965ean sortzeari utzi zion Sistiagak, ikerketa esperimentalean eta pentsamendu teorikoan zentratzeko. Hiru urte iraun zuen etenak, eta zinemarekin itzuli zen lan artistikora, 1968an. Orduan eman zuen argitara Ere erera baleibu izik subia aruaren film abstraktu eta psikodelikoa. 75 bat minutu irauten duen lana da, eta kamerarik gabe dago egina, zuzenean zeluloide gainean pintura ezarrita. Proposamen apurtzailea izan zen sasoian, eta hark ekarri zion nazioarteko ospea Sistiagari. Are, zinema abstraktuaren historian parekorik ez duen lan bat da oraindik filma. Jean-Michel Bouhoursek, Parisko Pompidou museoko zuzendari zenak, filmaren kopia bat erosi zuen museorako.

Zeluloidea zuzenean margotzearen teknika bere ibilbideko aurkikuntza esanguratsuenetakotzat oroitzen zuen artistak: "Deskubrimendu bat izan zen niretzat zeluloidea margotu zitekeela jakitea, Parisen zinemara joan eta pelikularen aurretik pintatutako film labur bat bota zutenean. Txinako koloretako tinta erosi eta hain euskarri mehea pintatzea bera interesatu zitzaidan". Hala ere, materiala aldatu arren, pintatzearen ekintza bera ez zela aldatzen uste zuen. "Berdin jokatzen dut kartoia, tela edo zeluloidea izan margotzen dudana".

Gustuko zuen sortzeko bide berriak probatzea, eta hala egin zituen laurogei urte lanean. Bide luze horren erakusleiho gisa, De rerum natura erakusketa jarri zuen ikusgai Kutxa Kubok iaz. Naturarekiko zuen begirada islatzen zuen erakusketak, zeina Bouhoursentzat "ageriko hari eroale bat" zen haren obran. Hala pentsatu zuen artistak erakusketa lehen aldiz ikusi ondotik: "Eskerrak oso areto handia den eta mota askotako koadroak sartu ahal izan diren. Nik hiru metro eta erdiko edo bost metroko koadro gehiago nahi nituen; hemen [etxean] berrogei bat izango ditut, kiribilean gordeta. Baina, tira, gustatu zait nola gelditu den". Hain justu, Bouhours aritu zen erakusketa hartan komisario lanetan.

Hainbat tokitan daude hark egindako lanak, hala nola Bilboko Arte Ederren museoan, San Telmo museoan, Gasteizko Arte Ederren museoan, Madrilgo Reina Sofia, Arte Zentroaren Museo Nazionalean eta Parisko Cinematheque Françaisen.

Arte Ederren fakultateak

Maiz kritikatu izan ditu Arte Ederren fakultateak, eta, horren gainean galdetuta, itzulingururik gabe erantzun zion BERRIAri: "Ez zaizkit inoiz interesatu. Parisen amaren lagun pintore baten etxean bizi izan nintzen, eta hango Arte Ederretan sartzen lagundu zidan". Nolanahi ere, hilabete pasa baino ez zen egon bertan, han ikasten zuena San Telmoko koadroak kopiatzen ere ikasi zezakeelakoan. "Niretzat hori zen ikasteko modua, eta ez irakasle baten teknikari segitzea. Museo xumeenetan ere beti daude kalitatezko obrak, eta nahiago izan dut horiek izan irakasle. Are, nahiago dut koadro baten irakaspena, koadroa egin duenarena baino". Hain justu, hala ezagutu zuen Rafael Ruiz Balerdi, 14 bat urte zituela. "Horrek irakasle baten azalpenek baino gaitasun hobea eman zigun gauzak ulertzeko".

Azken urteetan errepikatzen zuenez, pinturan topatu zuen babeslekurik handiena. "Hor sartzen naiz beste mundu edo lurralde batean. Eguneroko bizitzan, ordea, egon behar dudan ororekin egoten naiz. Neure burua ez dut bakartzen, mundua interesatzen ez zaidalako. Kontrakoa".

Jose Antonio Sistiaga, 'Gaur' taldekoen artetik bizi zen artista bakarra

Paulo Ostalaza [BERRIA.eus]

Hil zaigu Jose Antonio Sistiaga artista eta zinemagilea (Donostia, 1932 - Ziburu, Lapurdi, 2023), Ziburuko bere etxean, bihotzeko baten ondorioz. 91 urte zituen. Ezaguna da, besteak beste, 1966. urtean Gaur euskal artista taldearen sortzaileetako bat izan zelako Amable Ariasekin, Rafael Ruiz Balerdirekin, Nestor Basterretxearekin, Eduardo Txillidarekin, Remigio Mendibururekin, Jorge Oteizarekin eta Jose Luis Zumetarekin batera. Haien artetik bizirik zen bakarra zen.Iaz, BERRIAri emandako azken elkarrizketan, hitz egin zuen talde hartaz: "Oteizak jarri zion izena, baina nirea izan zen ideia; egun bakarrean abisatu genituen kide guztiak", oroitu zuen. Taldearen helburua zen garai hartako molde estetiko eta artistiko konbentzionalak apurtu eta abangoardia berri bat sortzea, baina bi urte soilik iraun zuen haren jardunak, kideen arteko desadostasunak tarteko.

Ikusi gehiago: "Ez dut margotu nahi aurrez imajinatu dezakedana"

Sistiagaren ibilbidea, ordea, luzea izan da. Parisen egin zituen pintura ikasketak eta, 1955. eta 1964. urteen artean hango eta Euskal Herriko tendentziak nahasteagatik nabarmendu zen. Handik itzulitakoan ezarri zuen Lapurdi bizileku eta lantoki. Azken hamarkadetan, balio handiko hainbat margolan egin ditu, baita hamar bat film ere, gehienak pinturazkoak. Sistiagaren Ere erera baleibu izik subia aruaren (1968) eskuz margotutako film luze artistiko esperimental bakartzat jotzen da oraindik.


stmren-galarza-argazki-funtsa

STMren Galarza argazki funtsa

Gregorio González Galarza, Carmelo González Campano

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 26 de Octubre 2024
Al 23 de Enero 2025

paper-cuts

Paper cuts

Stephen Webb

Loiola Kultur Etxea (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 20 de Diciembre 2024
Al 20 de Febrero 2025

fernando-perezek-azkuna-zentroko-zuzendaritza-utzi-du

Fernando Perezek Azkuna zentroko zuzendaritza utzi du

13 de Dic. | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Bilboko zentroak ohar bidez jakinarazi duenez, Perezek "borondatez" egin dio uko karguari. Dena den, hainbat komunikabidek azken asteotan aipatu dute tirabirak izan direla Bilboko Udalaren eta zentroko zuzendaritzaren artean.

rodriguez-eta-perez

Rodriguez eta Perez

13 de Dic. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Perezek dimisioa eman zuen egunean entzun nuen Caixabank dela [espainiar] estatuan etxebizitza gehien dituen enpresa. Gure herrian, eta Guggenheim efektuaren ondorioz, balio propioak zituen alderdi baliotsua izatetik zerbitzuak elikatu behar dituen tresna ekonomiko izatera pasatu da kultura.

isilpeko-lapurreta

Isilpeko lapurreta

13 de Dic. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Google irekitzerakoan zerrendatzen zaizkidan ausazko berrien artean agertu zitzaidan SER irratiarena: tentsioa omen dago Azkuna zentroko zuzendaritzaren eta Bilboko Udalaren artean La Caixa fundazioaren proiektu baten harira.

sorkuntzari-ate-irekiak-tabakaleran

Sorkuntzari ate irekiak, Tabakaleran

| 11 de Diciembre 2024

Tabakalerak sorkuntza sustatzeko egiten duen lana ezagutzeko aukera emango duen asteburuan murgiltzera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Ate irekien jardunaldiak abenduaren 13an eta 14an izango dira eta, besteak beste, artisten estudioak, tailerrak, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzertuak izango dira.

epika

Epika

04 de Dic. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Ez dira lirikarako garaiak. Denak zirraragarria eta ikusgarria izan behar du, nahiz eta segundo gutxi iraun. Aurreko astean graduazio ekitaldiei buruz hitz egiterakoan konturatu nintzen emozioak ukitzeko gauzak eskatzen ditugula.

inigo-garces-hautatua-izan-da-uharte-zentroaren-eskola-lurraldea-2024-25erako

Iñigo Garcés hautatua izan da Uharte Zentroaren Eskola Lurraldea 2024-25erako

| 4 de Diciembre 2024

Eskola Lurraldeak 2024-25 ikasturterako deialdiaren ebazpena Iñigo Garcésen proiektuaren aldeko izan da. Egitasmoa hiru ardatz nagusitan oinarritzen da: etnobotanika, landare autoktonoen azterketa; soinua, murmurioen eta musikaren esplorazio artistikoa; eta serigrafia naturala, tindagai naturalak inprimatzeko erabiliz.

artium-museoak-juncal-ballestin-artxiboa-plazaratu-du-artistaren-dokumentu-ondareari-buruzko-argitalpena

Artium Museoak 'Juncal Ballestín. Artxiboa' plazaratu du, artistaren dokumentu-ondareari buruzko argitalpena

| 3 de Diciembre 2024

Liburuan Juncal Ballestini buruzko eskuizkribuak eta testuak erreproduzitu dira, baita Marta Gonzálezekin batera bitxien diseinuan egindako lanei, diseinu grafikoari, espazio eszenikoari eta obra publikorako proiektuei buruzko dokumentazio grafiko zabala ere. Juncal Ballestín Artxiboa Anesvad Fundazioak Artium Museoari dohaintzan emandako artistaren ondarearen parte da.

kolono-europarrek-afrikan-lapurturiko-500-000-artelanak-itzultzeko-ariketa-nekeza

Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

02 de Dic. | Jenofa Berhokoirigoin [ARGIA.eus]

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako herriek.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).