artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Sistiaga, gogoan hartzeko pintzeladak

Ibilbide oparoa eginda, igandean (Ekainak 25) hil zen Jose Antonio Sistiaga margolari esprimentala, Ziburuko bere etxean, 91 urte zituela. Diziplina ugaritara hedatu zuen pintura, hala nola musikara eta zinemara.

sistiaga-gogoan-hartzeko-pintzeladak
Jose Antonio Sistiaga artista, 2016an, Donostiako San Telmo museoan, bere 1966 -2016 Gaur konstelazioak erakusketaren inaugurazioan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Miren Mujika Telleria [BERRIA.eus]
| 2023ko Ekainaren 27a

"Margolaria banaiz, koadro honi esker naiz: Velazquezen Bredako errendizioa". Hala esan zion Jose Antonio Sistiaga margolari eta zinemagileak (Donostia, 1932) BERRIAri iaz, artistak eskainitako azken elkarrizketetako batean. Umea zela, koadro haren kopia bat ikusi zuen gurasoen lagun zen Linazasoro medikuaren etxean. "Gizon bat beste bati giltza bat ematen ikusten nuen, eta besteak ez ziola inoiz hartzen; joaten ginen bakoitzean ikusi nahi izaten nuen, ea halakoren batean hartzen zion. Umeen gauzak. Linazasororen aitonak egindakoa zen, eta haren margo kaxa bat oparitu zidaten. Hala erabaki nuen margolari izan nahi nuela". Etxekoek ez zioten sekula zaletasun harekiko eragozpenik jarri, eta Euskal Herriko artista esanguratsuenetako bat izatera helduko zen hala. Herenegun hil zen Sistiaga, 91 urte zituela. Ziburuko bere etxean (Lapurdi), bihotzeko baten ondorioz.

1966. urtean, beste hainbat artistarekin batera —Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza eta Jose Luis Zumeta—, Gaur euskal artista taldearen sortzaileetako bat izan izanak egin zuen ezagun Sistiaga, eta bera zen 2020az geroztik bizirik geratzen zen taldekide bakarra. Gaur taldearen helburua izan zen garai hartako molde estetiko eta artistiko konbentzionalak apurtzea eta abangoardia berri bat sortzea, baina bi urte soilik iraun zuen haren jardunak, kideen arteko desadostasunak zirela medio.

Seme bakarra zen Sistiaga, eta sendi errepublikazalekoa. Auzoko apaiz batek haren aita salatu ei zuen behin, eta hiru urteko espetxealdia bete zuen. Atera zenean tiro bat eman zioten, eta txiripaz salbatu ei zen. "Gaztetxoa nintzen, baina oroitzen dut amak esan zuela: 'Zure aitak arazoak izan ditu Meliton Manzanasekin'".

Donostiako San Telmo museoan egin zituen lehen urratsak artistak; antzinako lanen kopiak egiten hasi zen bertan. Parisera egin zuen gero, 1950eko hamarkadan, eta han egin zituen pintura ikasketak. Han "begiratzen eta gauzak ulertzen saiatzen" ikasi zuela kontatu zion 2007an urtean egunkari honi. Urte haietan ezagutu zuen Manuel Duque artista, eta haren lanak arrasto sakona utzi zuen Sistiagarengan. Hala, hamarkada hartan osatu zuen bere lehen erakusketa, pintura figuratibo eta abstraktuekin. Eivissara (Balearrak, Herrialde Katalanak) eta Donibane Lohizunera (Lapurdi) lekualdatu zen ondotik, lanerako inguru aproposago baten bila.

Bere obra ez da plastikora bakarrik mugatzen, sorkuntzarako zuen grinak hainbat sormen formatu praktikatzera eraman baitzuen; pinturaz gain, musika, zinema eta performancearen eremuak arakatu zituen, ZAJ taldeko kide izan zen —Esther Ferrerrekin batera, besteren artean—, eta haurrekin ere lan egin zuen, pasioz oroitzen zuena. "Haiek zuten haiek inteligentzia eta sentsibilitatea. Egiten zituzten galderengatik eta euren artean esaten zutenarengatik jakin nuen hori. Asko gustatu zitzaizkidan gazte haien jakin-mina eta fintasuna. Opari handi bat izan zen".

Hala ere, oroz gain, margolaritzat zeukan bere burua artistak, eta haren koadroen artetik nabarmentzen diren lanen artean daude, besteak beste, Estructura abierta (1958), Retrato magico, mujer y espejo (1959), Espacio y Energia (1961), Las cuatro estaciones (1970), Serie Retorno al Bosque (1970) eta Otro paisaje vasco (1977-1979).

Zeluloidean artelanak

Urte emankor batzuen ondotik, 1965ean sortzeari utzi zion Sistiagak, ikerketa esperimentalean eta pentsamendu teorikoan zentratzeko. Hiru urte iraun zuen etenak, eta zinemarekin itzuli zen lan artistikora, 1968an. Orduan eman zuen argitara Ere erera baleibu izik subia aruaren film abstraktu eta psikodelikoa. 75 bat minutu irauten duen lana da, eta kamerarik gabe dago egina, zuzenean zeluloide gainean pintura ezarrita. Proposamen apurtzailea izan zen sasoian, eta hark ekarri zion nazioarteko ospea Sistiagari. Are, zinema abstraktuaren historian parekorik ez duen lan bat da oraindik filma. Jean-Michel Bouhoursek, Parisko Pompidou museoko zuzendari zenak, filmaren kopia bat erosi zuen museorako.

Zeluloidea zuzenean margotzearen teknika bere ibilbideko aurkikuntza esanguratsuenetakotzat oroitzen zuen artistak: "Deskubrimendu bat izan zen niretzat zeluloidea margotu zitekeela jakitea, Parisen zinemara joan eta pelikularen aurretik pintatutako film labur bat bota zutenean. Txinako koloretako tinta erosi eta hain euskarri mehea pintatzea bera interesatu zitzaidan". Hala ere, materiala aldatu arren, pintatzearen ekintza bera ez zela aldatzen uste zuen. "Berdin jokatzen dut kartoia, tela edo zeluloidea izan margotzen dudana".

Gustuko zuen sortzeko bide berriak probatzea, eta hala egin zituen laurogei urte lanean. Bide luze horren erakusleiho gisa, De rerum natura erakusketa jarri zuen ikusgai Kutxa Kubok iaz. Naturarekiko zuen begirada islatzen zuen erakusketak, zeina Bouhoursentzat "ageriko hari eroale bat" zen haren obran. Hala pentsatu zuen artistak erakusketa lehen aldiz ikusi ondotik: "Eskerrak oso areto handia den eta mota askotako koadroak sartu ahal izan diren. Nik hiru metro eta erdiko edo bost metroko koadro gehiago nahi nituen; hemen [etxean] berrogei bat izango ditut, kiribilean gordeta. Baina, tira, gustatu zait nola gelditu den". Hain justu, Bouhours aritu zen erakusketa hartan komisario lanetan.

Hainbat tokitan daude hark egindako lanak, hala nola Bilboko Arte Ederren museoan, San Telmo museoan, Gasteizko Arte Ederren museoan, Madrilgo Reina Sofia, Arte Zentroaren Museo Nazionalean eta Parisko Cinematheque Françaisen.

Arte Ederren fakultateak

Maiz kritikatu izan ditu Arte Ederren fakultateak, eta, horren gainean galdetuta, itzulingururik gabe erantzun zion BERRIAri: "Ez zaizkit inoiz interesatu. Parisen amaren lagun pintore baten etxean bizi izan nintzen, eta hango Arte Ederretan sartzen lagundu zidan". Nolanahi ere, hilabete pasa baino ez zen egon bertan, han ikasten zuena San Telmoko koadroak kopiatzen ere ikasi zezakeelakoan. "Niretzat hori zen ikasteko modua, eta ez irakasle baten teknikari segitzea. Museo xumeenetan ere beti daude kalitatezko obrak, eta nahiago izan dut horiek izan irakasle. Are, nahiago dut koadro baten irakaspena, koadroa egin duenarena baino". Hain justu, hala ezagutu zuen Rafael Ruiz Balerdi, 14 bat urte zituela. "Horrek irakasle baten azalpenek baino gaitasun hobea eman zigun gauzak ulertzeko".

Azken urteetan errepikatzen zuenez, pinturan topatu zuen babeslekurik handiena. "Hor sartzen naiz beste mundu edo lurralde batean. Eguneroko bizitzan, ordea, egon behar dudan ororekin egoten naiz. Neure burua ez dut bakartzen, mundua interesatzen ez zaidalako. Kontrakoa".

Jose Antonio Sistiaga, 'Gaur' taldekoen artetik bizi zen artista bakarra.

Paulo Ostalaza [BERRIA.eus]

Hil zaigu Jose Antonio Sistiaga artista eta zinemagilea (Donostia, 1932 - Ziburu, Lapurdi, 2023), Ziburuko bere etxean, bihotzeko baten ondorioz. 91 urte zituen. Ezaguna da, besteak beste, 1966. urtean Gaur euskal artista taldearen sortzaileetako bat izan zelako Amable Ariasekin, Rafael Ruiz Balerdirekin, Nestor Basterretxearekin, Eduardo Txillidarekin, Remigio Mendibururekin, Jorge Oteizarekin eta Jose Luis Zumetarekin batera. Haien artetik bizirik zen bakarra zen.Iaz, BERRIAri emandako azken elkarrizketan, hitz egin zuen talde hartaz: "Oteizak jarri zion izena, baina nirea izan zen ideia; egun bakarrean abisatu genituen kide guztiak", oroitu zuen. Taldearen helburua zen garai hartako molde estetiko eta artistiko konbentzionalak apurtu eta abangoardia berri bat sortzea, baina bi urte soilik iraun zuen haren jardunak, kideen arteko desadostasunak tarteko.

Ikusi gehiago: "Ez dut margotu nahi aurrez imajinatu dezakedana"

Sistiagaren ibilbidea, ordea, luzea izan da. Parisen egin zituen pintura ikasketak eta, 1955. eta 1964. urteen artean hango eta Euskal Herriko tendentziak nahasteagatik nabarmendu zen. Handik itzulitakoan ezarri zuen Lapurdi bizileku eta lantoki. Azken hamarkadetan, balio handiko hainbat margolan egin ditu, baita hamar bat film ere, gehienak pinturazkoak. Sistiagaren Ere erera baleibu izik subia aruaren (1968) eskuz margotutako film luze artistiko esperimental bakartzat jotzen da oraindik.


nicolas-deshayes

Nicolas Deshayes

Champ Lacombe galeria (Biarritz, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 18tik
2026ko Irailaren 05era

paraleloak-eta-meridianoak

Paraleloak eta meridianoak

Iberdrola bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 29tik
2026ko Agorrilaren 30era

barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.