artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ibon Aranberri: "Harakiri bat izan da ia-ia"

Madrilgo Reina Sofian atzera begirakoa irekiko du asteartean. 30 urteko ibilbidearen ohiko errepaso batetik urrun, lanen eguneraketa bat prestatu du. Handik Gasteizera iritsiko da ondoren erakusketa, Artiumera.

ibon-aranberri-harakiri-bat-izan-da-ia-ia
Ibon Aranbarri, Itziarren (Deba). Arg/ GORKA RUBIO - FOKU

30 de Noviembre 2023 | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Nazioartean oihartzun handienetakoa duten euskal artistetako bat da Ibon Aranberri, baina, "artista bezala", hau da argazkitan Itziarren ateratzen den aurreneko aldia, eta keinua nabarmendu du. Dioenez, denbora darama "kanpotik eraikitzen den artista identitatetik" iheska, baina, aldi berean, datozen asteetan Madrilgo Reina Sofia museoan bere izena ikusiko du handi-handi, eta "kontraesan hori kudeatzen" igaro ditu erakusketa lantzen egon den hiru urteak. "Baina horiek nire barne sentipenak dira; beste gauza bat da han zer egongo den", esan du. Eta egongo dena zera da: azken 30 urteetan Aranberrik egindako lanen eguneratze eta elkarrizketa bat. 50 bat lan dira denera; formatuak, askotarikoak —"pintura ez, beste guztiak"—. Martxoaren 11ra arte egongo da erakusketa Madrilen, Vista Parcial izenpean; Gasteizko Artiumera iritsiko da gero, apirilean.

Nola heltzen da halako tamainako erakusketa bat?

Badaude aurrekari batzuk. 2010ean egin nuen erakusketa berezi bat, Silosko monasterioan [Burgosen, Espainia], eta programa hura Reina Sofia museoak kudeatzen zuen. Balio izan zuen hizketan hasteko, eta handik urtebetera beste erakusketa bat egin nuen, bakarkakoa, Bartzelonan, Tapies fundazioan, eskala horretan izan dudan bakarra. Gero, irakasle ibili nintzen Eskandinavian, baina lan asko handik datoz.

Ekoizpen berririk badago?

Ez, baina horrek ez du esan nahi berrikuntzarik ez dagoenik. Gehiago dira genealogiak, eta erakusketa honen bereizgarria hori izango da: lanen artean ez dago sorpresarik; lan horien eguneratzean dago saiakera nagusia.

Nolatan hori?

Atzera begirakoaren formatuak nolabaiteko kontsakrazio bat ematen dizu, baina artistok nahi duguna bizirik jarraitzea da. Atzera begirakoetan, ohikoa izaten da lan zaharrak eta zerbait berria aurkeztea, baina berri horrek besteak zahartzen ditu, nire ustez ez dena egokia; lanak bizirik dauden heinean ez direlako egonkortzen. Hor mutazio moduko batzuk izan dira, eta lan batek bestera zaramatza… Lan hauek batera ez ditut sekula jarri, eta niretzat, emozionalki, ez da erraza leku horietara bueltatzea.

Nire mamua beti da erakusketa artistaren ispilu bihurtu nahi izatea: "Hau naiz ni" esatea. Nola mantendu zure hauskortasuna, zure poetika pertsonalak, eta, aldi berean, halako leku erraldoi batean agertu. Erakusketaren funtsa tentsio hori da. Nire erronka guztien erdigunean kokatu dut, eta harakiri bat izan da ia-ia. Horregatik saiatu naiz lanak desegonkortzen, eta ez jartzen modu kanoniko eta afirmatibo batean.

Zer beste erabaki ekarri du horrek?

Bat izan da erakusketaren ibilbidea ez izatea kronologikoa eta izatea asinkronikoa. Nire lana ez da inoiz izan konstantea, mila istoriotan ibili naiz, eta ez dut ulertzen artistaren praktika produktorearen zentzuan. Erakusketa eratzen duena ez da hainbeste lanen izaera, baizik lanen antolaketa, haien arteko erlazionalitatea. Hamabi bat salaz osatuta dago, eta horrek ere, halabeharrez, ezartzen dizu eginbide bat.

Pisu nabarmena duen erakunde bat da Reina Sofia. Nola ikusten duzu zuk?

Uste dut kasu paradoxikoa dela. Badu oso kutsu mainstream-a, baina azken hamabost urteetan egon den zuzendariak, Manuel Borja-Villelek, lortu du, onartuz lekuaren izaera boteretsu hori, bestelako narratiba batzuk txertatzea: historia postkoloniala, feminismoa, modernitatearen kritika, kritika instituzionala… Esango nuke nire erakusketa hortik ere badatorrela. Beste kontu bat da hori zenbateraino sostengatzen den, eta gainetik dauden geruzak ez ote diren zurrunagoak. Baina, programatikoki, kasu berezi bat da niretzat.

Borja-Villel eta Artiumeko zuzendari Beatriz Herraez izan dira, hain justu, Vista parcial-en komisarioak. Nola lotuko dira Madrilgo eta Gasteizko erakusketak?

Erakusketa bat da, lanak bertsuak izango direlako, baina erakusketa oso ezberdinak izango dira. Argitalpen bat ere egongo da, eta testu ekarpenetan bi alde jasoko ditu: Miren Jaiorena —eta berak ia-ia espazio intimo batetik idazten du—, eta testuingurua ezagutzen ez duen norbaitena. Interesatzen zait hori, arteak funtzionatzen duelako artistaren intentzioez harago. Era berean, artelanen nolabaiteko polisemia bat defendatzen dut; gauza batzuk modu batean ulertuko dira Madrilen, eta beste modu batean Gasteizen.

Modernitateak egoera simultaneoak sortu ditu munduan zehar, nahiz eta elkarren kontzientziarik ez izan. Nik, nire ibilbidean, irrika berezi bat izan dut modernitatearen tradizioari buruz. Nahiz eta gu ez izan horren parte guztiz. Eta hor dago gaur egungo kritika ere; modernitatea oso eraikuntza maskulino eta totemikoa izan da, mendebaldarra, maila batean; denbora behar izan dugu aurkitzeko modernitate periferikoak, eta ulertzeko gu ere ez ote garen periferia horren parte.

Gu esaten duzunean, zeinetaz ari zara?

Euskal Herria, esate baterako. Uste dut modernitatearen bulkada horrek bazuela nahi unibertsalista bat sinesten zuena artea geografiaz haragoko hizkuntza bat izan zitekeela. Oso kritikagarria, baina esango nuke nire lanak izan duela irrika hori; ziur aski, abstrakziorako joera batean antzematen da. Abstrakziorako tradizioa eta arte kontzeptuala izan dira bi mutur niri lagundu didatenak nire burua kokatzen, korapilo guztiekin.

Beste paradoxa bat da Lemoizko proiektu burutugabea izatea zure lan ezagunenetako bat. Suzko loreak bota nahi zenituen zentral nuklearraren gainean, baina ez zen posible izan azkenean. Zer harreman duzu harekin?

Hor momentu bat izan zen Bilbon, Consonni proiektuaren sorreran. Proiektu bat egin behar nuen. Bi ikur hartu nituen —Guggenheim, Bilbo berria, eta Lemoiz, mapatik desagertua izan zena—, eta ideia zen ikustea ze elkarrizketa mota sor nezakeen bien artean. Gero, pentsatu dut: "Gutxiagorekin ezin zinen konformatu?" [barreak]. Momentu fuertea izan zen: atzerrian bizitzetik nentorren, mende aldaketa, krisi aurreko urteak, ETAren azken-aurreko su-etena… ematen zuen edozer zela posible. Ikasketa prozesu handia izan zen, baina guztiz ezinezkoa. Halere, saiakera bera oso inportantea zen; mugak ukitzeko saiakera bat. Eta kobazuloa ixtearena, berdin [2007an, haitzulo baten sarrera tapatu zuen xafla metalikoz, zulo bat utziz saguzarren sartu-irtenerako].

Zergatik?

Hiriaren kontrapuntua da kobazuloa. Ez soilik ikur bezala, baita metodologia gisa ere. Ehunka bisitatu nituen, eta horrek markatu egin ninduen guztiz. Ixtea ondoren etorri zen. Bilbon muga topatu banuen, beste honetan ere bilatu behar nuen. Hirian ez nintzen gai izan; aldiz,hiritik at, hain erregulatuak ez dauden espazio horietan, posibilitateak handiagoak dira. Baina hori nola kontatzen da? Nola eramaten duzu erakusketa batera?

Nola?

Ez da erraza. Instituzioek bereganatu dute heziketaren misio bat, defendatuz publiko guztientzat izan behar duela irisgarria arte garaikideak. Askotan ematen du dokumentazioa txertatuta horretan laguntzen ari zarela, baina modernitatearen frakaso bat da hori. Modernitateak beti aldarrikatu du artelanek, ikurrek, arkitekturak transformazio eragiketak sortzen dituztela zeinu bilakatzen diren heinean. Uste dut galdu egin dela nolabaiteko irisgarritasunaren aldeko erradikaltasun bat. Ni ez naiz gai erakusketa honetako gauza batzuk irisgarri egiteko. Artistikotasunaren galera bat dakar. Mediazioa eraiki behar da, baina beste modu batera. Galdera ez da "zer nahi du esan?". Galdera da: "Zer da?". Hori galdutako borroka bat da. Errepresentazioan eta kontakizunaren erotikan gaude.

Bilboko industriari lotuta dago Política hidraulica lana ere, zeinetan argazkiak egin zenizkien urtegiei.

Bai. Bilboko industrializazioa niretzat bikoitza izan zen: Iberiar penintsulako lurralde txiroetatik etorritako migrazioa eta hustuak izan diren lurralde horietan izan den estraktibismoa, zer eta argindarra sortzeko Bilboko industriaren indar erraldoiarentzat. Hori Bilboko bankaren, industriaren eta Euskal Herriko ingeniaritzaren artean gertatu da; hortik Iberdrola eta bestelakoak.

Esango didate... "Ados, baina hori ez da ikusten lanean". Ez da ikusten, baina intrahistoria horregatik ez balitz, nik ez nuen lan hori egingo. Lehen esan dudan zeinu izaeragatik da; nahi baldin badugu kontatu memoria horren analisi kritiko bat, badaude soilik artistikoak ez diren baliabideak.

Lanik berriena zein izango da?

Joan den urtean egin nuen bat. Liebanako [Espainia] herrixka batean bizi da Filiep Tacq, eminentzia bat artisten argitalpenetan, eta eskatu zidan bere estudioan zerbait egiteko. Arantzazuko egutegien moduko orrietan, berak sortzen zuen azala, ia-ia Erdi Aroko sistema bat erabiliz, eta nik idazten nuen atzeko aldeko literatura. Hiru hilabetez, egunero-egunero. Orain hori horman zabalduko dugu, eguneroko bat bezala. Niretzat oso ederra izan zen, ze idazten asko sufritzen dut, baina gozatu ere asko egin dut.

JAI Jarduera Artistikoaren Institutuan zabiltza lanean, Itziar Okariz eta Asier Mendizabalekin batera. Nola doa?

Azken urteetan nire inplikazio nagusia izan da. Aurten laugarren edizioa gauzatu dugu, eta emaitza oso ona da. Oso egitasmo zaila da, baina, era berean, oso ederra. Zaila, maila batean Troiako zaldi bat izan nahi duelako. Gai izan gaitezke instituzio edo munstro horien barnean kokatu eta hor posibilitate espazio bat eratzeko? Ariketa bezala, interesatzen zait. Alternatiba zein da? Nafarroako herri okupatu batera joatea guztiok? Niretzat, biak. Artistok gai izan behar dugu dagozkigun lekuak okupatzeko.

Zer norabidetan ari zarete lanean?

Finkatu dugun lehen galdera da zer den subjektu artistikoa. Eta bestea, kontzeptualki, sormenetik praktika artistikora desplazatzea. Horrek adierazten du ez dela guztiz beharrezkoa artearen autokontzientzia bat. Mediazio on bat eraikitzen bada, bestelako praktikek ere lekua izan dezakete; idazketak, zinemak... Gazteen ezaugarria ere praktiken dibertsitatea da. Ez da gure kasuan bezala "nik hau egiten dut", baizik "hau egiten dut, hori ere egiten dut, eta hori ere egiten dut". Izaera likido hori praktika artistikoaren zentzuan ulertzen dut; irekiera bat da.

Eta subjektu artistikoa zer da zuretzat?

Niretzat konkretua da: egiten duzun horren kontzientzia eta ardura hartzean dago. Gizarte neoliberalean, ematen du artista izateko ez dela beharrezkoa egiten duzun hori bilakatzea; baizik eta autonomia bat ematen diozu egin duzun horri, eta zu zara hori egin duena. Konplikatua da, baina subjektu artistikoa bada niretzat artistaren lekua politizatzeko modu bat; ahalduntzekoa. Gaur egun, dena da sormena, eta, noski, terminologia hori hedatzen denean inguruan, nahiz eta izan dezakeen arrisku atzerakoi bat, subjektu artistikoaren defentsa beharrezkoa da. Bestela, ematen du denak garela balio erantsi produktibista bat sortzeko eragileak.

Gaurko impasse egoeran arteak nola erantzuten dio munduari? Tira, hitz lodiak dira, baina esango nuke badagoela artistaren aktibazio bat. Horrela bizi dut nik.

Arte sistemarekin kritikoa da Aranberri, eta, azken urteetan, zenbait instituziotan aldaketa zantzuak sumatu dituen arren, berriki Palestinako auziak ostera boterearekiko menpekotasuna ageri-agerian utzi duela iruditu zaio. Artisten "prekarizazio absolutua" ere oso du presente.

Zer aldaketa nabarmen egon da arte instituzioen diskurtsoetan?

Nik ikusi dudana da egitura horiek oso azkar txertatu dituztela politika berriak, niretzat zuritze bat bezala; askotan, ahotsik erradikalenei lekua eskainiz. Konturatzen naiz batzuetan inplikazio politikoaren kuota asetzat ematen dela genero identitatearen posizio batetik, baldintza materialetan sartu gabe. Aurreko etapa misoginoa izan da, eta horren aurrean kritika garbi bat egin dezakegu. Baina politika berrien inguruko dialektika askoz konplexuagoa da. Badago jende bat oso irakurria, politika queer argi eta ederrekin, baina ez dituena mahai gainean jartzen bakoitzaren baldintza materialak eta biopolitika.

Palestinako gatazkak oso agerian utzi du hori niretzat. Berdintasunaren eta ekologiaren diskurtsoetan inork baino azkarrago jarrera hartu dutenak Palestinarekin blokeatuta daude orain; ezin elkartasun agiri sinple bat sinatu. Oraintxe, Palestina anatema bihurtu da; interes handiak daude atzetik. Reina Sofiari dagokionez, ni erdian tokatu naiz.

Diozunean ez duzula berriz halako erakusketa bat ezagutuko, tentsio horiengatik ere badiozu?

Gauza asko juntatzen dira, baina ikusten dudana gerra kultural bat da. Orain arte, eskuina ez da sartu ardura kulturaletan, baina iruditzen zait garai baten aldaketan gaudela. Orain arte posible zen, espazio mainstream-ak izanik ere, autonomia batzuk sortzea diskurtsoa modu batean lantzeko. Hori gertatzen zen inork ez zuelako muturra sartzen; 1990eko hamarkadan, gurekin Artelekun bezala. Politikariak ez ziren enteratzen, hori pentsatzen genuen.

Eta orain enteratzen dira.

Bai, eta ikusten dugu. Tabakaleraren zeregina oso konkretua da: hiriaren branding-a, beste ekonomia batzuk aktibatzeko. Konplexutasun horretan guztian zer egiten duzu? Artelanak sortu? Prekarizazioa absolutua da, eta artista gisa biziraun nahi baduzu, soilik posible da norabide ezberdinetan lan egiteko gai bazara: artea sortu, klaseak eman, kolaborazioak, idatzi… Erakusketa bat prestatzea, txikia izanik ere, gutxienez urtebete da, eta artistak ehuneko ehunean egon behar du. Horretarako, beste guztia abandonatu behar duzu, eta orduan nola bizi?

Zuk zer egiten duzu?

Nik zorte handia izan dut. Bestelako lanak ere egin ditut, eta ez zait inporta hori. Orain, erakusketa dela eta, ezohiko egoera batean nago, ze beste guztia alde batean utzi dut. Baina museoak badaki aurrera begira hori ez dela eramangarria. XX. mendeko errentak dira hauek. XX. mendean, pintore batek egiten bazuen erakusketa bat Reina Sofian, artista horrek galeria batzuekin lan egiten zuen, bazeuden inguruan egitura batzuk etekin bat sortzen zutenak. Demagun Txillida bat. Sistema hori ez da aldatu, baina artearen ekonomia eta artistaren bizitza guztiz aldatu dira. Horregatik esaten dut: ez da berriz gertatuko.

Baduzu harremana artista gazteagoekin. Hori bera berresten dizute?

Zer ordaintzen den eta zer ez, astakeria bat da. Eta hori guztia zeren arabera? Kapital sinbolikoa. Hori etereoa da, eta, hala ere, onartzen dugu. [Reina Sofian] halako erakusketa bat egin duten Euskal Herriko artistak bi dira: Cristina Iglesias eta Txomin Badiola. Hori beste garai bat da. Nik erakusketa egiten dut hor, baina nik ez daukat inguruan balio sinboliko horri erabilera bat emango dion egiturarik. Ez dakit interesatzen zaidan, bestalde. Izatekotan, nire lanaren parte bat egituran dagoelako. Baina zu 35 urteko gazteengana zoaz, eta ez daude hor.

Egia da, baina, Euskal Herrian badagoela mugimendu artistikoa. Jendea ari da, eta horretan asko sinesten dut.


solana-grabatzailea

Solana. Grabatzailea.

Gustavo de Maeztu (Lizarra, Nafarroa)

Desde el 05 de Diciembre 2024
Al 02 de Febrero 2025

intimotik-unibertsalera

Intimotik unibertsalera

Andoni Guiresse

Rotonda (Donibane Lohizune, Lapurdi)

Desde el 20 de Diciembre 2024
Al 19 de Enero 2025

liburutazioak

Liburutazioak

Iñaki Martiarena

Tomasene Kultur Etxea (Altza) (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 09 de Diciembre 2024
Al 31 de Enero 2025

rafael-levenfeld-fotografo

Rafael Levenfeld. Fotógrafo

Rafael Levenfeld

Nafarroako Unibertsitateko Museoa (Iruñea, Nafarroa)

Desde el 09 de Octubre 2024
Al 09 de Febrero 2025

erresistentzien-ziztadak

Erresistentzien ziztadak

19 de Dic. | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

'Gogora ekarri, deitu' | Artistak: Hainbat egile. | Non: Iruñeko Antartika gunean.

bananari-begira

Bananari begira

18 de Dic. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Zinta itsaskorraz hormara pegatutako banana bat sei milioi dolarrean baino gehiagoan saldu da New Yorkeko enkante batean. Artelana ote den zalantza egin du telebistako berriemaileak txantxa giroan. Pantailako aurkezlea iruzkinak egitera animatu da, nahiz eta beste testuinguru batean ez litzatekeen ausartuko.

fernando-perezek-azkuna-zentroko-zuzendaritza-utzi-du

Fernando Perezek Azkuna zentroko zuzendaritza utzi du

13 de Dic. | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Bilboko zentroak ohar bidez jakinarazi duenez, Perezek "borondatez" egin dio uko karguari. Dena den, hainbat komunikabidek azken asteotan aipatu dute tirabirak izan direla Bilboko Udalaren eta zentroko zuzendaritzaren artean.

rodriguez-eta-perez

Rodriguez eta Perez

13 de Dic. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Perezek dimisioa eman zuen egunean entzun nuen Caixabank dela [espainiar] estatuan etxebizitza gehien dituen enpresa. Gure herrian, eta Guggenheim efektuaren ondorioz, balio propioak zituen alderdi baliotsua izatetik zerbitzuak elikatu behar dituen tresna ekonomiko izatera pasatu da kultura.

isilpeko-lapurreta

Isilpeko lapurreta

13 de Dic. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Google irekitzerakoan zerrendatzen zaizkidan ausazko berrien artean agertu zitzaidan SER irratiarena: tentsioa omen dago Azkuna zentroko zuzendaritzaren eta Bilboko Udalaren artean La Caixa fundazioaren proiektu baten harira.

sorkuntzari-ate-irekiak-tabakaleran

Sorkuntzari ate irekiak, Tabakaleran

| 11 de Diciembre 2024

Tabakalerak sorkuntza sustatzeko egiten duen lana ezagutzeko aukera emango duen asteburuan murgiltzera gonbidatu nahi ditu herritarrak. Ate irekien jardunaldiak abenduaren 13an eta 14an izango dira eta, besteak beste, artisten estudioak, tailerrak, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzertuak izango dira.

epika

Epika

04 de Dic. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Ez dira lirikarako garaiak. Denak zirraragarria eta ikusgarria izan behar du, nahiz eta segundo gutxi iraun. Aurreko astean graduazio ekitaldiei buruz hitz egiterakoan konturatu nintzen emozioak ukitzeko gauzak eskatzen ditugula.

inigo-garces-hautatua-izan-da-uharte-zentroaren-eskola-lurraldea-2024-25erako

Iñigo Garcés hautatua izan da Uharte Zentroaren Eskola Lurraldea 2024-25erako

| 4 de Diciembre 2024

Eskola Lurraldeak 2024-25 ikasturterako deialdiaren ebazpena Iñigo Garcésen proiektuaren aldeko izan da. Egitasmoa hiru ardatz nagusitan oinarritzen da: etnobotanika, landare autoktonoen azterketa; soinua, murmurioen eta musikaren esplorazio artistikoa; eta serigrafia naturala, tindagai naturalak inprimatzeko erabiliz.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).