artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Chillida izan beharraz

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren kontura, ideologia guztietako hedabideetan hagiografiak izan dira nagusi eta ez da inolako aipamenik egin bere "gaztaro falangista ultra eta erradikalaz".

chillida-izan-beharraz
Pilar Belzunce (Chillidaren emaztea), Pablo Palazuelo eta Eduardo Chillida, 1962an Parisen.

10 de Abril 2024 | Hedoi Etxarte [ARGIA.eus]

2024ko urtarrilaren 10ean 100 urte bete ziren Eduardo Chillida jaio zenetik. 2023ko abenduko Madrilgo, Donostiako eta Baionako prentsak iragarri zuen 2024ko "pertsonaietako" bat izango zela. Profezia autobetea da efemerideena eta, hitzorduari fidel, Diario Vasco-k 80 orrialdetik gorako ale berezia ekoiztu zuen urteurrenaren hurrengo larunbaterako –besteak beste, Espainiako Gobernuko presidentearen, Jaurlaritzako lehendakariaren eta Donostiako alkatearen testu banarekin–. Biharamunean, El País Semanal argitalpeneko azala eta erreportaje nagusia izan zen, eta Gara-ren iganderoko Zazpika-k ere hala egin zuen. Baina askoren harridurarako, Donostiako eskultorearen bizitzako bi pasarte nagusi eta ezagun ez ziren hiru pieza luze horietan jaso, ezta bestelako egunkari, aldizkari, irrati eta telebista euskaldun, espainiar eta frantsesetan ere.

2023an 50 urte bete ziren Pablo Neruda hil zenetik. Efemeridearen kontura argitaratutako erreportajeetan, idazlearen lan literarioez eta posizio politikoez gain, ia kazetari guztiek funtsezko bi auzi nabarmendu zituzten: emakume bat bortxatu eta alaba abandonatu zuela.

2023an ere 50 urte bete ziren Pablo Picasso hil zenetik. Nerudaren kasuan bezala, luzera jakin bateko erreportaje guztietan nabarmendu zuten margolari bikain eta nazismoaren eta gerra inperialisten kontrako pertsona engaiatu hura tratu txarren emaile ere bazela.

Aitaren izenean

2024ko urtarrilaren 6ko Diario Vasco-n, 84 orrialdetako kolorezko gehigarriak Eduardo Chillida 100 urte titularra zeraman –gazteleraz–. Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernuko presidenteak (PSOE), idatzi bidez azaldu zuen eskultorearen hasierari buruz beti aipatzen den pasadizo bat: "Eduardo gazteak Madrilgo Arkitektura ikasketak utzi zituen 1942an, Errealak fitxatu zuelako atezain posturako, bere aita [horrela zioen, euskaraz], Pedro Chillida, talde txuri-urdineko presidente izendatu zuten urtean. Eduardo Chillidaren atezain ibilbidea lesio larri batek eraginda amaitu zen; bost ebakuntzen ostean, futbolari izateko ibilbidea utzi behar izan zuen. Guztion fortunarako lan artistikora itzuli zen, eta eskulturan aurkitu zuen haren adierazpide naturala".

Kontakizun hori beti errepikatzen da Chillidaren propagandan. Nahiz eta PSOEko presidente batek jakin beharko lukeen 1942ko Espainiako Bigarren Mailako futbol talde bateko presidente baten ideologia zein zen, Pedro Sanchezek ñabardura hori saihestu egin zuen. Baina nor zen Eduardo Chillidaren aita? Eta nola lortu zuen 1942tik 1945era Errealeko presidentea izatea?

Aita, Pedro Chillida Aramburu, militarra zen 1909az geroztik. 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpe faxista Donostian antolatu zuen lau gizonetako bat izan zen. Derecha Vasca (DVA) talde ultrakatolikoko kidea zen, zeina Espainiako Bigarren Errepublika fundatu zenetik erregetzaren itzuleraren alde konspiratzen ibili zen. Pedro Chillida infanteriako kapitaina zen orduan, eta talde paramilitarrak antolatu zituen kolpea gauzatzeko.

Edonola ere, anarkistek zapuztu zuten Donostiako kolpea. Porrota hain izan zen handia, uztailaren 18ko eguerdian, Chillidaren taldea, funtsean DVAko eta Renovación Españolako militantez osatua, sakabanatu egin zela eta kideak eguneroko bizitzara itzuli zirela, kolpista gisa ez zitzaten identifikatu. Baina uztailaren 20an, Errepublikarekin leial zirenek Pedro Chillida atxilotu eta Ondarretako kartzelara eraman zuten. Gero, irailaren 9an, Arantzazu-Mendi ontzi-kartzelara pasatu zuten giltzapera, eta bertan egon zen abenduaren 14an Bilboko Karmelako espetxera lekualdatu zuten arte. 1937ko ekainaren 19an, Francoren "armada loriatsuak […] Bilbo askatu zuen", eta orduan bai, Pedro Chillidak bere burua Donostia eta Burgosko autoritate militar berrien esku utzi zuen. Chillidak gerra bukatu arte eta haraindi jarraitu zuen borrokan kolpistekin.

Errealeko presidente zen bitartean militar kolpista konbentzitua zen oraindik Pedro Chillida. Informazio hori Hoja matriz de servicio Espainiako infanteriako armadaren curriculum xehean jaso eta gordetzen dute gaur egun ere –Segoviako Artxibategi Militarrean irakurgai dago–. Gorrien ehiztaria izan zen, 1951n betirako erretiratu arte. Epaile militar izatera ere iritsi zen, eta akusatuek inolako garantiarik ez zuten epaiketetan atxilotuak hilko zituzten ala ez erabaki izan zuen. Egia da, edozer interneten aurkitzen den garaiotan, informazio hori ez dagoela presente, baina badira gaia lantzen duten liburuak: Vicente Talón-en lan monumentalak (Memoria de la guerra de Euskadi 1936, Plaza & Janés, 1988), Manuel Chiapusok (Los anarquistas y la guerra en Euskadi, Txertoa, 2009) edota Germán Ruiz Llano-ren liburuek (Militares y Guerra Civil en el País Vasco. Leales, sublevados y geográficos, Ediciones Beta, 2019) jasotzen dute Donostiako futbol talde nagusiko presidente izan zenaren ofizioa. Garai hartako Espainiako presidente guztiak bezala, Francoren aldeko figura sutsua izan zen.

Semearen izenean

Inork ez ditu bere gurasoak aukeratzen eta, beraz, inor ez da epaitu behar, inondik ere, bere gurasoek egin dutenagatik. Ez da meritu bat, ezta kontrakoa ere, gure arbasoek egindakoa. Egia da ere, Eduardo Chillidak bere aita Conversaciones (eskultorearen alabaren konpilazioa, La Fábrica 2021) lan testamentalean aipatzen duenero ez duela distantziarik hartzen bere aitaren zeregin militarrekiko eta, ordea, eskertza handi bat dagoela bere ibilbide artistikoan jaso zuen babesarengatik.

Eskultorearen bizitzari buruzko laburbilduma guztietan hiru une aipatu ohi dira: bere "konpromiso etikoa", "estetikoa" eta "konpromiso hiritarra" (Borja Hermoso, El País Semanal 2.467,2024ko urtarrilak 7, 29. orria). Eskultorearen ekoizpenaren errentatik bizi diren oinordekoek ez dute haien propaganda eskulturetara soilik mugatzen; beti aipatzen dute auzi etikoa eta konpromisoa. Hala, besteak beste, aipatu ohi dira 1977an amnistiaren aldeko gestoren logotipoa marraztu zuela eta Juan Carlos I. erregeari gutun bat bidali ziola ondorengo mezu honekin:

"Oraindik kartzelan dauden euskal preso politikoak, gure herriaren gehiengo handi baten aldetik, Estatuaren zapalkuntza onartezinaren aurka borrokatu duten gizon gisa ikusten dira (…) Uste dut garrantzia handikoa litzatekeela Bere Maiestateak euskaldunen begiekin ikustea amnistia osoaren arazoa".

Ia hogei urte beranduago, 1996an, Chillidak ETAri idatzi zion, Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu bezala, ia urtebete bahituta zegoen pertsona baten askatasuna eskatzeko: "Demostra ezazue ekintza on bat egiteko gai zaretela. Aska ezazue Aldaya, eta lagundu guztiontzako bakea bilatzen". Urte bat geroago, gauza bera egin zuen Miguel Ángel Blancoren bahitze eta heriotzaren mehatxuarekin: "Zuen jarrerak herri honi eta edozein pertsona zintzori min ematen dio. Aska ezazue Miguel Ángel, eta guztion artean gai izan gaitezen arazoak bakearekin eta elkarrizketarekin konpontzen".

Edonola ere, bada Eduardo Chillidaren bizitza zeharkatzen duen beste pasadizo bat. Xavier Vallsek –Frantziako Barne ministro sozialista ohi Manuel Vallsen aita margolariak– jaso zuen bere memorietan (La meva capsa de Pandora, Julià de Jòdar idazlearekin ondutako liburua, Quaderns Crema, 2003) baina inoiz ez da aurreko gertakizunekin batera aipatzen eskultorearen ibilbide politikoa lantzen denean. Pasadizoa Mikel Iturriak zabaldu zuen euskaraz eta gazteleraz Harrikadak blogean eta, nahiz eta kontatzen duena larria izan, itzalean gordetzea erabaki dute kultur kazetariek (59-61. orriak):

"1949ko ekainaren 26an, [Parisko] Cité Universitairen ikasturte amaierako Garde Party tradizionala ospatu zen. Urtero bezala, hainbat estatutako pabiloietan nork bere bandera altxatu zuen.Gogoan dut igande goiz hura, belardiaren gainean ginen kideetako batzuk eta haizetan ikusi genuen, aurrenekoz aspaldi, Espainiako pabiloian ‘ikur nazionala'. Oriol Palà sutan jarri zen arrazoiz, baina guk gomendatu genion ez zezala hain altu hitz egin, handik gertu zeudelako Eduardo Chillida eta Pablo Palazuelo. Gugandik aparte ziren eta, pixka bat lehenago, esan zuten Francok ez zituela ‘gorri separatista' guztiak garbitu. Arratsaldean festak hasi ziren pabiloietan, eta Espainiakoan Maravall zuzendariak hortxata egin zuen Valentziatik espresuki ekarritako txufa zaku batekin. Halako batean harrabots handia entzun zen, eta jarraian lehenengo solairuko gela batetik Peres deitzen zen ikasle baten oihuak entzun ziren. Eskerrak Lamote eta Perich doktore altu eta indartsuek saihestu zuten Chillidak azken bultzada ematea Oriol Palàri leihotik botatzeko, ordurako oin bat leiho-hegian zuenean espainiar banderaraino iritsi eta mastatik kentzeko. Palà lurrera itzuli zenean, Chillidak berari ostikoak ematen jarraitzen zuen gorputz osoan. Kide gehiago gerturatu ziren ‘Cristo Reyren bi gurutzatu' zorigaiztokoak Maravalltarren pisuan desagertu zirenean, eta babestu zituzten. Heriotzatik bizitzatik baino gertuago, Jordi Anguerak gaua ohean pasa zuen eta nik lurrean egin nuen lo, atea ongi itxita. Orio Palàri aurpegia hazi zitzaion, hainbeste, begiak desagertu zitzaizkiola. Gelan pasa zuen gaua –ziurrenik hark ere ez du gogoratuko non– Sunyerrenean ala August Puigenean. Gertakizuna oso deigarria izan zen Cité Universitairearen baitan eta kolegio askotako ikasleak saiatu ziren Chillida eta Palazuelok ez zezaten alde egin. [...] Ez genuen ezer jakin luzaroan bi erasotzaileei buruz, baina bietakoren batek Galerie Maeghten erakusketa zuenero, handik gutxira joaten nintzen eta bisita liburua sinatzean, Parisen ohi denez, nire izenaren azpian jartzen nuen: ‘Oraindik gogoan daukat 1949ko Garden Party'. Ez zuen deustarako balio, baina asebetetzen ninduen, beste askok ez bezala, memoria galdu ez izanak".

Liburuan, aurrerago, historiaren jarraipena kontatzen du Xavier Vallsek, handik 30 urtera, Chillidak amnistiaren aldeko ikurra egin zuen garaian, 1977an:

"Martxoa hasieran Madrilera joan ginen, Pierrette eta Théorekin, Mignonitarrek eskaintzen zuten afarira joateko Galería Theoren hamargarren urteurrena zelako. Afalostean, denak joaten ziren mahaiz mahai eta Jaime del Valle-Inclán eta biok Pepe Caballero margolariaren eta José María Moreno Galván kritikoarenean. Haiekin trago bat edaten genuen bitartean Eduardo Chillida eta bere andrea gerturatu ziren. Pepe Caballerok elkar aurkeztu nahi gintuen eta Jaimek esan zion bazekiela nortzuk ziren Vallstarrengatik. Nik gehitu nuen beti gogoratzen nituela Parisko Cité Universitaireko Espainiako pabiloiko gertakizunak 1949ko Garden Party-an. Chillidaren emazteak alde egin nahi izan zuen, gu ‘edanda' omen geundelako, baina Chillidak esan zuen ez zitzaiola axola gertatutakoa azaltzen banuen. Emazteak jarraitu zuen esaten ni ‘mozkorra' nengoela, baina Chillida ez zen mugitu, eta Jaimek –aldentzen zen bitartean– insistitu zuen, dena konta niezaien Moreno Galván eta Pepe Caballerori. Ñabardura guztiekin azaldu nien eraso basatia, eta Eduardo Chillidak entzun zuen, geldi-geldi. Sortu zen isiltasunaren erdian, eskultoreak erantzun zuen ‘sentitzen' zuela, baina haren etxeko giroaren eraginpean jokatu zuela, haren aita militarra zelako. Mahai gainean kolpe bat eman nuen eta esan nion, orduan zeuzkan 26 urterekin nahiko zinikoa zela errua ‘aitatxori' egoztea, eta, militarren seme guztiek berak bezalako jarrera izan balute, oso espainiar gutxi geratuko liratekeela. Chillidak ez zion entzuteari utzi, baina bitartean haren emazteak besotik tira egiten zion, handik ateratzeko asmoz, esan zidan arte isil nendila behingoz bera Lizarrakoa zelako. Erantzun nion, hain justu, Lizarra zela nik ezagutzen nuen hiri atzerakoienetako eta fatxenetako bat, eta hala alde egin zuten gure mahaitik, lotsa-lotsa eginda. Jaimek urrundik begiratzen gintuen, itzuli zen nire aldamenean esertzera, eta ni, gertakizuna hainbeste urtez sabelean eraman eta gero, lasai eta pozik geratu nintzen. Espainiako Kolegioko jende eta egoiliar askok ezagutzen zuten Chillida eta Palazueloren jarrera, baina denek isiltzen zuten". (186-188.or.)

Eta izpiritu santuaren izenean

Eduardo Chillidaren jaiotzaren kontura hamaika ikerketa eta eztabaida sortzeko aukera izan beharko genuke: kultur politikez edota azken bost hamarkadetan Hego Euskal Herriko erakunde publikoek eskulturetan egin duten gastuaz, esaterako. Ukaezina da, gainera, zenbait artista eta kultur ekimenek 1936ko kolpeari esker elite batzuengan izandako metaketa ekonomikoaren onura izan zutela. Artistak sortuko ziren familiak aberastuko ziren, edota mezenas izango zirenenak, adibidez. Euskal kasuan, bistan da, ez da Chillidarena ikertu beharreko bakarra.

Sarritan aipatzen da Eduardo Chillidak euskal kosta nuklearraren kontrako logotipoa diseinatu zuela, edota euskal preso politikoen aldekoa. Handik hilabete gutxira damutu zen gaur egunera arte erabiltzen den irudi hori egiteaz. Bai Chillida, baina baita Pilar Belzunce ere, eskultorearen ondarearen benetako kudeatzailea, beti izan ziren abilak boterean zegoenarekin, boterean zegoena edonor zela. 1950eko hamarkadako botere nazional-katolikoarekin, 60etako frankistarekin, 70etako garai nahasian ere keinuak egin zituzten ezker-eskuin, baina 1980etatik aurrera benetako botere ziren PSOE eta Espainiako erregetzarekin harreman zoragarria izan zuten. Bat egin zuten ere, jakina, EAJ eta Eusko Jaurlaritzarekin, baina nazioartean ere, Europan estrategikoa izan zen Alemania Mendebaldeko sozialdemokraziarengandik gertu egon ziren. Deigarria da eta gida bat merezi du Alemania Federalean Chillidak duen obrak, handi ala txiki botere ekonomiko-politikoa non, Chillida bat han: Berlindik Bonnera, Münster, Munich eta Düsseldorfen barna.

Egia bada ere prentsak ez dituela halako Chillidaren bizitzako zenbait pasarte jaso nahi izan, 2006an, aurten ere mendeurrena ospatzen duen Nestor Basterretxeak, zera erantzun zion Irune Berrori Berria-ko elkarrizketa luze batean: "Egunen batean Beste Chillida idatziko du norbaitek. Besteen gainetik gailentzeko, edozer gauza egiteko gai zen. Ahalegin biziak egin zituen gu erditik kentzeko. Faxista hutsa zen. Bere aita Molaren gizonetako bat izan zen Gipuzkoan. Jendeak ez zuen benetako Txillida ezagutu, ez daki nolakoa izan zen, edo bai, baina ez dugu memoria historikorik. Pena da, zeren memoriarik gabe ez gara ezer. Memoriarik gabe lehengo faxistak oraingo demokratak dira".

Sei urte geroago, egunkari berean, Iruñe Lasari zera esan zion:"Abusu bat iruditzen zait [Chillidalekurena]. Familia negozio familiar bat da eta. Nik hemen sartzeagatik kobratu eta dena poltsikora sartuko banu bezala da. Eta gauzak gaizki daudenean, Jaurlaritzara. Eman diezaietela. (...) Txillidaren aita Molaren Donostiako konfiantzako gizona zen. Mutiko faxista hori iritsi eta abertzale bihurtzen da, tortilla bat balitz bezala. Eta, gainera, bere zorionerako, Jaurlaritzako memeloek sinetsi egiten diote. Manifestazioetan agertzen da... Esan didate zergatik ez naizen manifestazioetara joaten. Ez dut behar manifestazioetara joatea abertzalea naizela esateko!".

Ez da, azken urteotan, Berria izan halako baieztapenak jaso dituen egunkari bakarra. 2014ko apirilean Juan Pedro Quiñonerok Espainiako ABC-n Manuel Vallsen inguruko pieza bat argitaratu zuen, eta tartean hau irakur zitekeen:

"Valls aita aldi batez bizi izan zen Parisko Espainiaren Kolegioan, Hiri Unibertsitarioan. Valls semeak nahi bestetan entzun zuen bere aitak toki hartan bizitakoa, non ‘gerrazibilkeria' ideologiko bat zen nagusi. Ezaguna da Eduardo Chillidaren historia, bere gaztaro falangista ultra eta erradikala, nola eman zion jipoi bat katalan gazte bati, Valls aitaren laguna zenari eta Pierrette Gargalloren –Pablo Gargallo XX. mendeko Espainiako eskultore handietako baten alaba eta oinordekoaren– etorkizuneko senarra izango zenari. Valls aita Frantziako hiriburuan ezarri zenean, bere lagunek eta solaskideek –Café Mabillonen, besteak beste– ‘gerrazibilkeria' traumatiko horren isla ziren".

Deigarria da albiste horren sareko kontsulta egitea: ABC egunkariak paperean ongi argitaratu zen ‘Chillida', ‘Chillina' (sic) gisa jasotzen du; akaso, eskultorearen irudia babesteko asmoz.

Galdera da: zergatik ezabatzen da beti Eduardo Chillidak arrazoi politikoengatik eman zuen jipoi hura? Zergatik ezkutatzen da nola lortu zuen Pedro Chillidak Errealeko presidentea izatea, eta horri esker izan zela bere seme Eduardo atezaina? Ze beldur sortzen dute artistaren ondarearen kudeatzaileek? Zergatik dute bere aberastasunaren kudeatzaileek obsesioa Chillida giza eskubideekin eta ezberdinen artekoen elkarrizketarekin lotzekoa eta, ordea, beti ahazten dute bere "gaztaro falangista ultra eta erradikala"?

Jarrai dezagun, artearen historialariek esan ohi duten moduan, diruaren arrastoa: biribilguneetan, museoetan eta erakunde boteretsuen lorategietan, Jerusalemendik Gernikara. Galdera bat altzairu nahaspila bakoitzeko.


la-nave-de-los-necios

La nave de los necios

Ana G. Lartitegui

Azkuna Zentroa (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 26 de Junio 2024
Al 29 de Septiembre 2024

lagrimas-de-cocodrilo

Lagrimas de cocodrilo

Paula Huarte

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

Desde el 12 de Julio 2024
Al 15 de Septiembre 2024

artxiboa

Artxiboa

Nestor Basterretxea

Artium (Gasteiz, Araba)

Desde el 10 de Mayo 2024
Al 22 de Septiembre 2024

makurtu

Makurtu

Xare Álvarez Berakoetxea

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 25 de Mayo 2024
Al 24 de Agosto 2024

azkuna-zentroak-babestu-2024-2025-deialdia-zabaldu-du

Azkuna Zentroak Babestu 2024/2025 deialdia zabaldu du

| 23 de Julio 2024

2020an, Azkuna Zentroak Babestu programaren lehen deialdia egin zuen, sorkuntza garaikideari laguntzeko ezohiko programa gisa, Covid-19aren krisiak eragindako salbuespenezko egoerari erantzuteko. 2021ean, beharrezkotzat jo da sorkuntza artistikoa bultzatzen jarraitzea, eratze-prozesu horiek indartzea eta pertsonei beren proiektuak garatzen lagun egitea.

saul-leiterren-mugarik-gabeko-paisaia

Saul Leiterren "mugarik gabeko" paisaia

21 de Jul. | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Donostiako Tabakalerako Artegunea aretoan artistaren lanak jasotzen dituen 'Amaitu gabeko mundua' erakusketa ireki dute. Bihartik azaroaren 10era arte, zuri-beltzeko zein koloretako argazkiak, margotutako argazkiak eta margolanak egongo dira ikusgai.

bill-viola-artista-estatubatuarra-hil-da

Bill Viola artista estatubatuarra hil da

21 de Jul. | Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]

Bideo artearen garapenean aitzindaritzat jo izan dute Viola, eta berrogei urteko ibilbide oparoa garatu zuen. 73 urterekin zendu da.

artea-eta-natura

Artea eta natura

20 de Jul. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Eusko Jaurlaritzaren gobernu berriak ez du denborarik galdu argi uzteko: Urdaibain Guggenheim museoa eraikiko da. Berdin dio herritarrek zer uste duten, ez du garrantzirik haien artean ezinegona handia bada; erabakia hartua dago eta zuzen esan digute.

surrealismoaren-papera

Surrealismoaren papera

13 de Jul. | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Bere bildumaren parte diren 50 bat artelan surrealista jarri ditu ikusgai BBVAk Bilboko San Nikolas jauregian. Joan Miroren, Salvador Daliren eta Yves Tanguyren lanak daude tartean. Gehienak paperean egindakoak dira.

arte-ederren-bilboko-museoak-azken-hiru-hamarkadetan-osatutako-nazioarteko-arte-garaikideko-berge-bilduma-dohaintzan-jasotzeko-proposamena-onartu-du

Arte Ederren Bilboko Museoak azken hiru hamarkadetan osatutako nazioarteko arte garaikideko Bergé Bilduma dohaintzan jasotzeko proposamena onartu du

| 11 de Julio 2024

Bergé Bildumaren dohaintza 98 artelanek osatzen dute, eta 1980ko hamarkadaren amaieratik XX. mendearen lehenengo hamarkadara bitartean datatuak dira guztiak. Aipatzekoa da emakumeen artelanen ordezkaritza oparoa eta garai horretako jardun artistikoen aniztasun handia: pinturak, paper gaineko lanak, eskulturak, argazkiak, bideoak eta instalazioak.

lumbreras-galeriak-meszenasgo-bere-programarako-artista-gazteak-aukeratu-ditu

Lumbreras galeriak meszenasgo bere programarako artista gazteak aukeratu ditu

| 8 de Julio 2024

Gazteak Gazteei Deika (Joven Llama Joven, gazteleraz) egitasmorako irizpideak betetzen zituzten 70 hautagaitza jaso ditu Bilboko galeriak. Garazi Etxebarria Azurmendi, Aitana Rodriguez Albalejo, Alejandro Gonzales Oses eta Pablo Zabala dira 2024/2025 edizioan parte hartuko duten artista gazteak.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).