artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Arte Ederren Bilboko Museoak azken hiru hamarkadetan osatutako nazioarteko arte garaikideko Bergé Bilduma dohaintzan jasotzeko proposamena onartu du

Bergé Bildumaren dohaintza 98 artelanek osatzen dute, eta 1980ko hamarkadaren amaieratik XX. mendearen lehenengo hamarkadara bitartean datatuak dira guztiak. Aipatzekoa da emakumeen artelanen ordezkaritza oparoa eta garai horretako jardun artistikoen aniztasun handia: pinturak, paper gaineko lanak, eskulturak, argazkiak, bideoak eta instalazioak.

arte-ederren-bilboko-museoak-azken-hiru-hamarkadetan-osatutako-nazioarteko-arte-garaikideko-berge-bilduma-dohaintzan-jasotzeko-proposamena-onartu-du
Arte Ederretako Bilboko Museoko, Bizkaiko Aldundiko eta Bergé eta Kiako arduradunak Cristina Iglesiasen obra baten aitzinean (Izenik gabea 1990). Arg/ Museoa)

| 11 de Julio 2024

Arte Ederren Bilboko Museoa Fundazioaren Patronatuak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, Bergé y Compañía enpresak azken hiru hamarkadetan osatutako nazioarteko arte garaikideko Bergé Bilduma dohaintzan jasotzeko proposamena onartu zuen aurreko ekainean.

Bilduma horren bitartez, europar, iparramerikar eta latinoamerikar arteak museoan duen presentzia azpimarratzen da, eta zabaltasun eta zorroztasun bikaineko kontrapuntua eskaintzen du, gaur egungo artea testuinguruan kokatzeko.

Sortu zenetik beretik, Bergé Bildumaren xedea izan da nabarmentzen hasitako artisten lehenengo obrak eskuratzea. Bilduma hori osatzen duten lanen artean daude azken urte hauetan beren ibilbidea nazioartean sendotzen joan diren sortzaileen adibideak, hala nola Susana Solano, Pepe Espaliú, Cristina Iglesias, Ibon Aranberri edo Dora García, eta atzerritarren artean, Tim Rollings + KOS, Vik Muniz, Céline van Balen, David Shrigley, Nedko Solakov, Rosario López, João Pénalva edo/eta Moris.

Bildumaren dohaintza baliagarria da Bergé Bilduma sortu zeneko helburuetako bati eusteko: gaur egungo belaunaldiei erakustea eta ondorengo belaunaldiei oinordetzan uztea gure munduan gertatzen ari denaren kontakizun kitzikagarria, artearen kodeen bitartez.

Era berean, dohaintzak sendotu egiten du Bergé y Cía. enpresak, XIX. mendearen amaieran sortuak, Bilbo hiriarekin eta Bizkaiarekin duen lotura, eta ehun urtetik gorako Arte Ederren Museoaren historiarekin sintonizatzen du. Aipagarria da, halaber, bilduma hori Bilbon izan zen arte garaikideko lehen museoaren sorrera ospatzen den urtean gertatu dela, hau da, Arte Modernoko Museoaren sorreraren ospakizunean, zeinaren oinordeko baita gaur egungo Arte Ederren Museoa. Testuinguru horretan, Bergé y Cía.k Bilbori erakutsitako esker ona adierazten du dohaintzak.

Bilduma ezagutzera emateko, eta dohaintzaren erakusgarri gisa, bildumak eskulturagatik izan duen interes bereziaren sei lan adierazgarri erakutsiko dira, iraila bitartean, Sergio Pregoren Hamahiru Centaurusera instalazioa dagoen aretoetan:

  • Susana Solano. La Caritat, 3. zk. (1986-1987)
  • Cristina Iglesias. Izenbururik gabea 389 zk. (1990)
  • Jonathan Borofski. Counting (3, 326, 754-3, 326, 760) (1990)
  • Vik Muniz. Richard Serra, Prop, 1968 (Picture of Dust) (2000)
  • Diango Hernández. Izenbururik gabea (2005)
  • Ibon Aranberri. Ornate and rigid (galvanized) (2007)

Eskultura horiek ezin hobeto osatzen dira Bergé Bildumako lehen obretako baten aurkezpenarekin: Richard Arstchwager iparramerikar artistaren Double Speaker, orain dela gutxi jasoa museoan. 1966an sortu zen, industria-material berri batekin, formikarekin, eta joera minimalistaren jatorriaren adibide aparta da.

Bergé Bilduma

Bergé y Cía. Familia-enpresarentzat –1870ean hiru euskal ekintzailek sortua– jarduera eredugarria izan da nazioarteko arte garaikidearen bilduma enpresaren negozio ekosisteman: jatorrizko portu jarduera, ardoaren kultura, garraioa, automozioa eta teknologia berriak. Museoan jaso dugun bilduma hau laurogeiko hamarkadan jarri zen abian, arte garaikidearekiko bokazio nabarmenarekin eta panorama artistikoaren eta gaur egungo gizartearen gai aipagarrien lekukotasuna emateko helburuarekin.

2008an, Bergé Bildumak ARCO saria jaso zuen, bildumazaletasun korporatibo onenari, eta 2011n, IACCCA-International Association of Corporative Collections of Contemporary Art irabazi-asmorik gabeko elkartearekin bat egiteko gonbita jaso zuen. Elkarte horretan bilduta daude mundu osoko hainbat erakunde eta enpresa talderen berrogeita hamar bilduma baino gehiago; eta 2014. urteaz geroztik, gainera, Bergé Bilduma bertako kontseiluko kide izan da. 2015ean Global Corporate Collections liburuan sartu zuten, non biltzen baitira munduko 80 korporazio-bilduma onenak.

Azken urteetan, Bergék nazioarteko museo eta erakunde kultural ospetsuek antolatutako erakusketei utzi dizkie bere lanak, hala nola: Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala, Madrilgo Burtsa, Madrilgo Erkidegoko 31 Alcalá Aretoa, Arte Modernoko Valentziar Institutua, Mapfre Fundazioa, Málagako Picasso Museoa, Joan Miró Fundazioa, Sevillako Arte Garaikideko Zentro Andaluziarra, Iruñeko Nafarroako Unibertsitatearen Museoa, Londresko Tate Modern eta Milton Keynes Gallery, Lisboako Fundaçao Calouste Gulbenkian, Milango Fondazione Arnaldo Pomodoro eta Edinburgoko The Fruitmarket Gallery.

Ikusgai jarritako lanak

Susana Solano

Bartzelona, 1942 - La Caritat, 3. zk. - 1986-1987. Burdina eta zura - Bergé y Cía., S.A.ren dohaintza 2024an

Obraren izenburua Bartzelonako Caritat etxeari buruzkoa da. Ongintzarako erabiltzen zen higiezin hori, 1987an, Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentro bihurtu aurretik, Art Triangle nazioarteko artisten lantegi ospetsuaren egoitza izan zen. Anthony Caro eskultorea buru zela, hogeita bost pintore eta eskultore elkartu ziren proiektuan, eta eraikineko zenbait gune estudio gisa erabili zituzten. Horien artean zegoen Susana Solano. Han egin zuen La Caritat, burdina eta zura erabiliz. Lehenengoak bigarrena inguratzen zuen, material ahul hori kanpoaldetik babesten duen armadura bat balitz bezala.

Cristina Iglesias

Donostia, 1956. - Izenbururik gabea, 389 zk. - 1990. Zementu-zuntza, aluminioa eta perspexa - Bergé y Cía.,S.A.k dohaintzan emana 2024an

Iglesiasen lanaren bereizgarri izan da hormigoia, alabastroa, altzairua, erretxinak, burdina eta beira erabiltzea, eta guztiak batera ere erabili izan ditu obra berean. 1980ko hamarkadaren erdialdetik, nazioartean osperik handiena duten espainiar artisten artean dago Iglesias. Haren eskulturetan, agerian geratzen da espazioarekiko eta arkitekturarekiko interesa; hala, sarritan, eremu bat mugatzen duten hormak edo korridoreak izaten dira, gizakien eskalan eraikitako tokiak, zeinak haietara sartzeko gogoa pizten baitiete behatzen dituztenei.

Jonathan Borofsky

Boston, Massachussetts, 1942 - Counting (3, 326, 754-3, 326, 760) - 1990. Altzairuzko alanbrea - Bergé y Cía., S.A.ren dohaintza 2024an

Borofskyrentzat, antzekoak dira meditazioa eta zenbakiak kontatzeko ariketa mentala, zeina egunero eta konpultsiboki egiten baitu; hain zuzen, ariketa horri esker, gauza txikietan eta haien infiniturako hedapenean jar dezake arreta. Hemen, alanbrez egindako zifra sorta bat ikus daiteke horman jarrita, segida aritmetiko zorrotz batean. Zenbakien zehaztasunak aurrez aurre egiten du talka materiala erabiltzeko modu itxuraz ausazkoarekin, zeinak forma zehaztugabe eta dardartiak sortzen baititu. Borofsky eskultore eta pintorea 1970eko hamarkadaren erdialdean egin zen ezagun New Yorkeko artearen agertokian, eta 1990eko hamarkadaren amaieratik ospetsua da nazioartean, bere eskultura publiko handiengatik, batez ere.

Vik Muniz

São Paulo, Brasil, 1961 - Richard Serra, Prop, 1968 (Picture of Dust) - 2000. Inprimaketa zilarrean - 8/10 edizioa - Bergé y Cía., S.A.ren dohaintza 2024an

Munizek New Yorkeko Whitney Museum of American Art museoko artxibategian kontserbatzen ziren eskultura minimalisten argazki zahar batzuk erabiliz egin zuen serie batean zegoen obra hau. Serie osoaren izenburua Pictures of Dust (Hautsezko irudiak) zen, eta sortzeko moduari egiten zion erreferentzia: museoa garbitzeko erabiltzen ziren xurgagailuetan bildutako hautsa erabili zuen artistak artxibo-irudi horiek xehetasun handiz kopiatzeko, eta gero fotografiatu egin zituen. Eskultura minimalista bikain haren gainazal leun eta perfektuen aldean, Munizek hautsa aukeratu zuen, hondar-material galkorra. Argazki honetan, Richard Serrak 1968an egindako altzairuzko Prop (eskoratu) eskultura irudikatu zuen.

Diango Hernández

Sancti Spiritus, Kuba, 1970 - Izenbururik gabea - 2005. Argi-zutoina, kablea eta binilo-diskoak - Bergé y Cía., S.A.ren dohaintza 2024an

2003tik Düsseldorfen bizi den kubatar artista honek ohikoa du eguneroko bizitzako objektu eta tramankuluak berrerabiltzea. Bere lanean historiarekin, politikarekin, identitatearekin eta memoriarekin lotutako gaiak aztertzen ditu. Obra honetan, garai bateko zurezko argi-zutoin bat berreskuratu du, dagozkion kable, isolagailu eta gurutzeta eta guzti, eta zenbait binilo-disko sartu ditu eguraldi txarraren eraginpean egon den utzitako material horren zirrikituetan. Piezaren bidez, garai bateko Sobietar Batasunean propaganda politikoa urrutira hedatzeko egin zituzten elektrifikazio-kanpaina estrategikoak ekarri nahi ditu gogora.

Ibon Aranberri

Deba, Gipuzkoa, 1969 - Ornate and rigid (galvanized) - 2007. Altzairu galvanizatua - Bergé y Cía.,S.A.k dohaintzan emana 2024an

Aranberriren proiektuetan, boterearen hizkuntza eta haren irudikapena aurki daitezke, baita euskal testuinguru politiko, artistiko eta sozialarekin –eta horren iruditeria kolektiboarekin– lotutako beste gai batzuk ere. Haren obrek, gainera, tradizioz eskulturarekin lotu izan diren mugak eta formatuak gainditzen dituzte. Hain zuzen, huraxe da Aranberriren jardunbide artistiko nagusia. Hemen, apurtutako osotasun baten zatiak balira bezala, bi metalezko eskultura handi aurki ditzakegu lurrean, eroritako obelisko baten moduan. Obra distiratsu eta orbangabe honek piezaren materia murrizten duten zulo ugari ditu, baina ez dute haren ikusizko trinkotasuna eta irmotasuna txikitzen.

Richard Artschwager

Washington, DC, 1923-Albany, New York, 2013 - Double Speaker - 1966. Zur gaineko formika - Bergé Bilduma. Museoak 2023an eskuratua

Artschwager eskultore, pintore, ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa XX.mendearen bigarren erdialdeko eragin handieneko artistetako bat izan zen. Itxura ez-artistikoko zenbait obra egin zituen, zeinetan ez baitzen egilearen eskua edo arrastoa ikusten, eta bere garaiko material industrial berri batzuk erabili zituen –aluminioa, altzairua, zur kontratxapatua, argi fluoreszenteak, larru sintetikoak– pinturako eta eskulturako konbentzialismoak desafiatzeko. Pieza honetan, bozgorailu elektroniko bikoitz bat irudikatzen du modu eskematiko batean; horretarako, formika erabili du, zura imitatzen zuen material eskas bat, industrian langile-klasearentzako objektu eta altzariak egiteko masiboki erabilia.


korde-gabe

Korde gabe

Sky Hopinka

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 18 de Septiembre 2025
Al 18 de Enero 2026

sasi-guztien-gainetik

Sasi guztien gainetik

Marlene McCarty

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 17 de Octubre 2025
Al 01 de Febrero 2026

topaketen-dardara-artistikoa-iraunaraztea

Topaketen dardara artistikoa iraunaraztea

16 de Nov. | Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]

Iazko Iruñeko Topaketetan plazaratutako gogoeta artistikoetan inspiratutako sei obra jarri dituzte ikusgai Baluarten, gune hori pentsamendurako eta sorkuntzarako "erresonantzia kaxa" bihurtzeko asmoz. Erakusketa azaroaren 29ra arte izanen da ikusgai.

erakusketa-integratzailea

Erakusketa integratzailea

14 de Nov. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Gutxien espero duzun erakusketak generoaren parekidetasun aldetik egokia izateagatik harritzen zaitu. Ezusteko polita izan nuen Bartzelonako Miró Fundazioan ikusgai dagoen Miró eta Estatu Batuak erakusketa bisitatzerakoan.

ez-dakizuna-egitea-ez-dakizunarekin

Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin

14 de Nov. | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Azken bost urteetan sortutako eskulturak bildu ditu Angel Bados artistak Bilboko Carreras Mugica galerian. Jorge Oteizaren oihartzuna eta Europako artea ez ezik, arabiar kultura ere izan du sorkuntzarako solaskide.

firenzek-fra-angelicoren-birbalorazioa-proposatzen-du

Firenzek Fra Angelicoren birbalorazioa proposatzen du

12 de Nov. | Olivier Tosseriren artikulutik itzulia [JdA]

Italiako azken hirurogeita hamar urteetan egin den lehen atzera begirako erakusketak baieztatzen du fraide margolariari Berpizkundeko iraultza artistikoan egotzitako rola.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).