artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

aktualitatea

Isabel Azkarate: "Argazkiak konpultsiboki ateratzea izan da nire bizitza"

Kataluniara jo zuen lehenik argazkilaritza ikastera; gero, AEBetara ofizioan trebatzera; eta, Euskal Herrira itzultzean, fotokazetari hasi zen. Garai baten kronika ere izan litezke lau hamarkadaz bere kamerekin hartu dituen irudiak.

isabel-azkarate-argazkiak-konpultsiboki-ateratzea-izan-da-nire-bizitza
Isabel Azkarate argazkilaria, Donostian, San Telmo museotik gertu; haren hainbat irudi ikusgai daude han. Arg/ GORKA RUBIO - FOKU

16 de Abril 2024 | Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]

Lau hamarkadako ibilbidean, milaka eta milaka argazki pilatu zaizkio bere artxiboan Isabel Azkarateri (Donostia, 1950). Eta, bertan, berdin aurki daitezke euskal gatazkari lotutako 1980ko urteetako irudi gordinak, Donostiako Zinemaldian bildutako izarrei ateratakoak, lagun zituen artista ugariren erretratuak, mundu osoko museoetan hartutakoak nahiz New Yorkeko kaleetako pertsonaia bitxienak. Horietatik 175.000 inguru Kutxa Fundazioaren Fototekari eman dizkio berriki, eta bi erakusketarekin egin diote aitortza sorterrian lehen emakumezko euskal fotokazetaritzat joari: Tabakaleran atzera begirako zabala izan zen neguan, eta artearen munduari lotutako beste hainbat irudi daude ikusgai egunotan San Telmo museoan. "Prestaketa lanetan duela hiru urte hasi ginen, eta orain arteko bidea oso intentsoa izan da; ez naiz geldirik egon, baina orain pozarren nago".

Aitortzen du apur bat kostatu zaiola 1977tik bildutako negatibo, diapositiba eta abarrak besteren esku uztea. "Baina dena gordez eta artxibatuz joan naiz, eta, hala, argazki bat behar nuenean, banekien non nuen. Urteak dira etxean dena eskaneatzen hasi nintzela, eta, beraz, ordenagailuan ere baditut; horrek lasaitasuna ematen dit. Gailu berezi bat erosi nuen, zortzi disko gogor dituena, eta hor milaka eta milaka argazki ditut".

Guztira, 175.000 inguru dira?

Hori da eman dudana, baina noski, askoz gehiago ditut, eman ez ditudanen artean baitaude familiari edo lagunei ateratakoak... eta horiek ere beste horrenbeste izango dira. Argazkiak konpultsiboki ateratzea izan da nire bizitza; beti ibili naiz bi kamerarekin soinean, eta gelditu gabe aritu izan naiz argazkiak ateratzen. Etxetik kamera zintzilik nuela ateratzen nintzen, eta, enkarguzko lanez gain, kalean arreta ematen zidan guztia erretratatzen nuen. Baita familiako ospakizunak ere, ilobak, anai-arrebak, gurasoak, aitona-amonak... denak hiperfotografiatuta dauzkat [barrez].

Osaba bati erosi zenion zure lehen kamera, Nikon F2 bat. Artean, baina, argazkilari izatea ez zegoen zure asmoen artean...

Ez, nik Artea eta Dekorazioa ikasi nuen, Antiguan zegoen eskola batean; beti erakarri izan nau artistikoa den orok. Familiak nahi zuen neuk hartzea familiako enpresaren ardura, eta urtebete eman nuen ikasten, saiatzen... baina ez nuen batere gogoko [barrez]. Beraz, kamera hori erosi ostean, argazkilaritza ikastera jo nuen. Ordurako, Bartzelonan lagun ugari nituen argazkilariak edo zinema zuzendariak zirenak; nire aitona-amonak katalanak ziren, nire ahizpa bat han bizi zen... eta hala hasi nintzen. Bartzelonan ikasten ari nintzela atera zitzaizkidan lehen lan profesionalak.


1970eko azken urteetan, zer giro topatu zenuen han?

Asko gustatu zitzaidan Bartzelona. Vespa batean ibiltzen nintzen batetik bestera; txinatar auzoan zegoen eskola batean ikasten nuen; lagunekin ia gauero Rambletara jaisten ginen zerbait hartzera... Oso aberasgarria izan zen, eta, batez ere, oso dibertigarria: primeran pasatu nuen. Aitona-amona katalanek han etxe bat zutenez, laborategi bat muntatu nuen bertan, eta han egin nituen lehen argazkiak. Eta haietan jada nabari da zer gustatzen zitzaidan, gero bizitza osoan egiten jarraitu dudana: kaleko argazkia. Encants merkatuan egin nituen lehenak, saltzaile zebiltzan pertsonaia bitxiak, salmahaiak...

Kalea, jendea zenuen gogoko zure argazkietarako...

Hori da. Lanak ere atera zitzaizkidan. Lagun zinemagile baten filmaketan argazkiak egiten ibili nintzen, eta prentsan agertzeko batzuk egitea proposatu zidan; hori izan zen nire lehen lana. Berak kazetari bat aurkeztu zidan, gerora urte luzez lagun izan dudana, Ana Busto, eta hark, berriz, Dunia aldizkariko zuzendaria, zeinak New Yorki buruzko lan bat egiteko eskatu zidan. Orduan joan nintzen lehen aldiz New Yorkera, diseinatzaile eta arkitekto talde batekin. Aldizkariarentzat argazkiak ateratzen ibili nintzen, dendenak, jatetxeenak... eta arrakasta handia izan zuen.

Donostiako erakusketaren harira aipatu izan dute zure argazkilari prestakuntza dokumentalagoa izan zela Bartzelonan, eta New Yorken jabetu zinela zer-nolako aukera artistikoak ematen zituen. Hala bizi izan zenuen zuk?

Tira, ni ez naiz sekula artista sentitu, edo ez dut asmorik izan argazkilaritzan artista izateko. Ez dakit; agian, urteekin, balio artistiko edo berezi bat eman zaie nire argazkietako askori. Uste dut nire argazkiek batez ere balioa dutela garai baten dokumentu bat direlako. Nire egiteko modua, konposizioak-eta, ikasiz joan nintzen, beste jende baten lanak ikusiz, eta irakasle bikainen bidez, zuk oraindik ikusten ez zenuen hori ikusarazten zizutenak. Urteekin, egin nuena dokumentu sozial nahiko garrantzitsua bihurtu da.

Urtebete egin zenuen New Yorken, eta gerora maiz itzuli zinen. Zer zuen berezi?

Hirien hiria zen! New York adrenalina hutsa zen, dibertsio hutsa. Hori dena hiesaren aurretik izan zen, noski, eta orduan kalea festa bat zen. Gero aldatuz joan zen. Urteak dira ez naizela itzuli, baina esan didate izugarri aldatu dela. Orduan, baina, zoragarria zen.

Hango kaleak esperimentatzeko laborategi ederra izango ziren...

Bai, bai. Bizikleta hartu, eta gora eta behera ibiltzen nintzen, Central Parkerantz jotzen nuen, edo iparrerago, edo Harlemera metroz bestela... hiri osoa ezagutzera eta argazkiak egitera.

John Lennon hil zutenean ere han zinen, ezta?

Bai, Lennon hil zuten etxetik ez oso urrun nenbilen [egun hartako argazki ugari ditu]; antzoki batean izan nintzen, David Bowie ikusten Elefante Gizona interpretatzen. Gerora hainbatetan ikusi nuen Bowie; hasteko, New Yorketik itzulita, Berlinen izan nintzen haren kontzertuan; eta geroago, pertsonalki ere ezagutu nuen, Julian Schnabelen laguna baitzen, eta hura nire lagun min Olatz Lopez Garmendiarekin ezkonduta egon zen. Bowie hona etorri zenean, Schnabelek kontzertura eraman gintuen, eta, ondoren, kamerinora; lagunak banaka aurkeztu gintuen, eta Bowie izugarri atsegin egon zen. Gero, batzuk Schnabelen etxera joan ginen, Bowie ere bai; hark ere pintatzen zuen, eta Julianen koadroak ikusten egon zen.

New Yorkeko argazki askotan, herritarrak posatzen ere agertzen dira. Nola gerturatzen zinen haiengana? Zein zen zure jarrera edo zure begirada?

Ni oso azkarra nintzen, eta oso lotsa gutxikoa [barrez]. Ez nien erreakzionatzeko astirik ematen. Norbait molestatzen bazen, esaten nion argazkia berari egin banion, eta ez aldamenekoari, hori zela bera interesgarria iruditu zitzaidalako. Eta, egia esan, ez nuen inoiz arazorik izan. Uste dut jendeari barru-barruan gustatu egiten zaiola erretratatua izatea.

Bai Bartzelonan eta bai han, artista jendez inguratuta bizi zinen...

Bai, taldetxoa egin nuen hara dantza ikastera joandako katalan batzuekin, eta bazeuden margolariak ere, argazkilariak... Hasieran, lagun batzuen etxean bizi izan nintzen, eta haiek pintoreak eta diseinatzaileak ziren. Gero, beste etxe bat aurkitu nuen Lower East Side auzoan, zeina zoragarria zen argazkietarako, baina gatazkatsua ere bazen garai hartan, eta, hainbatetan lapurtzera sartu zitzaizkidanez, azkenean aldatu egin nintzen. Hala, Carles Santos performer valentziarrarenera joan nintzen; paella izugarriak egiten zituen, eta artista pila hartzen zuen etxean; beraz, gauero haiekin guztiekin afariak izaten ziren... Beste lagun batekin, hango festa guztietara joaten nintzen.

Zu ez zinen artista sentitzen...

Ez, ez dakit [barrez]. Nik denei argazkiak ateratzen nizkien.

Bartzelonan zinenean, fotokazetari izatea buruan zenuen jada?

Ez dakit... Niri izugarri gustatzen zitzaidan argazkiak egitea, eta argazki onak egin nahi nituen. Egia esan, zinemagile harentzat egin nituenak erretratuak ziren, baina ez dut inoiz berariazko erretraturik egin izan, lehen planoak-eta; beti bilatu dut testuingurua, eta beti objektibo motzekin aritu naiz, zeintzuekin asko hurbildu behar duzun subjektuarengana. Teleobjektiboak erabili ditudanean, beti izan da premiagatik.

New Yorketik itzuli nintzenean, argazkilari gisa nahiko prestakuntza nuela sentitu nuen, eta La Voz de Euskadi-ra jo nuen. Baten batek aipatu zidan egunkari hura ireki berri zutela, eta zuzendariarengana joan nintzen, Pepe Reirengana, argazki sorta batekin. Segituan hartu ninduen han lan egiteko. Hiru urte oso bizi izan ziren, hemen orduan gertatzen ari zen guztia bizitzea egokitu baitzitzaidan. Euskal gatazkaren urterik gogorrenak izan ziren: egunero zegoen manifestazioren bat, atentaturen bat... Egunkariarentzat egin behar genituen beste gauza askoren artean, noski. Esaterako, gogoan dut Martuteneko kartzelako zuzendariari elkarrizketa bat egin behar ziotela, eta, han nintzen ni hura erretratatzen, baina baita han zeuden preso guztiak ere; eta haiek pozik argazkietan aterata [barrez].

Euskal Herrira itzultzean, 80ko lehen urteetan, prest zentozen erretratatzea egokituko zitzaizun errealitate horretarako?

Bai. Egia esan, Bartzelonara joan nintzen pixka bat ihes egiteko hemengo egoera problematikotik. Itogarri samarra egiten zitzaidan, eta, bizitzaren paradoxak, gero hain justu ere hori guztia argazkietan jasotzen egin nuen lan.

Nola hurbiltzen da bat halako errealitate gogorretara?

Bada... nahi duzuna argazki onak egitea denez, nola edo hala eutsi, eta egin egiten duzu, egunkarira argazki on bat eramateko.

Gainerakoan, hemen ere artistaz inguratuta bizi zinen; haien erretratu ugari daude San Telmo museoko erakusketan.

Oso gaztetatik izan nituen lagun artista asko; kuadrillakoen artean, Ramon Zuriarrain, Bixente Ameztoi... geroago Zumeta ere ezagutu nuen... Gauza batek beste batera eramaten zintuen, eta, azkenerako, denak ezagutzen zenituen. Koltxoneriara zerbait hartzera joan, adibidez, eta han ziren Ruiz Balerdi, Jose Llanos... Esango nuke artistak gaur egun ez direla hainbeste biltzen, baina garai hartan bazegoen nolabaiteko artista komunitate bat. Maiz joaten ginen arratsalde-pasa Juan Luis Goenagaren baserrira, edo Pasai Donibanera Llanosengana, edo Alvaro Matxinbarrenarekin errekara bainatzera... Plan pila bat egiten genituen; ez arteaz hitz egiteko, baizik ongi pasatzen genuelako elkarrekin. Urte haiek dibertsio hutsa ziren.

Lagunak izanik, nola lantzen zenituen erretratu haiek? Buruan ideia jakin bat zenuela joaten zinen, ala inprobisazioari tartea uzten zenion?

Ez, ez, espontaneoak ziren erabat, elkarrekin ibiltzen ginenez... Baina tira, adibidez, Rosa Valverderekin —oso laguna nuen, eta askotan erretratatu nuen—, zerbait berezia nahi nuen, polita; edo erakusketan dagoen Juan Txillidaren argazkia, bere eskultura batekin agertzen dena, ba, hor bai, artista erretratatu nahi nuen; eta Juan Luisi [Goenaga] erretratuak egiten nizkion jakinda ordurako margolari handia zela... Baina ez nuen egiten haiei posatzeko esanez, edo flashak jarrita, erretratu klasiko bat egin nahian, ez: askoz ere espontaneoagoa zen.

Alde horretatik, zein esango zenuke dela erretratatuarekiko harreman ideala?

Niretzat, konfiantza egotea.

Donostiako Zinemaldia izan da zure beste lan esparru garrantzitsuetako bat. Jaialdiaren bilakaera ikusi duzu urteotan...

Bai, noski. Han ibili nintzen 1982tik 2000ko urteetara arte, eta denetarik egin behar izaten nuen, goizetik hasita: artisten iritsierak, prentsaurrekoak, zinema aretoetako sarrerak, filmen aurkezpenak, festak... Izugarri intentsoa zen.

Ez zenuen lo askorik egingo...

Lo gutxi egiten nuen, bai [barrez]. Gauez argazkiak etxeko laborategian errebelatu, sikatzen utzi, eta goizean goiz mezulari bat etortzen zen haiek jasotzera... eta berriz hastera.

Oroitzapen bereziren bat duzu gordea Zinemalditik?

Ba, izugarri ondo pasatzen nuela. Festa guztietara joaten nintzen, eta aktoreek ez ninduten bereziki inpresionatzen [barrez]. Gainera, garai hartan, askatasun osoa zenuen haiengana hurbiltzeko; orain, aldiz, jartzen dituzten hesietatik ezin zara pasatu, eta denok egiten dugu argazki bera, baina lehen kaletik ere asko ibiltzen ziren. Zinemaldiko artxibo izugarri handia ere badut.

Bette Davisi egin zenion argazki famatu horretaz harago...

Bai, bai [barrez]. Hori da ikoniko egin dena, baina haren beste argazki asko ditut, ni ero moduan joan bainintzen, bi kamerarekin eta teleobjektibo batekin, eta lehen plano eder batzuk ere egin nizkion. Izan ere, emakume hark zuen adierazkortasuna...

Roman Polanskik Zinemaldiko argazkilariei egin zizuen argazkian lankide gizonezkoz inguratuta zaude. Lehen euskal emakumezko fotokazetaritzat ere jo izan zaituzte. Ordura arte erabat maskulinoa zen eremu horretan, lanerako trabarik izan zenuen inoiz?

Bai, beti nenbilen gizonez inguratuta. Eta trabak... ez. Tira, argazki onak egin nahi nituenez, ukondokadaka ibiltzen nintzen lehen ilaran jartzeko, eta baten batek esango zidan "Isabel, tapatzen ari zara" edo halakoren bat, baina gainerakoan ez, denok ginen adiskideak.

Eta tartean, bidaia mordo bat egin dituzu: Peru, Brasil, Eskozia, Nepal, Egipto, Pakistan, Turkia, Italia, Indonesia, Kuba... Zein zen zure asmoa bidaia horietan?

Bai, diputazioan lanean ibili nintzenean, denboralditxoak hartzen nituen bidaiatzeko, eta asmoa betikoa zen, argazkiak egitea arreta ematen zidan horri, jendeari, herrialde haietako bizitzari. Beti joan izan naiz bi kamerarekin: zuri-beltza eta diapositibak.

Zeren arabera hautatzen zenuen bata ala bestea?

Ia dena egin nezakeen bi kamerekin, azkar ibiliz gero. Baina beti eman diot garrantzi handiagoa zuri-beltzari, ez dakit zergatik.

Zer behar du zuretzat argazki on batek?

Harrigarria izatea, zure begirada erakartzea... Nik argazki on bat egiten nuenean, irrikaz egoten nintzen laborategian nola ateratzen zen ikusteko, banekielako ona izango zela. Une jakin bat da, istant magiko baten modukoa, badakizuna orduan ateratzen ez baduzu hurrengo segundoetan ez dela hain ona izango. Une hori harrapatzea da.

Gaur egun ere, egunkari bat edo aldizkari bat eskuen artean hartzen duenean, argazkiei erreparatzen diela azaldu du Azkaratek; segitzen du belaunaldi berrien lana, hortaz. Urteotan, baina, ofizioa asko aldatu dela iruditzen zaio; teknologia aldatu den neurrian, besteak beste.

Gaur egun, segitzen duzu argazkiak sarri-sarri egiten?

Bai, sakelakoarekin egiten ditut orain [barrez].

Eta zer harrapatzea interesatzen zaizu gaur egun?

Zerbaitek arreta pizten badit, edo norbait ikusten badut jarrera jakin batean, edo istant berezi bat iruditzen bazait... Noski, paisaia ederrak ikusten ditudanean ere ezin dut argazki hori egin gabe utzi. Segitzen dut argazkiak egiten, bai. Agian lehen gehiago aritzen nintzen bila, baina gaur egun ere, sortuz doan eta atentzioa ematen didan guztiari ateratzen diot argazkia; ezin diot eutsi.

Orain sakelakoa erabiltzen duzula diozu, eta lau hamarkadatan izugarri aldatu da teknologia. Horrek zenbaterainoko eragina izan duela esango zenuke?

Gaur egun, dena da errazagoa; askoz ere errazagoa da argazkiak ateratzea, ume jolas bat, eta mundu guztiak egiten ditu argazki onak. Gaur egungo telefonoek oso kamera onak dituzte. Lehen, neurtu egin behar zenuen argia, nolako argazkia egin nahi zenuen ere argiago izan behar zenuen, hondoa lanbrotsuago edo dena gardenago atera... Bai, aldaketa handia izan da. Nik dagoeneko ez ditut kamera handiak erabiltzen; horrenbeste eraman ditut hara eta hona bizitza osoan... [barrez].

Zure ustez, sakelakoaren erabilera orokortu horrek nolabait balioa kendu dio argazkiari?

Ziurrenik bai, gaur egun edozeinek egiten dituelako argazki onak... Argazkiak kotizatzeari dagokionez, bai, zalantzarik gabe. Lehen, argazki lan batengatik aurkez zenitzakeen fakturak askoz ere handiagoak ziren gaur egun edozein argazkirengatik ordaintzen dena baino; orain, aldizkari batean publikatuko dizuten edozein argazkirengatik, asko jota, 150 euro ordaintzen dizkizute, eta lehen... Tira, hori paparazziei izan ezik, zeren, antza denez, horiek tarteka negoziazio bikainak izaten dituzte... [barrez] Baina bai, alde horretatik asko aldatu da, eta balioa ere galdu du.


splash

Splash!

Josette Dacosta

Areto Nagusia (Bera, Nafarroa)

Desde el 20 de Abril 2024
Al 02 de Junio 2024

entresaka

Entresaka

Ibon Aranberri

Artium (Gasteiz, Araba)

Desde el 26 de Abril 2024
Al 29 de Septiembre 2024

n-z-kin-rantz

-n, -z, -kin, -rantz

Jose Angel Lasa

convento de los franciscanos (Bermeo, Bizkaia)

Desde el 11 de Mayo 2024
Al 31 de Octubre 2024

edonor-denok-inor-ez

edonor denok inor ez

Procesos de institucionalización de la educación artística en el País Vasco, 1978-1991

Artium (Gasteiz, Araba)

Desde el 02 de Febrero 2024
Al 01 de Septiembre 2024

galdera-txikiak

Galdera txikiak

17 de My | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Zein den artistaren lekua galdetu dio irratiko esatariak artistari. Artistak galdera handi hori galdera txikitan xehetuko lukeela erantzun du.

hiru-hitz-hamaika-eduki-iii

Hiru hitz, hamaika eduki (III)

10 de My | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Aurreko bi zutabeetan Erromako Kapitolioko Museoen sotoan ikusi nuen estela bat aztertzen aritu naiz. K.o. I. mendeko hilarri bat zen, eta hiru hitz besterik ez zuen, bata bestearen azpian: "Antiochus/libertus/pictor" esaten zuen, alegia, "Antiochus. Libertoa. Margolaria". Gaurkoan azken hitzari ekingo diot, pictor, margolaria.

esperimentazioaren-alde

Esperimentazioaren alde

09 de My | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

'Herri bat behar da mendi bat altxatzeko' | Artista: Maria Jerez. | Noiz arte. Abuztuaren 25era arte. | Non. Donostiako Tabakaleran.

hiru-hitz-hamaika-eduki-ii

Hiru hitz, hamaika eduki (II)

07 de My | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Aurreko astean Erromako Kapitolioko Museoen sotoan ikusi nuen estela bat aztertzen hasi nintzen. Hilarri bat zen, eta hiru hitz besterik ez zituen, bata bestearen azpian:"Antiochus/libertus/pictor" esaten zuen, alegia, "Antiochus. Libertoa. Margolaria". Aurrekoan Antiochus izenari eskaini nion zutabea, eta gaurkoan libertus hitzak zer kontatzen digun arakatzea dagokit.

basterretxea-ehun-urte-bost-geldiune

Basterretxea: ehun urte, bost geldiune

07 de My | Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]

Margolaritzan, eskulturan, zineman, diseinuan eta, orobat, euskal kulturaren susperraldiaren aldeko lanean nabarmendu zen Nestor Basterretxea. Mendea bete da artistaren jaiotzatik, eta bost urratsetan zeharkatu du haren ekarpena BERRIAk.

gorputz-izateko-formak

Gorputz izateko formak

03 de My | Elena Olave [BERRIA.eus]

'KOSMETAI' | Egilea: Hodei Herreros. | Non: Montehermoso kulturgunea, Gasteiz. | Noiz arte: Maiatzaren 19ra arte.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).