artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Miren Vadillo: "Bere herriaren zerbitzura lan egiteko borondate jarraitua izan zuen"

Basterretxearen lan artistiko osoa biltzen duen alderdietako bat bere egiteko modu "konprometitua" izan zela uste du Vadillok, estetikatik hasi eta bakearen aldeko ekinera.

miren-vadillo-bere-herriaren-zerbitzura-lan-egiteko-borondate-jarraitua-izan-zuen
Miren Vadillo, Basterretxearen 'Askatasuna biribil zabaltzen da' (1994) obraren aurrean, Gasteizen. Arg/ RAUL BOGAJO - FOKU

Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]
| 7 de Mayo 2024

Nestor Basterretxearen obra "kaleidoskopikoa" alderik alde zeharkatzen duten harietako bat euskal gizartearekin, kulturarekin eta artearekin izan zuen engaiamendua da, Miren Vadillorentzat. Luze idatzi du horretaz mendeurrenaren harira artistari eskainitako webgunean, eta, dioenez, parte handi bat utzi behar izan du kanpoan, Basterretxeak egindako askotariko dohaintzak eta elkartasunez emandako lanak "kontaezinak" direlakoan.

"Momentu diferente bat izan zen haiena", ebatzi du azkenetan, "parte hartzea, militantzia eta askotariko aldarrikapenekiko eskuzabaltasuna bestelakoak ziren. Nestorrengan interesantea da hori ez zela geratu 1970eko urteetan, deitzen zuten aldiro segitu zuen inplikatzen giza eskubideen, bakearen eta askatasunaren alde".

Artista konprometitu batizena jarri diozu testuari. Zein da horren frogarik behinena zuretzat?

Nire ustez, Basterretxearen obra konprometitua da, batez ere, artearen inguruan duen kontzepzio abangoardista eta integratzaileagatik. Badakigu harenobra zein kaleidoskopikoa izan zen, eta horrek berak erakusten du artearekiko konpromisoa; hortik dator gero bestelako inplikazio oro. Esango nuke, halaber, Nestor artista konprometitu modura aldarrikatzeak ez diola meriturik kentzen bere obrari; dimentsio etiko bat ematen dio egin zuen lan guztiari, hain baita zabala, diziplina eta interes ugaritakoa.

Lehen-lehenik, ideia hori nabarmendu duzu artikuluan, hain justu: Basterretxearen "erreibindikazio nagusia haren lan estetikoaren bitartez" adierazi zela.

Bai. Argi dago obra moderno eta garaikide bat sortzeko borondatea izan zuela, abangoardiako artea egitekoa, eta inportantea iruditzen zait hori ulertzea. Konpromiso estetiko, berritzaile eta modernizatzaile horretatik egin zuen lan, egokitu zitzaion denboraren barruan.

Etapa diferenteak izan zituen konpromiso horrek. Nola azalduko zenuke garapena?

Bere herriaren zerbitzura lan egiteko borondate jarraitua izan zuen Basterretxeak. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan abangoardiako kontzeptutik egin zuen batez ere, estetikaren kontzeptutik, baina, 1970eko urteetatik aurrera, obra askoz ere sinbolikoago bat landu zuen, euskal identitate propio bat islatzeari eta iruditeria propio bat sortzeari zegokiona. Horren erakusle daKosmogoniaksaila, adibidez; edo diseinu txikietan egin zuen lan eskerga—pegatinak, portadak, kartelak...—, zeina garai baten ikur bihurtu zen, karga sinboliko oso handiarekin. 1980ko urteetan eta bere bizitzaren azkenetan, konpromiso ofizialago bat izan zuen, postura instituzionalei lotuagoa, baina, artearen bitartez, euskal gizartearen arazoekiko ardura sekula alboratu gabe.

Arteen integrazioan egin zuen lana ere haren ikuskera konprometituari lotuta ikusten duzu?

Erabat. Diseinuan, artea inguru hurbileko altzarietara eraman nahi horretan ikusten dut, adibidez; baina baita zinemarako egin zuen lanean ere. Uste dut identitate propio bat hedatzeko nahiaren adibide argia dela egin zuen zinema.

Oteiza ere behin baino gehiagotan dator artikuluan; zure ustez, bien arteko hurbiltasunak hurbiltasun, oso modu diferentea izan zuten "inplikatzeko".

Bai. Basterretxearen eta Oteizaren arteko adiskidetasuna oso sakona izan zen, baina,Euskal Herriko zenbait problematikari erantzungo zion obra garatzeari dagokionez, irudipena dut Basterretxearena inplikazioa produktiboagoa eta errealagoa izan zela. Oteizaren inplikazioa bere herriarekiko absolutua da, baina baita utopikoagoa ere. Bi era ezberdin dira, osagarriak.

Bistan da bi gerra eta erbestea ezagutu izanak eragin zuzena izan zuela transmisioarekin izan zuten kezkan. Halako errepresio garai batek begi bistan jartzen dizu kultura baten aldeko jardunak ahalegin eta inplikazio handiago bat exijitzen dituela.

Eusko Jaurlaritza martxan jarri berritan, kultura "ofizialago" baten sorreran ere parte hartze berezia izan zuen Basterretxeak.

Instituzioekin paradigma politikoa guztiz aldatu zen, eta artistak hartara egokitu ziren, guk gero oinordetzan jaso dugun instituzionalizazioan inplikatuz. Basterretxeak aholkulari jardun zuen, baina, hortik haratago, Oteizarekin eta besteekin 60ko eta 70eko urteetatik lantzen aritu ziren ideiak eta proiektuak bultzatzeko lan egin zuen, arte garaikidearentzako zentroak sustatuz. Uste dut hor duela segida haren arduraren nozioak. Eusko Jaurlaritzaren sorrerak eskain zitzakeen aukera berriak aprobetxatu nahi izan zituen.

2014an hil zen artista. Haren azken urteetatik zer nabarmenduko zenuke?

Behin ere ez ziola utzi lan egiteari. 1970eko urteetan modu kolektibo batean babesten zuten hori bere kasa segitu zuen babesten, hil zen arte; edozein zela ere ekimen sozial, kultural, politikoa. Giza eskubideekin, askatasunarekin eta bakearekin lotutako hamaika ekimenetan hartu zuen parte. Eskulturen, logotipoen, kartelen eta abarren diseinuak lantzen ere segitu zuen, zeinak unean uneko gizartearen zerbitzura lan egiten jarraitzeko desira adierazten duen.

Lengoaia "sinpleak" ezaugarritu zituen haren kartel eta logotipo ugari. Ze eragin izan zuen horrek?

Basterretxeak arte garaikideaz zuen ideia hura geometria konstruktibistetatik eta beste alor batzuetan zuen interesetik zetorren. Hortik heldu zen forma sinpleetako estetika oso abstraktu batera, eta uste dut horiek izan zezaketen ulermen errazak lagundu egin zuela jendeak bere egin zitzan; hori erakusten du izan zuten zabalkundeak.Bai euskarariekimenerako diseinatu zuen logotipoan, adibidez, fenix baten irudia ikusten dugu, errautsetatik berpizten dena, euskara bera bezala. Forma garaikideak dira, abangoardiako estetika arrazionalista baten barrukoak, baina ulerterraztasuna bistatik galtzen ez dutenak.

Egin zuen obra publiko ugaria ere modu bat izan zen artea "herrira eramateko"?

Obra publikoaren bitartez, parte zen gizartearekin elkarrizketa bat sortu nahi izan zuen Basterretxeak. Garai hartako beste artista batzuen irudi eta eskulturekin gertatzen den bezala, gaur da eguna haren irudiekin identifikazio bat sentitzen duguna: imajinario kolektiboaren parte dira jada. Gizarteak haren obrari egin dion onarpen hori da Basterretxeak gaur izan dezakeen aitortzarik onena.


walker

Walker

Tsai Ming-Liang

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 18 de Septiembre 2026
Al 06 de Diciembre 2026

mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

Desde el 08 de Julio 2026
Al 09 de Noviembre 2026

isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

Desde el 25 de Septiembre 2026
Al 22 de Noviembre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 de Octubre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 de Octubre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 de Octubre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).