Mapamunditarrak 2025. Argiz beteriko gauak
Erakusketa kolektiboa
2025eko Irailaren 26tik
2025eko Azaroaren 16ra

MAPAMUNDITARRAK 2025/ Argiz beteriko gauak erakusketaren ibilbideak Mistoen eraikineko bigarren solairua eta 6. Kaserna hartzen ditu. Aretoak ilunantzean daude, gure gorputzek, modu instintiboan, gau-esperientzia bat bizi dezaten. Lan guztiak gauarekin solasean ari dira, espazio eta denbora gisa.
XABIER ERKIZIA/ Non dire (niente) (Ez esan [ezer])
Mistoen eraikina (beheko solairua). Kanal anitzeko soinu-instalazioa.
Lan hau ikusezina da, entzuten da. Soinu-pieza honek gaueko irrati-grabazioetatik abiatuta egindako hogei konposizio biltzen ditu. Elkarreraginean aritzera gonbidatzen du bisitaria, irrati-entzuleei ezaguna eginen zaien keinu baten bidez: irrati zahar bateko diala mugitzea. Lan horretan, Xabier Erkizia Armand Robin (1912-1961) intelektual frantses eleaniztunaren metodologian oinarritzen da. Bigarren Mundu Gerran, Armandek gauero atzerriko irratiak entzuten zituen inteligentzia-zerbitzuei laguntzeko. Gerraren ostean, lan horri eutsi zion, bere kabuz, oharrak hartzen eta irratiari buruzko saiakera laburrak idazten.
Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) ikerlaria, artista eta soinu-ekoizlea da. Azken hiru hamarkadetan era askotako proiektutan aritu da, beti entzuketen eta soinu-sorkuntzen inguruko fenomenologiari buruzkoak. Erkiziaren lanak hainbat euskarri eta egoeratan ikusgai eta entzungai egon dira: irrati-saiakerak, soinu-instalazioak, idatziak, erakusketak, diskoak eta filmak.
REGINA GIMENEZ/ Distiratsuak eta zurbilak, erraldoiak eta nanoak
Mistoen eraikina (beheko solairua eta lehen solairua).
Regina Gimenezen sei lanak eraikinaren bi solairuen hormetan kokatuta daude eta motibo bera partekatzen dute: zirkulua edo zirkuluerdia, gure imajinarioan eguzkiak eta planetak irudikatzen dituen forma geometrikoa. Artistak geografia- eta kosmologia-liburuetatik ateratako sinbolo hori bere egin eta artearen historiarekin elkarrizketan jartzen ditu konposizio grafiko berriak sortzeko. Hainbat teknika erabiliz –akrilikoa oihal gainean, marrazkia kalko-paper gainean, litografia edo marrazki-txantiloiak birziklatuz–, artistak kosmosa eta haren misterioa irudikatzearen keinua behin eta berriz errepikatzen du, une batean zeinetan oso gutxitan uzten diogun pantailak begiratzeari izarrak behatzeko.
Regina Gimenez (Bartzelona, 1966) abstrakzioaren eta geometriaren eta kolorearen esplorazioaren tradizioan kokatzen den lan baten egilea da, baina oso zentzu irekian ulertuta. Lanaren gorputza moldaerraza da, mota askotako objektuz osatua: oihal gaineko pinturak eta paper gaineko collageak, ehun-lanak eta bestelako materialak. Artistaren obra Estatuko eta nazioarteko bilduma garrantzitsuen parte da.
LEIRE LACUNZA MIRANDA/ Maitasuna Garra Maitatu Armatu
Mistoen eraikina (beheko solairua eta lehen solairua).
Leire Lacunza Mirandak erakusketa-aretora eramaten ditu Ziudadelako barrutiko hormetan aurkitutako maitasun-mezuak. Grafiti horiek –jendaurrean paratutako adierazpen intimoak– antzinako gotorleku militarrean gertatzen diren elkartzeen arrastoak dira. Ezagutzera ematen dute espazio publikoak, bere zokoetan eta ordu jakin batzuetan –behin ilundu eta gero–, askatasun-leku bat eskaintzen duela maitasuna azaleratu dadin. Artistak garrantzia ematen dio testu-praktika iragankor eta enkriptatu horri, gorputza eta kolorea emanez, eta hiriaren maitasun-poema bat idatziz, zatien eta testuren batura horri esker.
Leire Lacunza Mirandak (Donostia, 1996) doktoratu aurreko ikerketa eta praktika artistikoa uztartzen ditu. Azken lanetan, hainbat argi-iturri eta iragazki erabili ditu ikusgai dagoenaren ezegonkortasuna aztertzeko eta aldi baterako lanak sortzeko, espazioak gainezkatu eta eraldatzen dutenak. Berriki, testua bere piezetan txertatzen duen material poetiko gisa lantzea interesatzen zaio.
LOIS PATIÑO/ Izar-ereilea
6 kaserna.
Bideoa, 2022, 25'
Zuzendaritza, gidoia eta argazkiak: Lois Patiño. Soinu-diseinua: Xabier Erkizia. Ahotsak: Yumiko Teramoto eta Tetsuro Mareda.
Tokio gauez bere dir-dir egiten duten argiekin; horixe da Lois Patiñok Izar-ereilea lanaren abiapuntuko irudi gisa aukeratzen duen agertokia. Etengabeko mugimendua erakusten duen megalopoli japoniarraren oihal ilun horretan, filmak gorputzik gabeko ahotsen arteko elkarrizketa bat azaleratzen du. Ahots horiek koan –zen budismoaren irakaspen mistikoak– delakoetan inspiratzen dira, eta erreala, espektrala eta onirikoa den horren artean kokatzen den hiri-linbo batean daude. Irudia eta kontakizuna gainjarrita, egileak kontenplazioa eta narrazioa elkar osa daitezen lortzen du.
Lois Patiño (Vigo, 1983) artista eta zinemagilea da. "Novo Cinema Galego" izeneko belaunaldiaren parte da, eta bere lanetan ikus-entzunezko hizkuntzaren mugak urratzeko eta begiradan gelditzeko borondatea erakusten du. Heriotzarekiko harremana kultura desberdinetan; horixe da bere lanetan agertzen den ildo nagusia.
ROSA THARRATS/ Gau zuriak
Mistoen eraikina (beheko solairua eta lehen solairua).
Rosa Tharratsen hiru eskultura zintzilikariak ilunantzetik azaleratzen dira, pabiloiko argi elektrikoa xurgatzen duen presentzia organiko baten bidez. Grabitatearen ondorioz, lurreraino hedatu eta arinki kulunkatzen dira. Izaki hibrido eta, aldi berean, aterpe gisa, galdegin eta bildu egiten gaituzte. Eskulturak osatzen dituzten ehunak Rosa Tharrats osatzen ari den artxibokoak dira, egilea adi baitago beti oihal bakoitzaren historia eta materia bakoitzaren esanahia ezagutzeko. Artistaren instalazioetan, horiek lotu eta eraldatzen ditu. Hori horrela, Aura obra oihal gatzeztatuaz egina dago. Forma ematen dien kobrea elementu eroale gisa erabiltzen du, baita indartzaile gisa ere.
Rosa Tharratsek (Bartzelona, 1983) ehun-gaiak lantzen ditu instalazioetan, eskulturetan eta performanceetan. Zentzu-geruzak dituzten atmosfera sentsualak sortu nahi ditu. Prozesu horretan, garrantzia ematen die bilketari, lan horizontalari eta materialen oreka sotila bilatzeari. Mineralen, landareen eta elementu industrialen arteko elkarreragina lantzea ere interesatzen zaio.

Iruñeako Zitadela | Armadaren etorbidea - Iruñea (Nafarroa)
Xehetasunak
Asteartetik larunbatera: 11.30 - 13.30 / 18.00 - 20.30.
Igande eta jaiak: 11.30 - 13.30