Euskadi, 1977-1979
Agustin Ibarrola
2025eko Ekainaren 17tik
2025eko Irailaren 30era

1979an, Espainiako Konstituzioa indarrean sartu eta Euskadiko Autonomia Estatutua onartu zenetik urtebetera, Ibarrolak horma-irudi handi bat sortu zuen Arte Ederren Bilboko Museoaren Areto Grisean. Guztira 27 koadro ziren, eta horietako hamabik 2x3,5metroko tamaina zuten.
Instalazioaren zati nagusiak erabat estaltzen zituen hormak, multzoa osatzen zuten mihise handiekin; izan ere, hiru koadrok osatutako nolabaiteko atariko bat eta lurrean bermatutako "totem" moduko zortzi mihise zituen multzoak, azken horiek horma-iruditik pixka bat urrunduta. Erdigunean, haritz-hosto bat eta idazki bat zituen koadro batek obraren sinbolismoa indartzen zuen, zeina, era berean, areagotu egiten baitzen Picassoren Guernica (1937) lanetik ateratako gaiekin eta koadro ospetsu horri buruz Ibarrolak egin zuen bertsioaren (c.1977) lau zatiekin.
Abstrakzio formalaren eta irudikapen figuratiboaren arteko tentsioak elkarren artean lotzen ditu eskulanaren mundutik –artisautza tradizionaletik industriara– datozen irudi eta objektuak, zuri-beltzeko zenbait lerroz bortizki marratuak. Lerro horien bidez, Ibarrolak Espainiako Alderdi Komunistako militante izateagatik espetxean igaro zituen bederatzi urteen esperientzia zapaltzailea irudikatzen da. Eskala, perspektiba eta ilunantz bortxatuek irudiak biltzen dituzte, salaketako tresna gisa, eta artea eta artista bera demokraziaren aldeko gizarte-eragiletzat dituen adierazpen gisa.
Agustín Ibarrola (Bilbo, 1930-Usansolo, Bizkaia, 2023)
Ibarrola langile-familia batean jaio zen eta haurra zela bizi izan zuen Espainiako Gerra Zibila. Gertakari horrek haren bizitza markatu zuen. 1945ean, 14 urte soilik zituela, Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan sartu zen, eta hiru urte geroago, 1948an, bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen Bilboko Stvdio Aretoan. Urte horretan, Madrilera joan zen bizitzera, han Arte Ederren San Fernandoko Goi Eskolan prestakuntza jasotzeko, baina ez zuenez ikasketarik, ezin izan zen matrikulatu. Beraz, Daniel Vázquez Díaz margolariaren tailerrera joan zen bi urtez. Margolariak lotura estua zuen garaiko euskal artearekin, eta eragin handia izan zuen Ibarrolarengan.
1950ean, Jorge Oteizak Arantzazuko basilikan (Oñati, Gipuzkoa) horma-irudi batean parte hartzera gonbidatu zuen, baina azkenean ez zuen gauzatu lan hori. 1954an, Gaztelan barrena bidaiatu zuen Blas de Otero poetarekin. 1956an Parisera joan zen bizitzera, eta Espainiako Artisten Elkarteko idazkari aritu zen. Han ezagutu zituen gerora, berekin batera, Equipo57 talde artistikoa osatu zuten artistak. 1961ean Bilbora itzuli zen eta, grabatzaile gisa, Estampa Popular zenaren euskal sailean sartu zen. 1962an Alderdi Komunistako kide izateagatik atxilotu zuten eta, auzitegi militar batek epaitu ondoren, bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Obrak margotzen jarraitu zuen eta, handik urtebetera, lanok Appeal for Amnesty erakundeak Londresen, Parisen, Belgikan, Alemanian eta Italian egindako erakusketa batean erakutsi zituen. 1965ean aske utzi zuten eta euskal abangoardiako talde artistiko hauen sorreran hartu zuen parte: Gaur, Emen, Orain eta Danok. Berriz ere kartzelan sartu zuten 1967tik 1969ra, eta Oteizak urte horretan sortu zuen Debako Arte Eskola Esperimentalean sartu zen jarraian. Ordutik aurrera, euskal artearen inguruko zenbait ekimenetan hartu zuen parte, esaterako, 1971n Barakaldon (Bizkaia) egin zen Euskal Artearen Lehen Erakusketan –"Indiskriminatua" ere deitua– eta 1972ko Iruñeko Arte Topaketetan.
1976an, Veneziako Bienalean parte hartu zuen eta urtebete geroago Guernica horma-irudia egin zuen: hamar metroko friso narratibo handi bat, Picassoren Guernica (1937) lanaren omenezkoa, margolan hori Euskal Herrira ekartzea eskatzen zuen mugimenduari laguntzeko.
80ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasle izan zen bost urtez. 1987an, Kultura Ministerioak eta Madrilgo Udalak artistaren lanen inguruko erakusketa antologiko bat antolatu zuten, eta Zaragozan eta Bilbon aurkeztu zuten gero. Urte horietan, naturan egindako zenbait esku-hartze artistikotan jardun zuen, askotariko materialekin esperimentatuz (trenbide-trabesak, kartoiak, makilak, burdinurtua, corten altzairua, etab.). Santimamiñeko historiaurreko haitzuloetatik eta artistaren baserritik hurbil dagoen Omako baso biziduna (1983-1987) haren ibilbideko lanik ezagunenetako bat bilakatu zen.
XX. mendeko azken hamarkadatik aurrera, euskal erakundeek zenbait eskultura publiko eskatu zizkioten. 1993an, Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina jaso zuen Equipo57 taldeko kideekin batera, eta Salamancako Unibertsitateak Zumar lehorren basoa (1995-1996) sortzeko enkargua egin zion. RENFErekin lankidetzan, 1997tik aurrera, erakusketak egin zituen Espainiako zenbait hiritan, trabesekin egin zituen serieak ikusgai jartzeko. Ibarrolak beste zenbait esku-hartze artistiko ospetsu egin zituen naturan: Harriak eta zuhaitzak (1999) Allarizen (Ourense); Oroimenaren kuboak (2001-2006) Llanesen (Asturias); auditoriuma Bottropen (Alemania) (2002) eta Ibarrola harriak, Garoza de Bracamonte dehesan (Muñogalindo, Ávila) (2005-2009), besteak beste. XXI.mendeko lehen hamarkadan, aktiboki parte hartu zuen terrorismoaren aurkako militantzian eta, ETAren biktimen omenezko hainbat eskultura eman zizkien dohaintzan zenbait hiriri, esaterako, Santanderri, Andoaini (Gipuzkoa), Ermuari (Bizkaia), Gasteizi, Logroñori, Alacanti eta Murtziari. Osasunari dagokionez zenbait muga zituen arren, sortzeko zuen indarra eta lanerako diziplina mantendu zituen Omako baserrian (Kortezubi, Bizkaia), han bizi baitzen bere familiarekin 1980ko hamarkadatik. Usansolon (Bizkaia) hil zen, 2023ko azaroaren 17an.

Arte Ederren Bilboko Museoa | Museo Plaza, 2 - Bilbo (Bizkaia)
Xehetasunak
Udako ordutegia: Egunero irekita. Uztailaren 1etik irailaren 15era: Astelehenetik larunbatera, 10:00 - 20:00. Igandeetan 10:00 - 15:00. | Ekainaren 6, 13, 20 eta 27an museoa 19:00etan itxiko da.

Agustin Ibarrolaren bidegurutze artistikoa irudikatzen duten hainbat artelan zaharberritu ditu Arte Ederren Bilboko Museoak
Eka. 19 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
Sortzaileak 'Euskadi' instalazioa izan zuen Bilbon, 1979an, eta haren parte izandako 18 margolan berritu ditu erakundeak. Sei areto hartzen dituen erakusketa osatu du haiekin eta artistak instalazioan gehitu zituen beste sei mihiserekin.