Barthelemy Etxegoien Glama: "Ezin da baieztatu Euskal Herrian ez dela obra kolonialik, ez baita ikerketa sakonik egin"
Louvreko Europaz haragoko bildumak aztertu zituen Etxegoienek. Kontatu duenez, "dominazio kolonialaren" bitartez objektu franko sartu ziren Europako museoetan. Ontasun kultural espoliatuen legea egokitzat jo du: "Legeak historia egitea inposatuko du".

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026
Dekolonizazioaren gaia ikertu ez ezik menperatu ere egiten du Barthelemy Etxegoien Glamak (Donapaleu, Baxenabarre, 1992). Louvre museoko Europatik kanpoko bilduma arkeologikoak aztertu zituen tesia ontzeko, eta bortxaz, objektuen jatorria ikertzerakoan "dominazio inperialaren" testuingurua agertu zitzaion begien aitzinera. Hurbiletik segitu du ontasun kultural espoliatuen legeak ekarri duen eztabaida Frantzian. Gaia "biziki konplexua bezain interesgarria" zaio eta horregatik ñabardurak ekarriz mintzatu behar dela iritzi dio.
Louvre museoa izan zen zure ikerketagaia. Kolonizaziorik gabe nekez beteko zen erakustokia, ezta?
Europako museoak jarduera inperialari esker bete ziren. Testuinguru inperiala erraten dut, kolonizazioari bakarrik ez behatzeko. Horrez gain, dominazio mekanismo informalak ere plantan eman baitziren. Dominazio mekanismoek eragin zuzena ukan dute Antzinateko galeriaren osaketan, 1840an Frantziako kontsulak indusketa batzuk gauzatu zituelako Mosulen. Mekanika horiek objektu etorrera garrantzitsuak eragin zituen Europan XVIII. eta XIX. mendeetan. Dominazio eta kolonizazio dinamika horiek gabe Europako museoak zailtasunetan izanen ziren museo entziklopedikoak izateko bide horretan, eta horren aldetik dudarik ez da. Mundu osoko obrak dituen museo batek bertze herrialdeen baimenarekin ala onespenik gabe egin izan ditu lekualdatzeak, eta problematika hori Europako museoen erdigunean dago.
Halere, objektu franko arpilatu ziren Frantziara eta Espainiara igorriak izan zitezen ezta?
Frantziaren eta Espainiaren kasua izan da, bai. Iraultza garaiko ondasun konfiskazio gisa egiten ziren bahiketak, eta horrek erran nahi du definizioz zerbait bortxaz hartzen dela bertze nonbait emateko. Iruditzen ahal zaigu legitimoa dela populuari mundu osoko jakintza erakustea, salbu aitzakia bera baliatuko duela Napoleonek ere konkistatu herrialdeetan gauza bera egiteko. Hori da logika inperiala. Louvreren kasuan arte museo izatetik museo entziklopediko izatera arribatu zen inperioaren zabalpenaren bidez. 1793an Erromako piezekin osatu zen Louvre, baina berantago, 1870ean, Mexikoko eta Ekialde Hurbileko objektuak agertu ziren. Inperioak interesa zuen Louvren eta Louvrek interesa zuen inperioan.
Aljeriaren kasua aztertu zenuen?
Kasu horretan afera sinplea da. Egipto eta bertze herrialde batzuekin ere gauza bera egin zen. Aljerian, Adolphe Delamare kapitainaren misioa zen tropa kolonialen segitzea, indusketak egitea, atzeman objektu guziak zerrendatzea eta Frantziara ekartzea.
Kasu horretan objektuen jatorria zehatza da?
Segipen oso-osoa badugu, objektuen migrazioaren traza guziak jaso baitzituen administrazioak. Kasu batzuetan oso lausoa da objektua nola heldu zen museotako apaletara: Afrikan, Saharaz hegoaldeko eta mendebaldeko herrialdeen kasua da. Adibidez, Benin hiriko espedizioa hartzen bagenu, arpilatzeak gertatu ziren eta objektuak mendebaldeko merkatura arribatu ziren bat-batean. Nola arribatu ziren Paris, New York edo Berlingo merkatu sarera? Ez dakigukasu honetan. 1864an Yuanmingyuango tenpluan [Txina] Frantziako eta Britainia Handiko tropekobjektuak hartu zituzten eta objektu horien jatorria lausoa da, ez da dokumentatua.
Objektuen jatorriaren ikerketa giltzarri da ontasunak itzultzeko tenorean. Maiatzean onartu zuten legeaz zer diozu?
Aitzinamendu ederra da legez bestera ezina baita eremu publikoa Frantzian. Lege horrek errekonozitzen du neurri batean Frantziako ondarean sartu diren elementu batzuk legez kontra sartu zirela. Orain arte hipokrisia eta isiltasuna izan da nagusi gai horren inguruan. Bortxaz, legeak eraginen du obren inbentario zabal bat, eta bertzetik bizkortuko ditu 2017an Uagadugun (Burkina Faso) Emmanuel Macronek hitzeman zituen obren entregak.
Obra batzuen egiazko jatorria ikertzerakoan sorpresak izan daitezke?
Legeak historia egitea inposatuko du. Benedicte Savoy historialariak aipatzen duen nozio zabal bati erreferentzia egin nahi nioke. Translokazio hitza aipatzen du hark. Jatorrizko testuingurutik erauzia den arte obra batek bere arribatze lekuan testuinguru berri bat sortzen duela dio berak. Galde koloniala bete-betean sartzen da horretan, baina bertze gauza anitz ere sartzen dira eta biziki interesgarria da. Errate baterako, Gernika-ren kasua translokazio kasu bat da. Madrildik errefusatzen da lekualdatzea obra hauskorregia dela argumentaturik. Zientifikoki eztabaidagarria da, eta Gernika-ren inguruan entzuten direnak paradoxikoak dira. Jatorrizko testuinguruan obrak zentzu guzia hartzen du.Beningo brontzeak Beninen ikustean historia berriz ikusten duzu bertan. Horiek Parisen emanik bertze erranahi bat hartzen dute. Obren itzuleraren aferan museoetan ditugun obrei botatzen diegun begirada europarra ere kontutan hartu behar da.
Beraz, problematika horiek museoaren kontzeptua bera auzitan ematen dute.
Museoek errekonozitu behar dute arte obren joan-jinen fruitu direla. Hauen erosteko manera edota museora arribatzen diren bildumen jatorria ukatzeak museoak duen alde politiko guzia galdekatzea ukatzea dakar. Problematikoa da. Galde kolonialak interes handia pizten dit, eta obren entregak galde etikoak mahai gaineratzen ditu baina gibelean museoaren diskurtsoa ukitzen du horrek, bortxaz.
Europan herrialde batzuk Frantzia baino aitzinatuagoak dira diskurtsoaren lanketan.
Herbehereak, adibidez. Amsterdamgo Rijksmuseum museoan garaikako galeriak osatu zituzten. Objektuekin batera garaiko Herbehereetako testuinguru inperiala azaldu dute oraingoan. Obra ezin ederragoak badira, eta haien balio artistikoa ezin da ukatu. Baina obra horiek sortu baziren testuinguru batek ahalbideturik izan zen. Sistema inperial eta kolonialari esker egin zuten dirua anitzek eta merkatari burges franko baziren garai hartan. Zentzu horretan, ene ustez ezin dira obra horiek haien sortze testuingurutik aldendu. Eman behar dugun gardentasuna ez da bakarrik hona ekarri zituzten objektu kolonialen kasuan gauzatu behar. Europako obrak ahalbidetu duen testuinguru kolonialaz ere gardenak izan beharko ginateke.
Euskal Herriaren kasua hartzen bagenu, Ternuatik objektu anitz ekarriak izan ziren. Ikerketa batzuek diote Ternua Euskal Herriko kolonia bat izan dela. Zer diozu?
Dominatua izan denak ez du bortxaz erran nahi ez dela dominatzailea izanen eta alderantziz. Intersekzionalitatearen oinarria da, eta kontutan hartu beharrekoa da. Euskal populuaren historian traza arkeologiko zaharrenek erakusten dute Europako presentzia bat bazela Ternuan eta euskaldunak horien artean izan ziren nagusiki eta hala da.
Alta galdera delikatua da Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak erran zuen ez zela obra kolonialik hemengo museoetan edo behintzat ez direla nabarmenak.
Euskal Herrian ez dugu Parisen edo bertze museo handietako obra kolonial handirik. Interesgarria litzateke halere Euskal Herriko museoek gaia haiengana dezaten behintzat iturriak galdekatzeko obra nabarmenik ez izanik ere. Bonnat Helleu museoaren kasuan, momentuz dakigunarekin ez da Frantziako legearen barnean satzen den obrarik. Baina gure lurraldeko museoetako piezen jatorriaren inguruko ikerketa sakonik egin izan ote da obra kolonialik ez dugula errateko? Ba ez. Gai etikoa da eta obren jatorriaren inguruko ikerketa bat egin beharko litzateke obren inguruan duda dugularik, baina ez delarik ere bai. Ezin da baieztatu Euskal Herrian ez dela obra kolonialik ikerketa sakonik ez delako egin.
Eta duda bat baldin bada obren jatorriari buruz?
Ikertu behar da. Jatorria legez kanpokoa bada gure ardurak hartu beharko ditugu, eta manera batez ala bertzez jendeari erran beharko diogu. Eta jatorria ez bada argi eta ikerketek ez badute deus ematen, jendeari hori erran behar zaio gardentasun osoz. Gainera, konbentzitua naiz legez kanpoko manera batean sarturiko obra bat ez dela erreserbetan gorde behar. Erakutsi behar da, eta esplikatu duda bat badela obrari buruz. Zuzendari gisa gardentasunaren aldekoa naiz.


















