artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Irudien fideltasuna, ezbaian

Asiako zortzi argazkilariren lana dago ikusgai Donostiako Tabakalerako Artegunean, 'Promesen testura' erakusketan. Bilduma bakoitzaren oinarria artistak egindako bidaia baten kontakizuna da

irudien-fideltasuna-ezbaian
Alejandro Castellote komisarioa eta erakusketan parte hartzen duten artistetako batzuk. GORKA RUBIO / FOKU

13 Janvier 2023 | Naroa Torralba Rodriguez [BERRIA.eus]

Arrazakeriak berariaz sortzen du ekialdeko herrialdeen iruditeria baldintzatu bat, eta hori haustea eta egurastea izan da Promesen testura erakusketaren zioetako bat, antolatzaileek adierazi dutenez. Tabakalerako Artegunean (Donostian) ikusgai jarri dituzten argazki lanak Asiako zortzi artistarenak dira: Bohnchang Koo, Weixin Chong, Sukanya Ghosh, Gao Bo, Takahiro Mizushima, Wang Juyan, Ji Zhou eta Woong Soak Tengenak. Egileek iraganean izandako bizipenek eragindako sorkuntzak dira guztiak, eta askotariko bidaien amaiera kontatzen dute.

Besterik da begiztaturikoa zalantzan jarri beharra dagoela. Horretaz mintzatu da Alejandro Castellote komisarioa: "Obretan irudikatua dagoena identifikatzea ez da erraza, bereziki begirada ez daukagulako egokitua. Argazki bat ikusten dugunean, espero dugu esanahia garbi irudikatzea". Ez da Promesen testura bildumako lanen kasua. Fotoa oinarrizko lehengaia izan da denentzat, baina, formatua eta edukia ezberdina dute denek. Zortzi artistek beren bizitzaren etapa bat irudikatu dute serie bakoitzean. Erakusketa otsailaren 19ra arte egongo da ikusgai.

ZERAMIKAZKO ONTZIAK

Bohnchang Koo (Seul, 1953) argazkilariak bi lan ditu erakusgai: bietan jarri ditu markoetan zeramikazko ontzien argazkiak: Ilargiaren irteerako ontziak deitu du bata, Ontziak bestea. Prisma desberdinetik aterata daude argazkiak: lehenak ilargi-zikloaren alegoria bat erakusten du. Horizontalean eta bata bestearen alboan jarritako koadroetan, esfera formadun ontziak ageri diren hamabi argazki daude. Hego Koreako kulturan toki esanguratsua dauka zeramikak, eta komisarioak azaldu duenez, artisauen helburua ez da bikaintasuna erdiestea, orban eta akatsak azalaraztea baizik. Hori nabari zaizkie bigarren ataleko koadroei ere, denboraren igaroaren erakusgarri direnak.

MARMOLA MALGUTASUNEZ

Weixing Chongek (Singapur, 1988) marmolaren izaera solidoa bigundu egin du. Marmolez egindako bi gortinaren antzekoak eskegi ditu sabaitik. Iruditzen zaio, marmola "boterearen, prestigioaren eta iraunkortasunaren" ikur dela kultura askotan. Horren ifrentzua, baina, harrobietako ustiaketan lanean diharduten pertsonak direla azpimarratu du: "Jende asko hil da lanean marmola gainera erorita, eta txartatzen aritu den asko ezagutu dut atzamarren bat galdu duena". Eskaneatu egin du marmolaren azala artistak, eta, ondoren, ikusgai dauden oihaletan inprimatu.

MEMORIAREN COLLAGEA

Sukanya Ghoshek (Kalkuta, India, 1973) memoria jorratu nahi izan du Baso isoszelea lanean. Collage optikoa osatu du bideo formatuan. Geometria eta aljebra tartekatzen ditu lanak, kolore sepiadun artxiboko irudietan txertatuta. Segmentaziozko lana da, etengabe mozten dena irudi eta soinu bidez. Neurozientziaren bidez esplikatzen du Ghoshek, nola oroitzapen batekin akordatzean "berriro" eraikitzen den "osorik": "Akorduak mihiseak dira, eta haien gainean idatzi eta berridazten dugu etengabe".

ODOLAREN MINTZOA

Berridazkuntza hori esplizituki ageri da Gao Boren (Chengdu, Txina, 1964) argazkietan. 1985etik 1995era, Tibeten argazkiak egin zituen. Zuri-beltzean eginak dira denak, eta 2009an ordenatu zituen: "Lashan [Tibeteko hiriburuan] kontakizun baten berri izan nuen. Erritu budistak egiten zituen agure batek agerkunde bat izan, eta ikasitakoa hormetan idatzi zuen. Tresnarik ez, eta haren odola erabili zuen erregistratzeko. Nik ere argazkietan gauza bera egin nuen. Sendagile bati odola atera ziezadan eskatu nion, argazkien ertzetan idazteko". Trazuak irakurtezinak dira, kaligrafia dirudien arren, ez dagozkiolako ezein hizkuntzari. "Arimaren mintzaira da" Gaok egiten duena, iraganean egin bezala. Usadioa baitzen mihiseetako eremu zurietan poemak idaztea.

TOKIOREN B ALDEA

Takahiro Mizushimak (Tokio, 1988) haren jaioterriaz ikusi ohi ez den aldeari egin dizkio argazkiak. Ohta-Ku auzoko irudiek osatzen dute Besarkada luzearen irudia lana. Dekoraziorik gabe, markorik eta ediziorik gabe, mosaiko bat osatu du. Tokioko zerumuga eratzen dute argazkiek. Giro intimoa igar daiteke bakoitzean: droga saltzen ari den pertsona bati, erabat biluzik ageri den beste bati edo kalean bakarrik dagoenari atera dizkie argazkiak. Flasha erabili du, eta ilunpean ateratako egoerei uneko argi izpi bat eman nahi izanaren sentsazioa ageri dute denek.

Haren nerabezaroarekin lotura dute egoerek: nerabea zela, etxetik ihes egiten zuen sarri gurasoen aurkako "errebeldian", eta hiria gauez bihurtu zen haren "jolasleku". Argazki bertsuko beste bilduma bat ere jarri du ondoan, eskultura forma daukana. Ur jauzi baten antza dauka, kohesioari indarra eman nahi izan diolako: "Basoak ez du uzten zuhaitzak ikusten", aitortu du, eta pilaketaren sentsazio hori da, hain zuzen, erakutsi nahi izan duena.

KYOTO, DENBORAK HIGATUA

Kyotoko tenplu baten irudia da, lehen bistara,Wang Juyangen lana (Pekin, 1993). Izatez, hori du oinarri, baina, hainbat kaparen gainjartzearen ondorioz, antzinako argazkiak ekartzen ditu gogora, denborak higatutako arraila zuriak nabarmentzen baitira. Erakusteko modua ere ez da planoa. Erliebean jarrita daude argazkiak, ertzetatik elkarri lotuak, eta bionbo baten tankera hartzen du obrak. Paisaiak dira haren kameraren helburua beti.

INFORMAZIOA BEROTEGIAN

Teleobjektibo batekin berotegi bateko florari argazkiak atera dizkio Ji Zhouk (Pekin, 1970), eta gero bata bestearen gainean kokatu ditu, baina, goiko aldetik itsatsirik bakarrik. Hala, mugimenduan dauden sentsazioa dute landareek. Artistak dio gaur egun informazioa eskuratzen dugun moduaren "oso antzekoa" dela irudikatu nahi izan duen prozesua: "Egunero informazio zatikatu mordoa egokitzen zaigu parez pare, eta bakoitzak aukeratu behar izaten du bere bertsioa".

GORPUTZ-ENBORRA

Erakusgai dagoen azken lana Woong Soak Tengen (Singapur, 1994) adarren bilduma da. Proiektu honek Singapur Hiri-Lorategia du abiapuntu: espazio berdeak modu artifizialean sortzeko egitasmoa izan zen, eta orduan hasi zen adarrak eta enborrak zuzentzeko egurrezko hagaxkak lotu zitzaizkien hiriko zuhaitzei irudiak egiten.


facal-hemeretzi

Facal hemeretzi

Nextor Otaño

104.5° Galeria (Erandio, Bizkaia)

Du 12 Mars 2026
Au 23 Mai 2026

hurbileko-paisaiak

Hurbileko paisaiak

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

Du 31 Octobre 2025
Au 12 Avril 2026

ra-asensi

Ra Asensi

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

Du 10 Février 2026
Au 12 Avril 2026

katalogo-arrazoinatuak-aro-digitalean

Katalogo arrazoinatuak aro digitalean

| 21 Mars 2026

Katalogo arrazoinatua artista batek sortutako obra ezagutu guztien bilduma da. Urte gutxitan, horien digitalizazio masiboak nabarmen hobetu du haien erabilera. Hala ere, digitalizazioak erronka berriak ere ekarri ditu.

burdina-eta-azal

Burdina eta azal

12 Mars | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Silver Ships | Artista: Karlos Martinez Bordoy. | Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

klientelismoa

Klientelismoa

12 Mars | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

06 Mars | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).