artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Cristobaldik Balenciagara

ntziagak egindako jantziek ba al dute zerikusirik Balenciaga etxeak egun egiten dituenekin? Elkarrizketa bat badago, baina sotila, Balentziaga museoko erakusketa batean ikus daitekeenez. "Kontzeptualki lotura handiak daude", Igor Uriaren arabera.

cristobaldik-balenciagara
Cristobal Balentziagak egindako txaketa, 'hourglass' gerriduna. MAIALEN ANDRES / FOKU

25 Novembre 2025 | Mikel Elkoroberezibar Beloki [BERRIA.eus]

Hil ziren Christian Dior, Coco Chanel, Yves Saint Laurent. Hil berri da Giorgio Armani. Eta hil zen Cristobal Balentziaga. Bizirik diraute, baina, moda diseinatzaile handi haien abizenek: Dior, Chanel, YSL, Armani eta Balenciaga etxeak dira oraindik ere nagusi moda munduan —eta mundu osoan—. Bat egiten al dute, ordea, gizon-emakume haien lanek beren izena daramaten arropa garaikideekin? Errepikaezinak ziren, edo errepikatu dute haien lana?

Galdera horri erantzun bat emateko saiakera egin dute, hain zuzen ere, Getariako Balentziaga museoan (Gipuzkoa). Elkarrizketa baten sotiltasunak erakusketa zabalik dute maiatzetik datorren urteko urtarrilera arte: "elkarrizketan" jarri dituzte Cristobal Balentziagak egindako jantzi batzuk Demna Gvasaliak ondutako beste batzuekin. Gvasalia izan da, hain justu ere, Balenciaga etxearen sormen zuzendaria uda honetara arte. Hamar urteko ibilbidean, hark itzuli du Balentziagaren izena goi joskintzara, Balentziaga hil zenetik lehen aldiz.

Eta Balenciaga etxeak egin du erakusketa; Getarian dagoena da marka horrek museo batean egin duen lehen erakusketa. Haren bildumako jantziak dira ia denak —jantzi bat baino ez da Balentziaga museoaren bildumakoa—, eta, Euskal Herrian egon aurretik, Parisen izan zituzten erakusgai. Ez museo batean, baizik eta Kering enpresa taldearen egoitzan; harena da Balenciaga, eta baita Gucci eta Yves Saint Laurent ere.

Getarian, baina, Balenciaga etxeak du protagonismo osoa: Balentziagak, eta haren izenean diseinatu duen Gvasaliak. Ilunpean daude erakusketa osatzen duten 31 jantziak: haiek dute protagonismoa. Ez du argi adierazten zer arropa den zeinena; askotan, baina, erraza da antzematen. Izan ere, Balentziaga museoko bildumen zuzendari Igor Uriak zehaztu du bien arteko zerikusia ez dela bereziki estetikoa: "Estetikoki Cristobal Balentziaga modu batean ikusten da, eta Demnak orain arte egin dituen bildumetan estetikoki beste momentu batean geunden. Orduan, ez da lotura bat nabarmentzen mundu guztiak Balentziagaz pentsatzen duenarekin".

Zein da, bada, elkarren arteko antzekotasuna? "Nik gauza askotan estetikoki ez diot loturarik hartzen, baina kontzeptualki lotura handiak ditu", azaldu du Uriak. Hain zuzen ere, Balenciaga etxeak diseinatzailearen artxibo zabala dauka, eta hura sakon ikertu du Gvasaliak bere bildumak diseinatu aurretik. Adibide bat eman du Uriak: "Adibidez, erakusketan dagoen traje laranja egiteko Demnak izan duen inspirazioa Cristobal Balentziagaren desfile batean izan du: manikiak momentu batean bere sorbaldetatik berokia kentzen duenean. Filma ikusten: ‘Hor gelditu, hori nahi dut'. Hori oso gauza zehatza da".

Edozein kasutan, inspirazio iturri horren emaria zenbait ataletan banatu dute erakusketan, bien jantzien elementu komun batzuetan: lepoa, hiru laurdeneko mahuka, hourglass gerria eta cocoon bizkarra, besteak beste. Horietan, nola edo hala, bat egiten dute Cristobal Balentziagak eta egungo Balenciaga etxeak.

Lepoa marko

Cristobal Balentziagak jantzien lepoari garrantzi berezia ematen zion, hau da, hura janzten ari denaren aurpegiari ezartzen zaion markoari. "Lepoa deitzen diogu, baina batez ere aurpegiari begira egiten dion markoa da Cristobalena. Pertsona batek soinekoa eramaten duenean, zer da lepokoa? Pertsona bati begira zaudenean, zer begiratzen duzu? Aurpegia. Hortik dator lepoaren garrantzia, eta Demnak islatu du hori gaur egungo beste modeloetan", azaldu du Uriak.

Gvasaliak egindako beroki beltz bat nabarmentzen da erakusketan, alde horretatik. Ez du txano bat, baina bai lepotik gora altxatzen den oihal festa: burua inguratzen du berokiaren goiko aldeak, otarrainak perla inguratzen duen gisara ia-ia. Perla, noski, aurpegia da. Balentziagaren soineko berde batean, berriz, bestelako harribitxiak daude paparrean, eta Demnak islatu duen lepoaren tankera igartzen zaio kapari: pauma batek hegalak nola, halaxe altxatzen da oihala buruaren atzeko aldean.

Beroki eta soineko haien arteko antza nabarmena da lepoan, eta halako gehiago ere badaude. "Batzuek pentsatzen dute lepoek atzetik egon behar dutela, baina batzuetan lepoa aurretik ere nabarmenagoa izan daiteke. Lepoak ardatza ematen du, eta horrek asko laguntzen dio siluetari", esan du Uriak. Gorputza, adibidez, tentetu egiten dute nolabait: lehen inpresio bat bada, behintzat.

Hiru laurdeneko mahukak

Eraikuntza, geometria, arkitektura, eskultura... Hitz potolo horiek erabili ohi dira Balentziagaz jardutean. Ebaketaz ari dira: josturaz, jantzi bat osatzen duten zatiez, haiek josteko moduez. Horretaz, eta horrek emakumeen silueta aldatzeko izan zuen protagonismoaz. Lepoak badira ebaketaren garrantziaren adibide bat, eta baita lepotik behera dagoenaere: sorbaldak, mahukak. Mahukak izan omen ziren Balentziagaren obsesioa: haiek josten izan zuen perfekzionismoa nabarmendu izan dute.

Ildo horretan, hiru laurdeneko mahuka da getariarraren bereizgarri bat: besoaren hiru laurden biltzen dituen mahuka, ukondoaren eta eskumuturraren artean amaitzen edo hasten dena. "Hiru laurdeneko mahukak silueta luzatu egiten du Cristobalen modeloetan. Horrek gorputza estilizatu egiten du", kontatu du Uriak. Berrikuntza izan zen bere garaian mahuka hori, eta Gvasaliak berak ere printzipio horri segituta erreparatu die mahukei: hiru laurdenekoak ere egin ditu.

Hourglass gerria

Diego Velazquezen menina bat izaten hasi... eta ez bukatu. Hori dirudi hourglass gerriak. Gerrialdea estua da, eta oso era biribilean zabaltzen da behera. Txaketa batean, baina. Bolumen horri gonak segitu izan balio, menina baten erreplika bat eman lezake, baina azpitik Balentziagak josten zituen gonak estuagoak ziren. Hau da, gerriaren eta aldakaren artean gertatzen da dena. "Silueta aldatu egiten du horretan: ez du pentsatzen gorputzean, baizik eta silueta deformatzean", azaldu du Uriak.

Gvasaliak 2015ean gerri horri erreferentzia eginez hasi zuen Balenciaga etxearentzat egin zuen estreinako aurkezpena: izena eta izana azpimarratzeko modu gisara ulertu izan da hautu hori. Hala ere, askotan Christian Diorrekin lotu izan da gerri hori, ez hainbeste Balentziagarekin. Horrek badu azalpena: "Gerri estuak eta mahuka hain biribilak izatea Balentziagak 1940ko hamarkadan modan ipini zuen silueta bat da, gerra denboran. Baina 1947an Christian Diorrek atera zuenean, ia-ia garai horretan nabarmenagoa egin zen; Christian Diorren marketin kanpaina dela eta, ematen du Christian Diorrek egindako silueta bat dela".

Gainera, gerora Balentziaga gerri zuzen eta erosoengatik nabarmendu zen gehiago. "Gerriak izugarrizko garrantzia dauka, silueta asko markatzen duelako. Balentziagarentzat izugarrizko garrantzia zuen erosotasun horrek", adierazi du Uriak.

Cocoon bizkarra

Erosotasun horrek izan zuen eragina Balentziagak jositako bizkarretan ere. 1947an, Diorrek New look aroa hasi zuen: liztor gerriak, gona zabalak eta gorputz estuak ziren haren jantzi berrien ezaugarriak. Hori ikusirik, Balentziagak cocoon bizkarra aurkeztu zuen: sorbaldatik ateratzen den borobiltasuna. "Bi ikuspuntu oso desberdin dira emakumearekiko. Nabaria da Balentziagaren erosotasuna eta siluetaren ezberdintasuna", nabarmendu du Uriak.

Haren adibide batzuk badaude erakusketan. Bizkar horren bidez, gorputzek forma konikoa hartzen dute nolabait. Antza dute Balentziagak egindako beroki beltz batek eta Gvasaliak ondutako urdin batek. Zertan bereizten dira? "Demnaren kasuan, egia da gainjartze bat dagoela: piezak, piezak eta piezak jarri, eta horrek gorputzera baino dimentsio askoz handiagoa egitea ekartzen du. Balentziagak oihalekin jokatuz ateratzen du bolumena. Ez dago beste pieza bat azpitik indarra emateko, baizik eta materiak berak ematen dio bolumena", kontatu du Uriak.

Izan ere, Balentziagak bezalaxe, arreta handia jarri du Gvasaliak materian, oihaletan. Horretan, baina, garaiak aldatu dira: neoprenoak erabili ditu, gastatutako belusak... Hori ez zuen Balentziagak egingo.

Beste garai bat da. "Balentziagak nahi zuen emakumea ondo joatea. Ez zuen pentsatzen artean, baizik eta bere bezeroak ondo joatean. Beste garai batean bizi gara, eta bilduma bakoitzak diskurtso bat dauka: gaur egun diskurtsoak izugarrizko indarra dauka. Demnak, adibidez, artelantzat dauzka soinekoak. Egiten dituen bolumenak oso zabalak eta arkitektonikoak dira, eta ez da beharbada pertsonarekiko hain erraza. Berak modelo bat egiten du, eta besteak eraman egiten du. Ez dago elkarren sinbiosi bat".

Horretan datza, beharbada, elkarrizketaren sotiltasuna.


ura

Ura

Isabel Muñoz

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Du 18 Mars 2026
Au 24 Mai 2026

hiria-kalea-etxea

Hiria. Kalea. Etxea.

Denise Scott Brown

Musée des Beaux-Arts de Bilbo (Bilbo, Bizkaia)

Du 11 Février 2026
Au 31 Mai 2026

gai-grisa

Gai Grisa

Exposition collective

Portalea Kultur Etxea (Eibar, Gipuzkoa)

Du 20 Février 2026
Au 22 Mars 2026

rabelais-kanta

Rabelais Kanta

Eugenio Ortiz Miguel

Hondarribia Kultur Etxea (Hondarribia, Gipuzkoa)

Du 21 Février 2026
Au 29 Mars 2026

katalogo-arrazoinatuak-aro-digitalean

Katalogo arrazoinatuak aro digitalean

| 21 Mars 2026

Katalogo arrazoinatua artista batek sortutako obra ezagutu guztien bilduma da. Urte gutxitan, horien digitalizazio masiboak nabarmen hobetu du haien erabilera. Hala ere, digitalizazioak erronka berriak ere ekarri ditu.

burdina-eta-azal

Burdina eta azal

12 Mars | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Silver Ships | Artista: Karlos Martinez Bordoy. | Non: Montehermoso kulturgunean, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 6ra arte.

klientelismoa

Klientelismoa

12 Mars | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Otsailaren 12an Eusko Legebiltzarrean kulturgileen egoera eztabaidatu zuen jardunaz aritu zen Ismael Manterola aurreko astean. Luze jotzen ari da bilkura horren oihartzuna, eta ez da harritzekoa: astero bada Garikoitz Mendizabalek esan zituenak ezbaian jartzen dituen beste adibide bat.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

06 Mars | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).