artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari
Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrola, gosaltzen, 1971. urtearen inguruan. PAMIELAK UTZIA

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 27 Juin 2026

Erronkari heldu izan baliote bezala da kasik. Bost hilabete eskas baizik ez dira pasatu Oskar Alegriak eta Bernardo Atxagak solasaldi batean nabarmendu zutenetik Jorge Oteiza iritsi ezinezko artista dela, "besarkaezina". "Hari buruz" baino gehiago egingarriena "haren inguruan" aritzea dela ere esan zuten orduan, eta iradoki ezinezkoa dela eskultorea guztiz ulertzeaeta areezagutzea. Eta horregatik erronkarena. Denbora lerroari erreparatu ezean irudi bailezake hitzaldi harexetan botatako amuari kosk egin ondoan heldu dela Jose Julian Bakedano zinemagile eta idazleak editatutakoazken argitalpena: Para conocer a Oteiza(Oteiza ezagutzeko). Pamielarekin eman du liburua Bakedanok, eta testigantzaz osatu, batik bat. Oteizarekin edo haren obrarekinizandako harremanaz mintzo diren 36 lagunen ahotsakdaude jasota, eta oriotarraren dozenaka argazki ere bildu dituzte bilduman. Eta artista ezagutzeko edo sikiera horretan saiatzeko ate bat zabaldu dute hala, parez pare.

Preseski, Atxagaren eta Alegriaren sinadurak ageri dira libururako testuak idatzi dituztenen izen-abizenen zerrendan. Eta honako hauek ere tartean dira: Rafael Moneo, Txomin Badiola, Victor Erize, Juan Manuel Bonet, Manuel Asin, Peio Agirre, Beñat Sarasola, Elixabete Ansa, Mikel Onandia, Juan Pablo Huercanos eta Juan Antonio Urbeltz, besteak beste.

Parte hartu duten gehienen kasuan, argitaratutako testuak propio izan dira liburu honetarako idatziak. Sei salbuespen baizik ez daude: Juan Huarte, Javier Saenz de Oiza, Jose Manuel Caballero Bonald, Blas de Otero, Jose Luis Merino eta Rafael Ruiz Balerdi. Seiak ziren hilik proiektua martxan jarri zenerako, eta, hortaz, aurrez beste argitalpen batzuetarako idatzia zuten lekukotasun bat erreskatatu dioBakedanokbakoitzari orain.

Oroitzetan aztarrika

Altzuzan (Nafarroa), Jorge Oteizaren tailer eta etxe izandako eraikinean aurkeztu du argitalpen berria Bakedanok, ekainaren hasieran. Pamiela argitaletxeko Lander Majuelo ere izan da agerraldian, bai eta Jorge Oteizaren iloba Pilar Oteiza eta Jorge Oteiza Fundazioko lehendakari Jaione Apalategi ere. Are, azken bien testu bana ere irakur daiteke liburuan.Arantzazu eta Jorge Oteizaren hezkuntza estetikoa izena dute horiek, hurrenez hurren.

Pamielak eskatuta abiatu zuen lana Bakedanok. Ez zoriz. 15 urte zituenean egin zuen topo aurrenekoz eskultore oriotarraren obrarekin, Quousque tandem…! (1963) irakurri zuenean, eta, gerora, Oteizarekin berarekin ere izan zuen harremana urteetan. Hain zuzen, hura hil baino aste batzuk lehenago Bilboko Arte Ederren Museoan harekin bizitako pasarte bat oroimenean ederki iltzatua du Bakedanok, Altzuzako aurkezpenean zein liburuaren hitzaurrean nabarmendu gisara.

2003a zen. Ostiral arratsalde batean, museoan azaldu zitzaion Oteiza Bakedanori, zera esateko: zeuzkan lagun guztiei agur esaten ari zela, "bidaia bat egitekoa" zelako. Bakedanok, harrituta, Greziara joatekoa ote zen galdetu zion oriotarrari, eta irmo erantzun zion hark: "Ez, hiltzera noa". Segidan, museoan bueltaxka bat eman zuten biek elkarrekin: besteak beste, behatu zieten Eduardo Txillidaren obrei —Bakedano: "Batzuekin konforme zegoen; beste batzuen harira protesta egin zuen"—, eta Nicolas Lekuonarenei gero. "Haiekin emozionatu ere egin zen Jorge".

Elkarri bi musu eman, eta agur esan zioten batak besteari, Bilbon, azkenekoz.

Narrazio adina Jorge

Berdin Bakedanok oriotarrarekin bizitakoez kontatutakoetan, berdin, hain zuzen, beste dozenaka partaidek libururako idatzitako gogoeta eta narrazioetan. Haietan guztietan Jorge Oteiza ikusi daitekeela uste du haren iloba Pilar Oteizak: "Liburua askotarikoa da intentzioetan eta estiloan, baina, batez ere, naturala eta gardena da; gardena, Jorge ikusten delako". Argitalpena definitzeko hitzen bila, susmo hau ere nabarmendu du: izatez, testigantza bilduma soil bat baino gehiago, ez ote den "ipuin" liburu bat ere, "artxiboetan eta dokumentuetan baino gehiago, oroitzapenetan eta sentimenduetan oinarritutako argumentuak dauzkaten ipuinen bilduma bat".

"Artxiboetan eta dokumentuetan baino gehiago, oroitzapenetan eta sentimenduetan oinarritutako argumentuak dauzkaten ipuinen bilduma bat ere bada argitalpen hau"

PILAR OTEIZA, Jorge Oteizaren iloba

Horregatik, "testu adina Jorge intimorekin" topo egiteko aukera izanen du irakurleak, Pilar Oteizaren arabera. Eta harago ere eraman du lanaren bokazioari buruzko gogoeta. "Jorgeri buruzko liburu bat da? Bada, bai. Baina baita ere Jorgeri, Jorgerentzat, Jorgez eta Jorgeren aurrean eginiko bat, adibidez". Deklinazio kasik guztiak litzaizkioke baliozkoak lana definitzeko, dioenez.

Testuen pluraltasunari esker liburuak daukan indarguneetako bat nabarmendu du Bakedanok. "Oteiza egon zen Hego Amerikan, Bilbon, Madrilen, Irunen, Zarautzen, Altzuzan... eta aldi horiei guztiei buruzko kontakizunak daude hemen", zehaztu du.

Eta adibideek berresten dute Bakedanoren azpimarra, ezinbestean. Esaterako, Oteiza Montevideora joan zen aldi batera egiten du salto Beñat Sarasolak idatzitako Hobeto huts egin testuak. Zera dakar gogora, zehazki: nola, 1958aren bueltan, Oteizak Jose Battle politikariaren omenez Uruguaiko Gobernuakantolatutako nazioarteko lehiaketa batean aurkezteko proiektu bat ondu zuenRoberto Puig arkitektoarekin, eta nola, 74 hautagairen artean nabarmenduta, ailegatu ziren bigarren fasera ere, eta nola, azkenerako, gobernuak erabaki zuen lehenbiziko saria eman gabe uztea, eta hirugarren saria ematea Oteizari eta Puigi.

Erabaki horrek zer-nolako zalaparta ekarri zuen ere oroitzen du Sarasolaren testuak: azkenerako, ez baitzen proiektu bakar bat ere gauzatu deialdi horren karietara. Sarasolaren hitzetan, "izan zitezkeen eta azkenean izan ez ziren gauzen" arteko beste bat izan zen hura Oteizaren ibilbidean, eta, hain justu, duda du Sarasolak, bidean gelditutako horiek ez ote ziren, askotan, bukatu zituen beste batzuk baino are interesgarriagoak.

Oteiza amorratuaz harago

Pamielak plazaratutako liburuaren bigarren erdia argazkiz osatua dago. Joge Oteiza Fundazioaren, Pilar Oteizaren, Bilboko Arte Ederren Museoaren, Sabino Arana Fundazioaren, Joxe Lacalleren eta Mikel Eskauriazaren artxiboetatik erreskatatu dituzte irudiok, besteak beste. Oro har, kronologiari jarraikiz ordenatuta daude: hasi, 1909ko apirileko irudi batekin hasten da atzera begirakoa —6 hilabete zituen Oteizak orduan—, eta 2000. urtearen bueltako irudi batzuk daude hondarrean.

"Kanpoan utzi ditut Oteizaren azken urteetako irudia asko, pertsona urduri eta amorratu bat balitz bezala irudikatzen zutenak, hori ez baitzen benetako Jorge"

JOSE JULIAN BAKEDANO, Idazlea eta zinemagilea

Tarteko irudietan, han eta hemen ageri da oriotarra: 1970eko hamarkadan, Agustin Ibarrolarekin gosaltzen; 1975ean, Hondarribian (Gipuzkoa) Nestor Basterretxearekin hizketan; 1990ean, emazte Itziar Carreñorekin Altzuzan; 1992an, zenbait kazetarirekin Iruñeko Meson Olaz tabernan. Bakedano: "Saiatu naiz esanguratsuak iruditu zaizkidan baina hain ezagunak ez diren argazkiak hautatzen. Eta, batez, ere, kanpoan utzi ditut haren azken urteetako irudi asko, pertsona urduri eta amorratu bat balitz bezala irudikatzen zutenak, hori ez baitzen benetako Jorge".


mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

Du 08 Juillet 2026
Au 09 Novembre 2026

nicolas-deshayes

Nicolas Deshayes

Galerie Champ Lacombe (Biarritz, Lapurdi)

Du 18 Juillet 2026
Au 05 Septembre 2026

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 15 Juillet 2026

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 13 Juillet 2026

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 8 Juillet 2026

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 6 Juillet 2026

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 5 Juillet 2026

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2 Juillet 2026

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).