artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

'Indésirables', orainaldi ere baden iragana

Erbestea, kontzentrazio esparruak eta gerra hizpide dituzten obrak erakusketa batean bildu ditu Donostiako San Telmo museoak.

indesirables-orainaldi-ere-baden-iragana
The door of no return À‚©Langlands Bell

Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]
| 4 de Noviembre 2022

"Iragana ez da sekula hiltzen... Igaro ere, ez da igaro oraindik". William Faulknerren esaldi hori du abiapuntu Langlands&Bell artista bikotearen Itzulerarik ezaren atea obrak. Baina balio dezake lan hori eta beste hamaika biltzen dituen erakusketa osoa azaltzeko. Piedad Solansek komisariatu du, eta gerra, erbestea eta kontzentrazio esparruak hizpide dituzten lanekin osatu du Donostiako San Telmo museoak Indésirables. Bonbardaketatik esparrura. Erbesteratzearen ibilbideak erakusketa. 2023ko urtarrilaren 29ra arte ikusi ahalko da, eta jarduera osagarriak ere izango dira.

Susana Soto museoko zuzendariak gogorarazi duenez, 2017an Waste Lands: Lur suntsituak aurkeztu zuen zentroak; Solansekin landu zuten, eta orduan sortu zen jorratutako gaiei jarraipena emateko asmoa. Solans: "Erakusketan, modu poliedrikoan elkartu nahi izan ditut gerrak, gatazkak, desplazamenduak, errefuxiatuen garraioak, armen industria... Azken batean, dena baitago lotuta, batzuk besteen ondorio baitira, zalantzarik gabe". Hala, obrak gaien gaineko dokumentazioarekin eta zenbait pentsalariren aipuekin lagundu ditu —Hannah Arendt, Zygmunt Bauman, Jorge Semprun, Maria Zambrano... denak ere gerra, erbestea edo esparruak ezagututakoak—.

Hiru obra multzo nagusi baliatu dituzte bilduma osatzeko. Batetik, Zuricheko (Suitza) Elsbeth Kasser fundazioaren artxiboko marrazkiak, landa koadernoak, argazki liburuak eta dokumentazioa jarri dituzte ikusgai; Gurseko (Okzitania) kontzentrazio esparruko presoen lanak dira, hango bizi baldintza ankerrak erakusten dituztenak. Komisarioaren ustez, lan horien "edertasuna, kalitatea, dramatismoa eta hunkitzeko gaitasuna" Francisco de Goyaren lanen parekoa izan liteke.

Hain zuzen, eta bestetik, Goyaren Gerraren hondamendiak serieko 30 bat grabatu ere badira erakusketan: berriki iritsi dira museoaren bildumara. Eta, azkenik, Euskal Herriko eta nazioarteko hamasei artista garaikideren artelanak bildu dituzte, askotariko diziplina eta tekniken bidez —bideo lanak, instalazioak, eskulturak, argazkiak...— erakusketako auzi nagusiak lantzen dituztenak.

Multzo batekoak eta bestekoak nahasten dira aretoetan. Izan ere, gaika bildu dituzte lanak, lau ataletan: Arraza nagusitasuna; Erbesteak; Esparruak; eta Gerra. Hautu horren xedea ere azaldu du komisarioak: "Historiaren marra zuzenaren ideia hausteko, eta erakusteko orainaldian gaudela, baina, aldi berean, historiako zulo ugaritan ere bagaudela oraindik". Hala, Solansen hitzetan, "mapa baten pare" zabaltzen da bilduma, "gertakarien arteko loturak eta memoria etengabe azaleratzen dituen istorio bat bezala". Solansek gehitu du trauma ere presente dagoela, "desagertzen ez dena eta etenik ez duena, sekula ez baita ongi lantzen". Hala, gaurko garaietaraino iristen da auzi horien guztien inguruan gogoetatzeko proposamena.

Indésirables izenburua, berriz, arrazagatik, disidenteak edo bazterrekoak izateagatik eta errefuxiaturik edo ihesean egoteagatik Frantzian kolektibo ugariri ezarri zitzaien terminotik hartu dute.

11.000 izen, eta ez guztiak

Museoko klaustroan hasten da ibilbidea. Arkupearen lau aldeetako baten horma osoa bete dute Gursen egon ziren 11.000 lagunen izenekin. Josu Txueka historialariak sakon ikertu du gaia, eta hura arduratu da klaustroko memorial hori osatzeaz, bere datu bilketaren bidez. "Euskaraz, gauza asko esateko, hamaika hitza daukagu; hemen 11.000 izen ditugu; beraz, mila aldiz asko daude hemen bilduta, eta, hala ere, ez dira Gursen egon ziren guztiak. Gurseko izen guztiekin, klaustro osoa beteko genukeen, 60.000 pertsona egon baitziren han 1939ko apiriletik itxi zuten arte, 1945eko abenduaren 31ra arte". Zaila dago, baina, izen guztiak biltzea, Frantziako agintari militarrek nahita erre baitzituzten artxibategiak, historialariak gogorarazi duenez. Edonola ere, uste du 11.000 izen horiek balio dutela Frantzian 1938tik aurrera ezarri zen indésirables kategoria zer izan zen azaltzeko.

Frantziako esparruen artean, Gursek bildu zuen jende gehien, eta hark iraun zuen gehien; "oso gertuko errealitate bat" da euskal herritarrentzat, Txuekak zehaztu duenez. "Batetik, geografikoki hurbil dagoelako, Donostiatik 160 kilometrora baino ez. Eta, bestetik, 6.000 euskaldunek osatzen zutelako Gursen sartu zen lehen kolektiboa".

Klaustrotik aretora sartzean, Arraza nagusitasuna ataleko lanak ikusiko ditu lehenik bisitariak. XVII. mendearen inguruko espedizio kolonialei eta esklaboen salerosketari lotutako hainbat afixa daude, eta, alboan, Pilar Millanek neonezko argiz sortutako Incapacidad genética obra. Pareko horman jarri dute Itzulerarik ezaren atea instalazioa, Langlands&Bellsena; burdinazko ate bat da, eta barroteen artetik itsasoko olatuak ikusi eta entzun daitezke bideo batean. Hori zen Ghanako kostaldeko gotorlekuetatik Ameriketarako itsasontzietara igo aurretik esklaboek ikusten zuten azken irudia, bi artistek esplikatu dutenez.

Gerra egitera jolastea

Erbesteak atalean, Halil Altindere artista turkiarraren Köfte Airlines obra nabarmentzen da; horma alderik alde hartzen duen argazki bat da, non erbesteratuak pilatuta ageri diren hegazkin baten gainean. Goyaren hainbat grabaturen ondoan, berriz, Regina Jose Galindo guatemalarraren Latino bat zugandik hurbil dago; orkatilan GPS bat jarri, eta AEBetako muga zeharkatzen saiatzen diren migratzaileen bideak irudikatu ditu artistak. Bani Abidi indiarraren Segurtasun hesiak ere areto berean dago: Karatxi hiriko kaleetako segurtasun hesien serie bat da.

Esparruak gunearen aretoaren erdian, Emily Jacir artista palestinarraren instalazioa dago; errefuxiatuen oihalezko denda bat irudikatu du. Goyaren grabatuak eta Gursen preso egon zirenen marrazkiak eta koadernoak tartekatzen dira inguruan; azken horiek Gursen Gurutze Gorriko langile aritu zen Elsbeth Kasserrek ezkutuan bildu zituen, egunen batean erakuts zitezen. Esther Ferrerren lan bat ere bada aretoan.

Azken eremuak Gerra izena du: "Esparruen eta erbesteratzeen kausa dira, eta arraza nagusitasuna, gutxiagotzat dituztenen esplotazioa dute jatorrian". Badira zenbait lan gerra egitera jolastearen ideia oinarrian dutenak, hala nola Mona Hatoum libanoarraren Bizia oraindik ere, zeinak koloretako zeramikazko granadak jostailuak balira bezala irudikatu dituen. Gerra bideojokoetan inspiratutakoak ere badira, tartean Peggy Ahwesh estatubatuarraren bideoa. Iñaki Grazenearen Modular obrak esparruen barrakoietatik espetxeen moduluetarainoko bilakaera irudikatzen du.

Beste askoren ondotik, amaierarako utzi dute Alexandra Rannerren April, gerraren absurdoa irudikatzen duen bideo bat.

indesirables

Indésirables

Erakusketa kolektiboa

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 29 de Octubre 2022
Al 29 de Enero 2023


gipuzkoan

Gipuzkoan

Maria Castilla Albisu

La Central (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 29 de Mayo 2026
Al 27 de Junio 2026

urban-morphologies

Urban Morphologies

Jon Gorospe

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

Desde el 27 de Marzo 2026
Al 28 de Junio 2026

amaia-molinet

Amaia Molinet

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

Desde el 23 de Junio 2026
Al 06 de Septiembre 2026

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 10 de Junio 2026

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 9 de Junio 2026

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 8 de Junio 2026

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 4 de Junio 2026

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 4 de Junio 2026

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

El poratl del arte en Euskal Herria

Este es el portal creado por la red ZAPART. Con ARTEKARIA queremos dar visibilidad a la increíble riqueza artística e infraestructural de nuestro pequeño territorio vasco (Euskal Herri osoa). De hecho, nos parece que en un espacio tan reducido donde se encuentran tantos museos (Artium, Oteiza, Oteiza, Artes de Bilbo, Guggenheim…), centros de arte (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), salas públicas y privadas (Didam, Zitadela, Bastero, Ospitalea, fondations), galería de arte tradicional o de artistas... con tantas programaciones y obras de artistas visibles, la visualización de este conjunto no es fácil. Hemos creado este portal para ayudar a resolver esta falta.

Artekaria

La red de l@s artist@s profesionales de Euskal Herria

Zapart tiene como objetivo conectar, promover el trabajo y defender los derechos de l@s artist@s profesionales que viven y trabajan en Euskal Herria (en los seis territorios historicos que son Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa y Zuberoa).