artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

'Indésirables', orainaldi ere baden iragana

Erbestea, kontzentrazio esparruak eta gerra hizpide dituzten obrak erakusketa batean bildu ditu Donostiako San Telmo museoak.

indesirables-orainaldi-ere-baden-iragana
The door of no return À‚©Langlands Bell

4 Novembre 2022 | Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]

"Iragana ez da sekula hiltzen... Igaro ere, ez da igaro oraindik". William Faulknerren esaldi hori du abiapuntu Langlands&Bell artista bikotearen Itzulerarik ezaren atea obrak. Baina balio dezake lan hori eta beste hamaika biltzen dituen erakusketa osoa azaltzeko. Piedad Solansek komisariatu du, eta gerra, erbestea eta kontzentrazio esparruak hizpide dituzten lanekin osatu du Donostiako San Telmo museoak Indésirables. Bonbardaketatik esparrura. Erbesteratzearen ibilbideak erakusketa. 2023ko urtarrilaren 29ra arte ikusi ahalko da, eta jarduera osagarriak ere izango dira.

Susana Soto museoko zuzendariak gogorarazi duenez, 2017an Waste Lands: Lur suntsituak aurkeztu zuen zentroak; Solansekin landu zuten, eta orduan sortu zen jorratutako gaiei jarraipena emateko asmoa. Solans: "Erakusketan, modu poliedrikoan elkartu nahi izan ditut gerrak, gatazkak, desplazamenduak, errefuxiatuen garraioak, armen industria... Azken batean, dena baitago lotuta, batzuk besteen ondorio baitira, zalantzarik gabe". Hala, obrak gaien gaineko dokumentazioarekin eta zenbait pentsalariren aipuekin lagundu ditu —Hannah Arendt, Zygmunt Bauman, Jorge Semprun, Maria Zambrano... denak ere gerra, erbestea edo esparruak ezagututakoak—.

Hiru obra multzo nagusi baliatu dituzte bilduma osatzeko. Batetik, Zuricheko (Suitza) Elsbeth Kasser fundazioaren artxiboko marrazkiak, landa koadernoak, argazki liburuak eta dokumentazioa jarri dituzte ikusgai; Gurseko (Okzitania) kontzentrazio esparruko presoen lanak dira, hango bizi baldintza ankerrak erakusten dituztenak. Komisarioaren ustez, lan horien "edertasuna, kalitatea, dramatismoa eta hunkitzeko gaitasuna" Francisco de Goyaren lanen parekoa izan liteke.

Hain zuzen, eta bestetik, Goyaren Gerraren hondamendiak serieko 30 bat grabatu ere badira erakusketan: berriki iritsi dira museoaren bildumara. Eta, azkenik, Euskal Herriko eta nazioarteko hamasei artista garaikideren artelanak bildu dituzte, askotariko diziplina eta tekniken bidez —bideo lanak, instalazioak, eskulturak, argazkiak...— erakusketako auzi nagusiak lantzen dituztenak.

Multzo batekoak eta bestekoak nahasten dira aretoetan. Izan ere, gaika bildu dituzte lanak, lau ataletan: Arraza nagusitasuna; Erbesteak; Esparruak; eta Gerra. Hautu horren xedea ere azaldu du komisarioak: "Historiaren marra zuzenaren ideia hausteko, eta erakusteko orainaldian gaudela, baina, aldi berean, historiako zulo ugaritan ere bagaudela oraindik". Hala, Solansen hitzetan, "mapa baten pare" zabaltzen da bilduma, "gertakarien arteko loturak eta memoria etengabe azaleratzen dituen istorio bat bezala". Solansek gehitu du trauma ere presente dagoela, "desagertzen ez dena eta etenik ez duena, sekula ez baita ongi lantzen". Hala, gaurko garaietaraino iristen da auzi horien guztien inguruan gogoetatzeko proposamena.

Indésirables izenburua, berriz, arrazagatik, disidenteak edo bazterrekoak izateagatik eta errefuxiaturik edo ihesean egoteagatik Frantzian kolektibo ugariri ezarri zitzaien terminotik hartu dute.

11.000 izen, eta ez guztiak

Museoko klaustroan hasten da ibilbidea. Arkupearen lau aldeetako baten horma osoa bete dute Gursen egon ziren 11.000 lagunen izenekin. Josu Txueka historialariak sakon ikertu du gaia, eta hura arduratu da klaustroko memorial hori osatzeaz, bere datu bilketaren bidez. "Euskaraz, gauza asko esateko, hamaika hitza daukagu; hemen 11.000 izen ditugu; beraz, mila aldiz asko daude hemen bilduta, eta, hala ere, ez dira Gursen egon ziren guztiak. Gurseko izen guztiekin, klaustro osoa beteko genukeen, 60.000 pertsona egon baitziren han 1939ko apiriletik itxi zuten arte, 1945eko abenduaren 31ra arte". Zaila dago, baina, izen guztiak biltzea, Frantziako agintari militarrek nahita erre baitzituzten artxibategiak, historialariak gogorarazi duenez. Edonola ere, uste du 11.000 izen horiek balio dutela Frantzian 1938tik aurrera ezarri zen indésirables kategoria zer izan zen azaltzeko.

Frantziako esparruen artean, Gursek bildu zuen jende gehien, eta hark iraun zuen gehien; "oso gertuko errealitate bat" da euskal herritarrentzat, Txuekak zehaztu duenez. "Batetik, geografikoki hurbil dagoelako, Donostiatik 160 kilometrora baino ez. Eta, bestetik, 6.000 euskaldunek osatzen zutelako Gursen sartu zen lehen kolektiboa".

Klaustrotik aretora sartzean, Arraza nagusitasuna ataleko lanak ikusiko ditu lehenik bisitariak. XVII. mendearen inguruko espedizio kolonialei eta esklaboen salerosketari lotutako hainbat afixa daude, eta, alboan, Pilar Millanek neonezko argiz sortutako Incapacidad genética obra. Pareko horman jarri dute Itzulerarik ezaren atea instalazioa, Langlands&Bellsena; burdinazko ate bat da, eta barroteen artetik itsasoko olatuak ikusi eta entzun daitezke bideo batean. Hori zen Ghanako kostaldeko gotorlekuetatik Ameriketarako itsasontzietara igo aurretik esklaboek ikusten zuten azken irudia, bi artistek esplikatu dutenez.

Gerra egitera jolastea

Erbesteak atalean, Halil Altindere artista turkiarraren Köfte Airlines obra nabarmentzen da; horma alderik alde hartzen duen argazki bat da, non erbesteratuak pilatuta ageri diren hegazkin baten gainean. Goyaren hainbat grabaturen ondoan, berriz, Regina Jose Galindo guatemalarraren Latino bat zugandik hurbil dago; orkatilan GPS bat jarri, eta AEBetako muga zeharkatzen saiatzen diren migratzaileen bideak irudikatu ditu artistak. Bani Abidi indiarraren Segurtasun hesiak ere areto berean dago: Karatxi hiriko kaleetako segurtasun hesien serie bat da.

Esparruak gunearen aretoaren erdian, Emily Jacir artista palestinarraren instalazioa dago; errefuxiatuen oihalezko denda bat irudikatu du. Goyaren grabatuak eta Gursen preso egon zirenen marrazkiak eta koadernoak tartekatzen dira inguruan; azken horiek Gursen Gurutze Gorriko langile aritu zen Elsbeth Kasserrek ezkutuan bildu zituen, egunen batean erakuts zitezen. Esther Ferrerren lan bat ere bada aretoan.

Azken eremuak Gerra izena du: "Esparruen eta erbesteratzeen kausa dira, eta arraza nagusitasuna, gutxiagotzat dituztenen esplotazioa dute jatorrian". Badira zenbait lan gerra egitera jolastearen ideia oinarrian dutenak, hala nola Mona Hatoum libanoarraren Bizia oraindik ere, zeinak koloretako zeramikazko granadak jostailuak balira bezala irudikatu dituen. Gerra bideojokoetan inspiratutakoak ere badira, tartean Peggy Ahwesh estatubatuarraren bideoa. Iñaki Grazenearen Modular obrak esparruen barrakoietatik espetxeen moduluetarainoko bilakaera irudikatzen du.

Beste askoren ondotik, amaierarako utzi dute Alexandra Rannerren April, gerraren absurdoa irudikatzen duen bideo bat.

indesirables

Indésirables

Erakusketa kolektiboa

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

Du 29 Octobre 2022
Au 29 Janvier 2023


pintamonas

Pintamonas

Zaragüeta

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

Du 10 Octobre 2025
Au 22 Février 2026

birtopaketa

Birtopaketa

Jon Benet - Jonbismo

CBA IrekiArt aretoa (Irun, Gipuzkoa)

Du 11 Septembre 2025
Au 03 Janvier 2026

izate-organikoa

Izate Organikoa

Sidney Carron

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

Du 20 Décembre 2025
Au 01 Février 2026

tinduen-zirriborroen-kontserbazio-delikatua

Tinduen zirriborroen kontserbazio delikatua

12 Déce. | Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]

Marrazki bilduma handia du Baionako Bonnat Helleu museoak. Tindu lanak egiteko zirriborroak dira gehien-gehienak, eta, erakusleihoetan izateko, zaharberritu behar izaten dituzte. "Xinaurri lana" dela kontatu du Cecile Bignon kontserbatzaileak.

materialtasunaren-ondarea

Materialtasunaren ondarea

11 Déce. | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Argizari galdua | Artistak: Askoren artean. | Non: Iruñeko Ziudadelako Labean. | Noiz arte: urtarrilaren 25era arte.

frank-gehry-bilboko-guggenheim-museoaren-arkitektoa-hil-da

Frank Gehry Bilboko Guggenheim Museoaren arkitektoa hil da.

| 10 Décembre 2025

Arkitektoa abenduaren 5ean, Santa Monican (Kalifornian) 96 urte zituela zendu da. Beren garaia hainbeste aztarna utziz eta hirigintza-paisaian hain nabarmen eragin duten arkitekto gutxik lortu dute Frank Gehryk lortutakoa.

art-beyond-fire

Art Beyond Fire

10 Déce. | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Arteari eta arriskuari buruzko topaketak antolatu zituen aurreko azaroaren 27an Moving Artists delako GGKE garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak. Ixone Sadaba artistak eta Ignacio Rodriguez Tucho abokatuak sortutako erakundeak gatazkak dauden tokietan bizi diren artisten mugikortasuna du helburu. Era berean, gure inguruko artistek gatazkak dauden tokiak ezagutu ditzaten da beste helburuetako bat.

nafarroako-museoak-bere-erakusketa-iraunkor-osoa-berriz-ireki-du

Nafarroako Museoak bere erakusketa iraunkor osoa berriz ireki du

| 9 Décembre 2025

Irekiera energia-eraginkortasuneko lehen faseko obren amaierarekin etorri da. Estalkiaren isolamendua eta kanpoko arotzeria berritu dira, eta aretoak eguneratu eta garbitu. Bigarren fasea martxan da jada eta Museoak 2026rako aldi baterako erakusketa eta programazio zabala aurkeztu du.

degasek-eginiko-eta-orain-arte-ezagutu-gabeko-margolan-bat-autentifikatua-izan-da

Degasek eginiko eta orain arte ezagutu gabeko margolan bat autentifikatua izan da

05 Déce. | JdAren artikulutik itzulia

Michel Schulman, XIX. eta XX. mendeetako margolanen adituak, Edgar Degas artistaren margolan berri bat autentifikatu duela jakinarazi du. Artistaren garai italiarrekoa litzateke, 1856 eta 1860 artekoa. Margolana, adituak sortutako Edgar Degasen katalogo arrrazoinatu digitalizatuan sartu da. Egiazko bertsioa bilduma partikular batean dago.

lehen-erdia

Lehen erdia

04 Déce. | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

MAIDER LOPEZ. UKITU | Non: Donostiako Tabakalera zentroan. | Noiz arte: 2026ko otsailaren 1era arte.

esanguratsu

Esanguratsu

04 Déce. | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Guggenheim museoan, Maria Helena Vieira da Silvaren margo eder baten aurrean nengoela, etorri zitzaidan galdera burura: zergatik ez du erakusketa honek berrireki Bilboko Arte Ederren Museoa, Georg Baselitzenak egin beharrean?

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).