artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin

Azken bost urteetan sortutako eskulturak bildu ditu Angel Bados artistak Bilboko Carreras Mugica galerian. Jorge Oteizaren oihartzuna eta Europako artea ez ezik, arabiar kultura ere izan du sorkuntzarako solaskide.

ez-dakizuna-egitea-ez-dakizunarekin
Angel Bados artistaren erakusketa Carreras Mugica galerian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 14 Novembre 2025

Euskal Eskultura Berria mugimenduan kokatu zuten kritikariek 1980ko hamarkadan, Txomin Badiola, Pello Irazu, Maria Luisa Fernandez eta Juan Luis Morazarekin batera, eta Oteizaren eta Txillidaren osteko euskal artegintzako izen nagusietariko bat da harena. Baina urte luzez aritu da Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederren Fakultatean irakasle ere, eta beste hamaika artistaren erakusketak ere muntatu ditu lehen mailako museo eta galerietan. Eta, dioenez, urteetako jakintza metatu horrekin guztiarekin ere, ez dakien horixe da Angel Bados artistari (Olatzagutia, Nafarroa, 1945) sorkuntzarako interesgarrien zaion lehengaia. Hain zuzen ere, lehengai horrekin osatu ditu Bilboko Carreras Mugica galerian ikus daitekeen Ahanzturaren aurka. Omenaldiak eta eskaintzakerakusketako eskulturak.

"Une batetik aurrera, jakintza ez da nahikoa", hasi du azalpena artistak: "Baina orduan hasten da ez dakizuneranzko abentura. Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin. Hor hasten da nik kontingentzia deitzen dudana, eta zoritzat ere har daitekeena, azken batean zerbait gertatzeko edo ez gertatzeko aukera baita kontingentzia, eta hor sartu behar da erabat, soluzioaren bila". Gero, ordea, pieza "amaitu" egiten da, eta, Badosen hitzetan, "orduan iristen da [Jacques] Lacanek asetzearen muga deitzen zuen horretara. Baina gerta daiteke denbora batera berriz ere pieza hartu eta pixka bat urrunago jotzeko aukera dagoela ikustea ere, eta, dena galtzeko arriskua egonik ere, aurrera egitea erabakitzen duzu. Hori da jolasa, eta, niretzat, baita bide bakarra ere".

Baina, onartu duenez, etenaldi baten ostean heldu da erakusketa.

2019an Isabel Bakedano artistari eskainitako atzera begirako garrantzitsua antolatu zuten Bilboko Arte Ederren museoak etaNafarroako zein Nafarroako Unibertsitateko museoek. Aurrez ere adostua zuten erakusketa, baina 2018an, bat-batean hil zen Bakedano, eta, geroztik, Bados aritu zen haren Madrilgo eta Iruñeko estudioak husten eta antolatzen. Lagunak ziren bi sortzaileak, eta, horregatik, Badosek egin zituen Bakedanoren erakusketarako komisario lanak ere. Eta, hain justu, erakusketa hura bukatutakoan itzuli zen Bados tailerrera.

"Nik sekula ez dut tailerra utzi", azaldu du Badosek. "Baina irakaskuntza izan dut lanbide nagusia, eta horra bideratzen nuen nire denbora eta energia gehiena, eta, beraz, tailerreko sorkuntza moteldu egiten zuen horrek". Are gehiago moteldu zen prozesua Bakedanori eskainitako erakusketarekin, eta koronabirusak eragindako osasun krisia heldu zen justu orduan. "Atseden denbora baten ondoren ez da batere erraza izaten lanera itzultzea. Eta asko lagundu zidan Isabelen oroitzapenak horretan. Oso pintore ona zen, eta lan bikainak egin zituen azken urteetan. Bazekien denbora ihesi zihoakiola, eta formatu txikiarekin lan egiten hasi zen. Horrela, egiten ari zena gustuko ez bazuen, erraza egiten zitzaion brotxakada bat eman, dena eraldatu eta berriz lanean hastea, lantzen ari zen koadro horren hondarrak ere baliatuta. Asko lagundu dit horrek. Inora ez zihoala iruditzen zitzaidana desmuntatu eta berriz ere hasten lagundu dit. Eta erakusketa honetako pieza gehienak, ohartuz gero, erraz desmunta daitezke".

Aurrez ere hainbat aldiz erakutsi ditu Badosek bere lanak Bilboko galerian, eta hasiera-hasieratikidentifika daiteke haren lana aretoan.

Gela erdian kubo itxura duten bi eskultura handi jarri ditu artistak, eta haien inguruan kokatu ditu gainerako lanak, lurrean sakabanatuta haietako asko. Txikiagoak dira zoruko beste pieza horiek, eta elkarrekin multzokatutako zur puskaz, harriz, metalezko xaflaz eta ontziz osatuta daude. Oihalak eta paperak ere badituzte haietako batzuek. Horietaz gainera, espazioa antolatzen laguntzen duten zur puska koloreztatu luze batzuk ere jarri ditu artistak lurrean, eta badira hormetan eskegitako beste pieza batzuk ere. Aulkiak identifikatu daitezke haietako batzuen kasuan, eta plastikozko landareak eta tolestutako irudiak ere baliatu ditu artistak beste batzuetan. Tartean, baita kufija bat ere.

Tituluak ere garrantzitsuak izan dira oraingoan. Badosek azaldu duenez, lagunak zein pieza sortzerakoan solaskide izan dituen beste artistak izendatzeko baliatu ditu tituluak. Eta hortik erakusketaren izenburua. Baina, artistak dionez, tailerreko lanari zentzu moduko bat emateko "tranpa" soil bat izan da hori. "Solaskide bat topatzeko modu bat izan da. Kazetaritza, literatura edo poesia bezala, artea ere munduarekin harremanetan jartzeko modu bat da. Baina mundua, horrela aipatuta, abstraktuan, zentzu unibertsalean helezina da".

Eta, beraz, horregatik omenaldiak eta eskaintzak. Tranpa modura. Helezinari heltzeko.

Muga egoera

Garrantzi berezia dute erakusketan kultura eta arte arabiarrak ere. Bados: "Oteiza areto bazterrean dago, han nonbait. Ez da ezertan zuzenean esku hartzen ari, baina, hala ere, beti dago hor. Baina arabiar munduak, arkitektura helenistikoaren ondoan Turkian ikusitako mundu bizantziarrak eta bestek erakusten didate badagoela nireaz bestelako modu bat. Elikatu egiten nau horrek. Arabiar munduaren monumentua ulertzeko moduak edota haien estetikak ez daudelako gure kanonean". Eta, halere, dioenez, bi ispilu horien artean dabil bere lana erakusketan. "Omenaldiak aipatu ditut lehen, eta solaskide bat izateko edo nori hitz egin izateko behar bati egiten dio horrek erreferentzia. Baina, horretaz gainera, beste ezberdin bat ere behar duzu. Zeuretik aterako zaituena. Eta ni eroso nago muga egoeretan".

UmetanOlatzagutian eta Ameskoabarrenan (Nafarroa) bizitakoak ere ikusten ditu Badosek bere lanen oinarrian. "Umeon artean gatazkaren bat pizten zenean,eskura nituen materialekin jolasten hasten nintzen. Hori barruan geratu zitzaidan. Eta hemen ere badago hori". Eta, dioenez, horregatik itzultzen da tailerrera oraindik ere. "Zeure burua pixka bat ordenatzeko eta erregulatzeko lekua da tailerra. Bidean ez galtzeko sortutako asmakizun moduko bat da. Aukera ematen dizu leku bat errekonozitzen jarraitzeko, baita leku hori erabat itxita eta babestuta ez dagoenean ere. Munduarekin harremanetan jartzeko leku bat da, zeureago diren baldintza batzuetan. Azkenaldian horrela ikusten dut artea. Artean, artearen sisteman, kulturan, politikan eta munduan gertatzen direnei adi nago. Baina gero gertatzen ari denari aurre egin ahal diodan lekura joaten naiz".


kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

Du 03 Juillet 2026
Au 10 Janvier 2027

fontana-n-3

Fontana nº 3

Susana Solanoa

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

Du 01 Octobre 2026
Au 12 Octobre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 Octobre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).