Nisa Goiburuak erakusketa bikoitza aurkeztuko du bere ibilbide luzea ospatzeko
Cristina Enea Fundazioak eta Sakana Gallery aretoak ‘Latires' eta ‘Genesis' erakusketak aurkeztuz, "GAUR taldearekin harremana izan eta hari jarraitu zion emakumezko artista ahaztuenetako hau" ezagutaraztea dute asmo.

| 30 de Septiembre 2025
Nisa Goiburu (Ordizia, 1946) XX. eta XXI. mendeotan mundu osoan zehar erakusketak egiten aritu da eta mende erdia baino gehiago darama bere jardunean. Hala, Cristina Enea Fundazioak eta Sakana Galleryk Donostian irekiko dituzten bi erakusketekin artista honen ibilbide zabal eta eklektikoa erakutsi nahi dute. Bere lana naturarekin, geometriarekin eta memoriarekin oso lotuta dago.
Bi erakusketa bereziok egun berean inauguratuko dituzte, bata bestearen atzetik: urriaren 3an, ostirala, 18:00etan, ‘Latires' erakusketa, Donostiako Ingurumen Baliabideen Zentroan, Cristina Enea Fundazioak antolatuta, eta ondoren, 19:30ean, ‘Genesis' erakusketa, Sakana Galleryn, Donostian hori ere, elkarrengandik metro gutxira.
Nisa Goibururen hitzetan, "berritasun eta erronka handia izan da lehenengo aldiz bi erakusketa aldi berean aurkeztea; bi erakusketa hain diskurtso ezberdinekin, baina hain osagarriekin era berean. Gainera, ekimen berezi honetarako propio landu berri dudan lana erakutsiko dut, ilusio handia egiten baitit, berrogeita hamar urte baino gehiago daramatzadalako etengabe sortzen, eta nire egungo lana ere erakutsi nahi nuen". Zehazki, erakusketok lirateke elkarren artean erabat desberdinak, bai planteamenduari, bai kontzeptuari dagokienez.
Bi erakusketa berritzaile horiekin, Euskal Herriko euskal artistarik emankorrenetako bat eta ibilbide piktoriko zabalenetako bat ezagutuko dugu, nahiz eta hainbat hamarkadatan ahaztuta egon den: "Euskal artearen historiak indar berria hartuko du eta zabaldu egingo da ibilbide luzeko emakumezko figurak gehituta, hala nola Nisa Goiburu", dio Paul Bihr ‘Genesis' erakusketako komisarioak eta Sakana Galleryko galeristak.
Zehazki, Goiburuk kolaboratu zuen lehen erakusketa 1966koa izan zen, GAUR talde historikoaren inguruan, artistak 20 urte besterik ez zituen eta erakusketa kolektiboa izan zen: "Euskal artearentzat mugarri izan zen garai historiko bateko azken erreferente eta protagonista zuzen baten aurrean gaude, Goiburu GAUR talde ospetsuarekin erlazionatu baitzen eta hura jarraitu baitzuen. Besteak Beste, adierazgarria da Jorge Oteizarekin eta ondoren Vicente Ameztoyrekin izan zuen lagun harremana. Gainera, gaur egun ere jardunean jarraitzen du", gehitu du Bihrrek.
Cristina Enea, jatorri artistikora itzulera
Mende erdiko ibilbide artistikoak bermatzen du artista multidiziplinar honen figura. Izan ere, hirurogeita hamarreko hamarkadan, zehazki, Cristina Enea parkean, pintura-ibilbidea hasi zuenetik. Horregatik itzuli da Goiburu parkera, hamarkada batzuk lehenago bere obrak sortzen hasi zen lekura bertara. "Erakusketa honek ilusio berezia egiten dit, alde batetik, artearen munduan berrogeita hamar urte baino gehiago direlako hainbat diziplinatan, hala nola pinturan, eskulturan eta poesia narratiboan, erakusketa honetan ikusten den bezala, eta, beste alde batetik, gaztetan margotzen hasi nintzen lekura itzultzen naizelako, parkea jendearentzat itxita zegoenean diktaduran, eta bertan sartzen nintzenean bertako paisaiak, zuhaitzak eta natura marraztu ahal izateko", hausnartu du Goiburuk. Hain zuzen, 1972an aurkeztu zuen bakarkako lehen erakusketa.
Izan ere, erakusketa begirada behatzaile eta introspektibo batetik sortua da, "presaka eta deskonexioan bizi garen honetan, ‘Latires' erakusketak naturarekin eta unibertsoarekin dugun loturari buruzko etenaldi eta hausnarketarako espazio bat irekiko digulako. Hala, Goiburuk esperientzia sentsorial bat osatu du, bizitza modernoaren aurrerapenak eta distrakzioak gorabehera, lurraren eta bere erritmoen zati banaezina izaten jarraitzen dugula gogorarazten diguna", adierazi du Eneko Calvo Etxarte Fundazioko erakusketa arduradunak.
Beraz, artista eklektikoa Cristina Eneara itzuliko da, baina oraingoan pintura, eskultura eta poesia narratiboa batzen dituen erakusketa berezi batekin. "Nire burua poetatzat ez badut ere, poesia landu dut beti, baina ez erakusteko moduan, baizik eta egiten dudan pintura lanaren poesia narratibo gisa, alegia, lanarekiko nire sentimenduen poesia narratibo gisa. Beraz, Cristina Enea Fundaziotik artearen eta poesiaren erakusketa bateratua osatzeko aukera planteatu zidatenean, perfektua iruditu zitzaidan bere berritasun, berezitasun eta originaltasunagatik", azaldu du artistak.
Erakusketa kolore, tamaina eta forma askotako berrogeita hamar bat artelan biltzen dituen ibilbidea dugu, bai Goibururen beraren poemekin, bai Joaquín Araujo naturalista eta idazlearenarekin. Izan ere, Araujok Goibururen obrarako poesia horiek ere idatzi zituen. Hori dela kausa, bisitariak "dena konektatuta dagoela ikusiko du. Koadro bakoitza horretarako deia da, eta izenburuak bizirik dagoen guztia zeharkatzen duten pultsuei egiten die erreferentzia: giza taupadei, haizearen xuxurlari, itsasoko olatuei, landareen sorkuntzari edo urtaroen betiereko zikloari", azpimarratu du Goiburuk.
Horrenbestez, urriaren 3ko inaugurazio ekitaldia doakoa eta jendearentzat irekia izango da. Gainera, bertaratzen direnek Nisa Goiburuk berak ‘in situ' egingo duen ‘El verde, verde' performanceaz gozatu ahal izango dute, poesiaz lagunduta, baita konposizio musikal batez ere.
Sakana Gallery: atzera begirako artistikotasun hautatua
Hogei bat lanek osatuko dute Paul Bihrrek Sakana Galleryn antolatutako erakusketa: "Galeria honentzat luxu bat izango da Goibururen ‘Genesis' erakusketa inauguratzea, bere ibilbidearen atzera begirako labur bat osatzen duen lan sorta zaindua baita. Izan ere, euskal jendartean zein euskal artearen munduan berreskuratu eta balioetsi behar den ahots luze ahaztu baten aurrean gaude".
Bihrrek berak artistaren estudio-tailerrera egindako bisita batzuen ondoren gorpuztu dute erakusketa berria: "Joan nintzen lehen aldian harrituta geratu nintzen bere lanen kantitatearekin eta kalitatearekin; lan askotan eta ezberdinetan nabaritu nituen koloreek eta sentiberatasunak liluratu egin ninduten berehala, eta azkar asko planteatu nion Goibururi bere lanik onenekin erakusketa bat egiteko aukera".
Aukeraketa horri buruz galdetuta, artistak azpimarratu du oso erakusketa "berezia eta berritzailea" dela, "lehen aldia baita nire ibilbidearen atzera begirako artistiko hain desberdina eta korala aurkeztuko dudana. Gainera, uste dut Bihrrek aukeraketa zaindua eta egokia egin duela, nire pintura-karreraren alderdi deigarri eta indartsuenaren oso adierazgarri, 70eko hamarkadaren hasieratik gaur egunera arte ".
Hain zuzen ere, ‘Genesis' lanarekin, Bihrren helburuetako bat Goiburen ibilbide artistikoa berreskuratzea da, hainbat hamarkadatan "ahaztuta edo baztertuta" egon ondoren, "XX. mendean bera bezalako emakume asko alde batera utzi zituen merkatu baten ondorioz. Beraz, bere irudia berreskuratzeko unea da, Goiburu XX. mendean euskal artearen munduan gertatu zenaren adibide eta erakusle baita, non gizon artistek eta sektoreak -nahita ala ez- emakume artistak bigarren maila batean utzi edo zuzenean ahanzturara baztertu zituzten. Beraz, injustizia hori konpontzeko unea da, Goiburu bezalako emakumeak merezi duten lekuan jarrita eta garai hartan merezi zuten protagonismoa emanda. Euskal artearen historian hamarkadetan egon den hutsune handi hori bete behar dugu, emakumezko artisten hutsune horren handi hori estali; eta hori zuzendu egin behar da orain Nisa Goibururekin".
Urriaren 3ko inaugurazio ekitaldia 19:30ean izango da Donostiako Sakana Galleryn, doakoa eta edonori irekia.